Net Hurbil: Marokoko torturatzaile baten aitorpenak


2006ko uztailaren 16an
Gaur ere tortura bada Marokon, giza eskubideen aldeko erakundeek behin eta berriro salatu dutenez. Ekintzaile islamiarrak torturatzen dituzte, Mendebaldeko Sahararentzako autodeterminazioa eskatzen dutenak ere bai, eta CIAk Al Qaedakoak izateko susmagarriak bidali izan dizkio, Marokon «galdekatu» zitzaten. Ali Lmrabet kazetariak -kazetari lanak egitea debekatuta daukanak- kontatu ditu presondegietan egiten diren desmasiak ere. Giza eskubideak egunero urratzen dira, beraz, gaur Marokon.

Baina aldi berean sekula baino gehiago eztabaidatu da giza eskubideez, hauen urraketez eta torturaz herrialde horretan. Mohamed VI.a erregetzara iritsi zenean bere aitaren agintzeko manerak aldatu eta Maroko modernizazio bidean sartu nahi duela erakutsi nahi zuenez, Zuzentasun eta Adiskidetzarako Batzordea (Instance Equité et Réconciliation, frantsesez) sortu zuen. Hassan II.a erregearen urteak «berunezko urte» izendatu izan dira, erabili zuen errepresio gupidagabea zela medio, eta hura hil ondoren, batzorde horren lanari esker, komunikabide marokoarretan ehunka torturatu mintzatu dira. Beti ere baldintza batekin: bekatua aipa daiteke, baina ez bekatariaren izenik. Fama txarreko garaiak bukatu zirela erakutsi eta aldi berean errugabeak zigorrik gabe uzteko modua.

TelQuel astekariak duela hilabete polizia torturatzaile bati eman dio hitza. Ez izenik, ez argazkirik eta ezta grabaziorik ere ez egoteko baldintzarekin. Hala ere elkarrizketa gordina atera zaio Abdellatif El Azizi kazetariari; Interneten irakur daiteke, frantsesez, «Dans la tête d'un tortionaire» (Torturatzaile baten buruan) interviewa. «Ni polizia judizialeko agente soila nintzen. Atxilotu politikoak biltzen zituen detentzio gune bateko buruak jendea behar zuen (...) eta nire komisarioak pentsatu zuen nik balio nezakeela. Nire ardurapeko gaiztaginek oso azkar aitortzen zutela ohartuta zegoen, eta horregatik izendatu ninduen».

Garai hartan atxilotu politikoez arduratzen ziren polizia marokoarrek ez zuten ikasketa berezirik egiten, eta polizia honek dioenez «behin saltsan sartuz gero, azkar ikasten zenuen». Bazeukaten zertan trebatua. Kazetariak eskatu dio aipatzeko erabiltzen zituzten metodoetako batzuk: muturrekoak, zigor kolpeak oin-zoletan, zigarroekin larrua erre, helikopteroa (sabaian itzulika dabilen bentiladore batetik zintzilika erabili), botila sartu uzkitik, sexu bortxaketa, txizetan edo alkoholetan bustitako zapian itoarazi... «Gehienetan, egunean bitan torturatzen genituen atxilotuak», eta hor poliziari eskapo egin dio «torturatu» hitz tabuak.
Elektrizitatea ezin da ahaztu. Atxilotua gela estu, zikin eta oherik gabeko batean edukitzen zuten -bere beharrak egiteko zinkazko balde bat baizik ez zuen batean-; gero bat-batean, ondo jipoitu ondoren, sinetsarazten zioten libre utziko zutela. Aurpegia ur freskoz garbitzera bidaltzen zuen borreroak eta gaixoak iturria ukitzen zuenean... to elektrizitatea!

Baina usuenik atxilotuentzako tratamendua sinpleagoa zen: larrubizirik eskuak lotuta ordu eta egunetan zutik egonarazi, lehertu arte; eta erortzen zirenean oin-zoletan gogor jo.

Kazetariak sexu bidezko torturez galdetu dio, eta polizia marokoar honek onartu du ohikoa zela emakumeak bortxatzea. «Gure zentrora ekartzen zituzten emakumeak bortxatzeko eskubidea geneukan, baina ez hori bakarrik, hori bortizkeriaz egiteko xaxatzen gintuzten. Sexu bidezko umiliazioa da edonor hausteko armarik eraginkorrenetakoa». Ezagutu zuen gizonak bortxatzen zituen polizia bat. Eta bi gizonezko atxiloturi elkar bortxaraztea ere bai. «Behartzen genituen bi atxilotu elkarri felazioa egitera. Edo hori, edo elektrizitatea, ez zuten beste aukerarik».


Ez erreparatu begietara

TelQuel astekariarekin mintzatu den polizia hau ez zen puntakoena nonbait, eta -bere hitzetan- galdeketan baino gehiago atxilotuak horretarako «biguntzeko» lanean aritzen zen. «Guri ez zitzaigun eskatzen detenituekin hitz egitea. Gure ardura zen jende haien erresistentzia haustea». Hori esatean -«biguntzea»- , bukaeraraino esan nahi du borreroak: ez du balio ziegatik atera eta epaileari gero gauzak bestela kontatzea. Are gutxiago torturak salatzea. «Atxilotuek ondo zekiten hori eginez gero beren egoera okertzea baizik ez zutela lortuko».

Borreroak ere baditu bere arrazoiak. Edo aitzakiak. «Guk ez genuen tresna hoberik nazioa hondatu nahi zuten horiek gelditzeko», esan dio kazetariari. Honek berriz, ea horretarako preziso al zen gizakiak torturatzea. «Batzuetan -erantzun du poliziak- informazioa behar genuen, gertakizun larriren bat aurrez saihesteko. Gainera, tipo hauek edozer egiten zuten gu haserretzeko. Mila aldiz iseka egin diote nire amari, marikoia deitu didate! Ez ahaztu, bestalde, aginduak bete behar genituela. Guk ez genuen erabakitzen, arduradunek ziguten agintzen atxilotuak gogor samar astintzeko».

TelQuel astekariarekin mintzatu dena dagoenekoz erretretan den polizia zahar bat da. Kazetariak jubilatuen klub batean aurkitu du, eta inguruan badira «gegenista» gehiago: «gegene» atxilotuak elektrizitatez torturatzeko tresna da. Baina zakur zahar horiek uste dute nazioari zerbitzua egin diotela. «Ez genuen nahi Maroko marxisten eta ateoen atzaparretan erortzerik, edo atzerritarren mende. (...) Egia da batzuek latz sufritu dutela. Baina haietako askori sufritzeak damutzearen bidea ireki die». Aitortzen du gure poliziak beren arteko askorentzako shocka izan zela atxilotu islamiarrak kolpatu beharra, zafraldi bakoitzarekin Jainkoari dei egiten zioten jendeak.

Torturatzailearen lanak anonimatoa zuen oinarri. Atxilotuek ezin zioten torturatzaileari begiratu, eta gainera hasieratik bukaera arte begiak zapi batez estalita edukitzen zituzten. Atxilotuek ere ez zuten nortasunik, bakoitzak numero bana zuen. «Gainera -esango du polizia zaharrak- anonimotasuna tortura psikologikoaren barne dago». Gainera, ofizioa ezkutuan gorde nahi zuten. Baita etxean ere. «Nire etxean seme-alabek susmatzen zuten zerbait, baina beti esaten nien nire lana artxiboan zegoela, nik ez nuela inoiz inor ukitu, ziegetan zer gertatzen zen ez nekiela».

Elkarrizketaren hasieran, TelQuel astekariko zuzendariak irakurleak ohartarazi ditu deklarazioen gordinaz. Orriotako laburpenean sartzen ez den gogortasuna baitu artikuluak. «Interviewa orrazteko irakurtzen ari nintzela, pentsatzen nuen: noraino iritsi liteke krudelkeria? Nola egon daitezke gizon batzuk gizatasunez hain urri? Nola erditu ditu sistema politiko batek horrelako munstroak?». Zuzendariak berak erantzungo dio bere buruari aurreraxeago: «Gure barru-barruraino iritsi behar du, gure amesgaiztoei aurre egin behar diegu, eta tortura 'errejimena terroristen kontra defenditzeko tresna' izan dela sinesteko daukagun -daukadan- tentazioa baztertu».

* * * * * * * * * * *

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


ASTEKARIA
2006ko uztailaren 16a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude