2000 ARGIA: Altxerritik Hollywoodera Aita Santuaren baimenarekin

  • Uztailean ARGIAren 2.000. alea izango da kalean, duela 2.000 aste, 1963an, bilakatu baitzen Zeruko ARGIA astekari. Horregatik datozen asteotan azken lau hamarkadei errepaso egingo diegu astekariaren begietatik. Hasteko, 60ko hamarkadaren lehen erdira egingo dugu atzera. Jorge Oteizaren hausnarketak ezagutuko ditugu, Marilyn Monroe eta J. F. Kennedyren hiletara joango gara, Eliza katolikoaren aldaketak nabaritzen hasiko gara eta Itoitz aldera begiratuko dugu, kezkati, Vajonteko urtegiaren hondamendia gogoan.
Itzali eta piztu. Horrela ibili ziren euskal komunikabideak 60ko hamarkadaren lehen erdian. Arrate irratia, esaterako, 1959an sortu zen. Bada, frankistek 1964an itxi zuten Segura eta Tolosako Herri Irratiekin batera.Hurrengo urtean Bilboko Herri Irratia euskara ikasteko saioa emititzen hasi zen Xabier Peñaren gramatikari jarraiki eta liburuaren 2.000 aleko tirada hiru egunetan agortu zen. Euskarazko komunikabideen behar eta nahia nabarmena zen, beraz, baina interruptorea frankismoaren eskuetan zegoen. 1960an Baionan Enbata aldizkariak argia ikusten zuen bitartean, Espainiako Informazio eta Turismo Ministerioak Zeruko ARGIA debekatu zuen, 1919an kaputxinoek sortutako hilabetekariak 36ko Gerra osteko isilune luzearen ondoren azken urtetan bide malkartsuan gora egiten saiatu bazen ere.

Arantzadi taldeko hiru kide Altxerri leizezulotik irten ziren 1963ko egun batez, bertako margoen berri lehen aldiz emateko. Eta udaberri hartan bertan Zeruko ARGIA kobazulotik irten eta astekari gisa berpiztu zuten. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, ordea, ez zen erraza izango euskarazko argitalpena aurrera ateratzea. Eta euskara kontuetan irekiagoa zen Nafarroara jo zuten berau argitaratzeko bide zabalagoaren bila -Nola aldatzen diren gauzak...-. Eta zuzendari izateko izen bat ere behar zen, Iruñean bertan topatu zutena, Universidad de Navarran. Donostiako kazetaritza ikasle gazte eta ezezagun batek eskaini zuen bere izena, Iñaki Gabilondok.

Uzta oparoa urte hartakoa, Gabriel Arestiren Harri eta Herri, Federiko Krutwig-en Vasconia eta Jorge Oteizaren Quosque tandem! 63an plazaratu baitziren. Artista oriotarrak «best-seller» berezi honetan, estetikak euskaldunak bestelako egiten gaituela dio eta horren oinarri bi zutabe nagusi aztertzen ditu: neolito garaiko harrespil hutsa eta euskara, hizkuntza. Historiaurreko kobazuloetan bilatu behar genuen argia? Euskara aldarrikatzen zuen euskaraz hitz egiten ez zuenak? Liburuan Oteizak, arteari esker, eta berari gertatzen zaion bezala, euskaraz jakin gabe euskaraz hitz egitea posible dela dio, haserre, jenioaren jenio biziz, Zeruko ARGIAren 100. alean erabiliko zuen tonu beretsuan -beheko koadroan jaso dugu-.

Lehen edizioa berehala agortu eta Oteizaren hausnarketek eztabaida nonahi piztu omen zuten. Mesanotxe guztietan omen zegoen Quosque Tandem!. Berrogei urte baino gehiago pasa direnean, ordea, aditua ez den irakurle xumeak liburua zabaldu eta galdera bat datorkio berehala: hau nork ulertu zuen? Lagunen aurrean gaizki gelditzeko beldurra kontu zaharra dela, alegia.

Italiako tsunamiak

«Baiont (Italia) lau milla il dira eta sei erri loian iskutatu» zioen Zeruko ARGIAko azal bateko titular nagusiak. 1963ko urriaren 10eko goizaldeko ordubietan, lur mugimendu baten ondorioz, urak Alpeetako Vajonteko urtegiko horma gainditu eta 100 metroko olatuak Pirago, Villanova eta Rivalta herrixkak mapatik desagerrarazi zituen, bertako biztanle guztiekin batera. Longarone-ra ere iritsi zen olatua; 4.500 biztanletik 4.000 hil zirela dio kronikak. Alarma pizteko moduko berria, baina Itoizko urtegiaren arriskuen aurka dihardutenak kenduta, egun inork gutxik gogoan duena.

Orduan ere Italia aldetik, Erromatik zetorren beste berri baten itzalean ahaztu zen hondamendia. Hilabete gutxi lehenago Joanes XXIII Aita Santuaren bizia itzali zen, urtebete lehenago Eliza katolikoak bere historia guztian izan zuen berrikuntzarik handiena piztu ondoren. Bere adinagatik trantsizio hutsezko pontifize gisa aurreikusi zuten horrek, olatu berria bultzatu zuen Vatikanoko II. Kontzilioarekin. Hortaz, Joseph Ratzinger-ek 78 urte izanda ere, trantsizioko papaldi baten aurrean al gaude? Ratzinger gazteak (gazteagoak, hobeto esanda) Kontzilioan parte hartu zuen Joseph Frings Kohln-eko artzapezpikuaren kontsultore moduan. Liturjiaren berrikuntzarako dokumentuetan lan egin zuen. Baina gerora gogor kritikatuko zituen Elizaren haize berriak. «Eraikin zaharra puskatan desegin da eta ez da berririk eraiki -zioen gaur Benedikto XVI.a denak-, Eliza munduratzeak ez du Elizaren berrikuntza ekarriko, Elizaren amaiera baizik». Kargura iritsi eta berehala Kontzilioaren bidea segiko duela esan berri duenak, «Kontzilioan Kennedy Aroko haize kaltegarriak, baikortasun inozo horren haizeak» sartu zirela esana zuen lehenago.

JFK eta Marilyn

1963ko azaroaren 22an hil zuten Kennedy. Astebete beranduago «Dallas’ko errikoetxera zijoalarik bi balakin buruan jo zuten» zioen Zeruko ARGIAko titularrak. Handik bi egunetara Lee Harvey Oswald ustezko hiltzailea hil zuen Jack Rubyk. Rikardo Arregiren ustez, hiltzailea «ez dute arrapatu, bere ordez beste batzuek izango dira illak». Lau hamarkada joan eta Kennedyren mitoa eta haren hilketaren inguruko esamesak ez dira itzali -eta badira tarteka bizirik ikusten dutenak ere, Elvis eta Marilynekin batera izkinako tabernan kafea hartzen-. Baina Marilyn Monroe ere hamarkada horren hasieran hil zen, 1962ko abuztuaren 5ean, eskukada bete Nembutal hartuta eta, astean 5.000 maitasun gutun baino gehiago jasotzen bazituen ere, bakarrik. Kennedyri bere urtebetetzean «Happy Birthday» beroa kantatu zionak couché papera betetzen jarraitu zuen hil eta gero. Baita kalitate kaxkarragoko papera ere. Zeruko ARGIAren 5. alean hitz larrietan dago idatzita Hollywoodeko izarraren izena. Alboko koadroan jaso dugun artikuluaren egileak aktorearen izena erreklamo moduan-edo erabiliko zuen, hiletei buruzko bere hausnarketa botatzeko aitzakia bezala. Eta bide batez Marilyn Monroe hain «aingerutxua» ez zela izan eta Fausto Coppi (Kopi, Zeruko ARGIAko lagunentzat) neska kontutan ere ez zela behar bezala portatu esaten digu Bidani’tar Ladislaok. Coppi txirrindulari handia «Aprikako gaitz txar batek jan zun» 1960ko lehen egunetan. Malariak ez zuen oztopo handirik topatu substantzia estimulagarriz betetako txirrindulariaren gorputzean. Dopina ez dela atzo arratsaldeko kontua, alegia.

60ko hamarkadako lehen urtetan politika, zinema eta kiroleko izar handiak itzali ziren. Eta gurean argi txiki batzuk piztu. Gero eta aukera gehiago zegoen berriak euskaraz irakurri eta entzuteko, baita meza bera ere, Vatikanoko II. Kontzilioari esker. Literaturan, musikan, antzerkian belaunaldi berria ate joka zetorren. Frankismoaren itzala luzea zen, bai, baina tokiren batean bukatu beharko zuen, ezta? 1961ean eraikitako Berlingo horma ere berehala eroriko zela pentsatuko zuten batzuek.

"Momentuia ondo harrapatzen jakin genuen" (Agustin Ezeiza)

Zeruko ARGIA astekari bezala atera baino urte batzuk lehenago, Hondarribiko kaputxinoetan, nire anaia Kaietano eta beste batzuk, Zeruko ARGIA hamabostekari bezala ateratzen hasi ziren, egunkari formatuan, informatiboagoa-edo egiteko, bestela Arantzazuko errebista eta horrelakoen oso antzekoa zela, eta usain hori kendu nahian. Baina Gipuzkoan, «Delegación de Información» delakoaren arduradun Ugarte zegoen -gero Donostiako alkate izan zena- eta hark, hiruzpalau zenbaki ateratzen utzi, zorrak eginarazi, eta gero itxi egin zuen. Arrazoiak? Orduan arrazoiak ez zuen ezertarako balio... Gauza da, gero, nire anaiak soldadutzara joan behar izan zuela, kapelau. Kaputxinoek nire kargu utzi zuten Pan Pin, umeentzako aldizkaria. Handik gutxira etorri zitzaidan burura ea Zeruko ARGIArekin ez al genuen beste horrenbeste egiterik.

Astekaria Gipuzkoan argitaratzea alferrik zen. Auskalo baimena emango ote ziguten, eta lortuz gero ere, jakina zen gerokoa. Bizkaian eta Araban, beste hainbeste gertatuko zen. Beraz, Iruñea aukeratu nuen. Han kaputxinoek Iparraldeko probintzietako zentro burua daukatenez, «handik aterako balitz bezala jarriko dugu» pentsatu, eta horrelaxe egin genuen. Zein inprentatara eramango genuen? Inprenta indartsu bakarra «Pensamiento Navarro»rena zen, baina hark ez zuen nahi izan. Azkenean aurkitu genuen bat, tolosar baten eta bizkaitar baten artean zeramatena, eta han hasi ginen. Oso garestia zen, baina ez zegoen beste biderik. Hala ere, han hasteko, lehendabizi baimena lortu beharra zegoen. Garai hartan Fragak aterako zuen prentsaren lege berriaren aurrerapen bat izan zen, eta irekitasun hartaz baliatu ginen baimena eskatzeko. Kontu handiarekin ibili behar izan genuen, gauza erlijioso, kultural eta abarren artean, ia ezkutuan, informazio orokorra ere emango zuela aipatzeko. Baina aurretik, aldizkariaren zuzendari agertuko zen kazetaria lortu behar zen. Non aurkitu, garai hartan eta Nafarroan, Zeruko ARGIAri bere izena utziko zion kazetaririk? Bada, Universidad de Navarran! Eta nor izan zen? Iñaki Gabilondo! Oraindik eskertzen diot hori. Bere kargu eta bere izenean agertu ziren «Zeruko Argia»ren lehenengo zenbakiak.

Bidali aurretik, artikulu guztiak zehatz-mehatz aztertu beharra zegoen. Orduko zentsura ez zen nolanahikoa! Edo aldizkaria atera nahi genuen, edo hitz bat pasaz gero, kito! Aberri Eguna ezin zen ezta aitatu ere. Horrelako hitz guztiak kendu behar ziren.

Dena den, Nafarroako «Delegación de Información» delakoarekin suerte ikaragarria izan genuen. Nik entzun nuen inoiz, hango delegatuaren ordez euskara kontuak eramaten zituenaren aita abertzalea izan zela... Harekin konpontzen nintzen ni, beti apal-apal, han harrotasunak ez baitzuen ezertarako balio, baina laguntza handia lortu nuen harengandik.

Batzuetan esaten zuen jendeak: «Oi zer eskasa atera den aldizkaria!». Nik banekien hori, baina ahal genuena baino gehiago ezin egin. Gogoratzen naiz nola, gerora, Karlos Santamariak esaten zidan iraungo zuenaren inongo esperantzarik ez zuela izan berak.

Ezer ez zegoen garaian, idazle eta kazetari berriak sortzea lortu genuen. Eta irakurle hiritartua ere, asko sortu zen. Beste kezka bat ere mahaigaineratu zen «Zeruko Argia»ri esker: euskararen batasuna beharrezkoa zela. Egizu kontu, oñatiar batek, nafar batek, edo Iparraldeko batek idazten zutela. Denak diferente. Eta ortografia aldetik, zer esanik ez. Euskara batuaren beharrak istilu ikaragarriak sortu zituen. Han genituen eskuindarrak alde batetik, marxistak bestetik... Denen artean nola asmatu ez zenekiela ibili behar zenuen, ez baitzegoen inori atea ixterik...

Gauza guztiek dute bere momentua. Momentua ondo harrapatuz gero, indar handia hartzen duzu. Eta «Zeruko Argia»k ere, nahiz hain medio eskasa ikusi, momentu hori harrapatzen jakin zuen. Aldizkari erlijioso sakon bat egiteko asmoa nuen nik orduan, baina ohartu nintzen horretarako ez zegoela kontzientziarik. Herri kultura, politika eta giza baloreen ordua zen.
Larrun 49. 2001eko urriak 28

* Agustin Ezeiza Zeruko ARGIA astekari gisa berpiztu eta 1963-1972 tartean aldizkariaren arduraduna izan zen

«Marilyn Monroe. Ari egin zioten illeta! Euskalerriko ostatuetan ondo artu zuten» (Bidani"tar Ladislao; Zeruko Argia, 5. alea, 1963ko Ekainak 31)

Euskaldunak ildakoei zaletasun aundia euki die beti, ala ere ez bizi diranai baño geiago. Gure illetak, jantzi-beltzak eta biozkadak, beste lekutako iskanbillarik gabe, benetan eta luzaroko egiten dira. Askok motxagok nai lituzkete, bai. Ildakoei berdinxamar izango zaiela txuri edo beltz ibilli eta bere emaztea iltzea nai zuan senarrari zergatik ainbeste atsegabe-ageri eskatu bear eta gure biotzeko poz-jarioa ittotzea ez dula merezi ta abar. Arrazoi asko oiturak aldatzeko, alegia. Koroietan eta abar uxatzen dirua berriz, ondo ikusten da, oitura ala dalako.
(...) Erri koxkorretako illeta onela izaten da: Gorputza lau gizaseme sendoen bizkarrean dijoa, apaiza aurretik otoizlari, atzetik aideak goibel ta ixillik, oñetakoen otsa bide gañean doñu. Meza Nagusia xamur adierazi, geienak Jauna artu, illak eta biziak bat egiñak. Au irugarren mallako illeta degu.
Erri andietako illeta bat: Gende asko ta asko, aurrena automobil itxusi zaar bat burrun-burrundaka ta ezin, gero lendabiziko illera erdi seriyo, gero surr-murr pitin bat eta azkenik iskanbilla, para ta luto gabeko gabardin asko eta jantzi gorrixka bat edo beste, ogei guardasol ori-urdin azpian. Meza bitartean bostetik bi eliz-kanpoko petrillean eserita... Ixooo... Au lenengo mallako illeta baita (...).
Marili (sic) Monroe etsegin atsegin izan, naiko dirua euki, ospe zabala irabazi ta alare atsegabez il zan orain dala bi urte. Ari egin zioten illeta! Zenat lore eta koroi, zenbat "izar" ta argazkari, zenbat malko... Aingerutxu bat bezelaxe "txuri-txuri" jantzita, landatu zuten alako txoko berezi batean. Ez naiz ondo gogoratzen. Zuk ba-aldakizu zenbat bider ezkondu zan?
Kopi txirrindulari trebea izan zan. Aprika'ko gaitz txar batek jan zuan, uste gabe. Egunak igaro bear izan zituan gorputza gendearen ikusmirako: Millaka ikusle, adiskide, ango ta emengo agintari edo ordezko. Gurdi eder batean eraman zuten. Gizonen artean bazan alako otzikara, txirrindulari ospetsu bat izkutatu zalako ez baña, bere emaztea etzan andrea uzteko garai gutxi izan zualako.
Zineko "izar" petral batek edo txirrindulari arroxko batek aña ez al dik merezi Apostoluen Ordezkari ta Donostiko Gotzai Jauna izana dan Jakobo Font Andreu'k.
Euskalerriko ostatuetan ez die ala uste. Jainkoaren aurren ez gaituk danak berdin, motel. Ez orixe. Eta illetak ez dituk Jainkoaren aurreko gora bera bakarrik, gizarteak egin oi dien azken agurra baizik.

«Aritzari Oles-Deia» (Oteitza"tar Gorka; Zeruko Argia,100. alea, 1965eko urtarrilak 24)
Euskeratu bear bai-naute, zergatik deitzen didak ZERUKO ARGIA’tik? Onela aldentzen ikusten ba-nauk, aur nintzaneko nere izketa galdua jasotzerik ezin onartu dezakedalako dek. Etziokat iñori barkatzen. Zeruko Argia nork euskaratzen dik? Ken esku ori, etzaidak lagundu, nere buruaren bengaizoa nauk, edo-ta nere erantzuna, nere itzak ire eskuetan ditukalako ta ire burua osotzat jotzen dekalako, ezeren utsik ez dakalako, ezer etzaik palta. Ni palta nazue, eskupeko eskean makurtzen zaituzten puska au.

«Kennedy"ren pentsamenduaren eriotza» (Arregi"tar Rikardo; Zeruko Argia, 61. alea, 1964ko uztailak 26)

Pentsatua neukan beiñ baiñan geiagotan, eziñ nintzan atrebi ordea ortaz mintzatzea. Begiratu bat eman mundu guztiari ta danak kennedyzaleak bezela ikusten dira, ez da iñor ateratzen bere esanen kontra. Baiñan ara, lengo egun batean Maurice Duvergere'en artikulu bat irakurri det gai orretaz eta orain ez det bildurrik.
Ikasten ari geralako, ikasi bearren artean politika eskubidea ikasi bear degunoi etzaigu batere arrotz egiten Duverger jaunaren izena. Oraiñ esaten dan bezela au Frantzia'ko "Politologorik" onena da, au da, politika jakintzan jakitunenetakoa.
Jaun onek dionez prolema aundi bat arkitzen da gaurko gaurko latinoamerikan: ea ango prolemak konpondu ditezkien erreboluziorik gabe reformen bidez, reformismoaren bidez. Kennedy'k reformismo oni laguntzeko erabakia artu zuan. Baiñan erabaki ori nola alabait Ipar-ameriketa'ko izaeraren kontra zijoan ordea. Reforma oiek nai ta nai ez sozialismoaren antzeko zerbaitekin egin bear eta Ipar-ameriketa'ko jendei itz orrek izugarrisko bildurra ematen dio nunbait. Orregatik bazirudin eziñezko jokabidea zala Kennedy'k artutakoa. Ala ere politika orrek bakarrik ekarri zezakean prolemak askatzeko bide bakarra.
Ez du orrela pentsatzen oraingo Johnson lendakariak. Onentzat, eta bere laguntzallehentzat latinoameriketan lenen lenengoa da ipar-ameriketarren interesak defenditzea ta gero komunismoari kontra egitea baiñan nolanai, batere begiratu gabe nortzuek agintzen duten, demokraziaren bitartez egiten duten edo ez begiratu gabe. Benetan penagarria eta luzarora kaltegarria.
Ori bakarrik balitz baiñan, zoritxarrez, antzematen da Ipar-ameriketa'ko zuzendaritzan aize berriak etorriak dirala, zerbait falta dala. Eta alperrik esatea izango da, baiñan nik naigo nituan lengo aizeak oraingokoak baiño, gazteagoak eta egi-zalegoak ziralako.
Eta arrabi aundiena ematen ditena auxe da, alegia, Kennedy ill zuna pozez txoratzen egongo dala pentsatzeak. Kennedy iltzerakoan zeuzkan asmo guztiak beteta ikusiko ditualako. Ez dute arrapatu, bere ordez beste batzuek izango dira illak. Gaiñera Ipar-ameriketa'ko aizeak aldatzea nai baldin bazuan, bere naia oso osoan bete da. Zer geiago nai lezake?


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude