«Autonomiaren bidea hartu dute IK gogor kritikatu zutenek»

  • Baiona, 1975. Kazetaria. Ekaitza astekarian hasi zen kolaboratzaile lanetan eta Euskaldunon Egunkarian zaildu egunerokoaren zereginean. Berria egunkarian dihardu gaur egun. Idazlea da, halaber. Besteak beste, Anbroxio eta Mahatsaren begia eleberriak eman ditu argitara. Oraindik orain, Iparretarrak. Erakunde politiko armatu baten historia karrikaratu du Gatuzain argitaletxearen eskutik. Ipar Euskal Herriaren askatasunaren alde nahiz Hegoaldearekiko emantzipazio politikoaren alde borrokatu zuten militanteen agerbide interesgarria irudi zaigu liburua.
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain kazetariaGaizka Iroz
Eneko Bidegainentzat politika garrantzitsua da; garrantzizkoa bezain interesgarria. Giro politikoa familian ezagutu du txikitatik, baita Iparretarrak (IK) fenomeno soziopolitikoa hurbiletik ere. Iparretarrak. Erakunde politiko armatu baten historia liburuaren nondik norakoak azaldu dizkigu solasaren abiapuntuan: “Gaia delikatua da. Duela lau urte elkarrizketa andana egin nuen. Filipe Bidarterekin elkarrizketa egin gabe utzi nuen, alta. Kartzelan egin nezakeen, baina arazoak tarteko, proiektua geldirik egon zen. Filipe espetxetik ateratzeak lagundu dit liburua osatzen. Béziers herrira joan naiz bi aldiz eta Clairvauxeko espetxean izan nintzen berarekin, handik atera baino aste bat lehenago” diosku IKren historia jaso duen liburuaren egileak.

Filipe Bidart IKren erreferente nagusitzat jo dute batzuek, baita mito bihurtu ere bestetzuek. Nolakoa da zuretzat?


Nortasun eta karisma handiko pertsona da. Badaki ongi mintzatzen eta ideiak ongi defendatzen. Buru argia du. Politika hurbiletik segitzen entseatzen da. Nahiz eta preso izan, unean uneko errealitatera eta testuinguru politikora egokitzen jakin izan du. Bere erakundeko preso ohi anitz baino hobeto, beharbada. IK-ko kide preso ohi zenbait 1990eko hamarkadako mentalitatearekin bizi da. Filipe gaurko militantea da, bizi duen egoerak aukera hori zailtzen dion arren. Ipar Euskal Herrian bizi balitz militante aktiboa litzateke eta nostalgia kutsurik gabekoa, nire irudiko.

Tankera honetako lanak idazterakoan, azaltzen duten garai hurbilak liburua idaztea zailtzen duela esaten da. Zure kasua al da? Gustura geratu al zara?


Emaitzarekin gustura nago. Ahalaz, nahiago nukeen IKren azken urteetako bilakaera gehiago landu, baina 1993az geroztiko aldia ezin izan dut nahi bezainbat sakondu. IK-ko kideek ez dute irakurketa bera egiten azken garai horretaz, ez dira ados jarri beren iritziak ezagutarazteko orduan. Garaia bizi-bizirik da oraino, hurbilegia. Interesgarria litzateke horiek guztiak ondo ezagutzea. Zergatik isildu zen borroka armatua? Edota politikak zergatik hartu zion gaina ekintza armatuari? Ez da erantzun bakarra, arrazoi anitz dago. Atal horrek soilik aparteko liburua eskatzen du.

Egin dezagun jauzi IKren sorrera aldira. “Gazte batzuk arrunt ukatuak zirela ohartu zirelako sortu zen IK” errana duzu zuk. Sakondu iritzi horretan, otoi.


Gazte haiek euskaldun gisa ukatuak zirela ohartu ziren. Guraso askok euskaldun izatearen ahalkea hain barneratua zuten non etxe anitzetan ez zieten euskara transmititu seme-alabei. Euskaldun agertzea gaizki ikusia zen, gauza txarra zen. Gazte batzuek euskaldun izatearen kontzientzia hartu zuten, ahalkeaz hartu ordez harrotasunez aldarrikatu zuten euskalduntasuna. Borrokatzeko eta egituratzeko beharra sentitu zuten eta batzuek IKren bidea hautatu.

IK, geroago, ETAk ukatua izan zen. Alta, ETA gabe ez zen IK sortuko.


Baiki. IK-ko sortzaile anitz ETAn aritu ziren. Hori bagenekien nolabait, eta liburuan baieztatu ahal izan dut. Gero, militante horietako batzuek Iparraldeko borroka ez zela aitzinatzen eta Ipar Euskal Herriko euskalduntasuna ez zihoala bide onean salatu zuten. Hegoaldeko borroka laguntzea ondo ikusten zuten, baina Iparraldea ahantzi gabe. Iparraldean borroka armatu gisako bat aitzina eraman beharra aldarrikatu zuten.

Ordurako Enbata mugimenduarekin biziki kritikoak zirenek IK eratu zuten.


Zoritxarrez edo zorionez, belaunaldien arteko haustura da Iparraldeko berezitasuna. IK ez zen Enbatarekin ondo moldatzen ordurako, ezta ETArekin geroago ere. Ondoren, Herri Taldeak-en [IKren adar soziopolitikoa] ondorengo belaunaldia Patxa eta Oldartzen taldeetan antolatu zen. Gazteriak-en inguruan bildu zen hurrengoa. Garaiak eta mugimenduak sinplifikatu ditut, bistan da: Iparraldean ez dela –Hegoaldean bezala– belaunaldien jarraipenik izan erran nahi dut. Esaterako, HBk hamarkadak iraun zituen, Batasunaren bitartez segitzen duena. Iparraldean belaunaldi bakoitzak bere mugimendua sortu du, gutxi gorabehera.

Arrazoiak arrazoi, ETA abangoardia bilakatu da, IK ez. Alta, IK ere abangoardiaren bidea urratzear egon zen: Talgoaren aurkako ekintza dut gogoan.


Eztabaida biziki interesgarria da hori. Talgoaren aurkako ekintza IKren garai eraginkorrean eta gogorrean izan zen. IKren inguruan ari ziren Herri Taldeak erakundeak ez zuen irakurketa bera egin ekintzaz. Batzuek irakurketa kritikoa eta beste batzuek autokritikoa egin zuten. Liburuan ez da garai hori hainbeste ageri, arrazoiak arrazoi, atal hori ezin izan dut gehiago sakondu. IKk hautu klandestinoa egin zuen eta Laguntza taldeak, adibidez, kritika zorrotzak egin zizkion. Bide klandestinoak eta erradikalak sakon eragin zuten Iparraldeko mundu abertzalean. IKren egituraketa sendoagoak arrisku gehiago hartzea, baita ondorio larriagoak ere ekarri zituen. Ekintzen erradikaltzea ekarri zuen. Talgoaren aurkako ekintza horren adibidea da. Alabaina, Herri Taldeak-ek, ñabardurak ñabardura, ekintza hura gaitzetsi zuen. Erakunde armatuaren eta politikoaren arteko independentzia erakutsiz nolabait. Klandestinitateak eta ekintza ikusgarriek IK nahi eta behar ez bezalako bide batzuetatik eraman zezakeela pentsatu zuten anitzek.

IKren bilakaeran ekintza larriak nahiz ikusgarriak ageri dira nolanahi ere.


Bai. Zoritxarrez, zenbaitetan, mundua gertakari larriak nahiz ikusgarriak direla bide aldatuz doa. Ipar Euskal Herrian halaxe izan da, baita Euskal Herrian ere, oro har. Gertakari mugarri horiek eragin zuten gizartean, batzuk tragediak dira, baina belaunaldien iratzartzea ekarri zuten. Nahitaez, martxoaren 11ko atentatuek Espainiako gizartea inarrosi zuten, baita gobernuaren aldaketa ekarri ere. AEBetako irailaren 11ko atentatuek mende eta aro berri baten hastapena markatu zuten halaber.

Gertakarien artean Baigorriko tiroketa dago. Bi jendarme hilak izan ziren.


Lehendik zegoen IKren bertsioa dago liburuan, IK-ko militante ohiek berretsia. Zaila da gehiago erratea.

Pierre Joxe Frantziako Barne ministroa izaki, IKren eta Gobernuaren arteko negoziazioa “aukera galdua” izan zela irakurri dut neronek liburuan.


Aukera galdua diozu... Negoziazio posible horiek azaltzen dituzten fenomeno eta gertakari anitz izan ziren. Baina Ipar Euskal Herriaren lekuko hautetsiak ez ziren batere prest arazoa aztertu eta sakontzeko. Parisko Gobernua hemengo hautetsi batzuk baino prestuago zegoen urratsen emateko. Iduriz, tokiko klase politikoa izan zen lehen oztopoa. Ipar Euskal Herriko alderdi sozialistako kideek ez zuten begi onez ikusi haien bidez ez ziren harremanak garatzea. Nazioarteko testuinguruak oztopoak jarri zituen. Pierre Joxek Barne Ministerioa utzi behar izan zuen Irakeko gerla zela medio eta, Defentsa Ministerioa hartu zuen. Ondorengoak ez zuen berak agertu zuen interes bera. Bestalde, itxura guztien arabera, orduko Gobernuak Korsikako mugimendu independentistarekin zituen harremanak ez ziren ongi joan eta horrek era ezkorrean eragin zuen.

IK erakundea eta autonomia aldarrikapena batera doazela erranen nuke.


Alta, irrigarria da batzuek orain Hegoaldearentzat nahiz Iparraldearentzat autonomia aldarrikatzen dutela ikustea. IK-k autonomiaren aldarria egin zuelarik proposamena gutxietsi zuten horiek. EAJko Autonomiaren Estatutuaren antzekoa zela zioten. Egun jende horiek aldarrikapen bera egiten dute. IK gogor kritikatu zutenek autonomiaren bidea hartu dute orain.

Autonomia Eraiki sortu da berriki. Alabaina, nahasketa franko dago. Prentsa bidez ekimenaren bultzatzailea zehazki nor den jakitea neke da.


Gauzak argi erran behar dira, ahoan bilorik gabe. Badago IK-ko kide ohiek sortu zuten Autonomia Eraiki foroa. Bestetik, Batasunak aurtengo urtarrilean Uztaritzen egindako agerraldian Ipar Euskal Herriarentzako Autonomia aldarrikatu zuen. Oraintsu, nahiz deialdia herritar talde batek egina izan, Autonomiaren lemapean Baionan burutu berri den manifestazioa Batasunaren ekimena izan da. ABk ez du bat egin. Duela urte bat, EAJ salbu, Iparraldeko alderdi abertzaleak instituzio proiektu bat lantzen hasi ziren. Orain, une berean, Batasunak beste proposamen bat aurkeztu du autonomiaren ildoan. Euskal Herria Bai (EH Bai) ekimenean ari delarik, bere kabuz manifestazio horretara deitzeak franko kontraesankorra dirudi. Zaila da gertatzen ari dena ulertzea. Ez du laguntzen proiektu sendo bat eratzen.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iparretarrak
2021-12-14 | Beñat Espil
Gora Allande gudaria!

Nihau bürüari izigarriko desafio bat ezarri diot: Allande Sokarros, ekialdeko Etxebartar seme eta Iparreko anaiaren bizia, horrialde bakar batean llabürbiltzea... Desafio izigarria Allanderen bizia ez beita izan lasaiezko ibai lüze bat. Bena halerik ere... [+]


2021-12-10 | Axier Lopez
Allande Sokarros kazetari eta militante euskaltzalea hil da

Allande Sokarros kazetari, itzultzaile eta militante zuberotarra zendu da 64 urterekin. Kazetaritzan urte luzez aritu da, ARGIAn eta beste hainbat hedabidetan.


2020-06-15 | Mikel Asurmendi
Baigorriko parrokian Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrea

Jean Batiste Bidart Kuxkurrio, 2020ko ekainaren 8an zendu zen Baigorrin, 93 urte zituelarik. Ekainaren 11n, Baigorriko parrokian, Filipe Bidartek Jamattit aitari eskainitako hitzezko gorazarrearekin amaitu zen ekitaldia.


Gaurko egunez, Iparretarrak-eko Maddi Hegi eta Gabi Mouescak Pau-eko espetxetik ihes egin zuten

Gaurko egunez, 1986ko abenduaren 13an, larunbata zen, Iparretarrak erakunde armatuko militante Maddi Hegi eta Gabi Mouescak Pau-eko espetxetik ihes egin zuten. Espetxe aldaketa bat irudikatuz, hainbat ekintzaileren plana ongi atera eta espetxeko ate nagusitik atera ziren.


Eguneraketa berriak daude