Net Hurbil: Kantzerrean aditu nagusia erosita zeukan industriak


2006ko abenduaren 24an
Abenduaren 8an Sara Boseley kazetariak Britainia Handiko The Guardian egunkariak plazaratu duena historiako orrietan iltzatuta geratuko da. Hona kronikaren hasiera: «Munduan famatua den zientzialari britainiar batek ez zuen aitortu hogei urte baino gehiagoz korporazio kimiko batek soldata pagatzen ziola, bera kantzer arriskuak ikertzen ari zen garai berean. Sir Richard Doll, tabakoa erretzeak birikako minbizia eragiten duela erakutsi zuen epidemiologo ohoratua, egunean 1.500 dolar ari zen kobratzen 1980ko hamarkada hasieratik, orduan konpainia kimiko nagusia zenaren, eta gaur gehiago Genetikoki Eraldatutako hazien negozioagatik ezaguna den, Monsantoren eskutik».

Historian bere txokoa 1950ean erdietsi zuen Richard Doll zientzialariak, demostratu zuenean -zalantzari zirrikituak oro itxita- tabakoak kantzerra eragiten zuela. Hori gainera milaka inkesten ikerketa estatistiko zorrotza eginez lortu zuen. Garai haietarako aurkikuntza harrigarria zen: zigarretak arrisku gabeak zirela uste zuen jendeak, eta pipatzeko moda mundu osoan ari zen nagusitzen. Britainia Handiko gobernuak 1954an onartu zuen tabakoaren eta kantzerraren arteko lotura, baina urte asko pasa beharko zuten ideia hori zabaldu eta herrialde aberatsenetatik hasita erretzearen kontrako kanpainak hasi arte.

1912an Londresen sortua, bere gurasoek -medikua aita, piano jotzailea ama- Richard gaztea mediku egitea nahi omen zuten, baina honek matematikak nahiago; azkenean medikuntza ikasi zuen, baina beti atxiki zuen matematikekiko zaletasuna. Ikasle garaian ezkerreko mugimenduetan ibili zen, eta Moskura bisita egina zuen. 1930eko hamarkadan langabeziaren eta faxismoaren kontrako mobilizazioetan ere parte hartu omen zuen.

Gerra itsasontzi militar batean mediku lanetan eman zuen. Gudua bukatutakoan, matematikak eta sendagiletza uztartzeko aukera iritsi zitzaion: Ingalaterrako Medikuntzako Aholku Batzordea ikertzen ari zen kantzerraren eta ingurumeneko faktoreen arteko lotura, orduan pentsatuz ikatzezko motorrak izan zitezkeela errudun nagusiak. Talde horren buru zen Austin Bradford Hill-ek deitu zion epidemiologia alorreko ikerketarako, eta hari horretatik tiraka lortu zuen tabakoaren kaltegarritasuna demostratzea.

Lehenbiziko eztabaida eta arazoen ondoren, Dollek bere emaitzak inkesta berriekin berretsi zituen, eta harrezkero ohoreak pilatzen joan zen urteekin batera. The Guardian egunkariak berak hala zioen 2002. urtean laudoriozko kronika batean: «Richard Doll erretiratu zen, teorian bederen, duela hogei urte, baina jarraitzen du ikerketa gose ase ezinez. Baditu 400 lan baino gehiago argitaratuak eta 20 sari baino gehiago irabazi ditu, azkena joan den astean Norvegiako Olaf V.a erregeak kantzerraren inguruko lan nabarmenagatik eman diona. Oraindik egunero egiten du lan, Oxfordeko Kantzer Ikasketen Unitatean, eta bere buruari opa dion opari bakarra da goizeko 10:00etan hastea lanean, horregatik dauka eskubidea gosaria ohean jasotzeko».

Ohore horiekin guztiekin urrezko hizkiz geratu zen markatua Sir Richard Doll historiaren orrietan... baldin eta kasualitate batengatik urte luzetako bere sekretu bat haizatu ez balitz. Moral tatxagabeko gizon hau diruz erosita zeukaten.


Eguneko 1.500 kobratu eta santu

Hona zer zioen Monsanto multinazionaleko medikuntza eta ingurumenaren osasun sailaren zuzendari zen George Roush Jr.-k Sir Richard Dolli 1986ko apirilaren 29an: «Dear Sir Richard. Gutun honen bidez proposatu nahi dizut 1979ko maiatzaren 10etik Monsanto Company-rekin daukazun Aholkularitza Hitzarmena zabaltzea. Aholkularitza Hitzarmen hau, agiri honen bidez, urtebete gehiagoz luzatzen dugu, 1986ko ekainaren 1etik 1987ko maiatzaren 31ra. Urte horretan zehar zure aholkulari-ordainsaria egunean 1.500 dolarrekoa izango da. Gainerakoan, 1979ko maiatzaren 10eko Aholkularitza Hitzarmenaren baldintzak bere horretan atxikiko ditugu...».

Agiri horretaz gain, The Guardianek jakinarazi du 15.000 dolar gehiago ordaindu zizkiotela Industria Kimikoaren Elkarteak eta Dow Chemical korporazioak binilo-kloratoaren -plastikoetan asko erabiltzen da- eta kantzerraren arteko balizko loturei buruz idatzitako txosten batengatik. Gero, gainera, gertatu zen Munduko Osasun Erakundeak ez zituela onartu Dollen txostenaren ondorioak.

«Albiste hauek -idatzi du Sara Boseley kazetariak- ezinegona ekarri dute zientzialarien eta Richard Dollen miresleen artera; eta zatiketa handiagotu dute kantzer kopuruen igoera bizimodu modernoaren ondorio dela uste dutenen eta produktu kimikoen eta kutsaduraren ondorio dela uste duten ekologisten artean».

Baina Sir Richard Dollen lanaren inguruko eztabaida lehendik zetorren. 1998an The Ecologist aldizkariak plazaratu zuen Martin Walker-en artikulu bat, titulu honekin: «Sir Richard Doll, kantzerraren ‘stablishment’aren zutoin eztabaidagarria». Artikulu luze hau hasten zen alderatuz zer nolako oihartzuna eman zitzaion komunikabideetan 1979an Dollek erretzaile pasiboek ere kantzer arriskua zutela-eta publikatutako informazioei, eta aldi berean, zein oharkabean pasatu zen nekazaritzako ongarri kimikoek osasunean duten eragin kaltegarriaz egin ziren aurkikuntzak.

Ordurako, aditu batzuk aspalditik ari ziren beste kutsadura askok, zentral nuklearren erradiaktibitate apalak, autoen erregaiak, nekazaritzakoak, plastikoen fabrikazioak eta abar, giza osasunean zeukaten eragina. Baina banan-banan denetan azaldu zen Doll kontrako iritzia ematen, industria handiaren interesak defendatzen. The Ecologist hilabetekariari orduan falta zitzaion guk daukagun datua: sosa. Hain zuzen, 1979an sinatu zuen Monsantorekin kontratu ezkutua.

1985ean Australiako Gobernuak agindu zuen ikertzea ea Vietnamen amerikarrek jaurtitako agent orange pozoiak -Monsantok ekoiztua, oihana ihartzen duena- kantzerra eragin ahal izan zien soldadu australiarrei. Inork eskatu gabe, Richard Doll famatuak bere txostena bidali zien, horrelakorik ez zela demostratu, eta hori zioten zientzialariak funtsik gabe ari zirela argudiatuz.

1988an beste ikerlan bat plazaratu zuen, PVC plastikoa egiteko erabiltzen den binilo-kloratoak kantzerrik eragiten ez duela erakusteko. Paper hau gainera, espreski ordaindu zion -soldataz gain- industria kimikoaren elkarteak. Doktoreak ez zuen aitortu inon, noski. Eta hori bezala, behin eta berriro errepikatu zituen erradiazioa, ongarri kimikoak, kutsadura edo industria kimikoa kantzerrarekin lotzen zituzten informazioak.
Historian lekua badu engoitik Sir Richard Dollek: bere produktuen arriskuak salatzen dituzten ikerketa berriak zikintzeko, multinazionalek erosi zuten aditua.
------------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transgenikoak
Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak

Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]


Glifosatoa beste hamar urtetarako baimendu dute: "Osasun publikoa eta biodibertsitatea arrisku handian daude"

Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]


Transgenikoak eta glifosatoa debekatu dituen Mexiko jomugan du Monsanto erosi zuen Bayerrek

“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde”  hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera... [+]


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Eguneraketa berriak daude