Buenos Aires: Pribatizatutako hiria

Gaurko Buenos Aires ez da hainbatetan tangoetan islatu dena. Egun, porteñoek sinesten ez badute ere, gertuago dago Caracasetik edo La Pazetik, Madriletik edo Parisetik baino: kaotikoa, zaratatsua eta zikina da; eta turistekin nahastuta kale saltzaileak, prostitutak, behin-behineko lapurtxoak edota auto zaindariak daude.

Menem presidentearen garaietan gailurrera heldu zen eredu liberalaren ondorioak dira: Estatuko baliabideak pribatizatuta -asko Espainiako Estatuko enpresen mesederako, Telefónica kasu-, barnealdeko lurrak abeltzantzari eta soja transgenikoari zuzenduta, milaka pertsonak hiribururako bidaiari ekin zioten, jaioterriak ematen ez zien aukeraren bila. Joera 70eko hamarkadan hasi bazen ere, indartu egin da azken hamabost urteotan.

90eko hamarkadan, Carlos Menemen agintepean, aipatutako pribatizazioei esker klase ekonomiko berri boteretsua jaio zen: negozioa eta irabaziak kudeatzeko betiko oligarkiari gehituko zitzaion bazkide berri bat. Espetxetik irten berriak diren kulturgintzako enpresari Omar Chaban eta María Julia Alsogaray klase horren ikur dira.

Pribatizazioek emandako diru erraza zegoen bitartean, ez omen zegoen arazo larririk Argentinan. Menemen esanetan, "Argentina lehenengo mundua zen". Baina, espekulazioan oinarritutako luxuak eta nolabaiteko ongizateak huts egin zuten: 2002ko abenduaren 19ko eta 20ko matxinada duela urte bi lehenago hasitako krisialdi ekonomiko larriaren unerik beroena izan zen. Krisialdiak ondorio nagusi bi izan zituen: alde batetik, pobreak zirenak are gehiago pobretu zituen; bestetik, finantza oligarkiaren eta yuppien irabaziak murriztu ziren. Lehenengoa errepresioarekin eta gizarte laguntzarekin konpondu zen, momentuz; baina zailagoa da dirudunek eta klase ertainekoek daukaten erosteko gaitasunari eusteko errenta berriak aurkitzea.


«Lehenengo mundu»tik pobreziara

Buenos Aires pobretu egin zen: jatetxeak hutsik zituen, dendak itxita, behin izandako bulegoak salgai. Gauez, zaborren artean paper bila zebiltzanen irudia ospetsu egin zen munduan zehar, milaka pertsonek kalean lo egiten zuten bitartean. Burdinazko harresiez babestutako kioskoak -tabakoa, edariak eta antzekoak erosteko- gau eta egun zeuden irekita, metroan, trenean zein autobusean edozer gauza erostea posible zen.

Buenos Aires Hiriburu Federalak badauka bere gobernua. Hirurogei legegilek aukeratzen dute lau urtez gobernu buru izango dena; azken bi agintaldiak egun Kirchnerzalea den Aníbal Ibarrarenak izan dira. Iazko hauteskundeetan Ibarrak zuen arerioa Macri enpresari eskuindarra izan zen. Famili onekoa -Menemi esker bere ondasunak bikoiztu zituena- Boca Juniors taldearen presidentea den Macrik bere alderdia sortu zuen, Berlusconiren pausoei segituz, antza.

Hiriburuak dituen gabeziak direla-eta, politikari bakoitzaren jarrerak oso antzekoak izan dira, polizia gaiztoarena eta zintzoarena egiten ariko bailiran: batek esku gogorra eskatu, besteak gobernuaren baliabideak erabili; hori bai, isilpeka, demokratikoki.

Sosa berriak aurkitzeko bidean, Bartzelonan, Bilbon edota Londresen gertatu den bezala, garrantzitsua da oso hiriaren erdigunea, zentralitatea berreskuratzea. Abando-Ibarrak, Villa Olímpicak eta Doclandsek badute erantzuna Buenos Aireseko Puerto Maderon: industria desagertzeak ekarritako gainbehera zerbitzuen arloa -turismoa, merkataritza, kudeaketa- indartuz gainditu da, edo horrela gainditu nahi dute.

Oraindik ere urte asko falta dira Sheraton hoteletik metro gutxira oholez eta latorriz eraikitako txabolek osatutako Villa 31 desagerrarazteko, baina beste arlo askotan mugitzen hasiak dira Buenos Aireseko agintariak: gaua eta kalea pribatizatu nahi dituzte.


Kalea pribatu

Pesoaren debaluapenak Gobernuak erakarri nahi dituen turistak ugaldu ditu kale porteñoetan. Baina turismoa hazteko beharrezkoak diren baldintzak, arestian aipatutako krisialdiaren eraginek oztopatzen dituzte: turistari, merkataritzari, hots, kaleari berari etekinik ateratzeko kaleak garbi egon behar du. Honela, hiriko gobernua erdialdean lo egiten zuten hamaika mila pertsona hotel zaharretan eta bizitzeko gutxiengo baldintzarik ez duten etxeetan metatzen hasi zen, orain dela ia urte bi. Paper biltzaileen eta auto zaintzaileen beharrak ere arautu zituen gobernuak. Legeztatu eta mugatu ziren, Bilbon bezala, artisauentzako tokiak. Bartzelonako Jokoetan zabaldu ziren turistentzako komisaldegiak eta berehalako epaiketak Buenos Airesera heldu dira. Dena dela, asko ziren arautu gabe zeuden alorrak, besteak beste prostituzioa, kale salmenta, kulturgintza eta ostalaritzaren inguruko zenbait gai.

Arlo hauetan legediak zituen hutsuneak betetzeko asmoz Macriren taldeak kalean egin daitekeena eta egin ezin daitekeena neurtzen duen Código Contravencional (Udal Arautegia) berriztatzea proposatu zuen. Talde politikoen arteko akordioa berehalakoa izan zen. Hau guztia diru errazaren kultura eta ustelkeria zirela testuinguru. Kalean, berriz, txarto hartuak izan ziren aurreikusitako aldaketak; kritikarik gogorrenak giza mugimenduetatik eta kaltetuengandik egin ziren: ezkertiarren eta piketeroen ustetan giza eskubideak -adierazpena, elkarretaratzeak, protestak eta antzekoak- urratzen zirelako; bestaldetik, langabeziak kalera bultzatutakoek bizitzeko zuten bidea galduko zutelako, ez ziezaiotela merkataritzari lehia ez-leiala egin eskatuz.

Jende elkarretaratze handietako -jaialdiak, futbola- oinarrizko segurtasun neurriak, eta alkoholaren eta prostituzioaren inguruan proposatutako aldaketak oso zorrotzak ziren baita ere, eta eztabaidatuak, jakina. Kale prostituzioa bera ez dago debekatuta, baina etxebizitzetatik, eskoletatik eta tenplu erlijiosoetatik 200 metrora jardun behar dute.

2004ko uztailaren 16an, hamaiketan edo, Plaza de Mayo ondoan dagoen Legislatura (Udaletxea) aurrean eta Arautegiaren aurkako koordinakundeak -giza eskubideen aldeko taldeak, gay eta lesbianak, prostituten eta travestien elkarteak, hainbat talde piketero eta alderdi ezkertiarrak batzen dituena- deituta elkartu ziren 500 bat pertsona. Bien bitartean barruan, legisladoreek, artikuluz artikulu, onetsi behar zituzten iragarririko aldaketak. Hamabiak izateko ordu erdi falta zela, antza inork ezagutzen ez zituen berrogei pertsona »Argentinako gobernu buruak, Aníbal Fernándezek "muturreko ezkertiartzat" jo zituen gero», burua estalita, Perú kaleko atea erasotzen hasi ziren: harriak, makilak, sua, edozein gauzak ona zirudien udaletxearen kontra jotzeko. Bitartean, eta bost orduz, han ziren poliziek bekaina mugitzeko keinurik ere ez zuten egin. Telebistentzako indarkeria, piketeroak eta travestiak zituen bost orduko ikuskizun paregabea izan zen.

Dena bukatuta zegoela, nor bere habira zihoala, zibilez jantzitako poliziek manifestazioan parte hartu zuten hamabost pertsona atzeman zituzten. Bi izan ezik, 30 urtetik beherakoak ziren atxilotuak; ia guztiak barnealdetik etorriak; horietako hamar kale saltzaile ziren, bi prostituta, bi gizarte langile eta igeltseroa azkena. Legegileek irtetzerik izan ez zutenaren aitzakiaz -kableen auzian Itoizeko Solidarioak zigortzeko erabilitako berdina-, epaileek berehala espetxeratu zituzten. Espainian bezala, Argentinako kode penalaren arabera, behin behineko espetxeratzea egoera larrietan erabiltzeko neurria da, hots, akusatua ihes egiten saiatu denean edo gizartean alarma pizten denean. Horrela, sei alditan uko egin zioten hamabostentzako behin behineko askatasunari. Irailaren 8an, presoetako bost gose greban zeudela, epaileek, salaketa aldatuz -orain, Udaletxean jazotako kalteak leporatzen zaizkie- denak askatzea deliberatu zuten.


Cro-Magnon dantzalekuko sutea

2004ko abenduaren 30ean, udako oporrak hasita, ia 4.000 pertsona elkartu ziren 2.000 baino kabitzen ez diren Once plazako Cro-Magnon dantzalekuan, gazteen artean puri purian dagoen Callejeros rock taldea ikusteko; urtea agurtzeko modu ederra. Dirua zirt zart batean egin nahian, dantzalekuen jabeen eta taldeen managerren arteko tirabirak direla-eta, sartzen den jende kopurua baino sarrera gehiago saltzea ohitura da Buenos Airesen.

Kanta bat hasterakoan bengala bat piztu zen; bengalak sabaiko ehuna jo zuen, oso denbora gutxian areto osoa kiskali zuen sutea piztuz. Larrialdietarako ateak itxita zeuden, inor musutruk ez sartzeko. 193 gazte hil ziren.

Dantzalekuaren jabea, Omar Chaban -aski ezaguna berarenak direlako Cro-Magnon eta ospe handiko Cemento rocka aretoa, besteak beste- hanka egiten saiatu bazen ere, atxilotua suertatu zen ezbeharra gertatu eta hamazortzi ordura. Berarekin batera, suteko hilketak leporatuta, taldearen managerra eta aretoko segurtasun arduraduna ere auziperatu zituzten.

166 egun beranduago, 2005eko maiatzaren 13an, Buenos Aires Hiriko V. Auzitegiak libre utzi zuen 115.000 euroko bermea ordainduta. Epaile berek, hilabete lehenago, ustelkeria dela-eta auziperatuta dagoen María Julia Alsogaray ere kaleratu zuten; María Juliak La Nación eskumako egunkarira igorritako Inork ez zuen eskua altxatu gutunak zer ikusirik ba omen zeukan honekin: espetxean egoteaz nazkatuta, Menem presidente ohiak ahaztuta, hitz egitea erabaki zuen: goi mailako funtzionari guztiek hilabetero eskupeko soldatak jasotzen zituztela aitortu zuen.

Errepresioaren Aurkako Koordinakundeak (Correpi) dioenez, "klase interesak epaitzerakoan, Justiziaren benda gardena baino gardenagoa da". Argentinan txiroekin salbuespena arau bihurtu da: pobre izatea delitu omen da.

Egun, Chaban Paraná ibaiaren deltako irlan bizi da, etxetzar dotore batean eta Prefecturak (Kostaldeko Polizia) gordeta. Handik segitzen du bere errugabetasuna zabaltzeko ikuskizun mediatikoa bultzatzen; hildakoen zenbait gurasorekin elkartzea dugu fartsa honen azken atala.

Denbora aurrera joan ahala jakin da Cro-Magnonek ez zituela Udal Arautegiak aurreikusten dituen segurtasun neurriak betetzen; jakina da baita ere hiriaren ikuskatzaileak sekula ez zirela hara agertu eta, ezbeharraren gauean, legea bete zedila ziurtatzeko han ziren poliziek hogeita hamarna euro jaso zituztela jende kopurutik at sartu zen 500 gazteko talde bakoitzeko. Buenos Aires berrian gazteak merkantzia hutsa baino ez dira.

Orduan, Chabani ez ezik, justizia eskaerak hiriko gobernu buru den Aníbal Ibarrari ere zuzendu zitzaizkion: bera da, sosdunen interesak ordezkatzen dituen erakunde baten burua; bera ustelduta dagoen erakundearen burua da.

Pasa den uztailaren 29an, Legislaturak Cro-Magnoneko ezbeharra ikertzeko sortu zuen batzordeak azken hilabeteotako lanaren ondorioak irakurri zituen: Cro-Magnoneko gazteen hainbat guraso osoko bilkura aretoan zeudela, batzordeak adierazi zuen premiazkoa dela Ibarraren kontrako epaiketa politikoa abian jartzea, "zegozkion beharrak ez betetzeagatik".

Ezbeharraren erabilpen eta ondorio politikoak agerian badira ere, ezkutuan daramate gobernua bera dabilela ezbeharra baliatzen, hiria berritzeko eta garbitzeko politika segituz: Cro-Magnoneko tragediaren ondorioz hiriko lokal guztietan egindako osasun eta segurtasun ikusketak baliatu ditu gustuko ez zituen tokiak ixteko. Gainera, bada Buenos Aireseko burgesiak nahi duen hiri mota lortzeko beste urrats bat; Arautegiaren itzala luzea da. Egun, kulturgintzako enpresa handiek edota Udalak antolatutako ekintza kulturalak baino ez daude; hain aberatsa den Buenos Aireseko kultur mundu ez ofiziala itotzen ari da: ez dago ez antzerki emanaldirik, ez musika jaialdirik egiterik, ezta xumeena ere. Orain, prostitutak eta kale saltzaileak ez dira burgesia porteñoaren egitasmoak kaltetutako bakarrak: antzerki independentearen munduko jendeak eta musikari askok lana galdu dute. Horrela, Las Manos de Filippi rock taldearen abeslariaren -El Cabra- eskutik abian dago lan eskasiari eta egungo udal politikari aurre egiteko 160 taldek osatutako koordinakundea.

Hirigunea kontrolatzeko borroka hasita dago, Kapitalaren mesederako, eta biztanleen kalterako. Borroka honetan, munduan zehar agintariek erabilitako armetako bat errepresio fisikoa izan bada ere, azkeneko urteotan disidentzia gaiztotzeko, kriminalizatzeko joera nagusitu da. Argentinan Legislatura auzia horren isla da, baina bada gehiagorik: martxan daude ia bi mila prozesu, gehienak piketeroen eta ikasleen kontra. Estrategia honek zenbait helburu ditu: giza mugimenduak ahultzea, militanteak beldurtzea, errepresioaren aurkako erantzun bateratua oztopatzea, Justizia eta hedabideak erabiliz hau guztia legeztatzea iritzi publikoaren aurrean, eta benetako arazoen gaineko arreta desbideratzea.

Hil honen 23an, Kongresu eta Senaturako hauteskundeak gauzatuko dira. Estatuak eta erakundeek, 2002ko abenduaren Argentinazoaren ostean galdutako sinesgarritasuna berreskuratzeko abiatutako egitasmoak »Kirchner presidente izendatzean jaioa, batez ere» zikloa txiko du. Orduan, Estatua betiko errepresio basatira bueltatzea espero da. Azken hilabetean esandakoak eta gertatutakoak horrelakorik iragarri dute: abuztuaren 25etik bortizki galarazi dira langabetuen protesta guztiak »azkenetan, irailaren 14an, Argentinako iparraldean, Mosconi hirian, eta Buenos Airesen bertan, poliziak berunezko balak erabili ditu»; abuztuaren 27an, Cristina Fernández de Kirchnerrek, presidentearen emazteak, senaturako lasterketan piketeroen eta Duhalderen presidente ohiak Argentinaren aurkako konplota salatu zuen.

Buenos Aireseko Once plazan, Cro-Magnon dantzalekuaren aurrean, suteak hildakoen omenez senideek egindako santutegiak egunero berritzen du justizia eskaera. Handik gertu, plaza erdian egiten dituzte bilerak kale saltzaileek; auzoetan piketeroek, langabetuek, tokiz tokiko azpiegitura indartzen dihardute, datorkienari aurre egiteko modu bakarra delakoan. Uda bero dator Buenos Airesen, Argentinan.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude