Airea uste baino astunagoa da
Zientzialari hego-korear eta frantsesek airearen argon edukia kalkulatu dute. 1969. urteaz geroztik lehen aldia da argon edukia neurtzen dena eta Institute of Physics-ek argitaratzen duen Metrologia aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak.
Ikastetxeetan ikasleei airearen konposizioa galdetuz gero, hau erantzungo lukete: %77 nitrogenoa, %21 oxigenoa, ia %1 ur-lurruna, %0,04 karbono dioxidoa, %0,9 argona eta beste batzuk.
1903an egindako neurketek argon-kopurua %0,934koa zela zehaztu zuten, eta gerora egindako neurketek %0,917. Orain ateratako kopurua %0,9332koa da eta uste denez ziurtasun handiko datua da.
Datu honek txikikeria badirudi ere, garrantzi handia du zientzialarientzat. Zerk pisatzen du gehiago: kilo bat lumak edo kilo bat berunek? Ohiko erantzuna biak berdin pisatzen dutela da, baina hori ez da zuzena, hori hutsean baino betetzen ez baita. Hau da, hutsean berdin pisatzen duten luma kiloa eta berun kiloa gure atmosferan pisatuko bagenitu, beruna luma baino astunagoa dela ikusiko genuke, pisatzerakoan gorputzen dentsitateak airean eragiten baitu, Arkimedes-en printzipioaren arabera »lumak beruna baino gehiago flotatzen du airean».
Metrologoek masa neurtzen dutenean airearen flotazio-efektua zuzentzen duen ekuazioa erabiltzen dute. Argon edukiaren aldaketek airearen dentsitatea %0,01 aldatzea eragin izan dute, hau da, altzairu herdoilgaitzaren kilo batean 15 mikrogramoren aldaketa. Zifra hau bere horretan txikia bada ere, garrantzi handikoa da eskala handian. Hegazkingintza eta espaziontzigintza dira beti aipatzen direnak, baina edozein lan zibileko segurtasun-neurrien koefizienteetan gorabehera txiki batzuk milioika euro dira.
Erleen antolaketari so
Erleen arteko antolaketan feromonek garrantzi handia dute. Erreginaren matrail hezurretik emititutako feromonek erle langileak estimulatzen dituzte errege-gelaxkak eraiki ditzaten. Baina ikerlari frantziar eta estatubatuarrek beste feromona bat identifikatu dute erle langileen portaera beraien artean baldintzatzen duena.
Etiloko oleatoa da aurkitutako molekula eta hau erle langile helduek erabiltzen dute erle langile gazteen portaera kontrolatzeko.
INRAko Isabelle Leoncinik dioenez, polena biltzen duten erleek neurri batean blokeatu egiten dute erle gazteen garapena aipatu feromonaren bidez.
Erle gazteei etiloko oleatoa jaten emanda, bizpahiru egun beranduago hasten dira polena biltzen eta kontuan hartu behar da bizpahiru egun oso epe luzea dela bospasei asteko bizia duten erleetan.
Horri esker, lan-karga banatu egiten da erleen artean eta erlategian dagoen polen-gordailuaren arabera erle gehiago edo gutxiago jartzen dira lanean.