Apiterapia: Gure sendagile hegodunak

  • Erleen erremedioez inguratuta bizi gara. Nori ez diote eman etxean eztarria sendatu edo goxatzeko eztia, hutsik bezala limoiaz edo beste zerbaitez nahastuta? Herritar askok hartu du polena edo erregina-jelea ahuldadea gainditzeko eta indartzeko. Propoliaz galdetzen baduzu edozein eko-denda edo belar-dendatan, asko usatzen dela esango dizute, azalerako, hotzeriarentzako eta beste gaitz askotarako. Kirolari ugarik aitortuko dizu eztia+polena+erregina-jelea konbinaketa oso gustukoa duela bere jardueran. Azkenean farmazietara ere iritsi da apiterapia. Baina ateratzen dioguna baino etekin askoz gehiago eskaintzen du. Erabiltzen jakin behar.

2005eko azaroaren 13an
Milaka urtez gurasoetatik haurretara pasa den herri jakintzaren arabera usatzen dira erlearen bidezko erremedioak gure artean, gehienetan. Zenbait medikuk espreski errezetatzen dituela ere, egia den arren. Baina azken ehun urteotan zientzialariek asko ikertu dituzte bai erlea bera eta bai berak ekoizten dituenak. Horregatik munduan gaur apiterapiaz idazten direnen artean hautatu eta liburu interesgarrienetako bat argitaratu du euskaratuta ARGIAk. Azaroaren 27an Usurbilgo Erle Egunean aurkeztuko da Erleak gure sendagile (Apiterapia Hoy liburuaren euskarazko bertsio berezia) Julio Cesar Diaz mediku argentinarrarena.

Gure artean "apiterapia" hitza oraindik bitxi egiten da. Ez berria hala ere. Adibidez, joan den udaberrian Gipuzkoako Villabonako Fraisoro nekazari eskolan gai honetaz ikastaro trinkoa eskaini zuen beste mediku argentinar batek, Hugo Agirrek, eta bere hitzaldiek oihartzun zabala izan zuten komunikabideetan. Baina egia da erlezaintza modernoa bera Euskal Herrian nahiko berria dela: 1980 urteetan hasi zela esan dezakegu, aurretik horretan ahalegintzen ari zirenei mespretxurik egin gabe. Horregatik apiterapia ere atzerapenez iritsi zaigu.

Erlezaintzak eta bere ondoan apiterapiak bide luzea egina dute munduan. XX. mendean Sobiet Batasunean eta "sozialismo errealean" bizi ziren herrialdeetan asko landu ziren erleetan oinarritutako erremedioak, Mendebaldeko botika asko bertan produzitu ezin zituztelako, besteren artean. Kuba izan da azken urteotan apiterapian lan asko egin ondoren terapia bide hori osasun bide publikoan integratu duen herrialdea. Gainera beste leku askotan ere landu da apiterapia: Alemanian, Amerikako Estatu Batuetan, Japonian... Esaten da gaur egun AEBetan 50.000tik gora direla erleen ziztada edo apitoxina hartzen dutenak, tratamendurik deigarrienetakoa aipatzeagatik. Txina eta Japoniako terapia zaharrei erleen propietateak erantsita berriz, apipuntura martxan da aspalditik. Apiterapiak Interneten duen leku zabalak ematen du daukan hedapenaren neurri bat.

Gizakiak gizaki denetik erabili ditu ongizaterako erleak eta beren produktuak. Laborantza eta artzaintza asmatu aurretik, gizakiak, ehiztari eta biltzaile zenean, gozoa ahoratzeko aukera bakarretakoa erleei eztia ostea zuen. Valentziako Bicorp herriko Cova de l'aranyan dauden duela 8.000 urteko margoetan ageri dira ezti bilketako irudi ederrak, eta baita erleen erasoenak ere. Geroago, historia idatzita gorde duten lehen agirietatik hasita, beti agertuko dira erleen bidez sendatzeko terapien aipamenak, izan Mesopotamian edo Egipton. Ebers-en papiro egiptoar famatuak (1.700 urte Kristo aurretik) eztia, argizaria eta propoliaz luze mintzo dira. Hortik aurrera, Biblia, Aristoteles, Plinio, Dioskorides, Galeno, Hipokrates, Mahoma, Abizena... horiek eta askoz gehiagok aipatuak dituzte erlearen bidezko erremedioak.


Erleak pozoia ere ona du

XIX. mende bukaeran apiterapia zaharrari medikuntza modernoan txertatzeko lehen aukera iritsi zitzaion, Philip Terc sendagile pioneroari esker. Terc 1844an Bohemian jaio zen, erreumatikoa zen, eta sekulako minak sufritzen omen zituen. 1868an, lorategian eserita zegoela, erle mordo batek eraso zion eta medikua ohartu zen handik aurrera minak gutxitu eta hezurdura askoz errazago mugitzen hasi zitzaiola. Ondorengo hamar urteetan fenomeno hura ikertu eta beste gaixoekin esperimentatu zuen Tercek, bere lankideek iseka egiten zioten arren. Tercek Vienako unibertsitatean aurkeztu zituen bere azterketen fruituak, baina epaitu behar zutenak oldartu egin zitzaizkion eta eroetxean sartuko zuten beldurrez hiriburu hartatik alde egin zuen. 1910ean plazaratu zuen bere liburua, eta haren urratsei jarraituko zitzaizkion Frantzia, Ingalaterra eta Alemaniako beste mediku batzuk.

Philip Tercen azterketak apiterapiak daukan produkturik "heavyenari" dagozkio, erleen pozoi edo apitoxinari. Euskal Herrian honen ezagutza ez dago oso zabalduta herritarren artean, baina uste daitekeena baino gehiago erabiltzen da. Erleen ziztada erabiltzen duten terapeuten artean hemen ezagunena Madrilgo Pedro Perez da, gehiago badiren arren. Penintsula osotik joaten zaizkio gaixoak, alternatiba bila dabiltzanak edo beste erremediorik ezean azken aukera bat saiatu nahi dutenak: artritisa, hezueria, esklerosi anizkoitza eta beste hainbat gaitzetako bat daukatenak.

Erleen pozoiari hainbat gaitz sendatu edo samurtzeko ahalmena aitortzen diote adituek. Bere erabilera enpirikoa (sendatze mekanismoa ezagutu ez arren emaitzak onak direlakoan egiten dena) aspaldikoa da. Beti aipatzen da Carlo Magnori sendagileek hezueria arintzeko erlea jartzen ziotela ziztada egin ziezaion. Baina aipatu dugun Tercez geroztik asko ikertu da pozoia.

Apitoxina gai berezia da erlauntzako beste produktuen artean. Polena, propolia, eztia eta besteak ez bezala, pozoia ez da elikaduraren osagarria, botika baten ezaugarriak ditu. Julio Cesar Diazek honela laburbildu ditu pozoiaren aplikazio ezagunenak: "Sistema immunologikoaren depresioa, angina, infekzio txiki, marranta eta gripe errepikakorrak. Arteria- edo zain-tronbosia, bai koronarioa, zerebrala edo barizeetakoa. Hipertentsioa, bronkioetako asma, displasiak eta neoplasiak. Nerbio ziatiko, aurpegiko, trigemino edo beste edozein nerbiotako neuralgiak. Mota guztietako, direla ehun bigun edo gogorretako, oinaze edo inflamazioak. Artritisa, artrosia eta erreumak (hau dateke erabilerarik ezagunena). Hainbat alergia sindrome".

Apitoxina mediku eta mediku ez diren apiterapeuta askok erabiltzen du, gaixoaren gorputzean nagusiki bizkarrezurraren bi aldeetan erleak ipini eta horietan ziztaraziz. Horiekin batera, batzuetan mina dagoen beste ataletan ere (belaunak, besagainak, eta abar) ipintzen dituzte. Horrelakoetan sarri apiterapeutak erakusten die gaixoei non eta nola ipini erlea eta gero gaixo bakoitza bera moldatzen da, etxeko norbaiten laguntzarekin; horrelakoetan erleak norberak dauzka edo adiskide bati eskatzen dizkio. Posible da erleak Internetez erosi eta garraio azkarrez eskuratzea. Beste mediku batzuek apitoxina prestatua erabiltzen dute, injekziotan emanez. Aldiz, beste bide bat apipuntura da, lehenbizikoz 1920etan Japonian erabili zena; hau da, erleen pozoia akupunturako guneetan ipintzea.

Apiterapeuta guztiek abisatzen dute behin eta berriro kontu eman behar dela alergiekin. Gutxi dira (herritarren %1 baino gutxiago) erlearen pozoiari alergia diotenak, baina horiek ziztada oso gutxi nahikoak dituzte ondoez oso gogorrak emateko, eta hil ere egin daitezke ospitalera azkar eraman ezean. Horrelakoek erreakzio gaiztoak izango dituzte polena edo ezti gordina janez gero ere, beti dauzkatelako pozoi arrastoak. Horregatik, apiterapian dabilen edonork daki zein garrantzizkoa den ezertan hasi aurretik alergia duen ala ez jakitea, eta apitoxina erabiltzekotan beti mediku baten gidaritzapean egin behar dela.


Eztia barruak eta azalak gozatzeko

Erlearen gainerako produktuak gure artean askoz erabiliagoak dira. Julio Cesarren liburuak denak aztertzen ditu, eta hemen oso gainetik azalduko ditugu. Hasteko, argizari edo ezkoa dago. Duela gutxi arte euskal baserrietan erlauntzak baldin bazeuden, horietatik jateko eztia eta abaraskaren ezkoarekin kandelak -etxean argi egiteko bezala elizarako- egiteko zen. Argizari hori beharrezkoa zen belarrez egiten ziren ukendu eta kremetarako ere.

Ezkoak A bitamina anitz badaukanez, larruazalarentzako primerakoa da. Horregatik erabiltzen da hainbeste kosmetikan eta azaleko erremediotarako. Badira eztiarekin batera jatea gomendatzen dutenak, abaraska bera jatea.

Eztia da erlezaintzako eta apiterapiako produktuetan erregina. Milaka urtez hau izan da gizakiaren gozo iturri bakarretakoa. Kanaberatik eta erremolatxatik ateratako azukreek kendu diote urteotan eztiari tokia elikadura modernoan. Baina jakin behar da gizakiarentzako askoz azukre hobea dela eztia: monosakaridoa da (besteak disakaridoak dira eta gure barrunbeek horiek asimilatzeko lan gehiago egin behar dute) eta berarekin dauzka metabolizatzeko behar dituen entzima, mineral eta oligoelementuak.

Sendagaia ere bada eztia. Antzinatik eztia haragia kontserbatzeko erabili bazuten, bere ahalmen bakterizidagatik da. Egiptoarrek hala usatzen omen zuten, eta beste herri askok ere bai. Bitxikeria bat aipatzeko, Alejandro Handia Babilonian hil zenean, Mazedoniaraino ontzi batean eztitan sartuta eraman omen zuten, usteldu gabe. Lehenago, Asiriako Asurbanipalen liburutegian (650 Kristo aurretik) eztia erabiltzen duten sendagaien formulak daude idatzita. Are lehenago, Egipto zaharreko medikuntzaz dagoen agiririk zaharrenean, Georg Ebers-ek aurkitutako Gizakiaren gorputzaren atal guztientzako sendagarriak prestatzeari buruzko liburua papiro famatuan (3.500 urte Kristo aurretik) eztia aipatzen da formula askotan.

Eztiaren erabilera batzuk azalean emanda lortzen dira. Horrela usatu da eztia zauriak sendatzeko, azaleko gaitzak hobetzeko eta azken urteotan erreduretarako. Askotan eztia beste produktu batzuekin konbinatuta erabiltzen da, hala nola propoliarekin edo olio esentzialekin. Kubako kliniketan erredura larrietan asko darabilte medikuek.

Eztia gehienik, ordea, ahotik hartu ohi dugu. Honetan soilik diabetikoek daukate kontraindikatua. Badira mediku apiterapeutak baldintza batzuetan (gainerako karbohidratoak zorrotz mugatuz) diabetikoei ere eztia gomendatzen dietenak, baina hau da apiterapiak dauzkan polemiketako bat; horretan utziko dugu. Gorputz ahulduarentzako azukre on eta ongi prestatutakoa dela jakina da. Zabalduta dago eztarri eta arnasbideetako arazoetarako egiten duen mesedea ere. Baina beste erabilpen batzuk ez dira hain ezagunak. Gastritisaren kasua, adibidez. Oro har, heste osoarentzako da onuragarria.

Zenbaitek eztia jan berritan nabaritzen duen garraztasun puntua mediku batzuek honela esplikatzen dute: eztiak -azidoa delako- hartutakoan garraztasun hori sentiarazten du, baina berehala eragiten du gorputzaren erreakzio alkalinizatzailea. Bakterioen kontrako ahalmen pixka bat badu; gainera ahoan pixka bat mastekatuz gero eztiak peroxidoa jariatzen du (ur oxijenatua) eta honek ere eragin bakterizida dauka. Julio Cesar Diazek kontatzen ditu eztiaren beste hainbat aplikazio bere liburuan.

Bada hala ere mediku horrek alde batera utzi duen ezti nahasketa bat, Europan asko lantzen dena. Aromiel deitu diote eztia olio esentzialekin nahastuta sortutako produktuari eta guk euskaraz "lurrinezti" bataiatu dugu (Euskaltzaindiak besterik agintzen ez digun bitartean). Aromiel edo lurrinezti hauetan bildu nahi dira gaitz edo arazo bakoitzerako ezti jakin bat eta olio esentzial bat edo batzuk, sendabelarrei eta landare jakin batzuetatik distilazio bidez eskuratzen direnak. Adibide bat ipintzeko, Cherbuliez eta Domergo-ren L'Apitherapie, medecine des abeilles liburuan artrosia daukanari aholkatzen diote erromero eztiarekin eta hiru olio esentzial hauekin egindako lurrineztia: Rosmarinus officinalis verbenoniferum, Thymus satureoide borneol-carvarcroliferum eta Origanum majorana. Aromiela etxean norberak egiten du, ehun gramo eztiri olio esentzial guztien artean 100 tanta erantsita.

Eta nolako eztia kontsumitu? Pasteurizatu gabeko eztia behar du izan bere sendatze ahalmenak edukitzekotan. Berotu gabe elaboratu dena alegia. Herritarrak ezti hori jaten ikasi egin behar izaten du, dendetako ezti likido horietara ohitu baita. Ezti gordinak aldiz potoan kristalizatzeko joera du sarritan. Gure erlezainek gehienbat "milalore" izena ematen diete beren eztiei, hainbat zuhaitz eta landareren loretako nektarretatik egin dutelako erleek. Badira, hala ere, komertzio berezituetan ezti lore bakarrekoak: erromeroa, txilarra, ezkia, gaztaina, arkazia... Adituek diote zenbat eta ilunago orduan eta mineral (burdina, batez ere) gehiago dutela. Aromielak lore bakarreko eztietan oinarritzen dira.


Polena, multibitaminiko eta multiminerala

Polena gauza berria da Euskal Herrian. Hemengo erlezainek duela 25 urte arte ez zioten kentzen erleari (usadioz, euskaraz erlea deitu zaio erlauntzako erle multzo osoari ere). Gaur aldiz erlauntzak dituzten askok salduko dizu polena, bestela, edozein komertziotan aurki dezakezuna. Gure komertzioetan saltzen den polena idortua da ia beti; horrelakoetan, ahalik eta garbiena eta gehiegi berotu gabe lehortua izatea dela pentsatzea beste biderik ez dugu (inork ez baitu deklaratzen zenbat gradutan elaboratu duen). Apiterapeutek balio handiagoa ematen diote polen freskoari. Hau nekez bilatzen da komertzioan (kazetari honek Ipar Euskal Herrian baino ez du topatu) baina zenbait erlezainek saltzen du. Freskoa izozturik kontserbatzen da, eta hori da bere zailtasuna.

Multibitaminiko eta multimineral onena dela polena diote apiterapeutek. Proteina, mineral, bitamina eta oligoelementu asko dituenez, horien beharra dugunerako gomendatzen dute. Hartzen duten askok aipatzen dute halako euforia edo indar sentsazioa ere ematen diela. Polenaren mineral edo bitamina kopuruak ez dira izugarriak dosi bakoitzean, ez behintzat farmazietako gehigarriek dakartzaten kopuruekin alderatuta. Aldiz, apiterapeutek eta medikuntza alopatikoaren ortodoxiatik ateratzen diren askok honetaz zera diote: polenak (beste osagarri natural batzuek bezala) dauzkan elementuak oro giza gorputzak erabat eta berehala asimilatzeko moduan dakartzala, beharrezko osagarri guztiez inguratuta, horregatik dela hain nabarmena bere eragina. Bestalde, polena omen da bitamina guztiak dauzkan produktu bakarretakoa.

Polena gomendatzerakoan, bi kasu berezi aipatzen dituzte nagusiki apiterapeutek. Bata da osteoporosia daukaten pertsonena, menopausian diren edo jadanik hori pasatu duten emakumeena bidenabar; hauentzako tratamenduan leku zentrala ematen diote polenari. Bigarrena, gizonezkoak hainbeste kolpatzen dituen prostatitisa da. Aspalditik erabiltzen zen prostata zaintzeko polena zenbait lekutan, Errusian adibidez, eta eragin hori apiterapeutek polenaren faktore antiinflamatorio prostatikoaren dohaia dela diote. Gaur egun, emakumea menopausiak adina kezkatzen du gizonezkoa prostatitisak.

Polenak badu beste aldagai bat komertzioan lortzea erraza ez dena, eta bera baino askoz indartsuagoa omen dena: erleen opila. Erle langileek polena abaraskako gelatxoetan sartzen dute listuarekin nahastuta, eta erlauntza barruko mikroorganismoen eraginez erleen opil bihurtuko da egun gutxiren buruan. Polenaren hiru halako indarra dauka. Baina hori eskuratu nahi badu, irakurleak erlezainen batekin egin beharko du tratua... ahal badu, eskatuko dion endredoa handia da eta.

Polenaren aipamenak bukatzeko, udaberrian hemendik pasatu zen Hugo Agirre mediku apiterapeuta argentinarrak egin gomendioa: ordu erdiz eduki behar dela beratzen hartu baino lehen (uretan, jogurtean edo dena delakoan). Horrela pilotatxoak osatzen dituzten milaka ale mikroskopikoak hezetasunarekin lehertu eta giza organismoan askoz eragin handiagoa omen dute.

Erregina-jelea dastatu edo gutxienik badela ez dakienik ez da. Erleek kumeen artean erregina izateko bat hautatzen dutenetik ahi berezi eta potentzia handiko honekin elikatuko dute; erregina bihurtu ondoren ere bizi osoan hori jango du. Berrogei eguneko bizia duten gainerako erleen ondoan erregina bost urte arte biziko da, egunero arrautza pila bat errunez, zergatik eta jele hau ematen diotelako. Erlezainarentzako lan handia du erregina-jelea lortzeak -erlauntza engainatu egin behar da, erregina berri bat elikatu dezan, lan berezia eskatzen du...- baina ahul dabilen kristauak prezio ona ordainduz eskertuko.

Ahuldade, neke eta gabezia egoeratan diren haur eta helduei gomendatzen diete apiterapeutek erregina-jelea. Hartzen den jelea kopurua hain txikia izanik -mingainpean arroz alearen neurriko tantatxoa jarrita- gezurra dirudi eragin handirik izan behar duenik, baina hau izango da herritarrek osasun arloan gehien ezagutzen duten erle-produktua, eta zerbaitengatik da. Gainerakoan, benetan harrigarria da jele honen osaketa, apiterapiako liburuek damaigutena.

Gaitz eta arazo zehatzetan sartu gabe, bai esan behar da jelea modu ezberdinetan saltzen dela. Gomendatuena: jelea bere horretan hutsik, baina horretarako hotzean kontserbatua behar du. Beste batzuetan ezti eta polenarekin %1ean nahastuta eskaintzen da. Adituek diotenez, eztitan ondo egonkortzen da erregina-jelea. Aldiz asko dira jelea liofilizatuek ahalmen asko galdu dituztela diotenak.

Bada erlauntzako produktuetan kasik anekdotikoa dena baina zenbait lekutan saltzen eta erabiltzen dena: erlamandoen larbak. Erlauntza batean 30.000 edo 50.000 erle egon daitezke, eta horietatik gehienez 1.000 izango dira ar "mandoak". Erlemando bihurtuko diren larbei hainbat propietate interesgarri egozten diete apiterapeutek eta onenean 10 egunekoak direnean omen daude.


Propolia, erlearen erremedioa

Erlauntzako sendabideetan erregina, gero eta aplikazio gehiagotarako erabiltzen dena, propolia da gaur egun. Dendetan aurkitzen da disolbatua (alkoholetan edo oliotan), krema eta ukenduetan eta baita kapsulatan ere. Zenbait erlazainek bere horretan erabiltzen du ahoan mastekatuz. Hemen ez baina beste lekuetan lurrunetan, spraytan, loziotan eta supositoriotan ere erabiltzen da. Baina konta dezagun propoliaren ipuin harrigarria, kontu honek ipuin baten xarma du eta.

Erleak zenbait landareren azal, erretxin eta pipien azalei dauzkaten substantzia bereziak atera eta ahoan erabilita fabrikatzen du propolia. Esan liteke propolia erleak hautatu eta elaboratutako landare-erremedioa dela. Hori erabiltzen du erlauntzako zirrikitu oro estaltzeko, barrura sartzen diren tresna guztiak desinfektatzeko, bibrazioak saihesteko... eta etxe horretan gozo bila sartu diren xomorro edo animaliatxoak (sugandila, sagu, mitxeleta, eta beste) hil ondoren momifikatzeko. Erleari kopiatuz, Egipton faraoien gorpuak momifikatzeko propolia erabili zuten. Altzarietarako bernizetan ere erabili izan da. Stradivariusek biolinak egiterakoan usatzen zuen. Zauriak sendatzeko propoliak duen gaitasunak berriz sona handia hartu zuen XIX. mende bukaeran, Hegoafrikan ingelesek eta boerrek izan zuten gerran.

Propolia izango da azken urteotan apiterapian gehien ikertu den produktua. Horrela identifikatu zaizkio 160 osagai baino gehiago. Horietan badira flabonoide anitz, azidoak, alkoholak eta glukosidoak, mineralak, bitaminak eta beste hainbat. Horietan interesatu dira batik bat Kubako medikuak, bertan mendebaldeko botikak erabiltzeko daukaten ezintasunagatik, eta propoliari aurkitu dizkiote ezin konta ahala aplikazio. Kuban ikasi eta Hego Amerikako beste mediku batzuekin alor hau asko landu duen Julio Cesar Diazek 20 osagai edo propietate aurkitu dizkio propoliari: bakterioen, onddoen, kolesterolaren eta parasitoen kontrakoa, antiinflamatorioa, birusen eta alergiaren kontrakoa... eta horrela hogei osatu arte.

Farmaziako botiken aurrean alternatiba "bigun" bezala erakargarritasun berezia dauka propoliak. Erlea gure sendagile liburuan berari buruzko atala ikusiko duen edonork aurkituko du berak daukan arazoren bat erraz propoliz tratatzeko modukoa. Bestalde, mediku apiterapeutak erabiltzen dituen argudio zientifikoak zorrotzak dira. Berme handiko bibliografia dago Kuban bezala Europan eta mundu osoan publikatua.

Erleen pozoiarekin gertatzen denaren alderantziz, propoliaren erabilerak ez du arrisku berezirik (eta minik ere ez, noski). Aldiz, gaixoari espektatiba berriak irekitzen dizkio. Propolia ondoezen baterako erabili duen askori gertatu zaio ustekabean beste arazoren bat konpondu edo arindu diola. Gure inguruan, hori gertatu zaie propolia artritisa arintzeko hartzen hasi ziren batzuei: antibiotiko eta fungizida dohainengatik hartzen hasi eta zeukaten beste gaitz elkartu bat ere, psoriasia, konpondu die. Erlezainek maite dute esatea propolia dela erleen "botikina" eta ez dabiltza oker. Hemengo medikuek derrigor ezagutu beharko lukete munduan erlearen produktu honetaz beraiek bezalako beste medikuek publikatuta daukatena.

Aipatu ditugun erle-produktu horien bertuteak direla medio, urteotan zabalkunde handia darama apiterapiak, eta etorkizunean aplikazio berri eta egokiagoak aurkituko zaizkiela dudarik ez da. Apiterapiako produktuek testuinguru berezi bat ere badute: denon osasuna bezala elikadura osorik kontrolatu nahi duten korporazio erraldoien aurrean, apiterapiak bultzatzen gaitu gure burua zaintzeko inguruko erlezainek sortu eta saltzen dituzten produktuak erabiltzera. Produktu horiek kalitate onekoak izan behar dutenez, erlezainen bermea edukiko dute. Bizitza -eta ondorioz elikadura ere bai- autogestio maila txukun batekin bizi nahi duen herritarraren burubidean erdiz erdi sartzen da erleen bidezko osasuna. Eta gainera merkea da.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude