Aktore europar baten eskizofreniak


2006ko apirilaren 30an
Inoiz gertatu zait, lan-bidean galdu eta nire benetako ofizioa zein den ahaztea. Egia esan, antzerkiarekin daukadan erlazioa eskizofrenikoa da. Eskizofrenia hitza, grekozko skizein: zatitu, arraildu, eta fren: adimen, espiritu hitzekin osatua dago. Patologia kroniko batera iritsi baino lehen, gaur egungo aktorearen ofizioa zertan bilakatu den azaltzeko diagnosia aurkezten dizut. Bost talde nagusitan bereizi daiteke gure ofizioa.

Lehenbizikoa eta gaur egungo aktore eredua «Aktore modernoa» da.

Aktore modernoak zinean, telebistan eta publizitatean egiten du lan. Lanbidearen gailurrean eta posturik pribilegiatuena Aktore heroikoak betetzen du. Zeru eta izarretatik oso hurbil dagoen aktore modeloa da. Publizitatean eta teleserietan lan egiten duten aktore ospetsuak ere asko dira.

Aktore birtualak ostera, telebistako lanagatik dira ezagun. Hauetako asko ez dira aktore ofizioa ikasitakoak, eta kazetari, "xouman", entxufatuek… osatzen dute aktore talde mota hau.

Bigarren taldea «Aktore protagonista»k osatzen du. Dramaren funtsezko artista, bera da.

Aktore organikoa, telebistan, komunikabideen aurrean, jaialdi jendetsuetan, sari banaketetan… agertzea oso gustuko duten politikari, kultur teknikari, programatzaile, legegizon zein kirolariek osatzen dute tandem hau.

Itzaleko aktorea dago bestalde. Hauek dira benetako hariak mugitzen dituztenak. Ikusezinak. Bizitzaren merkatua kontrolatu eta kultura debaluatzea da beraien eginkizuna.

Hirugarren aktore mota, «Aktore post-modernoa», asko hedatu da Europa osoan.

Aktore pintxozalea, kasting batetik bestera ibiltzen da. Publizitatea da bere diru iturri nagusia. Jan orduetan, menu osoa eskatu baino, nahiago du pintxo gozo batzuk dastatu eta hilabeteko soldata egun bateko lanarekin asebete. Horrelakorik ez denean, zarzuela, opera eta ikuskizun komertzialetan figurante lanak hartzen ditu.

Bestalde, Aktore anorexikoa dago. Ofizio honetan, fisikoak berebiziko garrantzia du. Normalean modatik datorren jendea izaten da. Zinean, telebistan zein antzerkian, bere ospe eta edertasuna medio, lan egiteko aukera izaten du.

Txakur-ametsen aktorea ordea, fantasia hutsean murgiltzen den pertsona izango litzateke. Artista kimerikoa. Txikitatik aktore izateko ilusioa izan duena, baina amets hori lortzeko pauso bat ere eman ez duena. Kolpeko indar magiko batek, bat-batean munduko aktorerik trebeena eta ezagunena bihurtuko duena.

Mugarik gabeko aktorea edo Aktore mundia: aktore mota hau sentimendu pseudo-hippie batek mugiarazten du. Gobernuz Kanpoko Erakundeetan aktiboki parte hartzen du. Badu baita puntu teologiko bat, batzuetan hirugarren munduko herrietara joaten da bere bizi-poza azaltzera. Norbere herrian aurkitzea zailagoa baita.

Aktore terapeutikoa. Berdin zaio Heiner Müller-en edota Carlos Arniches-en obra bat egitea. Lagun berriak aurkitu eta ondo pasatzea da kontua. Ikastaroz ikastaro abiatzen da bere txandal berde pistatxoarekin.

Aktore engainatua. Post-modernitatearen ondoriorik latzenak pairatzen ditu aktore mota honek. Animatzaile sinpatikoa da. Urtean zehar lan bitxiak egiten ditu: neguan errege, udaberrian Jesukristo eta udan monitore. Lan dinamikoa da erabat. Bere burua engainatuz, aktore onena dela errepikatzen dio etengabe bere kontzientziari.

Beste talde bat «Aktoreen aktoreek» osatzen dute. Aktore izandakoak dira, ofizioa utzi eta antzerkigintzaren beste esparru batean aurkitzen dute lekua.

Adibidez, patuak betirako antzerkiarekin lotu duen Gorbatadun aktorea daukagu. Oholtza gainean lan egindakoa izan arren, kamerino, jantoki eta bulegoak bihurtzen dira bere lantoki. Programatzaileekin eta erakundeekin hitz egin eta konbentzitzea da bere eguneroko antzerkia.

Antzerki aktorearen diru iturria eskasa izanik, ikastaroak edota eskolatan klaseak ematen bilatzen du Aktore pedagogoak alternatiba.

Azkenik, Antonin Artaud-en Krudeltasunaren antzerkia paradigma bezala hartuz, «Aktore krudela» daukagu. Antzezpenaren artea da aktore honen ezaugarri nagusia. Zerutik baino, infernutik hurbilago daude.

Aktore amateurrak, militantzia medio, antzerkiaren etorkizuna positiboki sentitzen duen aktore mota bakarra da.

IMI aktoreak aldiz, J. Grotowskik modelatutako Aktore pobrean du bere oinarria. Baina bere eguneroko entrenamendu eta diziplina bortitzak, IMIa edo Oinarrizko Errenta kobratzera behartzen du.

4x4 aktorea edo Aktore todoterrenoa, urte berean sei-zazpi obrekin ibiltzen dena da.

Guztietatik krudelena, Aktore hutsa da. Aktore honek antzerkian egiten du lan. Bere arima eta gorputza inoiz ez ditu saltzen, oparitu baizik. Krudeltasun eta edertasunaren artean bizi den benetako antzerki aktore bakarra hau da.

Ai ene! Espiritua arraildu zait. Antzerkiaren merkatuan aktorearen egoera itogarria da. Europar merkatuan, burtsak, interesen arabera jokatzen du aktorearekin. Eta merkatuak interesatzen zaionean inbertitzen du soilik. Panorama honen aurrean, ez zait interesatzen aktore izatea. Aktore izatea ez baita interes kontu bat, behar bat baizik. Erotua ote nago?


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude