Kubaren ezaguera nahikoa behar da horrelako nobela bat idazteko.
Nik Kubara hiru joanaldi egin ditut: Txinatik bueltan –1980ko hamarkada hasieran– kanpotik ezagutu nuen; ondoren, lagun batekin joan nintzen, eta jada barrutik ezagutu nuen; eta gero, bidaia oso aberatsa egin nuen, Kubako kultur munduaren barrura sartzeko aukera eman ziguna. Txelo eta Joxe Mari Larretxearen bitartez antolatu zen ekintza kultural batera joan nintzenean izan zen hori. Han elkartu ginen Hertzainak, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Argiñano, Zumeta... Eta orduan, bada, bidaia horietatik hartzen dituzu apunteak, eta gero horrek bere zera hartzen du.
Dena den, nobelako protagonista euskalduna da.
Bi nobela idatzi ditut: Ilargia putzuan agerik paisaia erabat txinatarra du, eta Chevrolet tropikala, berriz, erabat Kuba eta Iruñea pixka bat da. Nire ustez, beti euskaldun baten barruari buruz ari naiz idazten. Berdin da non dagoen euskaltasuna, Euskal Herria; azken batean, nirean, Kuba ispilua da, eta ispilu horretan euskaldun bat ageri da.
Kubatarren filosofia ere agertzen duzu nobelan.
Saiatu naiz Kubako pertsonaiak estereotipoak izan ez daitezen, baina bai pertsonaia errekonozibleak. Badago, esate baterako, la mulatita guapa que quiere salsa pero también se aprovecha; badago iraultza zentzu kritikoarekin aztertzen duena, Arsenio; badago egoeraz aprobetxatzen dena... Horiek denak daude, eta jantzi egin behar dira. Horretarako, nik han egon nintzenean jasotako hainbat gauza ditut, eta liburuetan irakurri ditudanak.