Botilla betetzeko sagar onaren bila

  • Euskal sagardogintzaren ezintasun nagusia bertako sagarrik ez izatea da. Sagardogileek kanpora jo behar izaten dute urtero sagar bila. Sagardotarako egokia den bertako sagarra bultzatu asmoz, Gipuzkoako hainbat sagastiren egoera aztertzen ari da Sagardo Mahaia Usurbilgo Sagarlan aholkularitza enpresaren laguntzarekin.

2008ko urtarrilaren 20an
Sagastia
SagastiaMaddi Soroa
Sagardogintzaren sektorerako plan estrategikoa abian jarri zuten Gipuzkoako sagardogileek 2005ean. Sagardotegiz sagardotegi diagnostikoa egin zuten upategien egoera eta sagardogile bakoitzaren beharrak aztertzeko. Hortik, Sagardo Mahaia sortu zen: Gipuzkoako hainbat sagardogilez osatua dago eta Gipuzkoan sagardoa ekoizten duten sagardogile ia gehienek babesten dute bere lana. Eratu zenetik hiru ikerketa bideratu dituzte: merkatu ikerketa, sagastien ikerketa eta upategietako ikerketa. Horien emaitzekin sektore guztian aplikatuko diren erabakiak hartzea da asmoa.

Sagardo litro kopuru handiena Gipuzkoan ekoizten da, baina ez dute nahikoa sagar litro horiek guztiak egiteko. Mende erdi bat atzera eginez gero, sagarrondoak ziren Euskal Herriko zati handi baten paisaiaren elementu nagusiak. 36ko Gerraren ondoren, eskasiak pinuaren landaketa ekarri zuen. Azken berrogeita hamar urteetan sagarrondo gutxi landatu da, ez du lehentasunik izan baserritarren eta nekazarien zereginetan. Horrez gain, belaunaldi aldaketa eman da. Ondorioz, sagarraren kultura eta sagarrondoak era egokian zaintzeko ezagutza galdu egin da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, gutxi gorabehera 300.000 sagarrondo daude Gipuzkoan, 800 hektareatan sakabanatuta. Barietate gazi-garratzak dira nagusi. Iaz hamabost tona eta erdi sagar baino gehiago erabili ziren sagardoa egiteko; horietatik %45 Gipuzkoako sagarra izan zen, beste %45 Frantziatik ekarritakoa, %8 Galiziakoa eta %2 Txekia, Asturias eta Bizkaitik etorritakoa.

Sagastien ikerketa

Sagardo Mahaiak eskatuta Gipuzkoako sagastien ikerketa egiten ari da Usurbilgo Sagarlan aholkularitza enpresa. Sagardogileen sagar-hornitzaileen sagastiak dira aztertzen ari direnak. Sagasti guztiak aztertzea ezinezkoa zenez, 250 bat sagargile aukeratu zituzten –horietako batzuk bizpahiru sagasti dituzte–. Ekainean hasi ziren lanean eta martxo ingururako amaituta izatea espero dute.

Sagastien ebaluaketa eta sailkapen teknikoa egiten ari da Sagarlan. Lurrari lotutako azterketa da, eta beraz, ez du zerikusirik enologiarekin. Ondoren, horren azterketa estatistikoa egingo du Neiker-ek.

Aitor Etxeandia eta Antton Olaizola dira Sagarlaneko teknikariak. Urte asko daramatzate fruitugintzaren sektorean aholkulari gisa lan egiten eta sagar transformazioan ere aritzen dira: Sagar Dultzea izeneko produktua eta sagar zukua egiten dituzte.

Antton Olaizola Sagarlaneko teknikariaren esanetan, ebaluaketa honen helburua, batetik gaur egun dauden sagastietatik homologazio prozesu batean zeintzuk sar daitezkeen aztertzea da; prozesu honek gutxieneko sagar kopurua eta kalitatea ziurtatu beharko lituzke. Bestetik, hobekuntza plan bat prestatzea, denborarekin hasieran sartzen ez diren sagastien homologazioa bultzatzeko.

Ikertzen ari diren parametroak

Sagardotarako sagarrondoen laborantza Euskal Herrian oso heterogeneoa da; hazkuntza sistema eta txertaka (txertatu gabeko zuhaitz) desberdinak erabiltzen dira. Sagar mota asko landatzen dira sagastietan eta gehienetan lerrokatu gabe. Horrez gain, lursail kopurua gure baserrietan handia izan daiteke.

Olaizolak dioenez, “ez da profesionalik sektorean sagar zaintzan heziketaren beharra nabaria da. Ondorioz, sagar gutxiago ematen dute arbolek eta sagarraren kalitatea ere bestelakoa da”.

Lursail eta ustialeku bakoitzeko diagnostiko bat egiten ari dira. Banan-banan aztertzen dituzte sagastiak. Landatuta dituzten sagar-barietateak aztertzeaz gain, beste parametro ugari neurtzen dituzte: landaketaren egokiera; aldapa; egindako lur mantentze lanak; sagarrondoen osasun maila; osasun tratamenduak egiteko erabili dituzten metodoak; ongarriketa egiten den edo ez, eta egiten bada, zer erabiltzen den; kimaketa intentsitatea; sagarrondoen landaketa eta zaintzarako lurjabeek duten prestakuntza; erabilitako txertakak; gidatze sistema: ontzia, erdiko ardatza, eta abar; zurkaiztatzea; makineria; sagastiaren adina; azken hiru urteetako uztaren datuak; erlauntzak; kizkiaren erabilera; sagastiaren orientazioa; lur analisiak; azalera/lursaila; lursail bakoitzaren koordenatuak GPSarekin jasota; lursailetarako sarbideen egoera; ebaluaketari buruzko jarrera; lehenbizi eroritako sagarraren bilketa; sagastia handitzeko asmoa.

Bertako sagarra sustatzeko lehen urratsak

Bestalde, Gipuzkoan baserriak husten eta sagastiak galtzen ari zirela ikusita, sagardotarako balio duen bertako sagarra berreskuratzeko eta sustatzeko lanean hasi zen Euskal Sagarraren Ikerle Taldea (ESI) 70eko hamarkadan. Talde horren lanean oinarritu zen gero Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Sustapen Pomologikoaren programa, 2007an hogeita bost urte bete dituena.

Aurrekariak gogoratuz gero, XX. mendearen hasieran Zizurkilgo Fraisoron estazio pomologikoa egiteko proposamena egon zen. Sagardoaren sail bat ireki zuten eta sagardoa ikertzeko programa ere bai; sagardotegi esperimentala ezarri eta pomologia gaietan aditu ziren teknikarien batzordea eratu zen. Ekimen horien buruan egon ziren, besteak beste, H. Delaire, Vicente Lafitte eta Ignacio Gallastegi. 36ko Gerraren ondoren, 1975ean ekin zitzaion berriz ere Fraisoron bertan sagardogintzari. Hain justu, sagardoa egiteko metodoei buruzko ikastaroa eskaini zuten horretarako.

Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadan baserriak husten ari ziren oro har; landa utzi eta kalera zihoazen baserritarrak, industrian lan egitera. Baserriarekin batera sagarrondoak galtzen hasi ziren. Egoera horri aurre egiteko eta baserriari diru-iturri gehigarri bat aurkitu nahian sortu zen ESI. Lauzpabost urtetan hara eta hona ibili ziren sagardoa egiten zuten beste toki batzuetako esperientziak ezagutzen.

Lan hori guztia saritze aldera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako Sailak Euskal Sagarraren Ikerle Taldea omendu zuen joan den azaroaren 9an Donostian egindako ekitaldian eta oroigarri bana jaso zuten. Hauexek dira proiektuan parte hartu zuten taldekideak: Joxe Uria (presidentea), Angel Segurola (presidenteordea), Martin Zendoia (idazkaria), Kerman Rekondo (diruzaina), Enrique Samaniego (bokala), Miguel Zapiain (bokala eta taldeko sagardogile bakarra) eta Guillermo Otaegi (bokala). Kerman Rekondo eta Guillermo Otaegi jada hil direnez, haien senitartekoek jaso zituzten oroigarriak.

1982an, ESIkoek azterketa amaitu zutenean, Gipuzkoako Foru Aldundira jo zuten euren kezkaren berri ematera: Gipuzkoako sagastiak erabat utzita zeuden, galtzen ari ziren, eta betidanik sagardotarako erabili izan ziren sagar-barietate asko galtzeko arriskuan zeuden. Barietate horien fitxak egin, barietateak aztertzera bidali eta harreman bideak ireki zituzten Asturiasko estazio pomologikoarekin.

Esperientzia horiek guztiak jasotzen zituen txostena aurkeztu zioten Aldundiari; Gipuzkoan sagarrak eta bere eratorriek zuten egoeraren berri ematen zuten bertan, eta estazio pomologiko bat sor zezala proposatu zioten. Egoeraren larritasunaz ohartuta, Foru Aldundiak Sustapen Pomologikoaren programa abiarazi zuen. Duela 25 urtetik, programa horren bidez hainbat lan egin da Gipuzkoako sagastiak berreskuratzen eta sustatzen: herri honetako sagar-barietateen mintegi bat ezarri; sagar-sail esperimentalak, sagastien erroldak eta barietateen prospekzioak egin; aholkularitza teknikoa; esperimentazioa sagardoan; sagar-sailetarako, sagardotegietarako eta elkarteetarako laguntzak eman; sagardo lehiaketa antolatu; gai horri buruzko liburuak kaleratu; eta abar. Ezer ez da gehiegi gure sagastiak, sagarrak eta kalitateko sagardoa bultzatzeko.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagardo denboraldia
"Ez da sagardoa, zu zara" kanpaina jarri du abian Hernanik, eraso matxista eta arrazisten aurka

Herriko zenbait eragilerekin batera, "ez da sagardoa, zu zara" lelopean aurkeztu du kanpaina asteartean Hernaniko Udalak.


2023-01-11 | ARGIA
Abian da txotx denboraldia

“Inflazio eta igoeren gainetik ilusioa eta pasioa elkartuta” aurkeztu du Euskal Sagardoak txotx denboraldia. Sektoreak “pozik” hasiko du sagardotegi garaia, bi urteren ondoren txotxetik dastatu ahal izango delako sagardo berria.


2021-01-20 | Usurbilgo Noaua
Sagardoa txotxetik mahaira, otsailean hasiko den denboraldi berrian

Urte garai honetarako dagoeneko sagardotegiek zaletuez gainezka behar zuten honez gero. Ilara luzeak edari berria dastatzeko irrikan. Jendetza mahaien bueltan, kupeletan. Pandemian gaude ordea eta halako irudirik ez da errepikatuko aurtengoan. Txotx denboraldi berria izan izango... [+]


Sagardo denboraldiaren irekiera

Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean... [+]


Eguneraketa berriak daude