XXI. mendeko noblezia: Titulu hutsak, kontu korronte beteak


2007ko urtarrilaren 28an
Noble hitza notabletik dator. Antzinateko zibilizazioetan (Asiria, Babilonia, Pertsia, Grezia, Erroma) gizon aske eta esklaboen arteko bereizketa egiten zuten. Lehenbizikoak noble edo plebeio izan zitezkeen, sailkapen horren barruan maila desberdinak bazeuden ere. Nobleak errege edo agintari nagusiaren aldamenean zeuden, eta harekin partekatzen zituzten boterearen alderdi guztiak, politiko, sozial, erlijioso zein militar. Nobleziak, hots, notableek (nabarmen, bikain) hainbat dohain biltzen zituzten bere baitan. Haiek ziren leinuetako buruzagiak, aberatsenak, ikasienak, apaizak... Baina nobleziaren zati izateko boteredunen onespena behar zen, dohain horien aitortza nolabait esatearren. Hala zen lehen, eta hala da oraindik ere.

Alabaina, agintari gorenek pertsona bakarrari aitor ziezaioketen bikaintasuna, edo leinu bati. Oso ohikoa izan baita -eta da- noblezia herentziaz jasotzea. Eta hortik etorri zaizkio nobleziari kritikarik handienetakoak. Zer dela-eta norbaiten bikaintasuna aldarrikatu, arbaso nabarmen bat edukitzea beste meriturik ez badauka?

Gauzak aldatuz doaz, hala ere. Europako hainbat herrialdetan ez zaio oinordetzako titulurik inori ematen aspaldidanik. Norvegian, berbarako, debekatuta daude 1905etik, eta Grezian edo Bulgarian ere hutsaren hurrengoa dira: bertako erret familietakoak izandakoek besterik ezin diete eutsi. Titulurik ematekotan, jaso duenaren heriotzaz batera desagertuko da titulu hori.

Titulua, beraz, norberak jaso dezake zuzenean, edo gurasoengandik. Espainiako estatuan behinik behin, badago beste modu bat: berrosatzea. Tituludun noble bat hiltzean, haren ondorengo izateko eskubidea daukala uste duen orok bost urteko epea dauka Justizia Ministerioaren aurrean eskubide hori aldarrikatzeko. Epe hori igarotakoan inork ez badu titulua beretzat eskatu, berrosatzea izango da hartarako aukera bakarra. Hala, odol bidezko harremana ez ezik, meritu nahikoa daukala frogatzen duenak lozorroan izandako titulu hori iratzar lezake.


Non dira nobleen pribilegioak?

Historian zehar, nobleek hainbat pribilegio izan dute. Gaur egun, eta administrazioaren arloan, ez da hala; Espainian esaterako, Konstituzioaren aurkakoa litzateke, baina esandakoak mundu osorako balio du, edo Europarako behintzat. Noble izateak lehengo esanahiari eusten dio, agintari gorenaren onespena eta aitortza den heinean, baina galdu egin da horrek garai batean zeukan esanahia. Zerk bereizten ditu, legearen aurrean, duke, markes edo konde bat, eta hiritar arrunta? «Ezerk ez, tituluaren dignitatea erabiltzeko eskubideei dagokionean izan ezik», azaldu digu Jose Luis Sampedro Espainiako Genealogia, Heraldika eta Noblezia Diplomadunen Elkarteko presidenteorde eta noblezia kontuetan adituak.

Beste alde bat dago, eta ez noblearen aldekoa: tituludun nobleek, titulu hori jasotzean, zerga bat ordaindu behar dute. Zerga horrek aspaldiko nobleek ordaintzen zituztenen hondar modura iraun du Espainiako estatuan, hainbat mendetako higadurari aurre eginez. «Noblezia Zuzenbidean adituek zalantza handiak dituzte zerga horri buruz. Izan ere, ez dago argi benetako zerga den edo tasa hutsa. Zerga izateko, proportzionaltasun printzipioa jarraitu behar luke -gehiago daukanak gehiago ordaindu- eta ez da hala. Aurrez ezarritako tarifa batzuen arabera ordaintzen da», dio Sampedrok. Markesa hiltzean, hainbeste ordaindu behar du haren semeak -edo alabak, semerik ezean-, markes izaten jarraitzeko. Hala ere, Erregeak titulu bat ematen duenean gaur egun, salbuetsi egiten du zerga horren ordainketa, eta baita hurrengo belaunaldiaren oinordekotzari dagokiona ere. «Bestela, a zer nolako mesedea egingo liokeen titulua jasotzen duenari!», egin du txistea Sampedrok.


Zenbatean dago markes izatea?

Tituluak hierarkia baten arabera ordenatuta daude -geroxeago zehaztuko dugunez-, eta zergetan ere igartzen da hori. Garestiago da duke izatea konde izatea baino, esaterako. Espainian, garestiena Espainiako Handi titulua berrosatzea da, eta 3.000 euro inguru ordaintzen da. Markes titulu baten ondorengotza berriz, 700-800 euro. Sampedrok dio ez direla sekulako dirutzak, ordaindu behar dituztenek ez baitute hargatik arazo handirik izango. Lege aldetiko pribilegiorik ezean, gaurko noble gehienek aberastasunari eusten diote behintzat, besteongandik bereizgarri. Hala dio Sampedrok: «Nekez aurkituko duzu diru aldetik larri dabilenik, Espainian dauden 2.000 inguru tituludun nobleen artean. Zenbaitzuk, ondasun eskergen jabe izanik, gainbeheran amildu dira, ondasunok ondo kudeatzen jakin ez eta. Baina tira, etxe handi gehienetako hondamendia neuretzat hartuko nuke atsegin handiz. Hamabi tapiz badituzu, bi saldu eta baduzu pare bat urtean aurrera egiterik».


Jatorria

Guztion gogoan dauden titulu motak -duke, markes, konde... -Europako herrialde gehienetan erabiltzen dira, eta Erdi Aro hasieran daukate jatorria. Baita haiek ordenatzen dituen hierarkia ere. «Garai hartako nobleek -adierazi du Sampedrok- karguak zeuzkaten gortean. Erregearen laguntzaileak komeak ziren, edo kondeak. Kondea izan zitekeen, halaber, gaur egungo gobernadore zibilen baliokidea, erregearen izenean eskualde batean agintea zeukana».

Eskualdea oso garrantzitsua bazen, dukerria zen, eta dukea hango nagusia. Beste eskualde batzuk etsaiarekiko muga ziren. Horiei marka esaten zitzaien -hortik ei dator Markina herriaren izena, berbarako-, eta bertan agintzen zuenari markes. Alemanez primeran ikusten da hori: konde «graf» esaten da hizkuntza horretan, eta markes, berriz, «markgraf».

Hierarkian, hortaz, dukea da nagusi, markesa ondoren eta kondea hirugarrenik. Laugarrena bizkondea da, hau da, lurralde batean kondearen izenean jarduten zuena. Azkenik, baroiak eta jaunak daude.

Titulu sailkapen hori berdintsua da Europa osoan, baina badira alde batzuk. Espainiako estatuan, adibidez, oso baroi gutxi dago, baina Frantziakoan askoz gehiago. Bizkondeak eta jaunak, berriz, oso gutxi dira leku guztietan. Bestalde, Espainiako eta Frantziako estatuek -eta Europako pare bat herrialde gehiagok- badute beste titulu bat aipatutako guztien gainetik. Handia, Espainiako kasuan; Parea, Frantziakoan. Dena den, eta esan bezala, hierarkia horrek ez du balio handirik gaur egun, zergak garestitzeko ez bada. Bestela, protokoloko lau txikikeriagatik baino ez dira bereizten batzuk eta besteak.


Erregetza besterik da

Ohartuko zineten aurreko zerrendan ez dela errege edo printzerik aipatu, nahiz eta askotan, ezjakintasunaren ezjakintasunez, horiexek kokatuko genituzkeen goreneko erpinean. Ez, bada. Erregea noblezia iturria da, baina ez da, zenbaitzuk dioten bezala, lehenengo noblea. Noble titulu zerrendan ez dago ez errege, ez erregina, ez printze, ez infanterik. Horiek dignitateak dira, ez tituluak, eta subiranotasunarekin daukate zerikusia. Erregea, gaur egun, eta Espainiako Konstituzioaren arabera, herriaren subiranotasunaren ordezkaria da.

Zeregin horri zor zaizkio, hain zuzen ere, Espainiako erregeak Justiziaren aurrean dituen zenbait pribilegio; eta horiek ez daukate zerikusirik garai batean noble guztiek zeuzkatenekin. Alegia, bere funtzio politikotik ez beste inondik datozkio Espainiako erregeari foru-pribilegioak. Edozein legebiltzarretako kide diren politikariei bezala.

Dena dela, Espainiako erregeak eta haren senitarteko hurbilenek hainbat noblezia titulu dauzkate berez, erret familiakoak izate hutsagatik. Horietako batzuek Euskal Herriarekin lotura estua daukate. «Konstituzioaren artikulu batek dio erregearen titulu ofiziala Espainiako Errege dela, baina erabil ditzakeela, baita ere, ohituraz eta tradizioz Espainiako erregeari dagozkion beste tituluak», dio Sampedrok. Zerrenda oparoa da: Gaztelako, Leongo, Aragoiko, Toledoko, Kordobako, Sevillako, Gibraltarreko eta Algarveetako errege. Nafarroakoa ere bai, bide batez esateko.

Horiek guztiak errege tituluak dira, eta ez noblezia tituluak. Hala ere, zerrenda ez da hor amaitzen, Juan Carlos I.a Bartzelonako kondea eta Bizkaiko Jauna ere bada eta. Honaino Espainiako Konstituzioaren arabera edozein ekitaldi publikotan erabil ditzakeenak. Jakina, legediak ezin dio zilegitasunik aitortu historian zehar Espainiako erregeek izan dituzten beste titulu batzuk erabiltzeko, aspaldidanik askatu baitziren inperiotik: Mendebaldeko Indietako errege, Bi Sizilietako errege, Jerusalengo errege... «Jerusalengo errege titulua -argitu du Sampedrok- Europako hainbat erregek daukate». Denek gorde nahi zuten beretzat gurutzadetan irabazitako saria.

Espainiako Printzearen «curriculuma» ere hainbat noblezia tituluk edertzen dute. Gainera, Vianako Printzea da, Nafarroako erregegai den heinean. Haren arrebak, berriz, Lugoko eta Palmako dukeak dira jaiotzez, eta baita ere, ezkonduz geroztik, euren senarrak, dibortziorik ez den bitartean behinik behin.


Frantziako erregetza galduan liskarrak

Frantziako estatuan ez dago erregerik, ez eta printze edo bestelako enparaurik. Noblezia tituluek bere horretan diraute, baina Sampedroren esanetan gobernua ez da gehiegi arduratzen haietaz. Hor daude eta kito, besterik gabe. Gauza bera gertatzen da monarkia garaiko erregeen ondorengoez. Izan ere, erregerik ez da ofizialki, baina bai erret etxea. Are gehiago: hiru erret etxek aldarrikatzen dute alegiazko frantziar monarkiaren buruzagitza. Errepublikako Gobernuak tentuz tratatzen ditu guztiak, eta baita, lantzean behin, ekitaldi ofizialen batera gonbidatu ere. Zein ekitaldi den, bata ala bestea gonbidatuko dute; sekula ez hirurak batera, ezta bi sikiera.

Sampedrok hiru hautagaiak aurkeztu ditu: «Frantziako Iraultza garaitik dator gatazka. Batetik, Luis Alfonso de Borbon dago, erret etxe legitimistako burua. Bestetik, Parisko kondea dago. Orleans etxeko kidea da, eta Felipe I.aren ondorengoa. Felipe I.ak 1830ean eskuratu zuen erregetza, benetako erregea bota zuen iraultza baten ondoren. Hirugarrenik Napoleon printzea dugu, Napoleon Bonaparteren anai baten ondorengoa. Harengan eta haren aurrekoetan datza, orain dela belaunaldi batzuetatik hona, Frantziako etxe inperialeko buruzagitza». Antza denez, De Gaullek erregetza berrezarri nahi izan zuen Aljeria galdu ondorengo krisialdia baretzeko -Francoren eredu arrakastatsuari jarraiki, itxuraz-, baina bertan behera utzi zuen asmo hura, garai hartan eskura zeukan hautagai bakarra Orleanseko etxea zen eta. Presidentearen iritziz ez zen lar fidatzekoa, nonbait, momentu hartan orleandarren buru ziharduen morroia.

Lege salikoak eta erdi salikoak
Oraindik orain aldatu da Espainian noblezia tituluen oinordetza arautzen duen legea. Hala, aurrerantzean seme edo alaba nagusia izango da titulua jasoko duena; orain arte, seme nagusiak baino ez zeukan eskubide hori. «Kontu hau aspalditik dator», dio Jose Luis Sampedrok: «80ko hamarkadan Luis Maria Ansonek, artean ABCko zuzendaria zela, askotan erabiltzen den amarrua erabili zuen; esan zuen ehunka dei jasotzen zituztela egunkariko erredakzioan, galdetzen ea ez ote zen Konstituzioaren aurkakoa emakumeak baztertuta egotea oinordetzan, euren neba gazteen mesedetan».

Ansonek oso arrazoi zehatzak zituen hartarako, Sampedroren esanetan: konde baten alaba nagusiarekin ezkonduta zegoen. Gaia epaitegietara eraman zuen, eta epai guztiek, bata bestearen ondotik, arrazoia eman zioten, Auzitegi Konstituzionalera iritsi arte. Hango epaileek ebatzi zutenez, oinordetza titulua ez da oinarrizko eskubidea (bozka, etxebizitza, hezkuntza... diren bezala), eta beraz ezin da bazterkeriaz berba egin.

Baina orduan beste kazetari batek sartu zuen muturra auzian: Pedro J. Ramirezek. Hura ere markes baten alaba nagusiarekin ezkondua. «Ramirezek mirari handia lortu zuen: PP eta PSOE ados jartzea. Eta hala onartu da testu berria». Sampedrok dio Ramirezentzat egindakoa dirudiela lege aldaketak: «Uztailaren 27an ebazteke dauden auziei ezarriko zaie, eta Ramirezen emaztearena da bakarra». Zenbaitek ohartarazi duenez, arau berriak ez du bazterkeria erabat desagerrarazten. Lehen, adinagatik eta sexuagatik; orain, adinagatik baino ez.

Neurriak nobleei eragingo die, baina ez erret familiari. Hark, momentuz, lehengo arauekin jarraituko dio oinordetzari. Kasu honetan, lege erdi salikoa da indarrean dagoena: seme nagusiak dauka lehentasuna, baina semerik ezean, alaba nagusiak hartzen du titulua. «Noblezia dagoen herrialde gehienetan indarrean dago lege salikoa edo erdi salikoa. Ingalaterran esaterako, erabat salikoa da. Gizonezkoek baino ezin ditzakete tituluak jaso, erreginak aurkakorik erabakitzen ez badu -eta oso gutxitan egiten du-. Hala, semerik ez dagoen kasuetan titulua desagertu egin ohi da».

Odola urdin izateko, baratzean ez aritzea onena
Jose Luis Sampedroren esanetan, nobleei odol urdina egotzi izanari azalpen bi eman izan zaizkio. Batetik, esaten da Frantziako erregeen armarrietan urdina zela gehien agertzen zen kolorea, eta hortik datorrela kontua. «Beste azalpen batek dio -eta niretzat sinesgarriagoa da, bitxiagoa izanagatik- nekazariek-eta, baratzean lan egitearen ondorioz, zailduagoa zeukatela azala, eta zainak ez zitzaizkiela igartzen. Nobleak, aldiz, ez ziren landan aritzen; aitzitik, ondo babestuta egoten ziren euren jauregi eta gazteluetan, eta beraz ederto atzematen zitzaien zainetako odol urdina azal meharragoaren azpian». Itxuraz, Europako erdialdetik datoz kontuok, hango jendeak azal zurbilagoa izaten baitu.

Pedro Sancristoval, Islako kondea eta Riscoko markesa: «Gezurra da gaur "noblea naiz" esatea»
Pedro Sancristoval Usurbilen jaio zen, eta Zaragoza eta Gasteiz artean bizi da gaur egun. Usurbilen Periko «markesenekoa» da, amonaren tituluaren kariaz jasotako ezizena: «Hura Muruako markesa zen». Pedrok berriz, titulu bi jaso zituen aitarengandik: Islako kondea eta Riscoko markesa, Gaztela-Aragoikoak. Hori ere, jende gutxik omen daki haren jaioterrian.

Ondorengotzaz jaso dituzu zure tituluak, aitarengandik.
Bai, noski.

Ez dakit horrek zuri zer ekarri dizun.
Pribilejiorik ez behintzat, batere, zorionez gainera. XIX. mendera arte baziren nobleak, baina hori agortu egin zen, hil egin zen, Konstituzioagatik. Orduan beste ideia bat sortu zen, beste legedia bat. Eta horrela sortu zen hititarra. Denak ziren hiritarrak, norbere eskubideekin. Eta ordutik nobletasun hori zeharo hil da. Garai hartan noblea izena zen, substantiboa, orain adjektiboa da.

Tituluekin batera zer edo zer gehiago jaso zenuen, ondasunik edo?
Bat ere ez. Erdi Aroan-eta, nobleak lur jabeak izaten ziren, baina geroago, XVI. eta XVII. mendeetan, gauzak aldatu egin ziren, tituluak ohorezkoak ziren, lurrik gabekoak. Aitortza bat zen, domina baten modukoa. Eta segitzen da ematen. Baina gaur egun ez dago pribilejiorik. Aramaioko kondeak bazuen hango neskatxekin, ezkondu baino lehen, oheratzeko eskubidea. Zorionez, hori aspaldi galdu zen. Gezurra da gaur egun «noblea naiz» esatea. Ez, zu noble familia batetik zatoz, zure familiakoak nobleak ziren XVIII. mendera arte, baina zu besteak bezalakoa zara, hiritar bat, boto-emaile bat, eta kito. Zergak pagatzen dituzu besteek bezala. XVIII. mendera arte, nobleek ez zuten zerga asko pagatu behar, baina orain besteek bezala egiten dute.

Erabili izan duzu zeure titulua? Alegia, inoiz esan duzu: «Aizu, ni ez dakit nongo markesa edo kondea naiz», zerbait lortzearren?
Behin ere ez. Batzuetan esan didate: «Hi, emadak hire titulua nire upategiko ardo bati izena emateko, eta dirua emango diat». Baina ez dut onartu hori, ez dut gustuko.

Nahiago, orduan, tituluduna zarela jakiten ez bada?
Tituluek ez dute pribilejio izan behar, eta ez dira saltzekoak. Familiako kontu hutsa dira. Beste kontu bat da herri askotan, eta hiri handietan -Madril, Bartzelona...- titulu bat edukitzea zerbait dela. Eta ikusten ditugu pertsona batzuk ¡Hola! aldizkarian eta halakoetan. Baina Usurbilgo semeok ez daukagu horren beharrik. Isil-isilik gabiltza, eta askoz hobe.

Munduan barrena
Noblezia oso antzinatik da ezaguna, eta lurralde askotan loratu izan da. Gaur egun, munduko ia herrialde guztietan noblezia motaren bat dagoela esan genezake, are gehiago «noble» hitzaren esanahirik zabalena hartuta. Hau da, norbait nabarmentzea, biztanle arruntak baino gehiago dela adieraztea. «Sobiet Batasunean ere baziren leinu bereziak. Boltxebikeen heroien ondorengoek aristokrazia antzeko bat osatzen zuten, esaterako», azaldu du Jose Luis Sampedrok. «Eta AEBetan debekatuta daude noble tituluak, baina George Bushen seme-alaba edo enbaxadore familia bateko hirugarren belaunaldiko kidea izatea bada zerbait».

Adibideok bakanak dira hala ere. Herrialde gehienetan tituluak existitzen dira, mota batekoak edo bestekoak, izen batekin edo bestearekin. Asian indar handia daukate noble sailkapenek, Europan baino handiagoa beharbada. Arabiar herrialdeetan, Indian, Japonen... «Herrialde batzuetan, Etiopian berbarako, mendebaldeko sistema hartu zuten, kondeak, markesak eta abar sortuz». Afrika beltzean, oro har, ez dira hain zurrunak, baina hango leinuetan oso antzinatik egon dira hierarkiak eta sailkapenak, eta herrialdeen arteko mugak Europako ereduari jarraiki ezarri zirenean, eutsi egin zioten horri.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude