Net Hurbil: Onena da Holanda loreetan, eta belarretan ere bai


2005eko ekainaren 12an
Marihuana etxean libreki hazteko aldarrikapenaz idatzi dugula ikusita, irakurle batzuek -Pirinioz hegoaldekoek- irribarre eginen dute. Holandan marihuana saldu eta erretzen den coffee-shopak daudela? Gizona, hemen edozein ostatutan sumatuko duzu maria usaina udaleheneko ilunabar epelotan. Eta "belarra" etxean hazteko libertatea? Gure herri batzuetan cannabis dastaketa antolatzen dute-eta plazan! Tarteka jakiten duzu ertzainek halakori maria landareak erauzi dizkiotela, eta orduan konturatzen zara hemen ere droga horren erregulazioa urrun dagoela. Igoal horregatik erabakiko du irakurleak Holandan gertatzen dena interesatuko zaiola. Edo muga ondoan polizia frantsesek marihuana harrapatzeko beren obsesioan mairu kolorea duten gidarien autoak nola arakatzen dituzten ikusi izanagatik.
Duela hamabost egun, asteburuz, mugaz gaineko bilkura egin dute Holandako Maastricht hiri ezagunean, "droga turismoa" gaitzat hartuta. Maastricht Holandako lurra izanagatik Belgika eta Alemaniako herriz inguratuta dago gehienik. Hori dela eta, herri horretan diren 15 coffee-shopen usainean urtean 1,5 milioi kanpotar inguratzen da bertara, marihuana libreki erre eta etxerako erostera. Turismo bitxi honek sortu duen egoeraz mintzatu dira bilkura horietan Maastrichteko eta inguruko hamabost herrietako alkateak, bestelako agintariak, coffee-shopetako nagusiak eta zenbait aditu.

Stop The Drug War mugimenduak Drug War Chronicle buletina editatzen du mundu osoan hain ospe handia duen drogaren kontrako gerran sortzen diren albisteekin. Bertan zabaldu da aipatu konferentzia horren albistea. Gauza da aspalditik -hogeita hamar urte jada- droga politika berezia daramala Holandak. Berezia Europako gainerako herrialdeekiko, zeren leku denetan cannabisaren kontrako neurri oso zorrotzak dauden bitartean, Holanda bere coffee-shopekin eta mariaren kontsumoaren tolerantziarekin belar horren maitaleen paradisu bihurtu baita.

Baina Holandako eta inguruko herrialdeetako legediak hain ezberdinak izatean, marihuana bila milioika bisitari hurbiltzen da Herbeheretara. Mugako herrietara batik bat. Horietako batean, Maastrichten, turismo horrek hainbat buruhauste ekarri die biztanleei. 15 coffee-shopetara hurbiltzen diren atzerritarrek bestelako droga gogorragoen trafikoa ere handitu omen dute, horrek eragiten duen kriminalitatearekin.

Honi aurre egiteko Holandako Justizia ministro Piet Donner kristau-demokratak proposatu zuen duela hilabete batzuk coffee-shop guztiak ixtea. Horrela, bide batez, lortuko zuen Europako beste politikari asko eta batik bat drogen kontrako gerra famatuan liderra den Washington-go "zar" indartsua pozik uztea. Baina Parlamentuan ez zuten ondo hartu -ezta agintean dagoen Alderdi Kristau-Demokratako kideek ere- azken hamarkadotako liberalizazio bidea bertan behera uzteko proposamen hori.

Geroago Donnerrek azaldu zuen erremedio ona litzatekeela coffee-shop horietan holandarrei baino ez uztea sartzen. Imajinatu taberna horietako ateetan kontrolak jartzen dituztela, nortasun agiria eskatu eta atzerritarrei sarbidea ukatzeko. Eztabaida beroa izan omen zen Hagako Parlamentuan, eta Justizia ministroaren proposamenak hankaz gora bota ondoren, erabaki bikoitza onartu zuten diputatuek: batetik Holandako gobernuari eskatu zioten Europako gainerako herrialdeei eska ziezaiela cannabisaren inguruko beren legeak liberalizatzea; eta bestetik Holandarekiko mugetan diren coffee-shopetan esperimentu gisa mariaz hornitzeko bideak liberalizatu ditzala Honek behar du esplikazio bat.

Hau bai maria graziaz betea

Holandako kafetegi berezi horietan baimenduta dago marihuana erretzea eta baita autokontsumorako erostea ere. Baina mariaren produkzioa debekatuta dago. Hego Euskal Herrian gertatzen denaren antzeratsu: poliziek zuretzako adina belar atzematen badizute, ez zaizu ezer gertatuko, baina beste batzuek berentzako adina eduki dezaten produzitzen edo saltzen harrapatzen bazaituzte, akabo. Marihuanaren liberalizazioan urrats handigoak eman dituzte Holandan -leku baimenduetan saltzea libre baita- baina kontraesan horretan daude. Bertako coffee-shop bateko nagusiak esan duen moduan: "Imajinatu okinari ogia saltzen uzten diotela, baina irina produzitu edo erostea delitua dela".

Egoera horrek droga ilegalen arazo askok berdintsu segitzea dakar. Holandan adituak kexu dira cannabisaren produkzioa familia txiroek baratze txikietan egin eta gero komertzializazioa trafikatzaileen esku dagoelako. Polizien sarekadek familia horiek kolpatzen dituzte eta trafikatzaile bitartekariek lana lasaiago egiten dute. Eta hauetako askok droga gogorragoekin ere -kokainarekin batez ere- egiten dute "lan".

Horregatik guztiagatik, mugaldeko bilkura horretan Maastrichteko alkate Gerd Leers-ek liberalizazioan hurrengo urratsa ematea proposatu du: muga inguruko herrietan mariaren produkzioa arautzea. Konponbide hori herri jakin batzuetara mugatzeak badu bere arrazoia. Cannabisaren despenalizazioan aspaldi ikusi zen hori maila zabalean eta urrats handietan lortzea ezinezkoa dela. Horregatik proposatzen da urratsak "ereduzko lurralde"etan egitea estraina. Coffee-shopek aitzindari lana egin duten bezala, orain nahiko litzateke Holanda, Belgika eta Alemania arteko mugen inguruan halako eskualde esperimental moduan funtzionatzea, noizbait hori denetara zabaltzeko itxaropenean.

Bitxia da ideia horiek mahai gainean ipini dituena Gerd Leers alkatea izatea. Kristau-demokrata kontserbadorea izaki, Hagako parlamentuan diputatu izan zenean prohibizionista izan zela aitortu du. "Parlamentuan nintzenean uste nuen neurri gogorrak hartuta cannabisa suntsitzea posible izango zela. Baina Maastrichteko auzapez lanetan ari naizen hiru urteotan ulertu dut sistema horrek ez duela funtzionatzen. (...) Ur poltsa bat bezala da, alde batean zapaltzen baduzu arazoak beste nonbait puzten dira beti".

Eztabaida gehiago ekarriko ditu proposamen horrek segurik. Holandan cannabisak urtean 5.000 milioi US dolar mugitzen dituela idatzi da, eta kopuruak esajeratu samarra dirudien arren, gauza ziurra da diru asko darabilela. Baina zer da hobea, diru eta negozio hori guztia egun argitan egin eta kontrolpean izatea -behar diren zergak kobratuz gainera- ala merkatu beltzera eta kriminalitatera kondenatzea?

Holandako herritarren gehiengoa, inkesta guztiek diotenez, droga honen aurrean oso seguru dago liberalizazioa eta arautzea direla erantzunik onenak, eta orain arteko bidean urrats berriak eman behar direla. Horregatik hartzen dituzte beren parlamentarioek guri hain ausartak iruditzen zaizkigun erabakiak.

Honaino ere aldaketok iritsiko dira noizbait. Eta orduan, herriko plazan etxeko maria eskaini dizun sasi-baratzezain horrek ere bere errenta aitorpenean deklaratu beharko ditu belarra saltzetik eskuratutako sosak.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Marihuanaren legeztatzea
2023-02-06 | ARGIA
Kanada hasi da droga gogorrak kopuru txikietan edukitzea despenalizatzen

Kanadako Columbia Britaniar probintziak programa pilotu berri bat hasi du, kokaina eta heroina bezalako droga gogorren jabetza despenalizatzen duena kopuru txikitan. Kanadako gobernu federalak mendebaldeko kostaldeko probintziaren eskaera onartu ostean, hiru urte iraungo duen... [+]


2021-06-04 | Axier Lopez
Drogen aurkako gerra betean, marihuana "legeztatu" dute Mexikon

Martxoaren 10ean, kalamuaren kontsumoa legeztatzeko lege ekimena onartu zuen Mexikoko Kongresuko Behe Ganberak, eta ondoren Senatuak. Hala, Uruguai eta Kanadaren atzetik, aisialdirako erabili ahal izango dute kalamua Mexikon, baina legalizazioa bermatu gabe. Narkotrafikoak... [+]


2020-12-02 | ARGIA
Kalamuari eragin medizinalak aitortu dizkio Nazio Batuen Erakundeak

Asteazkenean Vienan egindako bozketan, Nazio Batuen Erakundeak kalamuaren ezaugarri medizinalak onartu ditu, El Salton jaso dutenez.


Eguneraketa berriak daude