Ziritzako Katalinaren dromedarioaren aldameneko garagartzan ezagutzen ez dudan landare horietako bat topo. Haizearen kulunkaden sinfoni tiraintsuak salbatzen du mitxoletaren koadrila osoa akabatu duen herbizidaren atarramentuzko soroaren uniformetasun poliziala, militar oro lez zatarra.
Zatarraren mugarri, gara arrosa batzuk, bata bestearen gaineko lore seikonde katea, onil luzexka itxurakoak, petaloetan marratxo margulak, zorten zut batean hara eta hona begira, lauzpabost marraza hostoen babesean, lurpean erreboila behar duela somatzen den horietakoa, ezin ipurditik atera ordea, loraldian ozarkeria latza litzateke... Muturraren aurrean nor dudan jakin gabe luze egon ezinik, ordu t'erdiko bilatze eroa eta gero izenez elkar agurtuak ginen. Lakoizketa errezuzale baino landarezaleago zen apaiz haren arabera lurretako espadaña deitzen diogula eta ondo esanda lurretako lezka deitu beharko genukeela, berari bost zaizkion hizkuntzak gora behera Gladiolus communissub. byzantinus denari. Lezkaren (Typha latifolia) antzekoak ditu oso hostoak, seska luzearen ertzean zigarro-puruaren tankerako lore multzoa duen lezka bai, honi osin eta urustelak gustatzen ordea eta ase giri-giri arte ongarritutako soroetako lurrak hari. Europako hego berotik –Afrika iparraldea, Italia, Korsika, Malta, Espainia...– Ebron barrena etor-ekarria, laboreak ekarri zituzten kultura mediterraniar kolonizatzaileekin batera nonbait. Egungo egunean soroko belarrak erretzeko erralo suek eta herbizidek ezin akaba dute eta alorraren mugetatik, ipularretik ia, loreak irriz-irriz irekiz, kirkirkir parra egiten digu. Trufa hau eraman ezin, inbaditzailea dela esanez iraintzeko barrunbeak eta musturrak ditugu...
Senide dituen gladiolo ezagun galantenen eran hemen baino urrutixeago salgai topa daitezke bere erreboilak eta XVII. mendera arte geure aurreko emakumeek seingaltzeko bere ura hartzen zutela jakinda laguntzat nahi eta etxeratu beharko dut.
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!