Rafa Egigurenek Kubaz egindako lan bihotzekoa

  • Rafa Egiguren ::Chevrolet tropikala

    Susa

    orrialdeak ::218

    prezioa ::15€

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Xarma dario Rafa Egiguren idazle hernaniarrak Susa argitaletxearen bidez plazaratutako Chevrolet tropikala lanari. Euskal Herrian dauzkan arazo pertsonalei ihes egin nahian egun batean La Habanarako bidaiari ekingo dion euskalduna du protagonista, baina ez da nobelako pertsonaia bakarra: bidaian aurkituko dituen kubatarrek itzal handia dute kontakizunean. Iraultzaren irlan sei hilabete pasatzeko asmoz joana da Migel Salaberria Kubara, abioian alboan eseri zaion kubatar argiari aitortu dionez. Harekin egingo ditu tratuak, eta haren bitartez ezagutuko du Kubako jendea: antzerki ikastaro bat ematearekin batera ohean ere aukerako laguna dela erakutsiko dion neska; telefono dei bat duela-eta bere etxera igotzeko gonbita egingo dion emakumea; azken horren osaba iraultzailea... Chevrolet harrigarriaren jabea berriz, ez du berak aurkituko, hark aurkituko baitu bera. Iraultzaren kontraesanetan AEBen blokeoa jasaten ari den herriaren erretratu umoretsua da Chevrolet tropikala, Kubako iraultzak galtza motzetan harrapatu arren hango berri ugari duen Rafa Egigurenen lana.
Rafa Egiguren
«Kuba ispilua da, eta ispilu horretan euskaldun bat ageri da»

Kubaren ezaguera nahikoa behar da horrelako nobela bat idazteko.


Nik Kubara hiru joanaldi egin ditut: Txinatik bueltan –1980ko hamarkada hasieran– kanpotik ezagutu nuen; ondoren, lagun batekin joan nintzen, eta jada barrutik ezagutu nuen; eta gero, bidaia oso aberatsa egin nuen, Kubako kultur munduaren barrura sartzeko aukera eman ziguna. Txelo eta Joxe Mari Larretxearen bitartez antolatu zen ekintza kultural batera joan nintzenean izan zen hori. Han elkartu ginen Hertzainak, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Argiñano, Zumeta... Eta orduan, bada, bidaia horietatik hartzen dituzu apunteak, eta gero horrek bere zera hartzen du.

Dena den, nobelako protagonista euskalduna da.


Bi nobela idatzi ditut: Ilargia putzuan agerik paisaia erabat txinatarra du, eta Chevrolet tropikala, berriz, erabat Kuba eta Iruñea pixka bat da. Nire ustez, beti euskaldun baten barruari buruz ari naiz idazten. Berdin da non dagoen euskaltasuna, Euskal Herria; azken batean, nirean, Kuba ispilua da, eta ispilu horretan euskaldun bat ageri da.

Kubatarren filosofia ere agertzen duzu nobelan.


Saiatu naiz Kubako pertsonaiak estereotipoak izan ez daitezen, baina bai pertsonaia errekonozibleak. Badago, esate baterako, la mulatita guapa que quiere salsa pero también se aprovecha; badago iraultza zentzu kritikoarekin aztertzen duena, Arsenio; badago egoeraz aprobetxatzen dena... Horiek denak daude, eta jantzi egin behar dira. Horretarako, nik han egon nintzenean jasotako hainbat gauza ditut, eta liburuetan irakurri ditudanak.

Irakurri gehiago: Kuba Nazioartea Amerika
Kuba kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Enegarrenez

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...