Bandoleroak, bidelapurrak ala kriminalak?

  • Bandoleroei buruz hitz egiten dugunean segituan irudi finko bat datorkigu burura: Andaluziako Sierra Morenara ihes egindako patiladun gizon haiek, trabukoa eskuan, labana sakelean eta zapia buruan zutela, hamarnaka abentura bizitako gizaseme gogorrak. Baina Euskal Herrian ere, egon, bazeuden bandoleroak, edo bidelapurrak. XIX. mende hastapenetan lurralde hauetako baso eta portuetan, iheslari gisa bizi zen euskaldun franko zegoen. Bandolero ongileak, kriminalak edo bidelapur gosetuak, zer ziren?

2004ko uztailaren 18an
Ezin ditugu bandoleroak leku zehatz batera mugatu; noski bandolerismoak leku bakoitzean ezaugarri ezberdinak zituela, baina munduko bazter guztietan zeuden; zer dira bada Ingalaterrako Robin Hood, edo Txekiako Johan Georg Grasel famatuak?

Baina ez bazter guztietan bakarrik, garai guztietan ere existitu dira bandoleroak, XII. mendean Aymeric Picaud frantziar erromesa euskal lurraldea igarotzeko beldur zen, Ibañetako gainean bidelapurrek bertan hilko zutelakoan. XV. mendean, berriz, Sancho Rota izeneko gizon bat oso ezaguna egin zen, garai haietan basoz estalirik zeuden Bardeetan gordetzen zen, bertan lapurretak eta bahiketak egiten zituen; Navarro Villosladak «Blanca de Navarra" printzesaren bahiketan parte hartu zuela dio eta lagunekin eskuzabala baina arerioekin krudela zela.

Agintarientzat gaizkile, herritarrentzat ongile

Ezin dezakegu ukatu ordea, bandolerismoaren urrezko garaia, Aitzin Erregimenaren krisiarekin batera etorri zela, XVIII. mende bukaeratik XIX.aren hastapenetara. Urte hauetako krisiak biztanleria txiroa gogor kolpatu zuen eta askok lapurretetara jo zuten diru sarrera gehiagoren bila.

Baina bandolero hitzak badu esanahi sakonagorik, ez ziren lapurretak edo delituak egitera soilik mugatzen, nahiz eta garai haietako dokumentu ofizialek, gaizkile, delinkuente eta pertsona maltzur bezala tratatzen zituzten. Esaterako, 1799an fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen Joaquin Iturberentzat, antza denez: lapurretak egin, asmo maltzurrak izan eta edonor hiltzeko prest egoteagatik. Paradoxa nabarmena hala ere, Santua ezizenez ezagutzen zen bandoleroa baitzen Iturbe hau. Beraz, agintarien ustez, maltzurrak, hiltzaileak eta bidegabekeriak egitera ohituak genituen lagun hauek.

Zein irudi gorde zuen ordea gizarteak pertsonaia hauen inguruan? Bandoleroa ez zen gizon maltzurra; alderantziz, lapurretan hasi baino lehen lanbide duinetan ibilitakoa zen, baina gertakizun zehatz batzuek bandolerismora bultzatu zuten. Bandoleroak ez zuen sekula inor hiltzen, lapurretak edo asaltoak justizia bere modura banatzeko tresna ziren. Horrelakoa genuen Baztango Txitxos, seminarioa utzi eta aberatsei lapurtzen hasi omen zen behartsuei emateko; Eltzoko apaizak ere abituak utzi zituen gauza bera egiteko. Bandoleroa mito bizidun bihurtzen zen horrela, bizkorra baitzen, makina bat aldiz kartzelatik ihes egindakoa eta hamaika istorio bizitakoa. Baina gehienetan amaiera garratza izaten zuen, adiskideren batek engainaturik harrapatua eta ia beti heriotzara kondenatua.

Guiñi eta Patakon, euskal bandolero bi

Euskal Herrian bandolero ezagunak ez ziren asko izan, baina badaude adibide batzuk. Horien artean aurkitzen dugu Juan Joseph Ibargoien, Guiñi deiturikoa eta 1767an Irungo Urruzenea baserrian jaiotakoa. Lapurretetan hasi aurretik soldadu, mikelete, eta kontrabandista izan zen, kortsario lanetan ere ibili zen. Baina 1800 urtearen bueltan Guiñik Euskal Herriko bazter guztietan makina bat lapurreta burutu zituen, ia beti Pedro Carderecar Frantses Txikiak lagundurik: Bizkaiko Zaldropon, Gipuzkoako Zubietako Araetan, Errenteriako errege bidetik pasatzen ziren bidaiariei eta Aramako alkatearen etxean ere lapurtu zuen. Baina kartzelak ere ongi ezagutzen zituen, Gasteizen, Gernikan eta Ferrolen egona zen, guztietatik ihes egitea lortu bazuen ere.

Guiñiren lapurreta sonatuena 1800eko uztailean Hernanin egindakoa izan zen, bertan, 30 lagunez osaturiko talde batek 134.000 erreal lapurtu zituen herrian tiroka sartu eta gero; antza, kontrabandorako dibisak ziren, udalak, konfiskaturik eta etxe batean gorderik zituen sosak. Baina lapurtutakoa ez zen talde honen artean banatu, Iparraldeko kontrabandistei eman baitzitzaien, beraz, diru erreskate bat izan zen eta ez lapurreta soil bat. Hernaniko ekintza honen ostean Guiñi iheska ibili zen, baina azkenean Donostiako Motako gazteluan bukatu zuen preso, 1804ko apirilean Bartholome Aguirre kidearekin batera hil zuten, hiriburuko Plaza Berrian garrotea emanez.

Bizirauteko bakarrik lapurtzen zuen Guiñik, baina bandolero nortasuna ere bazuen, nahiz eta aberatsei lapurturikoa behartsuen artean banatu ez. Horretan zintzoago jokatzen zuen Patakonek, Manuel Antonio Madariaga izeneko bandolero famatuak: "Patakon, dekonari kendu eta estekonari emon", diote Bizkaiko Larrabetzuko zaharrenek. Lanbidez errementaria zen, idazten eta irakurtzen ere bazekien, baina osaba bat apaizaren etxean lapurreta egiteagatik kartzelan egona zen eta askazi berekoa genuen Patakon. 1823an bere lehenengo lapurreta burutu zuen eta hortik aurrera, lapurretak eta kartzela aldiak besterik ez zituen ezagutu: Arabako Kexaan, Bizkaiko Bizkargin, abade eta aberatsen etxeetan... Azkenean 1848an harrapatu ostean Melillara eraman zuten eta bertako kartzelatik ihes egitea lortu bazuen ere, Afrikan hil zela esan ohi da.

Patakoni buruzko makina bat istorio eta sinestek iraun dute gaur egun arte, bizkorra zela esaten dute: behin, sortu berria zen Guardia Zibila atzetik segika zuela, zaldiaren erradurak atzekoz aurrera jarri zituen eta modu horretan arrastoa galtzea lortu zuen. Beste behin, errenta ezin ordaindurik zebilen alargun bati dirua eman zion, baina berriro berreskuratu zuen ostera, ugazaba errenta kobratzetik zetorrela, bidean azaldu eta diru-poltsa kendu baitzion. Inork ez zuen zalantzan jartzen Patakon lapurra zela, baina "lapur onratue" omen zen, beti behartsuen alde egiteko prest.

Bandolerismoa: Krisiaren adierazle

Menderik menderako igarobide horretan, Erregimen Zaharraren krisi ekonomikoaz gain, gerrak ugaritu ziren. 1893an Konbentzioko Gerra, 1808an frantsesen kontrakoa, 1820an liberalen kontrako partida errealistak eta 1833an lehen Karlistaldia gauzatu zen. Krisi ekonomiko eta gerra giro honetan murgildurik, bandoleroek leku erosoa aurkitu zuten, askok gerra hauetan parte hartu zuten gainera »Guiñi eta Joaquin Santua soldadu izan ziren eta Patakon partida errealistetan ibilia zen»; izan ere, ezegonkortasun politikoak eraginda, bandoleroek justizia euren kabuz erabili nahi zuten, herritarrak goseak baitzeuden eta bizirauteko modu bakarra lapurreta zen.

Bandolero gehienak ez ziren sekula herritarrengandik urrundu, askotan bizilagunek laguntzen zietelako jarraitzen zuten libre, hauen etxeetan lo egin eta jaten zuten, atxilotzera zihoazenean berriz, abisua pasatzen zieten ihes egiteko... Noski, bandolero bakoitzak bere nortasuna zuen, batzuek elkartasuna zer zen ere ez zekiten, beste batzuk berriz herritarren begiko ziren. Onartu beharra dago ordea, bakoitzak bere modura, baina guztiek garai haietako gizarte ezberdintasunaren kontrako borrokan parte hartu zutela.

Espetxeak eta urkamendiak
Zenbat aldiz atxilotu, hainbat aldiz ihes egindakoak ziren bandoleroak. Mutriku, Tolosa, Aramaio, Errenteria... ia herri guztietan bazen espetxe edo giltzaperik, baina udalek ez zuten dirurik hauek mantentzeko edo atxilotuen zainketa egoki bat egiteko. Guiñi Errenterian preso egon zenean, bertako alkatea beldur zen ihes egingo ote zuen, eta horrela izan zen: udaletxe barruan zegoen kartzelako horma eskalatu ondoren, bertako ataritik irten zen guardiak deskuidaturik zeuden batean. Joaquin Santuak hainbat ihesaldi izan zituen ere: Mutrikuko espetxetik bi aldiz egin zuen ihes, lehenengoan bere hankak trabatzen zituen zepoa askatzea lortu zuen, bigarrengoan berriz espetxeko horman zuloa egin eta gero. Baina denetan hoberena, Tolosan burutu zuen hirugarren ihesaldia izan zen: alkaidea erosi zuen.
Euskal Herriko presondegi seguru bakarrak hiriburuetan zeuden, Donostiako Motako gaztelua, esaterako. Hauetako presondegi batean eroriz gero, atxilotuak urkamendian bukatuko zuen seguruenik. Urkamendia bandoleroei estuki loturiko irudi bat dugu. Urte haietan bi heriotza zigor mota zeuden, urkabea edo garrotea. Bertako probintzietako atxilotuak garrote bidez hiltzen zituzten, kanpokoak berriz urkarekin, azken kasu hau ikusgarriagoa zen. Izan ere, heriotza zigorrak ikuskizun bilakatzen ziren, horregatik, hiriburuetako plaza nagusietan egiten ziren, bildutako jendetza oso handia baitzen.
Behin zigortutakoa hil eta gero »borreroak kanpokoa behar zuen izan, foruek hala aginduta», zigorrak jarraipena izaten zuen, batez ere oraindik aske zeuden gaizkileei beldurra sartzeko helburuarekin. Zerraldoaren gorputz atalak probintziako leku jakinetan jartzen ziren, bidegurutze eta pikotetan. Horrela, gertatu zen Nafarroako Lantz inguruan lapurretan ibili ziren guardianoak deituriko bandoleroekin, Iruñean urkatu eta gero hauen zatiak inguruko iturri eta portuetan barreiatu zituzten. Garai haietako biolentzia giroak ez zuen mugarik nonbait.

Atzerritarren begirada
XIX. mendea bidaiarien mendea izan zen, Europako iparraldetik etortzen ziren gehienbat, euren memoriak eta idazlanak aberasteko leku ezezagun eta kuriosoen bila. Horien artean dago Charles Dembowski. Lehen Karlistadan Iberiar Penintsulara gerturatu zen eta honako hau idatzi zuen:
«(...) Bandido izurrite handiaren arrazoien artean, garrantzitsuena gosea da, bidera botatzen baititu dohakabe kantitatea. Karlistek zein giristinoek behin eta berriro larrutua, beti biktima izateaz nazkaturik, baserritarrak eskopeta hartzen du azken salbatzailetzat, gizarteak ukatzen dion babes ezaz mendekatzen dela bera baino ahulagoetan. Gaineratu horri bizimodu ibiltaria eta gerrillari moldeak, Independentzia Gerrak berpiztuak, zeharo datozela bat Katalunia, Aragoi eta Nafarroako menditar harroen izaera abenturazale eta independentearekin».
(Iturria: Diligentzia, Zumalakarregi Museoa, 1996)

Literaturaren iturburu
Bandolerismoa iturburua da eta literatura berriz, bertatik xurgatzen duen edale aseezina. Erromantikoak, harroak, barne-mindurak jotakoak, askatasun bilatzaileak... horrela hartu dute parte bandoleroek historian eta literaturan. Andaluziako arketipoak ditugu ezagun, goi mailako literaturaren protagonista izan zirelako: Lorkaren hitzek, ilargi beltzaren pean zaldi gainean hilik zegoen bandoleroa poesia bihurtu zuten, tragikotasunarekin lotuta zegoen adierazle garbia. Tragikoa, Bizet-en Carmen izan zen bezala: Andaluzian bizi zen ijito euskaldunaren begi beltzek liluraturik, Lizarragabengoa nafarrak, zuen guztia utzi zuen, laban eta trabukoen artean, neskatxa haren krabelinen eta kantu flamenkoen atzetik ibili zen, eroturik, sorgin hari bizia kendu eta urkamendian bukatu zuen arte.

Badira Euskal Herrian bandolerismo literaturaren adibide hurbilekoak ere. Xabier Mendigurenek orain dozena bat urte Patakon kaleratu zuen, bidelapur bizkaitar hau itsaslapur bihurtu zuen eta Antilletako irletan abentura asko pasarazi zizkion, Moby Dick bezalako irudi literarioekin uztartuz. Ahozkotasunetik abiatuta berriz, Kirmen Uribek bandolero edo "pistolero" baten berri eman digu orain gutxi. Garmendia pertsonaia, Amerikako mendebalde urrunera joan zen euskal artzain zintzoa, ustekabean iheslari bihurtzen da, denentzako hiltzaile krudela, inoiz ez zuen pertsona bakar bat zauritu ordea.

Atxaga eta maioralaren patua
Jakina da bandolerismoak goia jo zuenean, diligentzietako maioralek izaten zutela arrisku gehien. Pertsona misteriotsuak eta ausartak hauek ere, Bernardo Atxagak ederki azaltzen dizkigu gidari hauen arriskuak Antonio de Murgiak esan zuena ipuinean. Horrela galdetu zion maioral batek Antonio de Murgiari bandidoei buruz: "Zer egin huen hik haiek ikustean? Galtzetan kaka?" "Oinez hasi nintzenez gero, nik ez dut galtzetan ezer egin". Ordutik gurdi gainean egin zuen bere lanbidea Murgiak, baina Norteko Trenbidea jarritakoan lanbide antzua bihurtu zen hura eta azkenean bandoleroen gisara lapurreta egin zien bere bezeroei, zilarrezko ehun eta hogei duro! Horrek merezi ote kartzelan zeramatzan zortzi urteak? Behintzat irakurtzen eta idazten ikasi zuen itzalean gure maioralak, haren zoria zein izan zen ez dakigu ordea ipuin honetan.

Abadeak helburu
Bandoleroek dirua bilatzen zuten eta hortaz, aberats jendea zen hauen helburu. Elizgizonak eta abadeak ez ziren oso aberatsak, baina bai nahikoa dirudunak. Beraz, Elizaren boterea kinkan zegoen unean herriko apaizak mokadu goxoa ziren lapur berezi hauentzat.
1804ean Urretxuko sakristauaren etxera hainbat "gaizkile" sartu ziren lapurtzera. 1828an, Lezamako apaizari erlojua, kapa eta 60 erreal lapurtu zizkioten eta urte berean Derioko apaiza zauritu zuten lapurreta egin ondoren. Urtebete beranduago, Fikako sakristauari zenbait dokumentu baliotsu kendu zizkioten. Ekintza hauek guztiak Patakonek eginak zirela esan beharrik ez dago. Azkenik, urte haietan Bizkaian zebilen Mariano Abalias bandoleroak Mundakako apaizari erlojua kendu zion kalean zebilela. Nabari da bandoleroek ez zituztela abadeak oso gustuko, Elizaren eta herritarren arteko ezberdintasunaren ondorio, agian.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude