«Euskara Iparraldean, beharbada, noizbait, latinaren gisan izanen da»

  • Zubererari buruzko tesi batekin hizkuntzalaritzan doktorea eta euskara irakaslea, Baionako Iker-eko egoitzan aurkitu dugu lanean. Frantziako hizkuntza politikaz hitz egin nahi izan dugu berarekin, Politique linguistique (2004, Elkar) liburua abiaburu hartuta.
Battittu Coyos
Gaizka Iroz

Lau urte dira Politique linguistique argitaratu zenuela. Nolako harrera izan du?


Aski harrera ona. Adibidez, erran didate Euskararen Erakunde Publikoan (EEP) irakurri zutela artoski. Hemengo problema da baditugula elkarteak lan handia egiten dutenak, baina goragoko ikuspegi batetik ikusteko non gauden eta nora goazen behatzeko ez dago inor edo gutxi.

Eta euskaratzeko asmorik baduzu?


Ez, ene ideia izan da zuzentzea bereziki Frantziako gizarteari, ez jadanik aldeko iritzia duten militanteei.


Oraindik irakurri ez dutenei nola aurkeztuko zenieke liburu hau?


Batzuek erran didate ez zela hain erraz irakurtzen. Guretzat beharbada afera hori biziki garrantzitsua da, baina Iparraldeko gizartearentzat, nire ustez, euskararen geroa eta horrelako gaiak ez dira oraino lehentasunetan. Beharbada jendearen ikusmoldea aldatu da pixka bat, inkestek diote baikorra dela, baina ez da hori erabat ematen oraingo egoeran. Eta liburua nola aurkeztu? Irakur dezatela!

Kontseilu Nagusiko Hizkuntza Politika sailean aritu zinen 4 urtez. Zer nolako esperientzia izan zen?


Bai, hori esperientzia bitxia izan zen niretzat. Nehor ez zen orduan, elkarteek lan egiten zuten aspaldidanik baina botere publikoek ez zuten deus egiten, alderantziz, oztopoak ematen. Orduan beharbada euskalgintzako kideak isilarazteko edo horrelako zerbait, deliberatu zuten behar zutela sortu lanpostu bat, eta ni izan nintzen lehen teknikaria. Bi hizkuntza banituen orduan, euskara eta biarnesa. Gero sortu zen Euskararen Erakunde Publikoa, nik prestatu nituen araudiak, sortu baino lehen, eta gero joan nintzen. Enetzat hobe zen. Ni irakaslea naiz, ez nekien zer zen politika, eta han politika ere bada, hizkuntzaren aldeko lanarekin nahasia, horrela da.

Jende arruntak badaki “hizkuntza politika” zer den?


Badugu Frantzian ideologia nagusi bat aspaldidanik buruetan sartua dena, erran nahi baita hizkuntza bat baizik ukan behar dugula, errazago baita hizkuntza azkar batekin aritzea, eta gainontzeko hizkuntzak egon ahal direla ondoan, baina beharrezkoak ez. Adibide bat badugu orain Konstituzioaren 75. artikuluan, non ezarri duten Frantziako hizkuntzak ondarean sartzen direla, baina besterik ez.


Nolakoa izan beharko litzateke hizkuntza gutxituen hizkuntza politika eta politikaren arteko harremana?


Baditugu hiru eragile: euskararen edo hizkuntza gutxituen alde lan egiten dutenak, politikariak –zeren eta haiek dirua ematen baitute–, eta gizartea, zeren eta gizarteak ez badu nahi salba dezagun edo mintza gaitezen euskaraz karrikan edo saltegietan, zertarako lan egin? Hiru eragileak elkarrekin joan behar dira, bestela, alferrikako lana litzateke. Zeren hartzen baldin badugu EEP, nik erranen dut urrats bat egin dutela, urrats serio bat, izan ere duela zortzi urte ni neu nintzen, eta orain zortzi lagun dira. Sortu dute teknikari sarea herri eta elkargoetan, eta bai, urrundik ikusirik erranen dugu aitzinatzen ari garela. Baina zer eragin ahal dugun gizartean, zer aldatzen dugun... ikusi beharko litzateke egitura horren helburua. Dokumentu baten izenburuan agertzen da Hizkuntza Politika proiektua: “Hiztun osoak helburu, haur eta gazteak lehentasun”, eta hori biziki orokorra da, orokorregia. Ez dakigu zenbat gazte diren, zein den egiazko nahia, eta abar. Beraz, nire ustez, lan egiten dugu baina oraindik helburuak hobeki finkatu behar dira, epeak, neurgailuak.

Euskara teknikarien lana positiboa da zuretzat?


Nire ustez positiboa da lehen baino gehiago egiten baita. Problema da gizartean lan hori sarraraztea. Teknikariak eman dituzte, lan egiten dute, itzulpen asko egin dituzte eta abar, baina ene ustez, xorta bat dira itsasoan, lehen urratsa, beharbada. Lanik emankorrena da eta izan da irakaskuntzan. Horretan nik erranen nuke gero eta haur gehiago sartzen direla eskoletan euskara ikasten, baina horrek ez du esan nahi elebidunak izatea. Ez bada paradarik eskola eta gero euskaraz egiteko egungo bizian ez da ezer lortzen. Bereziki Iparraldean, lanpostu guti dira lotuak euskarari, orotara erranen dugu mila bat baino gutiago beharbada, zu barne. Ez naiz pesimista, galdetzen baldin badidazu euskara hilko den aski laster, nire ustez, ez, zeren eta eskoletan irakasten baita. Baina bestalde, beharbada egunen batean latinaren gisan izanen da, era batez.


2007-10 urteetarako hizkuntza politikarako proiektuaren funtsa “hizkuntz gogoa eta motibazioa da”. Zer deritzozu?


Motibazio soila ez da eraginkorra izanen, beti kontra adibideak badira, baina orokorrean ez dut uste Iparraldeko gizartea motibatua denik euskara ikasteko eta biziarazteko. Horretaz mintza naiz Bat Soziolinguistika aldizkariko 67. zenbakian, gizarte eremuetan frantsesa eta euskararen tokiak konparatuz, haien arteko desoreka estrukturala agerraraziz.


Hizkuntza gutxituei buruzko aurreiritziak bizirik al daude?


Denetarik bada, Frantzian orokorki lehen aipatu dudan ideologia aldatu da pixka bat. Lehen, hizkuntza gutxituak baztertzeko ziren, eta hiltzeko, trankilki, eta orain ikusten da ondarean sartzen direla, errespetatzen ditugula, baina aldi berean ahalbideak ez dizkiegu ematen. Frantzia da estatu eta herri berezia hizkuntzekin, dakigun bezala, eta bakarrik Europako indar eragilearengatik aldatzen ari dira pixka bat, baina bortxaz, ez nahikunde argi batekin.

Laguntza falta horren erakusle da agian lege berririk ez ateratzea 2009a arte.


Ikusi beharko da lege hori nola irakurtzen duten, Konstituzioaren 2. –“Errepublikaren hizkuntza frantsesa da”– eta 75. artikulu horiek nola interpretatuko dituzten, baina nire ustez ez dugu deus gehiago eskuratuko lege horren bidez, Ipar Euskal Herriko kasuan bederen. Duela hamar urte horren kontra ziren, eta ez dira bat-batean aldatuko.


Euskararentzat posible da gizarte elebakarra?


Gizarte elebakarra ez da posible, oraingo egoeran, ikusten bada zein den frantsesaren eta espainolaren indarra gure herrian. Sortu behar ditugu hizkuntza gutxituentzako eremu elebakarrak bizi daitezen –hemen adibideak dira ikastolak edota irratiak–. Baina Iparraldean gizarte osoa elebakarra izanen dela euskararekin... nik orain ez dut ikusten, ametsa da. Ikusirik oraingo gizarte modernoan gero eta hizkuntza gehiago menperatu behar ditugula, orduan, zertako baztertu besteak?

ASTEKARIA
2008ko azaroaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude