Araitz bailara: Aterik gabeko galeria


2021eko uztailaren 16an
araizko bailara Nafarroaren iparraldean kokatuta dago eta Gipuzkoarekin egiten du muga, Tolosaldearekin zehazki. Malloen itzalera dagoen bailara, Araxes ibaiaren ibilbidean, sei herrixkek ordezkatzen dute: Arribe, Atallu, Gaintza, Uztegi, Azkarate eta Intza. Herri horiek guztiak Araizko udalerria osatzen dute, baina horiez gain geografikoki bailaran kokatuta daude ere Betelu herria eta Azpirotz herriko auzoak diren Errazkin eta Leizaeta. Orotara 1.200 biztanle inguru dituen bailara da.

Halaber, txikia bezain ederra dugu bai eta lasaia ere. Bertan belarraren berdea eta baso autoktonoen harizti zabalak dira nagusi. Nekazaritzan du bere ekonomia sostengua, nabarmen ikusten da hori bere zelaietan dauden ardi taldeei so egiten diegunean.

Bailaran zoazela, Tolosaldetik errepidean gora, Atallu herrixkaren ostean Arribe aurkituko duzu. Arriben, errepidearen ertzean, baserri bitxi bat topatuko duzu, artista baten eskuek landua. Batzarre etxea da, XIV.-XV. mendeen inguruan eraikia, baina denboraren poderioz abandonatua izan zena. Harik eta Juan Gorriti eskultorea 1972an hura berreraikitzen hasi arte. Batzarre, esan bezala, artista baten eskuek berreskuratu zuten. Gorritiren obrarik nagusiena da Batzarre, bere egileak dioenez, etxea izateaz gain eskultura ere baita. Bailarak Gorritiren obrengan duen eragina nabarmena da, artistak aitortu duenez behin baino gehiagotan Araitzen topatutako hainbat gauzaren inguruan egin baititu eskultura edo margoak, Balerdi mendiari eginiko hainbat koadro adibidez. Eskultore horren estiloa Art Brut izenez da ezaguna. Bere lanak ikusita, haien estiloa horrela deitzen zela esan zioten Gorritiri Alemaniako aditu batzuek: "Egun hori baino lehenago nik ez nekien nire eskulturak egiteko moduak izenik zuenik".

Etxeak, baina, bazuen lehendik bere historia. Inguruko herrixkek bertan zuten antzinako udaletxetzat har daitekeena. Bazarresagasti zuen izena orduan eta herritarren arteko gatazkak tratatzen ziren han. Etxearen berri Florencio Idoate idazleak ematen du Rincones de la historia de Navarra liburuan. Idoatek dioenez, Araizko bailara famatu egin zen XV. mendean sorginkeria zela-eta. Zazpi herritar epaitu zituzten Bazarresagastin eta ondoren Iruñeko espetxera eraman. Espetxean gosez hil ziren ia denak.

Mallope artisten erakusleiho

Gorritik etxea berreraiki zuenean, Batzarre izenez ezagunagoa zen eta hark izenari men egin zion. Hain zuzen ere, Batzarre etxean batu ohi dira hainbat euskal artista, bertan eraikia dagoen Mallope galerian obrak erakusteko. Galeria horretan Ortiz de Elgea eta Zumeta pintoreak, Ruiz Cabestany keramista edota Koldobika Jauregi eskultorea bezalako artistek euren obrak erakutsi dituzte. Bailara txikia izanik ere, handik igaro diren artisten zerrenda luzea da oso. Ez bakarrik erakusketak antolatzeko, baita Gorritiren eskutik Araitz bisitatzeko ere, horien artean Mikel Laboa eta Pablo Milanes abeslariak eta Joxean Artze idazlea daude. Horietako batzuk Araitzera joaten dira noiz edo noiz.

Batzarre etxea bera ikusgarria da, etxeak hainbat taila ditu bere euskarrietan eta haren ondoan Gorritik egindako egurrezko meta bat eta garai bat ikus daitezke. Horrez gain, etxearen barnean, margolan ugari dago eta Gorritiren eskulturak aurki daitezke nonahi. Juan Gorriti araiztarra da betidanik eta bailarari dion maitasunak beste artista batzuengan eragin du, horietako hiruk han bizilekua edukitzeraino.

Leku magikoa

Artista horien artean ezagunena Jose Luis Zumeta pintorea dugu. Zumetak berak aitortzen du "Gorritiren eskutik" etorri zela bailarara. Hasieran, asteburuak pasatzeko leku lasai baten bila. Hain zuzen ere, Gorritiren seme den Jonek berreraiki zuen errota batera, Gaintza herrixkara. Asteburuko atseden etxea izan behar zuena margotzeko leku izatera pasa zen gero eta azkenean bizileku bilakatu. Zumetaren ustez, bailara oso leku ederra da, bereziki Uztegi ingurua: "Badu zerbait berezia, magikoa inguru honek". Artistentzako egoki izan daitekeen lekua da, Zumetak nabarmentzen duen lasaitasuna delako nagusi bailaran. Margotzeko oso leku produktiboa dela uste du Zumetak: "Nik nahi dudana ahal dudan guztia margotzea da eta horretarako oso leku egokia da, lanerako ordu libre asko uzten dizun tokia". Ibilbide zabaleko artistak kolore askoko pinturak egiten ditu, zertxobait abstraktuak baina iradokizun figuratiboekin. Bailarak bere obran eragina izan duela aipatu digu: "Bolada batean mendira joaten nintzen, inguruko txabola batera eta hango basoak margotzen nituen".

Gorritik bailarari dion maitasunaren eraginpean ere aurkitu dugu Iñigo Altolagirre margolaria. Bere margotzeko teknika abstraktuaren eta figuratiboaren artean mugitzen da, gehienbat lehenengoa erabiliz. "Normalean abstrakzioan nabil beti forma berriak sortu nahian", argitu digu. Bailarak bere obran eragina duela dio: "Batzuetan margotu izan ditut hemengo parajeak nahiko teknika figuratiboan. Hemengo parajeak oso onak dira-eta". Bera baino lehen senide bat, hau ere artista, bailaraz maitemindu zela jakinarazi digu: Remigio Mendiburu eskultorea zena. Altolagirreren hitzetan, nabari daiteke Araizko bailarak sorginkeria antzeko bat eragin diola: "Bailara bezala zoragarria da, hor ditugu Malloak eta Aralar. Bailara honekin txoratuta gelditu gara denok". Gune geografiko moduan ere leku ona dela uste du Altolagirrek. Bailara Iruñea eta Donostia artean kokatzen delako eta horrek mugitzeko erraztasunak ematen dituelako.

Emakume artista bat ere badago Araitzen, Txitxi Orbegozo margolaria. Haren etxea Gorritiren ondokoa da. Tolosarra izanik, jaioterritik gertu zuen bailara ederra ezagutu eta Araitzera bizitzera joan zen bere senarrarekin eta bi seme-alabekin. Kirolaria gimnasia klaseak ematera joan zen Araitzera eta horrela ezagutu zuen Gorriti. Umeak hazteko leku ezin aproposagoa dela uste du Txitxik, baita artisten lanerako ere: "Artisten lana oso bakartia da, lasaitasuna behar da, eta leku hau oso lasaia da". Aitortzen duenez, bailarak eragin handia izan du bere obran. Artista honek gehienbat pastela erabili ohi du, teknika figuratiboan. Izan ere, pertsonak margotzea gustatzen zaio gehien. Horretaz gain, pintura dekoratiboan eta abstraktuan saiakerak ere egin ditu, baina azken teknika hori gogorra gertatzen zaiola dio.

Sorginkeriarengatik izan zen famatu bailara, baina haren edertasuna izan da hainbat euskal artista sorgintzeko gai izan dena.


Azkenak
Futbolari gay-ak zergatik ez dira ausartu azkenean armairutik ateratzera?

Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]


Urdaibaiko Guggenheima konkretatu gabe, Juan Ignacio Vidartek utzi egingo du zuzendari kargua

Urtearen amaieran utziko du ardura postua. Zuzendaritza berritzeko prozesua jarriko dute martxan. Vidartek 32 urte pasatu ditu Bilboko Guggenheim museoko zuzendaritzari lotuta.


2024-05-21 | ARGIA
Nafarroan epaitu gabe gelditu den bortxaketa bikoitza aztertuko du Estrasburgok

2016an bi emakumek bortxatuak izan zirela salatu zuten, Iruñean. 2018an auzia artxibatu zuten eta ez zen epaiketarik egin. Espainiako Poliziak, Fiskaltzak eta Nafarroako Auzitegiak ikerketan egindako irregulartasunak salatu ditu biktimen abokatuak. Espainiako Estatuak... [+]


Eguneraketa berriak daude