Estatua bat, bi estatu

  • Estoniako errusiarren integrazio prozesua ez da bere garairik onenak bizitzen ari. Gobernuak beren nortasunaren sinbolo zen estatua lekuz aldatzea erabaki izanak ez du lagundu, ezta herritarrek gau batez hiriaren kontrola hartu eta bertako dendak suntsitu eta lapurtu izanak ere. Hala ere, oroigarriarekin gertatua errusiarren integrazio ezaren azken adierazlea baino ez da, askorentzat.

Bi haur soldadu sovietarraren omenez eraikitako estatuaren aurrean
Bi haur soldadu sovietarraren omenez eraikitako estatuaren aurreanLander Arbelaitz

Faxisti!” garrasika haserre dabiltza milaka pertsona Estoniako hiriburuko plaza batean. Bertako errusiarrak dira. Poliziak neurriak hartu dituela dirudi, baina ez da hala. Ikusmina zegoen ea zenbat jende bilduko ote zen kontzentrazioan, baina gutxik espero zuen hainbeste izatea bertan batutakoak. Are gutxiagok apirilaren 25eko gau hartakoak, herrialdea subirano denetik gertaturiko istilurik larrienak izango zirela. Pertsona bat hil zen labankada baten ondorioz. Historiak erakutsi izan du lider sinboliko bat gai dela milaka pertsona bere inguruan biltzeko, baina lider bihurtu diren sinboloak ere atzean ez direla geratzen ikusi genuen Estonian. Sobiet aroan eraikitako soldadu baten estatua lekuz aldatzea erabaki zuen Gobernuak, eta Estoniako errusiar askok iraintzat hartu zuten. Hala ere, estatuarekin gertatuak errusiarren integrazio zailtasunak besterik ez ditu azpimarratu.

Regina ilehoria bere amarekin bizi da Tallinngo pisu batean. Andrei beltzaranak ere Estoniako hiriburua du bizitoki. Biek 24na urte dituzte. Bata arkitektura ikasten ari da eta bestea enpresaritzako master bat. Estoniera da Reginaren hizkuntza; Andreik berriz, ama errusiarra duenez, ama hizkuntza errusiera du. Biek diote estoniarrak direla, Andreik ordea, ez du hiritartasunik eta udal-hauteskundeetan baino ezin dezake bozka. Bietako inor ez dago gustura Sobietar Estatuaren aferan gobernuak izan duen jarrerarekin, eta ez batak eta ez besteak ez dute errusiarren parte handi batek egindako txikizioa begi onez ikusten.

Errusiarren integrazio falta hiruki bat bezala ikus daiteke. Alde batean ezberdintasun ekonomikoak daude: errusiarren artean langabezia tasa bikoitza da gainerako estoniarrekin alderatuta. Bigarren hegalean, hiritartasun eza: errusiarren %40 inguruk ez du inongo hiritartasunik. Eta azpian, estoniar hizkuntzarekin dituzten arazoak: Estonian bizi diren errusiarren erdiak ikasi du estonieraz. Hala ere, hirukia biribil bihur daiteke hiru aldeek etengabe elkarrengan eragina izaten baitute, eta arazo bat bestearen ondorio izaten amaitu. Duela bi hilabete inguru gertatutako liskarrekin, izebergaren puntan besterik ez dira zentratu hedabiderik gehienak.


Historia desadostasun iturri

“Estonian gertatua ulertzeko, Estonia bera ulertu beharra dago”, dio Reginak. “Okupazioek, immigrazioak eta independentzia lortzeko borrokak bustitako herria da gurea”. Beste herrialde baten menpe egon izan denak ez du askotan anaia handiaren ikuspuntua partekatzen, ez historia interpretatzeko orduan behintzat. Estonia eta Errusiaren kasua ere antzekoa da. ‘Okupazio’ hitza da korapiloa loturik mantentzen duena. Errusiarren hitzetan, Estonia “bere borondatez” igaro zen Sobiet Batasuneko parte izatera, eta estoniarren bertsioan aldiz, Sobiet Batasunak okupatu zituen.

Estoniari askotan aurpegiratu izan zaio naziek Sobiet Batasunari eraso egin ziotenean, bertako askok –ez denek– nazien tropekin bat egin zutela. Hala ere, argazki osoago bat izateko, aurreko bi urteetan Armada Gorriak 10.000 pertsonatik gora fusilatu eta beste milaka Siberiako gulag-etara (Sobietar langileen guneak) bidali zituztela aipatu behar da. Azken hauetatik erdia baino gutxiago itzuli ziren bizirik. Orduko samina gogoan, milaka pertsonak Sobiet tropak Estoniatik ahalik eta urrunen mantentzeari eman zioten lehentasuna, nahiz eta gero ikusi Alemania naziak ere ez zuela Estoniaren subiranotasuna onartuko. Azkenean, Aliatuek II. Mundu Gerra irabazi zuten eta Estonia berriz ere Sobiet Batasunaren parte izatera igaro zen. Gudaren ondorioak argiak izan ziren gizartean: Estoniako biztanleria bosten bat jaitsi zen eta bigarren sobiet aroan ere “Sobietarrekin desleial” izatea egotzita fusilamenduek jarraitu egin zuten. Mende erdi iraun zuen bigarren aro horretan ia milioi erdi bat pertsona joan ziren Estoniako fabriketara lan egitera, gehienak Errusiatik. Azkenean, 1991n Estoniak independentzia aldarrikatu zuenean, hiru biztanletik bat errusiarra zen.


Hezkuntza erreformak jomugan

Estoniera, bere milioi eta erdi hiztunekin, Europako estatu hizkuntzarik txikienetakoa da. 50 urtez Sobiet Batasuneko parte izan ondoren, hizkuntzaren normalizazioa izan zen gobernu berriaren lehen helburuetakoa eta estoniera estatu hizkuntza ofizial bakar izendatu zuen. Hala ere, sobiet aroan estoniarrak errusiera ikastera behartzen zituztenez, errusiarren gehiengoak ez zuen bertako mintzaira ikasi. 1989an, independentzia lortu aurreko urteetan egindako inkesta baten arabera, etorkinen %14ak ikasi zuen estoniera. Egun eskola guztietan irakasten da estoniera eta gutxi gorabehera bertako errusiarren erdiak hitz egiten du hizkuntza. Estatistikek interpretazio ezberdinak ekartzen dituzte, batzuen ustez pozgarria da zenbakia gora doala ikustea, baina beste batzuek beren hizkuntzarekiko errusiarren mespretxuzko jarrera ikusten dute.

Egungo errusiar eskoletan dena errusieraz irakasten dute astean bi ordu izan ezik, eta eskola amaitu ondoren estoniar hizkuntza erabiltzeko gai ez diren gazte ugari dago oraindik. Hori konpondu asmoz, Hezkuntza Ministerioak erreforma bat indarrean jarriko du datorren irailetik aurrera eta errusiar eskoletan pausoka-pausoka estonierazko irakasgai gehiago sartuko dituzte, %60 izatera heldu arte. Erreformak kritika gogorrak jaso ditu errusiar sektoretik. Andrei gaztea estonieraz hitz egiteko gai da, “bai azterketa bat gainditzeko moduan behintzat”. Oso haserre mintzatu da erreformaren aurka. “Irakasgai gehiago estonieraz jarrita ez dugu hizkuntza hobeto ikasiko, irakasleak dira arazoa, ez dira ongi irakasteko gai”, kexatu da. Hezkuntza Ministerioko ordezkari Tatjana Kiilo jatorri errusiarreko estoniarra da. Berak aldaketa oso onuragarri jotzen du eta ziurtatu du helburua ez dela errusiarren asimilazioa. “Ez goaz nortasun zeinuak aldatzera, gure helburua haur guztiei lan merkatuan eta hezkuntzan aukera berak eskaintzea da, eta horretarako bi hizkuntzak erabiltzeko gai izatea beharrezkoa da”.
 

Hizkuntza eta ekonomiaren talka

Hiriburuko eraikin dirdiratsu garaietatik urrutira ikusten dira etxe bloke gris handiz osatutako auzune zabalak. Komunismo garaian eraiki zituzten kanpotik etorritako langileak hartzeko. Bere garaian herrialdeko eraikuntzarik aurreratuenak izan ziren. Ez da gaur egungo kasua. “Etxe bloke erraldoi horiek eraiki zituztenean, bertan bizi zen jendea dirurik gehien zuena zen, eta estoniar ‘normalak’ ezin zezakeen bertan bizitzeko luxua onartu”, dio Reginak etxean entzundakoaren arabera. Egun, txirotasuna begi-bistakoa da ia kale-kantoi guztietan.

Estoniako errusiarren giza eskubideekin lan egiten duen taldeak behin baino gehiagotan salatu izan du askotan “bigarren mailako hiritar” bezala hartuak direla eta hauen artean langabezia tasa gainontzeko herrialdearen bikoitza dela. Aldi berean, errusiarrak behin baino gehiagotan kexatu dira lanpostu publikoetarako estoniera jakitea eskatzen dietelako. Gobernuak, hizkuntza ikasita lan merkatuan sartzeko aukera zabalagoak izango lituzketela argudiatzen die. Hizkuntza eta ekonomiak talka egiten duen puntura iritsi direla dirudi baltiar errepublikan.
 

Hiritar ikusezinak

“Estoniako biztanleen %20ak inongo hiritartasunik ez izatea oso arazo handia da guretzat. Uste dut Europar Batasunean hiritartasunik ez duten biztanleen kopururik handiena dugula”, dio Raivo Vetik Tallinngo Unibertsitateko Nazioarteko eta Gizarte Institutuko zuzendariak. Hiritartasun eza hizkuntzarekin lotutako beste arazo bat da. Independentzia lortu zutenetik dator kontua. Gobernuak hiritartasuna 1940an Estonian bizi zirenei edo hauen ondorengoei bakarrik ematea erabaki zuen. Honek esan nahi du, bigarren sobiet aroan etorritako ia milioi erdi pertsonek Estonian bizitzen geratu nahi bazuten, hiru aukera zituztela: estoniar hiritartasuna eskatu eta hizkuntza azterketa gainditu, errusiarrarekin bertan bizi, edo inongo hiritartasunik gabe bizi. Hala ere, ordura arte ia inork ez zuenez estoniera ikasi, erdiak errusiarra eskatu zuen eta beste erdiak ez zuen hiritartasunik eskatu. Egun, Estonian bizi diren errusiarren %40ak ez du inongo hiritartasunik.

Hiritartasunik ez izateak hainbat ondorio ditu. Udal hauteskundeetan bakarrik bozka dezakete, eta orain gutxi arte, Europar Batasunean bidaiatzeko ere visa baimena behar zuten. Egun ez dute hori behar. Andrei gazteak ez du inongo hiritartasunik nahiz eta estonieraz hitz egiteko gai den. Politikoen lanean ez du sinesten eta azterketak prestatzen hasi baino “zeregin hobeak” badituelako ez du eskatzen hiritartasunik.

Estoniako gizartean kontuz landu beharreko gai bihurtu da errusiarren integrazioarena. Raivo Vetik irakaslea datozen urteetako integrazio planari ekarpenak egiten aritu da bere aldetik. Bere ustez, ikusi egin beharko da zer gertatzen den, “errusiarrak orain elkartu egingo dira, badute arrazoi bat indarrak batu eta ideia batzuk defendatzeko. Baina hala ere, gobernuak azken aldian hartutako erabakiek gizartea zatitu egin dute eta hori ez da ona integraziorako”. Gobernuak “hitz gutxiago eta lan gehiago” egin behar lukeela dio, eta Estoniako errusiar asko “estoniar hizkuntzarekiko baikorragoak” izan beharko luketela.

“Ez gara garairik onenak bizitzen ari”, dio burumakur Reginak. “Lehenik eta behin, gobernuak herritarron nahia aintzat hartu gabe sua piztu du, eta bestetik, Moskutik egin duten kanpaina interesatuari bakarrik erreparatuz, Mendebaldeko zenbait hedabidek faxistatzat hartu gaituzte”. Jatorri errusiarreko Andrei ere ez da oso baikorra. “Duela bi hilabete gertatuak bazterrak nahastu besterik ez ditu egin. Estatua mugitu zutenean protesta egin genuen. Ordura arte dena ondo zihoan, gobernuak ikusi baitzuen batzeko ahalmen handia dugula, baina gero, batzuek gobernuaren aurka beharrean errurik ez zuten herritarren aurka eginez amaitu zuten gaua eta euren erruz, Estoniako errusiar guztion irudia asko zikindu da”.

Estoniako Gobernuak eta errusiar gutxiengoak beren arazoak konpontzeko nahia izango balute, apika konturako lirateke denen artean heldutako akordioak sina ditzaketela. Behin baino gehiagotan gurutzatuko ziren kalean Regina eta Andrei, batak bestea nor den jakin gabe. Egunen batean, kalean gelditu eta solasean hasiko balira, agian konturatuko lirateke estoniarren eta bertako errusiarren arteko ezberdintasunak ez direla hain handiak.


ASTEKARIA
2007ko ekainaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estonia
Eguneraketa berriak daude