Ardilatxa kultur elkartea: Larretik kulturgintzara autoz


2006ko ekainaren 11n

Ardilatxaren irudiak Euskal Herriko errepide guztiak zeharkatu ditu, bide nagusietan zein bidexka estuenetan ibili da han-hemenka. Politikaz ulertzen ez duen ardi hau joera eta jarrera ezberdinen batasun irudi bilakatu da Euskal Herriko tradizioaren izenean.

Tolosar batzuek ekarri zuten ideia Kataluniatik. Oporrak gozatzeko tenorean zeudela, harrituta geratu ziren bertako auto askok asto baten pegatina zeramatela ikusita. Euskal Herrian antzeko zerbait egin zezaketela pentsatu eta erdi txantxetan 2.000 pegatina egin zituzten, lagunartean eta lantegietan banatzeko. Salmentaren abiadura azkarra ikusirik herriko hainbat tabernatan utzi zituzten salgai eta egun gutxitan agortu ziren. Egun, 200.000 pegatina inguru saldu dituzte Euskal Herriko lurralde guztietan eta Espainia, Frantzia, Alemania, Luxenburgo, Austria, Txile, eta Amerikako Estatu Batuetan, besteak beste.


Negoziorik ez

Mikel Ayala Ardilatxako kideak esan digunez salmentaren abiadurak ezustean harrapatu zituen: «Espero ez genuen kopurua saldu genuen eta hori ikusirik zerbait antolatu genezakeela pentsatu genuen». Horregatik, 2005eko abuztuan Ardilatxa kultur elkartea sortu zuten. Pegatinen salmentarekin ez dute negoziorik egin nahi eta euskal kultura bultzatzeko erabiliko dute dirua: «Gure helburua ez da aberastea, gure nahia lortutako irabaziak euskal kultura sustatzen erabiltzea da». Tolosa eta inguruko herrietako 15 gazte inguruk lan egiten dute elkartean baina bizimodua bestelako lanetatik ateratzen dutela azpimarratu du Ayalak.

Bide horretatik, Arantzazuko artzain eskolarekin harremanetan egon dira hastapenetik eta elkarlanaren bitartez lehenengo proiektuak abian jarri dituzte. Une honetan, Araba eta Txileko bikote bat laguntzen dihardute Txileko Chiloe irlan gaztandegi bat aurrera ateratzeko proiektuan. Latxa ardiarekin egindako gazta erabiliko dute horretarako.

Bestalde, Allur dantza taldearekin ere harremanetan jarri da Ardilatxa. "Ibarrako dantza talde honek 10. urteurrena beteko du aurten eta urte hauetan taldeak izan duen ibilbide guztia liburu batean jaso nahi dute eta hortxe gabiltza". Xpression plataforma kulturalarekin indarrak batu berri dituzte eta kultur mugimendu zabal bat abian jartzeko asmoa ere badute. Azkenik, aurrera begirako proiektuen artean, besteak beste, Euskal Herriko hainbat paraje erakutsiko dituen gida bat ateratzea dute.


Ardilatxa Interneten

Aipatu bezala, 200.000 pegatina saldu dituzte jadanik. Lau pegatina eredu daude aukeran, zuria, beltza eta ertz beltz eta zuridun gardenak. Horrez gain, kamisetak, katiluak, giltzatakoak eta metxeroak ere sortu dituzte.

Euskal Herriko hainbat tokitan jarri dituzte produktu guztiak salgai, baina Interneten ere erosi ahal ditugu. Izan ere, ardiaren irudia munduan erakutsi nahi dute eta xede horrekin jarri dute ardilatxa munduan izeneko egitasmoa abian. Interneten ikusgai dagoen web orrian burutzen da egitasmo hau, eta munduko hainbat tokitara bidalitako pegatinen argazkiak eskuratu eta web orrian jartzen dituzte (www.ardilatxa.org).


Harrera ona

Internet bidez erosketa gauzatu badaiteke ere, hasiera batean, Euskal Herriko hainbat herritako taberna, liburu denda edo dendetara jo zuten pegatinarekin, salmenta bertan egiteko asmoz.

«Hasieran harrituta hartzen gintuzten, pegatinarekin hurbiltzen ginenean, hura zer ote zen galdezka hasten zitzaizkigun. Gero, salmentaren arrakasta ikusirik, haiek deitzen gintuzten pegatina gehiagoren eskean, eskaera handia baitzen», aipatu digu Ayalak.

Eztabaida ere egon da, batez ere, hautatutako animaliaren inguruan. Izan ere, euskaldunok animalia otzanarekin lotu izana leporatu zaie. Beraien hitzetan, ordea, ardia aukeratu zuten Euskal Herrian betidanik egon den aberea delako eta gure tradizioaren zeinu delako. Aukeraketa ez dute arrazoi politikoak edo ezaugarri fisikoak kontuan hartuz egin, «ardia alderdi politikoen sorrera baino lehenagoko animalia da hemen, gure herriko hainbat eta hainbat familien ekonomiaren motorra izan da eta tradizio horri begira egin dugu hautua».

Kritiken gainetik, ordea, harrera ikaragarria izan dute: «Oztoporik gabeko bidea izan da orokorrean, jendea asko inplikatu da, aholku asko jaso dugu, taberna eta lokalek sekulako laguntza eman digute eta komunikabideen bultzada ere nabarmena izan da. Bitxia da, nola jendeak esaten dizun halako edo horrelako tokitan zuenak ez diren pegatinak saltzen dituztela, izan ere, faltsifikazioak ere atera dira. Horregatik, elkartea sortuta, Ardilatxa erregistratu egin dugu».

Kulturaren artaldea beraz gurean da eta geroz eta indar gehiagoz doa aurrera. Ardi larruaren azpian zer egongo ote den galdetzen dugu maiz, bada, Ardilatxaren larru azpian euskal kultura sustatzeko nahia aurkituko dugu.

Ardilatxa online
Lau hizkuntzatan irakurri dezakegu orria: euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez. Bertan atal ugari topa dezakegu, ardilatxa kultur elkartearekin lotutako berriak, zergatik ardia, ardilatxa munduan, salmenta puntuak, eskaerak egiteko aukera eskaintzen zaigu eta literatur txoko bat ere ireki dute, idazle berriei beren lanak erakusgai izateko aukera luzatuz.
Web orrian bisita asko jaso dituzte dagoeneko Euskal Herritik. Baina ez da gure mugetan gelditzen bisitarien kokagunea, Espainia, Frantzia, Txile, AEB, Alemania, Austria edo Irlandatik ere bisitak jaso dituzte, gehienetan orria ikusteko eta kasu batzuetan pegatinak eskatzeko.


Azkenak
2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Idoia Asurmendi
Bihotzetik berriz pasatzea

IDOIA ASURMENDI
Non: Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz: maiatzaren 29an.

----------------------------------------------------
 
Termometroak 30 gradutik gora markatzen ditu, uda giroa nagusi da eta Bilboko kaleak herritar aztoratuz beteta daude. Horrelako egun... [+]

Torturaren 21 biktima berri aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

21 pertsona “giza eskubideen urraketen biktima” gisa aitortu dituzte ofizialki. Espainiako Estatuko funtzionarioek eta eskuin muturreko taldeek torturatutako pertsonak dira eta biolentzia horren lagin txikia baino ez direla dio Egiaren Garaia Da ekimenak.


111 Akademiak banatuko duen azken saria jaso du Miren Amurizak

Ostegunean banatu dute saria, Amasa-Villabonako Hika txakolindegian. Bertan jakinarazi dute 2024koa izan dela 111 Akademiak banatuko duen azken saria.


Non daude kaparrak?

Lorazainok bi hilabete baino gehiago daramatzagu greban, eta, horietan, udaltzaingoek indarrez zapaldu gaituzte piketeetan. Hirian zehar jarraitzen gaituzten sekretek jazartzen gaituzte, eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzte. Enpresak ez gaitu aintzat hartzen, eskaintza... [+]


“Zaurgarritasun Indizea”, Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Nork sinesten du urtebetean Ordiziako errealitatea goitik behera aldatu dela eta desorekak desagertu direla?

Udaberriko oporren ataritan egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar... [+]


GALen biktimei barkamena eskatu die Alonsok, Gogora Institutuko zuzendariak

Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.


Eguneraketa berriak daude