Julian Peña: "Gaur egungo gazteek ez dute ikasi nahi"


2005eko uztailaren 31n
Egiaz da panorama hain beldurgarria, ala nobela zirraragarriagoa izatearren exageratu egin duzu?
Nire ustez, kontatzen dudana nahiko errealista da. Hor agertzen diren gauza asko gertatzen ari dira orain. Izan ere, gure gizartean gauza asko amaieraraino iritsi dira jada, eta une honetan aldatzear daude. Liburuan agertzen den giroak parodiatik du asko, baina pasadizo asko neroni gertatu zaizkit edo nik ikusiak dira, alegia ez ditudala asmatu. Egia da gaur egun ikasle jendeak ez duela ikasten, eta hori lan-merkatuarekin dago lotua. Gizarte pobre asko daude munduan. Guri egokitu zaigu gizarte aberatsean bizitzea, leku txiki batean, eta zorionezkoak ei gara leku txiki aberats horretan bizitzeagatik. Baina gure gizartean jende asko dago langabezian, edo lan baldintza oso txarrak ditu, eta jende horrek ezin du esan ondo bizi denik, bere bizitza oso gogorra delako. Eta jende asko bizi da egoera horretan. Beraz, nik ez nuke esango mundu zoriontsu batean bizi garenik. Eta bai, ikastetxeetako eta unibertsitateko panorama nahiko beltza da.

Egia da, hortaz, ikasleek ez dutela inongo interesik ikasteko?
Bai. Baina hori beti gertatu da, ez da gaurko gauza bat. Gazte garenean ez dugu lan egin nahi. Gaur egungo gazteek ez dute ikasi nahi, jakin badakitelako ez dela beharrezkoa gero bizitzan arrakasta lortzeko. Haien eredua telebistako saioetan ikusten dena da, bat-bateko arrakasta. Batere kulturarik gabeko jendeak hartzen du parte telebistako lehiaketa horietan, eta gainera kultura izatea ere oztopo da parte hartzeko. Horregatik ez dute ikasi nahi gazteek, konturatzen direlako kultura ez dela beharrezkoa, eta gainera oztopo ere izan daitekeela bizitzan modako gizakia izateko.Eta beren burua bizi diren gizartera egokitzen dute.

Dena den, Apologian agertzen denez, badago ezberdintasunik familia pobreko eta familia aberatseko ikasleen artean...
Hori Markos Zapiainek egin duen hitzaurrean agertzen da, nobelan ez dakit hain garbi adierazten den. Baina bai, egia da heziketa txarra jasotzen duten ikasleek aukera gutxiago izango dutela bizitzan aurrera egiteko, eta gainera askoz ere aukera txikiagoa izango dute bere egoeraren arrazoia ulertzeko; hau da, ahalmen gutxiago izango dute bizitzaren bidegabekeria ulertzeko. Ze, kultura falta jendea menderatzeko bide bat da, eta horregatik uste dut heziketa sistema txarra izatea oso bidegabea dela, ez delako bakarrik kultura problema, bidegabekeria baizik, arazo politikoa.

Horregatik iradokitzen al da nobelan Erromako esklaboen matxinadaren pareko zerbait?
Beno, aldaketa asko sortzen ari dira gure begien aurrean, eta oso azkar, baina joera nagusia garbi dago: handinahiek gero eta botere handiagoa dute, pobreek gero eta gutxiago, eta bien arteko leizea egunero zabalagoa da. Film hori ikusia dugu, eta badakigu nola bukatzen den.

Ikasleek ez al lukete interes gehiago jarriko irakasleek motibatuko balituzkete? Apologiako irakasle gehienek ez dute horrelakorik egiten, beren artean kafe gozoa hartzen eta gero ikasleei aprobatuak oparitzen dabiltza...
Kontua da nobelako protagonista irakasle bat dela eta dena ikusten dugula haren ikuspegitik. Beste irakasleak ez dira asko agertzen. Protagonistak nortasun nahiko ezkorra du, horregatik ez da jendearekin oso ondo moldatzen, baina horrek ez du esan nahi beste irakasleak alferrak direnik. Ze irakasleek, orokorrean, motibazio gutxi dute, baina ez dira alferrak. Egia da nolabait behartzen gaituztela ikasleei gainditua ematera, eta gure lana oso kontrolatua dagoela burokraziaren bidez »beno, benetan ez dago kontrolatua, baina sortu behar izaten dugu burokrazia pilo bat, paper eta txosten piloa, nahiz eta gero paper eta txosten horiek inork ez irakurri». Nolanahi ere, irakasleak nahiko langile serioak dira nire ustez, irakasleen alde nago ni. Izango da alferren bat edo beste, hobeak eta okerragoak, baina, beno, nik ez dut irakasleriari buruzko nobela bat idatzi, heziketa sistema orokorrean hartuta baizik.

Hori al da zuk kritikatu nahi duzuna?
Bai. Liburuan askoz gehiago kritikatzen dira irakasleak ez direnak, irakasleen gainetik daudenak, nik uste. Hau da, hezkuntzako politikariak, heziketa sistema antolatzen dutenak, baina benetan interesatzen zaiena inoiz eskandalurik ez sortzea da. Haiei bai egiten diela liburuak kritika, eta egur gehiago emango nieke ahal banu. Irakasleak, berriz, ni bezalakoak dira, eta oso gremiala naiz ni: irakurtzen dudanean ikastetxeren batean arazorik egon dela, arazoaz ezer jakin gabe ere beti irakasleen alde jartzen naiz.

Ez ote duzu hori esango liburuak izan dezakeen erantzunaren beldur...?
Ez!!

Zer nolako harrera izan du Apologiak?
Nire lankide batzuk liburua irakurtzen hasiak dira, baina oraindik ez didate ezer esan. Badut halako interesa jakiteko beste irakasleetatik zenbat dauden nirekin ados eta zenbat ez. Hau da, nortzuk uste duten esandakoa ondo esan dudala, edo gehiago esan behar nuela, eta nortzuk dioten oso ezkorra naizela eta egoera ez dela horrelakoa.

Eta ikasleek, irakurri al dute?
Momentuz ez. Nire ikasleetako batek erosi zituen nire aurreko bi liburu, eta gustuko izan omen zituen; baina hau ez dakit irakurri duen oraindik.

Zenbat urte dauzkate zure ikasleek?
Urtero aldatzen da egoera, baina printzipioz, hamasei-hamazazpi.

Behartuko al dituzu zure liburua irakurtzera?
Nik ez. Latin metodo bat egina dut eta hura bai inposatzen diedala, klasean erabiltzeko egin nuelako; baina gainerakoan ez ditut behartzen, literaturan beraiek aukeratzen dute irakurri nahi dutena.

Nola osatu zenuen Apologia?
Institutuko giroa agertzen zuen nobela bat egin nahi nuen, pertsonaia eta istorio askorekin. Orduan, atera zitzaizkidan hiru istorio motz, banatuta daudenak baina beraien artean lotura dutenak. Protagonista guztiak oso erreta daude. Lehenengoa, adibidez, automobilgintzaren aurka ari den terrorista bat da »hirugarrenean ere kotxeak apurtzen dituen jendea agertzen da, baina bestelakoa da beraien jarrera, kirola egiteagatik egiten baitute». Bigarren istorioko protagonista, berriz, oso baketsua da, ez du ezer egiten, baina hala ere duen ideologia oso ezkorra eta apurtzailea da, gorroto du sistema, oso txarra dela uste duelako, eta berari gustatuko litzaioke dena bukatzen dela ikustea.

Zure alter egoa al da?
Bai. Beno, terrorista ere nire alter egoa da, zentzu batean, zeren uste dut denok dugula barruan Atila txiki bat, edo anarkista txiki bat. Ez gaude ados egokitu zaigunarekin eta gehiago nahi dugu, nahiz eta beti kontrolatu sentimendu hori, bestela bizitza ezinezko litzakeelako. Eta irakaslea ere nire alter egoa da. Are gehiago, berarentzat sortu nuen giroa niri gertatu zitzaidalako benetan gero: hori idatzi eta denbora batera guztiekin gaizki moldatzen nintzen herri txiki batean lan egitea egokitu zitzaidan-eta.

Beste lanak
Julian Peña Bilbon jaio zen, 1964an, baina donostiartzat du bere burua, bere lanbidea dela-eta beste makina bat lekutan bizi izan den arren. Filologia klasikoa ikasi zuen eta latin irakaslea da. Sokratesen defentsaren itzultzailea eta Relatinator izenburuko latina ikasteko euskarazko metodoaren egilea, orain arte Julen Garikanopeña ezizenaz argitaratu izan ditu bere sortze lanak, Elkar argitaletxearen bidez kaleratu zuen Sosak, Koplak eta Rock and Rolla eta Hiria argitaletxean argia ikusi zuen Zura eta Harrak.


ASTEKARIA
2005eko uztailaren 31
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude