Gasteizko sarraskia 1976: «Ez dago hilketengatik erantzukizunak eskatzeko borondate politikorik»

Daniel Udalaitz
2005eko otsailaren 27a

1976ko martxoaren 3ko Gasteizko Biktimen Elkarteko arduradunek bizirik dute oraindik egun hartan jazotakoa. Elkarteko presidente Romualdo Barrosok, lehendakariorde Jose Luis Martinez Ociok, Joseba Marijuan kideak, Andoni Txasko bozeramaileak eta Santiago Diaz de Espada idazkariak adierazi digute ez dagoela borondate politikorik poliziak martxoaren 3an hildako Gasteizko bost langileengatik erantzukizunak eskatzeko. Orduan Gobernazio ministroa zen eta gaur egun Galiziako PPko eta gobernuko buru den Fraga Iribarnek zuzendu zituen hilketa haiek. Argazkian ageri diren elkarteko bost kideek erantzun dituzte gure galderak.

Noiz eta zergatik sortu zen Martxoaren 3ko Gasteizko Biktimen Elkartea?
Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea 1999ko urrian jaio zen. Gertakari tragiko hura bizi eta jasan behar izan genuen biktima eta familiartekoen eta LAB eta ESK sindikatuetako ordezkarien kezkaren ondorioz sortu zen. Zenbait hilabete lehenago, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko Indarkeriaren Biktimen Ponentziara jo genuen. Aipagarria da Romualdo Barrosoren sendotasuna eta adorea. Hildakoetako baten aita da bera, elkarteko burua, eta gu denontzat erreferentzia garbia.

Zein dira zuen helburuak?
Terrorismoaren biktimatzat onar gaitzatela, egia bilatu eta zabal dadila, eta mota guztietako erantzukizunak eska daitezela dira elkartearen helburu nagusiak.

Izan duzue edo baduzue Euskal Herriko politikoen, sindikatuen, gizartearen edo erakundeen sostengurik?
Hasieran (1976-77 urteetan) sostengu handia izan genuen. Herritarrek nahiz politiko eta sindikatuek gertakariak salatu eta erantzukizunak eskatu zituzten. Baina pixkanaka-pixkanaka asko gutaz ahaztu ziren, eta ezker abertzalea eta LAB, ESK eta STEE-EILAS bezalako klase-sindikatuak izan dira martxoaren 3ko espiritua historikoki bizirik iraunarazi dutenak. Horiez gain, oinarrizko erakundeen, auzo, gazte eta emakume erakundeen, kultur taldeen, elizako sektore baten, eta abarren sostengua izan dugu eta horiek ere egia eta justizia eskatzen dituzte.
Azken boladan, eta martxoaren 3ko elkarteak eskatuta, alderdi politikoak laguntzen hasi zaizkigu; alderdi politiko guztiak PP eta PSOE izan ezik, PPk Fraga Iribarne -hilketa haien arduradun nagusia- estaltzen eta babesten jarraitzen baitu eta PSOEk oso jarrera anbiguoa erakusten baitu.
Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin eta Lehendakaritzarekin harremanetan jarri gara, eta gurekin daudela eta ulertzen gaituztela adierazi digute, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela uste dugu. Madrilek ez baditu bidegabekeriak konpondu nahi, orduan hemen hartu beharko dira neurriak eta hemen egin beharko dira bidegabekeriak konpontzeko legeak. Eta, zentzu horretan, lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren betebeharra da konpromiso hori beregain hartzea.
LADILOA>Agortu dira Espainiako estatuaren bide juridikoakBLADILOA>

Zein pauso eman dituzue orain arte, nolako emaitzak lortu dituzue eta zein urrats berri emateko asmoa duzue?
Hasieran Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunaren Legean sar gintzatela eskatu genuen. Erantzuna zorrotza izan zen: poliziaren jarrera ez zela ekintza terrorista izan esan ziguten, galdutako ordena berrezartzeko ekintza baizik. Beraz, auzi errekurtsoak aurkeztu bagenituen ere, lege horretara atxikitzea ukatu ziguten.
Kereila kriminala aurkeztu genuen langileak metrailatu zituzten tropen arduradunaren aurka, baina ez zuten izapidetzeko onartu, esan zigutenez gertakariak preskribituta zeudelako eta edonola ere gai horren eskumena jurisdikzio militarrak zeukalako. Ondoren Konstituzio Auzitegian aurkeztu genuen babes errekurtsoari emandako ebazpenak berretsi egin zuen Probintzia Auzitegiaren epaia. Espainiako estatuko bide juridiko guztiak agortuta, giza eskubideen Estrasburgoko eta Genevako auzitegietara jo genuen, eta orain helegitea tramiterako onartu digute. Laster Genevara joango gara gure bertsioa kontatzera.
Esparru judizialetik kanpo, hainbat mozio aurkeztu ditugu Gasteizko Udalean, Arabako Foru Aldundian eta Eusko Legebiltzarrean. Horietan guztietan laguntza eta instituzioen inplikazioa eskatu dugu, hau da, sarraski hura gaitzets dezatela, egia jakiten lagunduko duen ikerketa egin dadila agindu dezatela, eta terrorismoaren biktimak garela aitor dezatela. EAJk, ezker abertzaleak, EAk eta EBk erabateko elkartasuna adierazi digute; PSOEren elkartasuna txikiagoa izan da, zalantzak ditu; eta PPrengandik gaitzespen argi eta garbia jaso dugu. Adierazgarria izan zen Gasteizko alkatea den Alfonso Alonsoren keinua, gure ustez iraingarriak izan ziren Fraga Iribarneren adierazpen batzuk gaitzesteko aurkeztu genuen mozioa atzera botatzeko, kalitatezko botoa erabili baitzuen. Adierazpen haietan Fragak esan zuen poliziak Gasteizen izan zuen jokabidea ez zela gehiegizkoa izan -bost langile tirokatuta hil eta ehunetik gora balaz zauritu zituzten-.
Egia zabaltzeko daukagun irrikaren adierazgarri, martxoaren 3ari buruzko bi liburu argitaratu ditugu Arabera argitaletxearen bidez. Lehenengoa Amparo Lasherasek idatzi zuen sarraskiaren 25. urteurrena zela-eta, eta bigarrena, berriz, artearen eta kulturaren munduko hainbat pintore, eskulturagile, poeta, bertsolari, argazkilari, komikigile eta abarren artean egin zuten. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatearen menpeko Valentin de Foronda Gizarte Historia Institutuak nazioarteko giza eskubideen auzitegietan gure bermea izango den txosten-irizpena egin du guk eskatuta.

36ko Gerraren eta diktadura frankistaren biktimak aintzat hartzeko Espainiako Gobernuaren proiektu bat da hizpide orain. Zein neurri eta baldintzetan izan liteke proiektu hori zuen helburuak lortzeko bidea? Edo bide horrekin ere ez duzue esperantzarik?
Daukagun informazioarekin, eta azken emaitzen zain gaudela, legekoa ez den proposamen hori positiboa iruditzen zaigu, baina ez nahikoa. Ilusioa piztu du, baina garatu egin behar da itxaropen eta esperantza faltsurik sor ez dezan eta biktimentzat eta haien familientzat frustrazio iturri bilaka ez dadin. Proiektu hori gure ustez ez da nahikoa, izan ere, galdutako askatasun eta eskubideak berreskuratzeko borrokan erori zirenak aintzat hartzen dituen arren, ez baitu biderik ematen gertakari haiek ikertzeko eta argitzeko eta, horrela, zigorrik gabe gelditzen baitira errudun materialak eta errudun politikoak.
Legekoa ez den proposamena anbiziorik gabea eta bidegabea da, ezinezko egiten baitu auzi judizialak berrikusteari ekitea. Biktimak terrorismoaren biktimatzat ere ez ditu onartzen, eta zorigaiztoko garai hartako gertakari ilunak ikertu, argitu eta erantzuleei kontuak eskatzea ere ez du sustatzen.
Biktimei egiten zaien errekonozimendu morala eta ekonomikoa erabat eskasa da. Gure iritziz egia bilatzeak eta erantzukizunak eskatzeak daukate lehentasuna. Espainiako estatuari eskatzen diogu aitor dezala ekintza terrorista haiek estatuko egiturek eurek eragin zituztela garai hartako aginte diktatorialaren babesarekin.
LADILOA>Borondate politikorik batere ezBLADILOA>

Gauzak horrela, eta elkarteak izandako esperientziarekin, zuen ustez borondate politikorik ba al dago besteak beste bost langileren heriotza eragin zuten 1976ko martxoaren 3ko gertakari haiek argitzeko?
Batere borondate politikorik ez dagoela pentsatzen dugu, Amnistia Legearen, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzio Auzitegiaren babesera jotzen baitute politikoek benetako estatu terrorismoko ekintza izan zen martxoaren 3ko sarraski hura berriro ireki edo epaitu behar ez izateko. Baina beste aldetik, Espainiako estatuko erakunde juridikoak denboran eta distantzian oso urrun dauden beste herrialde batzuetako genozida eta diktadoreen aurkako ekintzak sustatzen ari dira.
Nola pentsatuko dugu, bada, borondate politikoa dagoela PPk ukatu egiten badu trantsizio garaian errepresioaren biktimak egon zirela eta alderdi politiko horren iritziz «ereduzko trantsizio demokratikoa» gertatu bazen, benetan gertatu zena mozorrotutako lege inposatzaile bat egin zutela bada eta lege horrek kontu hauei bukaera emateko Konstituzioa izaten bukatu zuela jakinda? Gure iritziz, PPk ez ditu berriz ireki nahi «historiako gertaera tristeak» deitzen dituenak -guk estatu terrorismoko benetako gertaerak deitzen diegu-, gertaera haietako protagonista nagusia Fraga Iribarne izan zelako, hau da, garai hartako Gobernazio ministroa eta egindako gehiegikeria haien guztien arduradun nagusia, Alderdi Popularraren sortzailea eta orain dela urte askotik ohorezko lehendakaria dena.
Eta PSOEren borondatea? Ez gara baikorrak boterean egon zenean gizartearen zati handi baten itxaropenei traizio egin zien alderdi baten borondate politikoaren aurrean. Alderdi sozialistak gehiengo handi baten babesari esker lortu zuen boterera iristea, baina itun lotsagarriak oinarritzat hartuta ez zituen iraganeko arazoak konpondu nahi izan, langile klasea saldu zuen, gerra zikina erabili, GAL ezarri, eta abar.
Guk gure helburuak lortzeko borrokan jarraituko dugu, gure ustez hori baita galdutako askatasunaren aldeko ahaleginean hil zituzten gure lankideei egin diezaiekegun omenaldirik onena.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: 1976ko martxoaren 3a

1976ko martxoaren 3a kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-12 | Arabako Alea
Martxoaren 3ko gertakarien aitortza galdegingo dio Europak Espainiari

Justizia Ministerioari elkarte memorialistak eskatutako gutuna helaraztea adostu du Eskari Batzordeak.


EAEko Espainiako Gobernuko ordezkariaren ustez Martxoak 3ko hildakoek ez dute lekurik Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroan

 Jesus Laza ordezkariak dionez “gertatutakoa ez zelako terrorismoa izan”. Martxoak 3 elkarteak salatu du “memorialak memoria apartheida planteatzen duela” eta “estatuko terrorismoa” dela gaineratu dute Hala Bedik jaso duenez.


2018-05-17 | Miren Osa Galdona
Martxoaren 3ko sarraskian izan ziren polizien zerrenda eskatu dio Servini epaileak Espainiako Gobernuari

Maria Servini epaile argentinarrak kargu hartu dio Espainiako Gobernuari. Barne Ministerioari eta Gobernuak Araban duen ordezkaritzari 1976ko martxoaren 3an Gasteizko polizia operazioan parte hartu zuten polizien izenak eskatu dizkie. Baita goi kargu eta kasuarekin zerikusia izan dezakeen ororen datuak ere.


15.340 egun justizia eske

Pasa den larunbatean 42 urte bete dira sarraskia gertatu zenetik. Espainiako Poliziak 1976ko martxoaren 3ko greba orokorrean egin zituen 2.000 tiroek bost lagun hil eta 150 zauritu zituen.


2018-03-05 | Arabako Alea
Martxoaren 3ko biktimentzat justizia eskatu dute milaka lagunek Gasteizen

Aurten, emakumeek eta herri mugimenduek hartu dute protagonismoa.


2018-03-04 | Juan Mari Arregi
Gasteiz 1976: ez ahaztu, ez etsi

Espainiako Estatuko ordezkariek eta Arabako patronalak 1976ko martxoaren 3ko data ahaztu nahi dute.


2018-03-02
"Gasteizko herri mugimenduari esker daude bizirik 1976ko martxoaren 3ko aldarrikapenak"

Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko bozeramailearekin hitz egin dute gaur Hala Bediko Hizpidea saioan, 1976ko martxoaren 3ko hilketen 42. urteurrenaren bezperan. Urteotan guztiotan Gasteizko herri mugimenduak izan duen garrantzia nabarmendu du Martinezek, hildako 5 langileen eta zauritutako guztien memoria bizirik mantendu ez ezik, egungo antolaketa eta aniztasunaren eredu ere izan baita.


2018-03-02 | Jaikialdia
M3an kanpusean gertatutakoaren harira ikasleriaren irakurketa

Larunbatean beteko dira 42 urte martxoak 3ko sarraskia pasa zenetik. 42 urte poliziak 5 langile hil eta ehunka zauritu zituela. 42 urte Gasteizko eta Euskal Herriko langile mugimenduaren historia beltzez tintatu zenetik.


2018-03-01 | ARGIA
Ertzaintza Arabako campusean sartu da, Martxoaren 3a salatzeko manifestazio baten aurka oldartu ondoren

Ikasle Abertzaleek deituta manifestazioa egin dute 1976ko martxoaren 3an poliziak bost langile hil zituela gogoratzeko. Hala Bedi bere webgunean argitaratu duenez manifestazioa amaitzen ari zela Ertzaintzak kargatu egin du ikasleen kontra.


2018-02-27 | Hala Bedi
Martxoaren 3ko mobilizazio nagusiak aurkeztu dituzte Gasteizen

Martxoaren 8ko Greba Feministan parte hartzeko deia egin dute eragileek eta sindikatuek, izan ere, mugimendu feminista izango da aurtengo Martxoaren 3ko protagonista nagusietako bat. Ekitaldi nagusia 19:00etan abiatuko den manifestazioa izango da, aurten sindikatuek sinatuko ez dutena.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude