Nigeriako deltan sutan daude Shell-ekin

  • Munduko petrolio ekoizle nagusienetakoa den Nigeriak egunean bi milioi upel “urre beltz” merkaturatzen ditu. Urrutiko autoak mugiaraziko dituzte. Baina Niger ibaiaren delta inguruko herritarrei, aberastasun harrigarri horrek, orain artean ez die ekarri hondamendia eta buruko mina baizik.
Nigeria

Poison Fire filmak 28 minutu dirau eta Internetez ikus dezakezu. Niger ibaiaren deltan egin dute elkarlanean Europako ekipo txiki batek eta bertako herritarrek. Azken 50 urteotan petrolioaren ustiaketak naturari bezala gizakiei ekarri dien biziezinaz ari da.

1956an Shell multinazional herbeherearrak lehenbiziko petrolio iturria zabaldu zuen Nigerian, Oloibiri herrian. Gaur egun Nigeria da munduko petrolio esportatzaile nagusien zerrendan zortzigarren. Baina deltako herritarrak ez daude horregatik harro.

Filmaren hasieran honela mintzatu zaio kamerari Tina Esegi neska gaztea: “Zuek usatzen duzuen gasolina hemen ateratzen da. Horrek Nigeria aberastu ahal izan zuen, baina hona bazatozte ez duzue horrelakorik aurkituko. Okerren ingurumena dago. Ez daukagu non bizirik, ez ospitalerik, ezer ez daukagu. Hau ikusten ari zaren hori, begira, zuri gasolina hemendik iristen zaizu, baina ikusi nola bizi garen. Nik ikasketarik ez daukat, eskola garestiegia delako”.

Niger ibaiaren delta hondamendian dago, mende erdiz petrolioaren bilaketa eta ustiaketak eragindako txikizioengatik. Kalkulatzen da milioi eta erdi tona petrolio isuri dela bertako erreka, soro eta oihanetan, petrolio isurketen historian ikurra den Exxon Valdez ontziak zeramana halako 50. Munduak txintik esan gabe Nigeriako itsas bazterrean urtero Exxon Valdez bat lehertu izan balitz bezala.

Baina gainera, petrolioak berekin dakarren gas naturala ez da aprobetxatzen eta erre egiten da, putzuen inguruan, herrien aldamenean, oihanean... edonon. Erretzean negutegi eragina duen gasa sortzen da: 18 milioi kotxek adinako gasa. Saharaz beheitiko herrialde guztiek baino negutegi gas gehiago isurtzen du Nigeriak bakarrik.

Gertatzen da Nigeriako petrolioak nahastuta besteek baino askoz gas natural gehiago daukatela. Lur azpiko presiopean gasa likido dago, eta lurrazalera atera arte ezin da petroliotik bereizi. Beste herrialde askotan gas natural hau bildu eta saldu egiten da, baina Nigeriak ez dauka azpiegitura egokirik. Besterik ezean posible lukete erretzean elektrizitatea sortzea, baina horretarako ere inbertsiorik ez dute egin nahi multinazionalek, eta kanpo librean hodiak sutan dauzkate, gau eta egun, inguruak kutsatuz, suteak eta leherketak eraginez.

Gasa modu masibo horretan kixkaltzeak dakartzan ondorioak ez dira aztertu, ez Nigerian bederen. Gobernuak deltan daukan ordezkariak aitortu du uraren analisi oinarrizkoena egiteko ere ez daukatela laborategirik. Ikerketarik egon gabe ere herritarrek igarri diote eta kexu dira. Pertsonen osasuna hondatzen du, eritasunak ugaritzen, begietako gaitzak, abortuak, arnasbideetako arazoak, kantzerren ugalketa... Nekazariak kexu dira uztak urritu direlako, haizeak barreiatutako toxinek lurra azidifikatzeagatik.
Airea kutsaturik eta urak zer esanik ez. 5.000tik gora dira hemen 50 urteotan suertatutako olio isurketa handiak. Deltako lautadak oihanez eta errekaz beteta daude, euriaren edo marearen arabera urak alde batera edo bestera doaz zingiretan, eta petrolioak dena kutsatu du bere likaz. Arrainak akabatzen ditu, itsaskiak desagerrarazten, landaredia suntsitzen. Uraren erresuman familiei burukominak ematen dizkie egunero ur garbia eskuratu beharrak.

Gobernuaren gainetik multinazionala

Poison Fire filmak Nigeriako deltako herrietan bizibaldintzak hobetzeko lanean ari diren ekintzaileei egin die jarraipena. Petrolioak izorratutako baso, alor eta errioak erakusten dituzte. Beren haserrea azaltzen dute. Gero bideoak erakusten du ekintzaile horietako batzuek egingo duten bidaia berezia.

Shell multinazional herbeherearra da Nigeriako triskantza horien arduraduna, eta lekuan bertan egindako negoziazioetatik ezertara iritsi ez direnez, Europako militante batzuen laguntzarekin Shellek Herbeheretan burutuko duen akziodunen batzarrean hitz egiten saiatuko dira.

Nigeriako Environmental Rights Action (Ingurumen Eskubideen aldeko Ekintza) erakundearen ordezkaritza bat doa, buruzagi Ifie Lott duela. Shellen urteroko akziodunen biltzarrean, Lottek lortuko du presidenteari galdegitea ea zer pentsatzen duten egitea Nigeriako kutsadura eta erreketak behingoz bukatzeko. Bai presidentearen erantzuna eta bai konpainiaren abokatuarena irakurleak erraz ikusi eta entzun ditzake Interneten Poison Fireren gunean. Baita Shellek Nigerian daukan arduradunarena ere. Itxaropen gutxi alde horretatik: zer egin ikertzen ari omen dira, bertako agintariekin elkarlanean.

Gero ekipoa Nigeriara itzuliko da, eta mugimenduak biltzen dituen herritarrei erakutsiko dizkio bideoan hartutako irudiak. Erantzunekin ez dira asko poztu.

Filmaren bukaera aldean epaile nigeriar baten irudiak erakusten ditu kamerak. Benin City-ko auzitegi batean erabaki baitute petrolioarekin datorren gas naturala erretzea ilegala dela, giza eskubideen kontra doalako. Epaitegi honek erabaki du hori legearen kontra doala, konstituzioaren kontrakoa delako, eta Shellek ariera hori eten egin behar duela. Baina legearen zirriztuez baliatuz, epaia betetzea atzeratzea lortzen du beti. Zinismoan urrats bat aurrerago eginez, Shelleko nagusiek Nigeriako agintariei egozten diete errua, “badakizu Nigerian agintariak nola dauden ustelduta”. Militanteek ematen diete erantzuna: “Eta orduan, Nigeria nahiko gardena eta demokratikoa ez bada, zergatik egiten ditu negozioak Shellek hemengo agintariekin?”. Baina Shellen besoa urrun iristen da: 2005ean herritarrek irabazitako auziaren dosierra 2007an “galdu” egin zen, eta epailea Nigeriako beste muturrera bidali zuten.

Poison Fireren zuzendaria Lars Johansson da. Lehendik lan gehiago eginak baditu lekuko ekintzaile sozialekin, berak participatory video deitzen duen eta euskaraz “auzolaneko bideo” esango genukeen formula erabiliz.

Johansson The Ecologist hilabetekariak elkarrizketatu du eta esplikatu du nola lortu duen filma egitea beste kazetari asko arrestatu edo kanporatu dituzten lekuan. Bertako militanteekin elkarlanean tentu handiz jokatu behar izan du, baina ordainetan lortu du militarrek ere nahiko bakean uztea.

Nigeriako delta militarizatuta dauka gobernuak. Soldaduen kontra gerrilla bat baino gehiago ere ari dira, sarritan gerrilla klasiko baino armada pribatu direnak. Hauen buruzagiekin ere mintzatu dira filmaren egileak, baina “horiekin egindako elkarrizketak ez sartzea erabaki dugu. Komunikabideen irrikaz daude eta munduko prentsaren arreta gure laguntzarik gabe ere lortzen dute. Baina oinezko jendea ez dago horien alde. Niger ibaiaren deltan, beste edonon bezala, ororen gainetik jendeak bakea nahi du”. Bakean, baina Shellek itzali ditzala suak eta txukundu kaltetutako parajeak.

Argazki oina: Argazki handian, Nigeriako milaka sute basatietako bat filmatzen ari da Poison Fireko ekipoa. Goiko txikian, errodajeko beste une bat. Bideomakinarekin ari dena da kronikan aipatzen den Tina Esegi. Beheko aldean Jonah Gbemre ageri da biloba besoetan duela. Iwherekan komunitatean “Ibegurako Che” deitzen dioten sindikalista zahar baina sasoiko honek eraman zuen auzitara Shell konpainia 2005ean. Auzia irabazi eta epaileek legearen aurkakotzat jo zituzten petrolio zelaietako gas erreketak. Keak eraman zuen epaia.
 
Informazio gehiago

Azkenak
2024-09-22 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 2.eguna
Ondo kiribilduta


Sail Ofiziala. 2.eguna
Mus jarraituan

Bai, aste honetan Chill Mafiak agur esan du eta zer eta musean jokatzen. Mus Corrido kantuan, metaforak hegan. Hordago batzuk bai bota dituela taldeak iraundako hiru urteotan. Jaso gabeko enbidorik geratuko zen bidean,  jakina, baina momentuz, nahiko; jaso... [+]


2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


Eguneraketa berriak daude