Gernikako oihartzunak

  • Kostata izan arren, 1937ko apirilaren 26 arratsaldean gertaturikoa arras argi dugu gaur egun historia orrialdeetan. Egun hartan, arratsaldeko 16:15etik aurrera, Gernikako zerua infernu bilakatu zuten Gasteiztik eta Burgostik gerturatutako Kondor Legioko hegazkin frankisten bonba, metraila eta suak. Heriotza eta suntsipena nagusitu zen eta historian lehenengo aldiz hiri batek bonbardaketa orokorra jasan zuen. Handik egun gutxira Herbert Southworthek idatzi zuen legez, “Gernikako izenak hiri hori erre zuten sugarrek baino gehiago erretzen zuen”.
     
    Gernikako hondakinek oraindik kea haizeratzen zuten bitartean, itzaliko ez zen eztabaidaren sua piztu zen. Besteak beste, ordura arte izandako bonbardaketen marra tragikoa nabarmen gainditu zutelako. Jakina, gerraren hasieratik bertatik, frankistek hegazkinetatik bonbardaketa latzak burutu zituzten. Gerra hasi eta lau egunera, hain zuzen, Otxandion (Bizkaia) estreinako sarraskia egin zuten, 53 hildakorekin. Bidasoako gudaldian ere, Caproni hegazkin italiarrak eraginkorrak izan ziren frankisten oldarrak gauzatzeko. Eta Bizkaiaren aurkako erasoaldia abiatu zenean, Bilbok, Eibarrek, Elorriok eta bereziki Durangok pairatu zituzten bonbardaketek argi utzi zuten nazionalen estrategian jokabide hori izango zela ardatza.
'Guernica' liburuxkako irudi bat
'Guernica' liburuxka
Baina Gernikaren aurka buruturikoan, besteetan izandako jarrera muturreraino eraman zuten nazionalek. Hiri horretan, salbuespen izan ziren suntsitu gabe geratutako etxeak, eta hildakoen kopurua, gaur egun zehaztu gabe jarraitzen duen arren, Durangon utzitakoarekin batera handienetakoa izan zen. Izan ere, bietan bonbardaketak hainbat saiotan egin ziren: Durangon hiru egunetan, eta Gernikan arratsalde batean, baina hiru ordu luzez eta hegazkinen joan-etorriekin. Hala, Tabira zaharra Gernikan gertaturikoaren aurrekari izan zen moduan, azken hau II Mundu Gerran gertatuko ziren triskantzen zerrendaren (Varsovia, Coventry, Leningrado, Oradour sur Glane, Dresde, Hiroshima, Nagasaki) aitzindari izan zen.
 
Gainera, arestian aipatutako bonbardaketa guneetan, jasandako erasoei buruzko txostenak, hildakoen nortasunak, hegazkinek erabilitako munizioa eta erasoen ezaugarriak biltzeko eta zabaltzeko aukera izan zuten bertakoek, frankistek leku horiek eskuratu baino lehen. Gernikan aldiz, bonbardatu eta hiru egunera frankistak suntsitu zuten hiriaren jaun eta jabe egin ziren eta triskantzari buruzko informazio zuzenaren kudeatzaileak beraiek izan ziren. Horrela, apirilaren 27an hasitako desinformazio ekimenari jarraipen zabala egin zioten euren aldeko kazetari eta publizistek. Lekukoek ikusitakoaren aurka, frankistek temakeriaz jarraitu zuten esaten Gernikako txikizioa gorri-separatistek edota dinamitari asturiarrek burutu zutela. Hori zela medio, Gernikaren hondakinen gainean gezur beltza erori zen etengabe. Iseka galanta, biktimak borrero bihurtzen zituena eta benetako suntsitzaileak ongigile askatzaile. Egoera hori larriagotu egin zen gerrak aurrera jo zuen neurrian. Izan ere, Bilboko galerarekin Gernikako bonbardaketaren oihartzuna erbestean indartu zen gehienbat. Europan –Frantzian bereziki– eta oraindik Errepublikanoen eskutan zeuden lurraldeetan, komunikabide askok Gernikan gertatutakoari buruz eman zuten informazio okerra zuzentzen saiatu zen Eusko Jaurlaritza, martxan zuen ordezkaritzarekin. Horretarako, Euzko Deya aldizkari hirueledunaz eta lurralde horietako kulturgile zenbaiten laguntzaz baliatu zen. Hala, hainbat intelektualek –haien artean gerra hasieran Francoren eta enparauen altxamenduaren aldeko jarrera erakutsi zuten batzuek– adierazpen kolektiboak burutu zituzten Gernikan gertaturiko sarraskia jakinarazteko. Testuinguru horretan kokatu ziren, zenbait hilabete beranduago, Ligue Internationale des Amis des Basques delakoa eta bere sustatzaileak.

Guernicatik mundura Picassoren eskutik

Dena den, Gernikan izandako triskantza munduratzea ezusteko bidetik etorri zen, mendea hasi zenetik Parisen finkaturik zegoen Pablo Picassoren eskutik, hain zuzen ere. Bonbardaketa gertatu zenerako, margolari ospetsua Espainiako Gobernu Errepublikanoaren agindura lanean zebilen, urte horretan Parisen egin behar zuten Arte eta teknikak oraingo bizitzan izeneko nazioarteko erakusketako pabiloian koadro edo horma-irudi bat burutzeko. Urtarriletik zuen manatu hori eta konpromiso horri aurre egiteko ez omen zuen biderik asmatzen. Baina Gernikako bonbardaketaren berri izan zuenean, askatu zitzaion korapiloa. Maiatzaren 1ean, Parisen manifestariek langileen aldarrikapenak aireratzen eta Frantziako Gobernuak Espainiako Errepublikarekiko zeraman politika koldarra –gerran parte ez hartzearena alegia– salatzen zuten bitartean, Pablo Picassok Guernicaren lehen zirriborroa marraztu zuen Grands Augustinseko 7. ganbaran zuen lantokian. Songe et mensonge de Franco (Francoren amets eta gezurra) deituriko marrazkietan hainbat irudi iturri aurki daitezkeen arren, Guernican gerraren izuak era iraultzaile bezain zirraragarrian adierazi zituen, osagai eta moldaketa berrien bitartez.
 
Thérese Markovitch, Dora Maar izengoitiarekin ezaguna egin zen argazkilariak Picassoren lana urratsez urrats argazkitan hartu zuen, pabiloira eraman zuten arte. Horri esker eta Picassok berak egindako zirrimarra askoren bitartez, koadro erraldoi hori burutzeko artista andaluziarrak zertu zituen aldaerak antzeman daitezke. Behin-betiko emaitzak erabat bete zuen zegokion pabiloiko horma eta, batez ere, Gobernu Errepublikanoak nahi zuen helburu propagandistikoa. Trocaderoko eremuetan Palais Chailloten inguruan ireki zen nazioarteko erakusketan, Alemaniako eta SESBko pabiloiek aurrez aurre beraien ideologien seinaleak eskultura erraldoien bitartez aireratzen zituzten bitartean, Espainiakoan Picassoren lanak gerraren izuen berri eman zuen eta ordura arte euskaldunentzat bakarrik ezaguna zen Gernika mundu mailako ikur bihurtu zuen.
 
Orduan abiatu ziren koadro horren inguruko irakurketak eta exegesiak, Picassok berak argitzen batere lagundu ez zituenak. Izan ere, gaur egun arte luzatu zaizkigu margo horren funts eta osagaien gaineko adierazpenak, sarritan arras desberdinak eta kontrajarriak suertatu direnak. Juan Larrea, Jose Mari Uzelai, Herschel Chipp, Josep Palau, Reinhold Hohl, Anthony Blunt, Gijs Van Hensbergen eta abar luze bat hurbildu dira Guernicara, orduko eta oraingo arte kritikari asko, bere ulerkera mamitzeko. Etengabeko arreta horrek agerian uzten du koadroak garaiko gizartean oihartzun handia eta hurrengo belaunaldien artean egundoko hunkipena lortu zituela.

Beste Gernikak

Gernikan gertaturiko triskantzaren zeharkako testigantzarik eraginkorrena Picassorena bada ere, beste adierazpide batzuek indartu zuten Gernikan gertaturikoen oroimena. Halabeharrez, mugaz bestaldean, zabal zazu munduban frutuba leloarekin bat eginez Gernika erbesteratuen erreferentzi preziatuenetakoa bilakatu zen. Baldintza txarrenetan ere, Argelés sur Mer bezalako kontzentrazio zelaietan kasu, euskaldunak elkartzeko Gernikaren izena erabili zuten. Hesien artean zeuden gatibu euskaldunek euren esparru berezia prestatu zutenean, izendatzeko ez zuten zalantzarik izan eta “Gernika Berri” paratu zioten. Antzeko zerbait egin nahi izan zuten, hilabete batzuk geroxeago, Gursekora eraman zituztenean, baina hor agintari frantziarrek nolabaiteko auto-eraketa onetsi bazuten ere, ez zuten onartu horrelako izen deigarririk. Bigarren Mundu Gerran ere Girondeko eskualdeetan, zehazki Pointe de Graven batailoi bat osatu zutenean, borrokara hiri suntsituaren izenarekin joan ziren.
 
Guda hori amaitutakoan, berriro ere Gernikako kimuak zabalduz joan ziren komunikabide eta kultur esparruan. 1945ean bertan, esate baterako, Donibane Lohitzunen euskal kultura zabaltzeko Gernika institutua jaio zen, erbestean zeudenen artean kulturgileen lanak suspertzeko. Baina II. Mundu Gerra amaitu osteko abagune itxaropentsuak gutxi iraun zuen, gerra hotza zela medio diktadura frankista ahuldu beharrean sendotzen hasi zelako. Hori zela eta, luze, oso luze joko zuen Gernikaren gaineko oroimena berreskuratzeak. Guernica koadroa erbesteratuen eta galtzaileen patuaren metafora bihurtu zen. 1939an Londresera eta New Yorkera egindako behin-behineko bidaia betiko leku bihurtu zen, azken hiri horretako MOMA (Museum of Modern Art) delakoan gelditu baitzen. Picassok koadro hori Espainiaratzeko jarritako baldintza bete ez zenez, hots erregimen errepublikanoa indarrean berriro izatea, diktadurak iraun zituen lau hamarkada luzeetan Atlantikoz bestaldean mantendu zen, erbesteratuen antzera. Bitartean, familia girotan aterpetu zen 1937ko apirilaren 26an gerraren ondorioz gertaturikoaren oroimena eta oihartzuna. Eskolan, kalean, erakundeetan, hedabideetan… frankistek luzaturiko bertsioek egia bakar eta ofizialaren indarra zuten arren, eremu pribatuetan benetan gertatukoaren berri izan zuten belaunaldi berriek.
 
Bikoiztasun berezi horrek 1960ko hamarkada arras aurreratua izan arte iraun zuen. Gerran suertatu ziren galtzaileen eta garaileen arteko desberdintasuna, orduan hasi zen deuseztatzen. 1962az geroztik, langileria eta erakunde klandestinoak berriro ausardiaz kalean agertzen hasi zirenean, gorpuztuz joan ziren agintean zegoen erregimen diktatorialaren aurkako mezuak, Gernikan gertaturikoa objektibotasun ildoetara eramaten zituztenak. Testuinguru horretan, Gernikak gerra aurretik eta gerra garaian izan zuen oihartzun sinbolikoa eta aldarrikapena berreskuratu zituen. Erbestetik ezkutuan ekartzen zituzten George Steeren, Hugh Thomasen, Pierre Brouéren eta Gabriel Jacksonen testigantza eta historia liburuak frankisten asmakizun eta gezurrak desegiten hasi ziren.

Guernica Gernikara

Bestalde, lehen masa mobilizazioak, auzi nazionala akuilu zutenak, berriro hasi ziren kaleratzen. Eta hor berriro egiten dugu topo Gernikarekin. Ez da kasualitatea, Francoren aroko lehen Aberri Eguna (1964koa) hiri horretan burutu izana. Gernika 1936ko Gerra aurretik euskal askatasunen eta autogobernuaren leku sinboliko esanguratsuenetakoa baldin bazen, gerran jasandako suntsipenarekin zentzu sinboliko hori biderkatu zitzaion. Horrela adierazi zuten, klandestinitateko oztopoak gaindituz, 1964ko martxoaren 29an burututako Aberri Egunera hurbildu ahal izan ziren milaka euskaldunek. Era berean, diktaduraren aurkako erakunde guztien adierazpide askotan Gernika ikur errepikatuenetakoa izatea ohiko bilakatuz joan zen, diktaduraren amaierarekin batera jakin-nahiaren eta egiaren nahiak eztanda egin zuen arte. Orduan, familia giroan eta lagun esparrutan, batez ere Southworth eta Vilarrek egindako lanei eta Gernikan bertan –1977an eta 1987an bereziki– sortutako herri ekimen batzuei esker jakina zena esparru guztietara zabaldu zen. Hamarkadetan zehar inposatutako gezurren gainetik, galtzaileen bertsioak, egiari lekua egiten zionak, argia eta oihartzuna izan zuen. Oraindik ikertzeko eta frogatzeko puntu batzuk gelditzen badira ere –biktimen kopuru eta ezaugarri zehatzak, frankisten eta Kondor Legiokoen arteko loturen zehaztasunak…– funtsean Gernikan 1937ko apirilaren 26an gertatu zena gaur goitik behera ezagutzen dugu. Hala ere, gai honen inguruan egin ziren ekimen guztietatik bada bat bete ez dena, Guernica koadroarekin zerikusi zuzena duena. 1981ean Suarezen gobernuaren aginduz Javier Tusellek egindako gestioei esker, koadroa MOMAtik Espainiara eraman zuten, nahiz eta erregimen errepublikanoa ez izan. Bere kokalekuari dagokionez, UCDko agintariek ez zuten zalantza izpirik izan: nahiz eta hiri desberdinek aldarrikatu, haien artean Gernikak, Madrilen kokatu zuten. Cason del Buen Retiro delakoan hasieran, bere izenarekin Errepublikanismoari iseka zuzena egiten dion Centro de Arte Reina Sofía delakoan beranduago. Hortik ez da mugitu eta dirudienez ez da mugituko. Izan ere, historian zehar gehien bidaiatu duen margoak orain ezin omen du keinu txiki baten adierazle ere izan. Guernica Gernikara eskatzen duten artista, intelektual eta alderdi politikoen itxi gabeko auzia da, euskal zauria ixteko ere baliogarri izan daitekeen tresna, 1937an Euskal Herriarekiko eta Espainiako Errepublikarekiko elkartasunaren ikurra izan zen bezala. Guernicak jatorria Gernikan izan zuen legez, hortxe bertan izan beharko luke behin-betiko kokalekua. Tusellen errana gureganatuz, orduan bai esan ahalko litzateke diktaduraren osteko trantsizioa amaitzear legokeela.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gernika 1937
Atzoko krimenak ahaztuta, gaurko gerrak nola saihestu?

Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur... [+]


Kondor Legioaren krimenak, Alemanian (ere) ahaztuta

Gernikan 1937ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte, eta ika-mika sortu da Espainiako Gobernuko Bolaños ministroak egindako adierazpenen ondotik: "Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa... [+]


Gernikako bonbardaketak 86 urte
Egitarau alternatiboa bonbardaketaren harira, fokuetatik kanpo

Sarraskiaren urteurrenaren bezperan, apirilaren 25ean, Igor Meltxor kazetariak 'Cabacas' liburua aurkeztuko du Astran. Elai Txiki aretoan, bestalde, Iñaki Berazadi kazetariak hautatu dituen Gerra Zibileko irudien erakusketa ikusgai dago.


Eguneraketa berriak daude