Moncloak ere legitimatzen du ETA

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Ibarretxe lehendakariaren mezu-iltzea da honakoa Jose Luis Rodríguez Zapateroren ezetza gizartearen aurrean indargabetzeko: “ETArekin bai eta lehendakariarekin ez?”. Eta hala dela erantzun dio PSOEk –Jesus Egigurenek esana zuen lehenago–, ETArekin merezi duela Loiolakoaz hitz egitea, berarekin ez. Alegia, ETAk armak utz zitzakeela Loiolan akordiorik lortu izan balitz, eta Ibarretxek ez duela hori eskaintzerik. Ba al da politika armen bidez egiten dutenei haize handiagorik emateko modurik?

Ia 50 urteko historiak ETAri argi erakutsi dio armez aritzeak eragin ahalmen handia ematen diola eta ez du behar bultzada hori berean jarduteko, baina primeran datorkio zalantza barik. Etika jardun politikoaren lehen lerroan jartzea etengabeko helburu beharko luke indar politikoentzat, baina errealitateak emaitza onak lortzetik oso urruti daudela erakusten du etengabe. Munduan indarra etika baino garrantzitsuagoa da gaur egun. ETAk berak sionismoak duela 60 urte izan zuen indar armatuaren laurdena balu, seguruenik lortua luke negoziazio prozesu arrakastatsuago batean aurrera ateratzea. Baina jadanik ez du endroke posizioa gainditzeko indarrik, ilegalizazioen politikek epe ertainera horretarako indarrik ematen ez badiote bederen.

Behin eta berriro kontrakoa entzuten den arren, bakea eta herri honek bizi duten egoera politikoa, nahi ala ez, lotuta daude. Horregatik da zilegi pentsatzea bakea negoziazio prozesu batetik baino ez dela gauzatuko, indar politiko nagusienak ordezkatuko dituen prozesu batetik.

Ibarretxek Moncloaren ezetza jaso du bere lehen urratsean eta horrek hauteskunde autonomikoen kanpaina luzearen hasieran jartzen gaitu. Begitantzeko gaitza den beste negoziazio prozesu baten lehen urratsak ere izan zitezkeen, hirukiaren erpinek oskolari baino Loiolako mamiari bete-betean helduko baliote. Paper horietako edukietan da konponbidearen giltza, horren jakitun dira eragile politiko nagusiak. Zoritxarrez, hauteskundeetan edo jarduera armatuan, orain indarrak metatzeko garaia da.

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.