La Buena Vida: «Laguntasuna da gure taldeko diamantea»

Hasieratik Siestarekin lan egin ostean, azken diskorako diskoetxez aldatu duzue.
MIKEL AGUIRRE: Beti lan prozesu bera jarraitzeko mekanika hartua genuen eta nekatuta ginen, aldatzeko gogoz. Ez dugu ondoegi bukatu Siestarekin, taldearen sorreran zati garrantzitsua izan direla uste baitzuten, baina gu beti izan gara talde sendoa konpainiatik at, lan harremana baino ez da izan guretzat. Orain, zorte handia izan dugu Sinnamon Records topatuta, oso ondo zaintzen gaituztelako eta guk bilatzen genuena delako: ez da soilik dirua helburu duen multinazionala eta ez da Siesta bezain txikia.

Biran ere esperientzia berria izan duzue: Et Incarnatus orkestrarekin aritu zarete. Zer moduzko esperientzia izan da?
PEDRO SAN MARTIN: Bikaina. 26 lagunekin bira egitea erronka gogorra da eta oso ondo atera zaigu. Erantzukizuna eta esfortzua handia izan da, baina jendeak erantzun egin du, halako emanaldiak eskaintzeko gauza garela erakutsi dugu eta pozgarria da hori. Ilusioa berritzea garrantzitsua da: oraingoan orkestra batekin jo dugu, hurrengoan zeinek daki...

Hala ere, zuzeneko makal samarra duzuela esan ohi dute musika adituek.
M.A.: Bai, ez gara zuzeneko taldea, badakigu, baina aurten asko hobetu dugu. Dena eman dugu eta sakrifizio handia izan da, baina merezi izan du: jendeak gozatu egin du eta kritika onak izan ditugu. Bira guztiz arrakastatsua izan da. Bartzelonan, esaterako, seigarren aldiz jo dugu urte berean eta antzoki nagusia beteta zegoen, ez zegoenn leku bat ere libre. Aurreko birekiko entzule kopurua bikoiztu dugu. Tekniko kopurua ere handiagoa izan da: zaila da 26 lagun batera mugitzea baina lortu dugu eta oso polita izan da gure istorioa besteekin partekatzea.

Laguntasunak garrantzi handia du taldean.
P.S.: Dudarik gabe. Hori gabe honek ez luke aurrera egingo.

M.A.: Gauza on eta txarren 15 urteko hartu-emanak lotura estuak sortzen ditu, ezinbestean. Mota guztietako egoerak gainditzen jakin izan dugu. Laguntasuna da gure taldeko diamantea, energia ematen diguna eta hori kanpotik sumatzen da. Talde gutxik daramatzate 15 urte, sei pertsona elkarrekin eta gainera musikatik bizi gabe. Taula gainean ez gara lau esaldirekin ikusleria pozik uzten duen ohiko taldea, natural jokatzen dugu eta funtzionatzeko berezko modua dugu, gertukoa.

Sasoi ona bizi duzue. Musikatik bizitzea gustatuko litzaizueke?
M.A.: Hori hurrengo pausoa izango litzateke, baina oso zaila ikusten dut, norberak bere familia eta laneko ardurak dituelako eta sakrifizio handia delako. Kontuak ateratzean zenbakiek esango digute musikatik bakarrik bizi gaitezkeen ala ez. Dena den, ekonomia albo batera utziz, musikalki sendotu gara, komunikabideetan azkenaldian errespetuz hartzen gaituzte eta ez hasiberriak bezala. Une hau luxua da guretzako. Musikaren mundua oso gaizki dagoela badakigu eta zorte handia izan dugu egin dugun biran eta disko berrian inbertitu duen diskoetxea topatuta.

P.S.: 15 urteren ondoren, unerik onena orain dugula ikustea ederra da, horrek bide bat egin dugula eta oraindik igotzen jarraitu dezakegula erakusten baitigu. Gauzak pixkanaka lortu ditugu eta duela zazpi urte galdetuz gero, gailurra jo genuela erantzungo genuke, Frantzian oso une goxoa bizi izan baikenuen. Beraz, karrerako une onena hau da baina oraingoz bakarrik, ea etorkizunean... Hurrengo diskorako abiapuntua sendoa da, jada ez dugu lehen bezala disko bakoitzarekin zer emateko gauza garen frogatzen ibili beharrik. Musikatik bizitzea ez da helmuga, ondorioa baizik.

Lau konpositore zarete taldean. Errazagoa ala zailagoa da hainbaten artean musika egitea?
M.A.: Egia esan, ideiak bateratu egiten ditugu eta azkenean mundu guztiak eragiten du. Ez taldeak bakarrik, baita teknikoek, moldatzaileek eta abarrek ere. Eskuz esku doa eta oso talde demokratikoa gara, egile eskubideak denonak dira eta talde solidarioa izaten saiatzen gara, lider bat izatea gerora okerragoa baita. Urte asko eman ditugu lokalean entseatzen eta batera lan egiten ikasi dugu.

Zuen estiloa zaila da definitzen.
M.A.: Berezko soinua daukagu. Ezer asmatzen ez duen popa da, baina jotzen duen jendeak eta abestiak interpretatzeko erak asko eragiten du. Zeren antza duen? Ez nuke jakingo esaten. Ez dago ezeren antzeko izateko nahirik, alderantziz: gure soinuarekiko leial izan nahi du, baina errepikatu gabe. Gero eta ezeren antza gutxiago dugu.

Eta zer adierazi nahi duzue abestien bidez?
M.A.: Bakardadean entzuteko diskoak egiten ditugu normalean. Hausnarketa eta une intimoa bilatzen duten kantuak dira; bizitzeko eta bizitza sentitzeko modu itxaropentsua eta baikorra izan nahi dute.

Benetan? Nahiko abesti tristeak dirudite.
M.A.: Ez dut uste tristeak direnik. New Order taldeak ere, adibidez, soinu tristea du, baina baikorra da. Lur jota uzten ez zaituen tristura da.

P.S.: Gauzak gaizki ateratzen direnean, txarrean hartu eta arazoetan ito zaitezke edo inflexio puntu bat bila dezakezu aurrera irteteko. Azken aukera hori da proposatu ohi duguna. Dena den, askotan abestiak taldeko kideek bizi ditugun uneen isla izaten dira.

M.A.: La Buena Vidak melodrama jorratzen du abestiak idazteko garaian; maitasuna, bikoteen harremanak eta halakoak. Hala ere, letra baikorrak dira. Lehenengo bi diskoak, esaterako, freskoak dira, ia nerabe garaikoak eta azkeneko diskotik Deja las tiendas desiertas ironikoa edo Lo que dicte el corazón abestia alaiak dira, ilusioa eta giro ona sortzen dute.

Kritikoek talde alternatibotzat zaituztete.
P.S.: Ez dut uste talde arraroa garenik. Musika asko eta oso desberdina ezagutzen dugu eta talde eskuragarria gara. Pixkanaka geroz eta zale gehiago biltzen ari gara.

M.A.: Izatekotan, guk ez beste inork ez gaituelako lagundu har gaitzakete alternatibotzat. Azkenean, lan egin dugunak eta aurrera egin dugunak gu geu izan gara. Konpainia txikiekin lan egin dugu eta gure kabuz ibili gara beti. Musikari dagokionez, ez diogu guk gure buruari etiketarik jarriko, proposamen bat luzatzen dugu eta jendeak balora dezala. Egia da kontzertuetan ez garela momentuko abeslariaren ohiko showen aldekoak, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik ezer transmititzen, alderantziz.

P.S.: Kontzertuetan zerbait berezia bilatzen duen entzulearekin bat egiten dugu eta ez betikoaren bila doanarekin.

Nola ikusten duzue etorkizuna?
M.A.: Gauza berriak gaineratzen jarraitzea gustatuko litzaiguke. Jende interesgarriarekin disko interesgarria egin eta Ingalaterran eta Frantzian jo nahi genuke. Musikatik bizitzea da gure ametsa, baina diskoak errentagarriak diren bitartean eta musika munduan jarraitu dezakegun bitartean, pozik gaude.

Etxean arrotz?
Kanpoan Euskal Herrian baino ezagunagoak izan dira denbora askoan baina hori aldatu dela dio Mikel Aguirrek. «Kafe Antzokian, Kursaalean edo Antzoki Zaharrean eskaini ditugun azkeneko emanaldiak bete-beteta egon dira. Taldea hazten joan den heinean, jendeak erantzun egin du. Euskadin talde baztertua garela esan ohi da batzuetan, baina ez dut uste. Lehen agian bai, baina orain geroz eta jende gehiagok ezagutzen gaitu eta hemengo komunikabideekin elkarrizketa ugari izan ditugu. Harrera eta laguntza handiagoa gustatuko litzaiguke, baina pixkanaka ari gara». Madrilgo diskoetxea utzi eta Bartzelonako berriaren filosofia aldaketak zer ikusi handia duela gaineratu du. Hemengoak izateaz harro daudela eta kanpoan Donostia asko saltzen dutela aitortu digu Mikelek. «Hain txikia izanik ikaragarria da kulturalki hiri honek duen eskaintza. Inspiratzeko ere hiri bikaina da: ekaitz egun batean Pasealeku Berritik buelta bat ematea baino ez dago». Euskal Herriko abeslariak ere atsegin dituzte: «Anari, Laboa, Ruper... gustuko ditugu, ez dugu mugarik jartzen. Euskadin beti dago lan egiteko jende oso interesgarria».

Sei erditze
La Buena Vida (1993) eta Los Mejores Momentos (1994) disko freskoenak direla diote, «baina ez dira oso profesionalak». Lehenengoa 150.000 pezetagatik grabatu zuten aste batean. «Ikasteko diskoak izan ziren». Soidemersol (1997) «lehenengo disko konplexua izan zen, konposizio eta produkzio aldetik, eta berezia da taldearentzat». Panorama (1999) «lan zaila eta gogorra izan zen». Lehenengoz geografikoki sakabanatuta zeuden eta elektronikaren eta samplerren munduan sartu ziren; «gehiegi konplikatu ginen eta freakyagoa atera zitzaigun, arraroagoa», dio Aguirrek. Hallelujah (2001) diskoak gitarra akustikoak, bateria suabea, hiru organo eta orkestrarako moldaketak ditu baina «arrunta da bai soinuz bai planteamenduz». Álbum (2003) oso desberdina da: «Beatlesen gitarra soinuetara itzuli gara, abesti souleroak eta jazzeroak ere baditu». Diskoko Los Planetas singlea Espainiako salduena izatera iritsi zen Afyve erakundeko datuen arabera eta Un actor mejicano da beraien azken singlea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Taldeak
Neomak taldea
"Tradizionala dirudien zerbaitetik hasita, perreoan amaitzen dugu jende artean"

Kepa Junkerarekin panderojole aritu ziren sorginek ibilbide propioari ekin diote eta lehen diskoa aurkeztu dute Durangoko Azokan. Trikitixa eta panderoa alboratu gabe, gozoki gozoa gehitu diote Neomak sorkuntza-proiektuari: musika elektronikoa.


‘Loturak’ festibala sortu dute Leire Iribarne omentzeko

Donibane Garaziko gaztetxeak hiru eguneko festibala prestatu du. Ekainaren 16tik 18ra ospatuko dute Lasan eta Donibane Garazin.


2021-06-27 | Xalba Ramirez
Komunikazioa-inkomunikazioa: tradizioa eta abangoardia

Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]


Lourdes Iriondo
Ez Dok Amairu-ren gidaria

Kantagintza berriaren izen lehenetarik bat izan zen. Arrakasta itzelezkoa izan zuen bakarlari, eta Ez Dok Amairuren partaide eta eragile izan zen. Iaz, Xabier Leteren omenezko ekitaldiak batean eta bestean egin zirenean, hantxe izan zen beti edo gehienean Lourdes Iriondoren... [+]


Eguneraketa berriak daude