36ko Gerra. Abenduko kronika: Eguna, euskarazko iraultza komunikatiboa

  • 1936-37ko gerra garaian, Euskadin ez zen prozesu iraultzailerik eman. Katalunian edo Aragoiko lurretan ez bezala, liskar handirik gabeko giroan aritu ziren Eusko Jaurlaritzaren gidaritza onartu zuten guztiak eta gainontzekoek ez zuten nahikoa indarrik. Horregatik, eta bitxia bada ere, garai hartako aldaketa sakonenak beste esparru batzuetan -hezkuntzan edo komunikabideetan, esaterako- aurki ditzakegu, iraultzaile izan gabe, goitik beherako eraldaketak gorpuztu zituztenak. Horietako bat, euskara hutseko lehenengo egunkaria:Eguna. 1937arekin batera jaio zen.

2021eko uztailaren 27an
Gerrako lehenengo urteetan, gobernutik kanpo gelditu ziren anarkistek ez zuten ahalmen nahikorik Euskal Herriko gizartea indarrean jartzeko. POUM Batasun Marxistaren Langile Partiduak berriz, Jose Luis Arenillas ideologoa aparte utzita ez zuen inolako talderik Euskal Herrian, Katalunian bultzatu zutenaren antzeko iraultzarik saiatzeko. Halaber, komunistek izan zezaketen indarra gerra frontera bideratu zuten gehienbat eta Bilbo erori arte zintzo jokatu zuten Eusko Jaurlaritzarekiko. Jarrera politiko horiek zirela medio, aldaketarako hazia beste arlo batzuetan erein zen; komunikabideetan, besteak beste.


El Día-tikEguna-ra

Ez zen aspaldikoa euskaraz egunkari bat argitaratzeko helburua. Estreinakoz, Jose Maria Agirre «Xabier Lizardi» eta beste hainbat horren gainean ezbaian aritu ziren 1929an. Orduan, aipaturiko idazle gipuzkoarrak sutsu defenditu zuen euskarazko komunikabide baten beharra eta bideragarritasuna. Baina bere inguruko hurbilenek horrelako egunerokoa plazaratzeko goizegi zela uste zuten. Hori dela eta, euskarak, maila horretako komunikabideetan, nazionalistek argitaratzen zituzten Euzkadi edo La Voz de Navarrako euskal ataletara murrizturik jarraitu zuen. Are gehiago, egoera mugatu horrek luzera joko zuela ematen zuen. Izan ere, euskal egunkariari buruzko eztabaidan parte hartu zuten batzuek, komunikabide berriak plazaratzeko tenorean, nahiago izan zuten gaztelera nagusitzen zen egunkari elebidunei lehentasuna ematea.

Horrela, II. Errepublikaren bezperetan, euskal hiztunen dentsitate handiena zuen Gipuzkoan, El Día egunkari abertzale eta elebiduna bultzatu eta kaleratu zuten. Horretan ere gaztelera, euskararen gainetik, erabat nagusi zen. Dena den, egunkari horiei aitortu behar zaie euskal egunerokoaren beharra aldarrikatu izana eta Argia aldizkariarekin batera, kazetarientzako eta euskal hizkera komunikatiboarentzako trebatze guneak sortu izana. Beraz, euskara hutsezko lehenengo egunkaria 1937ra arte sortu ez bazen ere, euskal kazetaritza prest zegoen berau kalean jartzeko.


Egin dezagun

Lizardi zenak, aipaturiko 1929ko eztabaidan, auzi horretaz ondorengoa idatzi zuen: «Lau, zortzi, berrogeita hamar 'egin daiteke' baiño, ez al da hobea ‘egin dezagun’ bikain bat?». Galderari ederki erantzun zioten, 1937ko urtarrileko lehen egunetik aurrera, Eguna egunkariaren bitartez. Euskaltzale askoren amets hori orduan hasi baitzen gauzatzen. Horretarako hainbat faktorek egin zuten bat. Lehena, Euzkadi egunkariaren euskal atalean idazten zuten hainbat kazetari elkartu zirela Bilbon, beraiek idazten zuten tokian tokiko informazioaren bitartez nahiko trebaturik zeudenak. Bestetik, gerra zela medio, prentsa paperaren gabezia gero eta larriagoa zen eta aipaturiko kazetariek aukera ederra antzeman zuten egunkariek pairatutako orrien murrizketa saihesteko. Hau da, Euzkadi egunkaritik desagertzera zihoan euskal saila egunkari berri bihurtuta kaleratzeko aukera ikusi zuten. Xede horrekin, egun gutxiren buruan prestatu zuten komunikabide berria, Eguna izenarekin. «Nik» izengoitia erabiltzen zuen Kintanak egindako mantxetarekin, Bilboko Correo kalean, Euzkadiko inprimategian, jaio zen lehen alea.

Bere estreinako agurrean aitortu zuten legez, erronka itxaropentsu bezain handia zuten aurrez aurre. Hemen gara izenburupean, honela zioten: «Ametsez gainezka ta itxaropen bixiz gatoz. Euzkerea erabilkatxa dala uste dabenei arpegi emoten dautsoegu eta gure aberkidei atsegin yakezan izparrak euzkeraz bakarrik, argi-argi eta ziatz-ziatz emoteko ustietan agertuten gara». Asmo eta ekimen hori gauzatzeko, ordea, jende gutxi zegoen, erredakzio taldea oso txikia baitzen. Manu Ziarsolo «Abeletxe» zuzendariaren gidaripean, hor aritu ziren Eusebio Erkiaga «Endaitz», Augustin Zubikarai «Kresala», Jose Maria Arizmendiarrieta «Barinaga» eta Alejandro Mendizabal «Mutriku» erredaktore, zuzentzaile eta itzultzaile arduretan. Orduan hain ohikoak ziren horrelako izengoitiak erabiliz, egileen kopurua biderkatuta zirudien Egunaren orri apurretan.

Hala ere, kolaboratzaile makina bat lortu zituzten orduko euskaltzaleen artean. Batzuk aipatzearren, hor aritu ziren Jesus Insausti «Uzturre», Iñaki Eizmendi «Basarri» Andoni Arozena «A-BI», Sabin Muniategi, Errose Bustintza «Mañariko» eta Sebastian Alustiza «Ilintxa». Eginbehar gehienez, dena den, erredakzio taldea eta horien artean Augustin Zubikarai eta Eusebio Erkiaga arduratzen ziren. Hala nola, iristen ziren kronikak eta idazlanak zuzentzen zituzten, erdaraz iristen ziren informazioak euskaratzen eta sarritan geratzen ziren orri hutsuneak nola edo hala taxutzen eta betetzen.

Kazetari gehienen jatorriarengatik, bizkaiera nagusitu zen artikuluetan, baina kolaboratzaile esanguratsu batzuek, Uzturrek bere Kaleko Marmarrarekin, Iñaki Eizmendik Nere Bordatxotik atalarekin edo Sebastian Alustizak frontetik bidalitako kronikekin, gipuzkerari ere tokia egin zioten egunkari berrian.


Atzeguardiako kazetaritzan aitzindari

Erredakzio talde txikia izanik, Egunakoek zaila izan zuten informazio ugari eskaintzea, bereziki gerra fronteari zegokiona. Baina nola edo hala beti tartekatu zituzten fronteko berriak, Euskal Herrikoak, Espainiakoak eta baita nazioartekoak ere. Ideologikoki eta politikoki Eusko Alderdi Jeltzalearekin erabat lerrokatuta zegoen arren, beste korronte antifaxistei oihartzun handia eman zien etengabe Bilbao'ko izparringijak diñuena deitutako sailaren bitartez. Hemeroteka antzeko horretan,La Gaceta del Norte, Euzkadi Roja,CNT edo Tierra Vasca egunkarietan azaldutako artikulu puska ugari euskarara itzulirik azaldu ziren. Bestalde, egunkaria euskaraz agertzeak, Uzturrek eta Zubikaraik aitortu zutenez, nolabaiteko abantaila ematen zien, beste komunikabideetako kazetariekiko. Izan ere, zentsura zela-eta erdarazko komunikabideetan argitaratu barik geratzen ziren hainbat gauza Egunakoek plazaratu ahal izan zituzten.

Arras zaila zen nolabaiteko objektibotasunarekin gerraren gorabeherak jarraitzea. Egunak, gerra garaiko egunkari guztien legez, egoera berezi horretara makurtzen zuen lerro informatiboa. Horren ondorioz, suertatu ziren gertaerekin eta gerraren bilakaerarekin parekatuz, hutsunez eta baikorkeriaz zipriztinduriko alderdikeria nagusitu zen behin eta berriro. Iritzizko kazetaritza albiste zuzenari gailendu zitzaion eta gerra frontea oso gertu izan arren, gatazka horri buruzko informazioa abaguneak eskatzen zuena baino apalagoa izan zen sarritan. Jokabide hori indartu egin zen guda aurrera joan ahala. 1937ko martxoaren 31n, frankistek Bizkaiaren aurkako erasoari ekin ziotenean, egoera gero eta latzagoa bihurtu zen Eguna sostengatzen zuten aldekoentzat. Hala, kutsu askoz propagandistikoagoa hartu zuen euskal kazetak.

Nazionalen erasoaldiak iraun zuen bitartean, egunkariko izenburuak gudarien kemena sustatzera bideratu zituzten. Horrekin lotuta, kontuan izan beharra dugu Egunak plazaratzen zituen 10.000 aleetatik, gehien-gehienak milizianoen eta gudarien artean banatzen zirela, bai kasernatan eta baita fronte guneetan ere -azken horietan doan banatzen zen-; lubakiendako egunkaria izan zela esan daiteke. Jakina, gerrarekin jaio zen euskara hutsezko lehen egunkaria, armen menpe hil zen, beste ekimen asko bezala. Bilbo frankisten esku erori baino egun batzuk lehenago, Egunak bere azken zenbakia (139.a) kaleratu zuen ekainaren 13an. Bezperan, burdinazko hesia hautsita Bizkaiko hiriburuaren aurkako frankisten erasoa egun gutxiko kontua zelako utzi zioten argitaratzeari. Egunak, jaio zenetik sei hilabete bete berri zituen. Tarte horretan, ederki burutu zuten Juan Ajuriagerrak, egunkaria sortu eta berehala esandakoa: «Egunotan egin dana, gero be egin leike». Gerra garaian, Egunaren bitartez euskarari eta euskal kazetaritzari egundoko bizia eman zioten kazetari aitzindari horiek.

Literaturaren argitan: Juan Luis Zabala. Agur, Euzkadi. (Susa, 2000)

Jaioko dira


«Ni Lauaxeta naz, andereño, euskal olerkari, kazetari eta gudaria (...)
Nik nahiago zaituztet zuek. Ni zuek nauk, neurri batean behintzat»
.

Eleberri honetan, Estepan Urkiaga Lauaxeta berpiztu zuen Juan Luis Zabalak. 1997ko Euskal Herrira ekarri zuen. Orain arte, Literaturaren argitan izeneko sail honetan, gerra garaian kokaturiko lanak ekarri ditugu, horrexegatik inori arraroa gertatuko zaio mungiarra ekartzea. Gainera, bai Augustin Zubikaraik, bai Eusebio Erkiagak, gerra eszenatoki zuten zenbait lan idatzi zituzten. Are gehiago, Lauaxetak ia ez zuen ezer idatzi Eguna egunkarian, kazetari lan gehienak Euzkadi egunkarian argitara eman baitzituen.

Agur Euzkadi hautatzeko arrazoia, gure iritziz, Juan Luis Zabalak pausatzen duen gaietako bat da: euskal prentsa. Izan ere, euskarazko egunkariaren egitasmoa aspaldikoa zen, eta Lizardirekin batera, Lauaxeta izan zen Errepublika garaian jeltzaleen barnean euskarazko eguneroko baten beharra defendatu zuenetako bat.
Eleberria road movie bat da, pantailarako sortua dirudi. Agur Euzkadi bi garaien arteko zubia da, Eguna itzali eta egunkariak argia ikusiko bazuen, gisa honetako zubi lanak behar ziren, behar genituen, behar ditugu. Haiek gu ziren, gu haiek gara.

Eguna egunkariko kazetari eta kolaboratzaileek lan ugari utzi zituzten, baina gerraren eszenatokia ez zuten sobera baliatu haien lanetan. Eusebio Erkiagarena da Jaioko dira nobela (Labayru, 1984), nazionalak Lekeition sartu zireneko garaian girotua. Maitasun istorio bat da kontakizunaren motorra, bi bandoak elkartu nahi dituen maitasun istorioa. Autobiografia bat utzi zigun Augustin Zubikaraik, Makillen egunak. Guda baten kerizpe eta autsetan (Egilea editore, 1983). Basarriren bertsoak hurrengo batean ekarriko ditugu orriotara.
Egun, bada sua etorkizunean bilatzen duenik, guk argia iraganean bilatu ohi dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Frankistek fusilatutako Modesto Manuel Azkona Garaicoechea Arabako Diputatu eta Saratxoko bizilagunaren gorpua identifikatu dute

Alesbesekoa jaiotzez, Saratxon bizi zen Unión Republicana alderdiko kidea, bere emaztea hango maistra baitzen. 1936ko irailean erail zuten frankistek eta ostiralean lortu zuten bere gorpuzkinak identifikatzea.


Eguneraketa berriak daude