Gure kirolarien urte olinpikoa

  • Nazioarteko kirol ekitaldi esanguratsuena lau urtean behin egiten da, eta aurten prestaketa lanetan oso larri badabiltza ere, Greziako hiriburuan bilduko dira munduko kirolari onenak abuztuaren 13tik 29ra. Abuztua segituan datorrela uste badugu ere, makinatxok oraindik ez daki hara joaterik izango duen. Badoazenekin, joateko esperantzan direnekin eta kanpoan geratu direnekin hitz egin dugu, alegia, Ainhoa Murua, Naroa Agirre, Marta Mendia, Maider Telleria eta Virginia Berasategirekin.
Goi mailako kirolarientzat maila bereko lehiaketak dira jomuga. Bereziki prestatzen dituzte eta urteko plana horren arabera egiten dute. Kirolari batzuentzat Munduko edo Europako Txapelketa jokatzea izango da helburua eta beste batzuek haratagoko ametsak izango dituzte: dominaren bat, podiumera igotzea...

Joko Olinpiarrak lehiaketa berezi horietakoak dira, nahiz eta ezin esan kirol guztientzat balio bera dutenik. Neurriz gain ordaindutako futbolariei ez die grazia handirik egiten joko horiek, baina galdetu Martin Fiz maratoilari erretiratuari. Munduko txapelduna eta txapeldunordea izan zen, baina 1996ko Olinpiadetan laugarren postua "besterik" lortu ez zuelako izugarrizko pena dauka. Mikel Odriozola ibiltari errenteriarra ordezko bada ere 50 kilometro martxako proban, Atenasera badoa, baina pena eta haserrea agertu du zuzenean sailkatuen artean sartu ez dutelako. Galdetu horiei ea Joko Olinpiarrek zein balio duten.

Bada, uste horrekin jo dugu ondorengo orrietan ageri diren goi mailako bost kirolariengana, alegia, Olinpiaden urtea, kirolari askorentzat behintzat, berezia delakoan. Ainhoa Murua triatleta zarauztarra eta Maider Telleria belar gaineko hockey jokalari donostiarra ofizialki sailkatuta daude Atenaserako, Burlatako Marta Mendia gorako jauzilariak eta Naroa Agirre pertika jauzilari donostiarrak abuztuan han izateko esperantza dute »Naroarekin hitz egin genuenean 4,41 eta 4,47 metroko jauziak egin gabe zituen, eta beraz, ez dirudi Atenasera joan gabe geratzeko arriskurik duenik, Espainiako errekorra eta bere marka hoberena gainditu baititu bigarren marka horrekin». Virginia Berasategi triatleta bilbotarra berriz, Atenasera joan gabe geratuko da. Bost emakumeak gogoz prestatu dira abuzturako, baina denek esan digute ez dela urte berezia, beti bezala aritu direla. Ez gaituzte zeharo konbentzitu. "Joko Olinpikoak", "Joko Olinpiarrak" ala "Olinpiadak", nola idatzi behar ote genuen pentsatzen ari ginela kirolariek beraiek gogorarazi digute termino berria: urte olinpikoa.

Urteko marka nolakoa "soldata" halakoa

Ez daukate soldata finkorik emakume kirolari hauek. Badakite aurten zenbateko diru-laguntza izango duten aurrera egiteko, baina datorren urtean, auskalo. Jasotzen dituzten ia laguntza guztiak urtean urtekoak dira, aurreko urteko emaitzen araberakoak »marken arabera gehiago, postuen arabera baino». Horrela berritzen dituzte laguntza ekonomikoak Espainiako Federazioek zein Espainiako Kirol Batzorde Nazionalak, Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak, eta baita EAEko Foru Aldundiek ere. Laguntzei dagokienez, urte olinpikoa ez da berezia, kirolari hauek behintzat, ez dute laguntza berezirik jaso hanka bat Atenasen izateagatik, ezta harako bidea ziurtatuta izanda ere. Urteroko alanbrearen puntan sumatu ditugu, baina bostak oso lasai hitz egiten dute, baita jokoz kanpo geratu den Virginiak eta oraindik ofizialki txartela eskuratu ez duen Martak ere.

Urte olinpikoa dela-eta ez dira eguneroko bizitza eta lan erritmoa aldatzearen aldekoak. Telleria ezik beste lauak etxean entrenatzen dira eta Espainiako Federazioak antolatutako kontzentrazioetara joaten dira soilik »beste urtetan bezala». Olinpiadei begira dauden kirolari asko errendimendu handiko zentroetan aritzen dira entrenatzen »Atenasen parte hartuko duten Espainiako kirolarien 10etik 9 Madrileko Blume kirol egoitzan ari dira prestatzen», baina hauek etxeko goxoa nahiago dute. Telleria harrapatu dugu etxetik kanpo. Beste lauak etxean dira, patxada ederrean entrenatzen, eta hiruk Atenas buruan darabiltela.

Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea
Orain arte Eusko Jaurlaritzak ez zuen euskal kirolari olinpikoentzako programa berezirik. Maiatzean onartutakoaren arabera ordea, Sustapen Olinpikorako Euskal Batzordea udazkenerako eratuko da. Aurtengorako, goi mailako kirolarientzat 350.090 euroko aurrekontua aurreikusita dago.

Batzordearen zereginak
-Mugimendu olinpikoa garatu eta ideal olinpikoak zabaldu.
-Euskal kirolarien prestakuntza sustatu, Joko Olinpiarretan eta nazioarteko txapelketetan parte hartu eta ordezkaritza izan dezaten.
-Euskal Herriko kirolak sustatu.
-Antzeko erakunde publiko zein pribatuekin lankidetza sustatu.

Batzordearen osaketa
-Kultura sailburua edo berak eskuordetutako pertsona izango da batzordeburua.
-Euskal Kirol Federazioen Batasunak izendatutako hiru pertsona.
-Kirolaren esparruan sona handia duten bi pertsona.
-Idazkaria.

Virginia Berasategi, triatleta: «Emaitza onak lortzen dituzunean laguntzen dizute, baina goi-goian zaudenean»

Atenaseko Joko Olinpiarretarako prestatzen ari zinen, baina ez zara sailkatu. Haserre samar sumatu zaitugu.
Europako Txapelketa »apirilak 8» bukatuta usaindu nuen egoera. Erori egin nintzen eta Atenaserako puntu gutxi nuen. Munduko Txapelketara ezin nuen zuzenean joan eta Espainiako Federazioak eskaera luzatu zuen ni joateko. Txapelketa maiatzaren 9an zen, asteazkenean hartu behar nuen hegazkina eta asteartean bizikletan entrenatzen ari nintzela mugikorrera mezua bidali zidan federazioko zuzendari teknikoak esanez, ez zidatela gonbidapena eman. Txapelketatik kanpo geratuta, Joko Olinpiarretatik kanpo nengoen.
Egurra eman zidaten, baina hainbeste aldiz hartu dut egurra! "Ez dit axola!" pentsatu nuen... komatxo artean, noski. Olinpiadekin ahaztu eta nire beste ametsa etorri zitzaidan gogora: Hawaiiko Ironmana.

Zergatik haserretu zara, ordea? Ez da zilegi izan zu kanpoan uztea?
Kirolaz gaindiko arrazoiengatik utzi naute kanpoan: erori egin nintzen. Baina federazioak erabili dituen moduengatik kexatzen naiz. Inork ez dit deitu ezer esateko, mezua bidali zidaten mugikorrera eta bizikletatik jaitsi eta segituan deitu nion zuzendari teknikoari, eta mugikorra itzalita zeukan. Hori da nire kexa. Egia da, ni ere berandu hasi nintzen puntuak lortzen Atenaserako eta lehiakide espainiarrek hiru urte daramatzate Olinpiada prestatzen. Dauden arauak daude eta onartu behar ditut, nire errua izan da.

Urte berezia izan al da Olinpiadetarako prestatu behar zenuelako?
Urtea gogorra izan da, zeren txispa errekuperatu behar izan dut: Olinpiadetarako prestatzen aritu, kanpoan geratu, distantzia aldatu »distantzia olinpikoak askoz ere motzagoak dira Hawaiiko lehiaketakoak baino» eta Hawaiira begira jarri...

Etxean entrenatu al zara?
Etxean entrenatzea gustatzen zait. Astebeterako joan nintzen urtarrilean Alicantera, bizikletan ibiltzera, hemen eguraldi txarra egiten duelako. Kontzentrazioak antolatu ditu federazioak baina ni ez naiz joan, askotan ez didate abixatu ere egiten.

Laguntza ekonomikoak bereziak izaten al dira Olinpiadetarako?
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eman dizkidate laguntzak aurten. Baina, Olinpiadetara joateko ez daukazu laguntzarik. Aurreko urteko curriculuma erakutsita emango dizute laguntza edo ez. Eta Espainiako ADO beka ere horrelaxe da. Baina adibidez, nik laguntzak eskuratzeko distantzia olinpikoan aritu behar dut. Munduko Txapelketa irabazia dut »distantzia luzean, ez olinpikoan» eta beraz, ez dut jaso distantzia olinpikoa egin izan banu bezala, gutxiago baizik.

Lesionatuz gero laguntzak mantentzen dizkizute?
Emandakoa ez nuke galduko, baina hurrengo urtean ez lidakete emango. Eta lesioa ez bada ere, ezarritako postuetan sartzen ez bazara »eta listoia oso altu jartzen dute» ez daukazu laguntzarik. Emaitza onak lortzen dituzunean laguntzen dizute, baina goi-goian zaudenean. Gora heltzeko ordea nola moldatu? Nola egin apustua horrela? Nik apustua egiteko aukera badaukat, baina etxe askotan ez dute aukera hori. Txikitatik eraman beharko nukeen bixera bat "aita" jartzen duena. Baina etxe askotan esaten zaie atletei: "Aizu, edo lanean edo ikasten has zaitez!". Emaitza askoz ere hobeak lortuko lituzkete atletek lasaitasunez arituko balira, egoera ekonomikoaren kezkarik gabe. Gero, noski, Olinpiadak iristen dira eta: «Ez dira 14.000 domina lortu! A zer desastrea! Porrota!».

Kirolari bizitza amaitzerako zer planifikatu duzu?
Planifikatu? Ez dakit zenbat urtez arituko naizen kirolean goi mailan. Badakit hau bukatutakoan lana egin beharko dudala bizitzeko. Ez daukat arrastorik non bukatuko dudan.

Zuen etorkizunaz kezkatzen al dira goi mailako kirolari zareten bitartean laguntzen dizueten erakundeak?
Madrildik jaso dut foiletoren bat: "Orain atleta handiak direnak gero ahaztuak dira. Zein izango da zure etorkizuna?". Horrelako zerbait jartzen zuen, a zer aurkezpena! Ez nuen irakurri kristoren depresioa sartuko zitzaidan eta!
Kirolariok aurrera egiten dugu borrokalariak garelako, batik bat, euskaldunak. Baina gure ahalegin handiagatik ez balitz... jai genuke.

Ainhoa Murua, triatleta: «Epe luzeragoko laguntzak eskertuko genituzke»

Munduko Triatloi Txapelketa maiatzaren 9an egin zuten eta bi egun barru esan zioten Murua zarauztarrari Atenasen parte hartu ahal izango zuela. Lehenengo aldiz izango da Olinpiadetan.

Urte berezia izan al da Olinpiadak uda honetan direlako?
Aurtengoak zeukan diferentzia zen Olinpiadetarako txartel hori lortzea. Beraz, iaz berandu bukatu genuen denboraldia eta aurten berriz, oso goiz hasi behar nuela banekien. Denboraldi-aurrea oso motza egin dugu eta segituan hasi gara lehiatzen. Gainera, lehiaketak garrantzitsuak ziren Atenaserako sailkatzeko.

Olinpiadaren aitzakiarekin kanpoan entrenatu duzu aurten?
Orain etxean nago, baina uztaila osoa kanpoan pasako dut. Neguan ere hiru astez egon nintzen kontzentratuta Murtzian. Neguan eguraldi hobearen bila ateratzen gara.


Olinpiadak direla-eta laguntzen alorrean berezitasunik bada?
Ziklo olinpiko bat izaten da, lau urtekoa. ADO beka dago hor. Beka mantentzen dizute Olinpiadetarako aukerak izaten jarraitzen baduzu, baina bestela kentzen dizute. Betiko bekaz gain ez dakit gehiago ematen duten, lehenengo aldia da Olinpiadetarako sailkatu naizela. Urtez urte begiratzen dizute, bai federazio espainiarrak eta baita Eusko Jaurlaritzak ere. Foru Aldundiak Kirolgi erakundearen bidez kudeatzen du laguntza ekonomikoen gaia, baina nik ezin dut horretaz baliatu Gipuzkoako klub batean ez nagoelako.

Zer gertatzen da lesionatzen zarenean?
Urtez urteko lana da bekak berritzea. Lesionatuz gero, gelditzen zara ezer gabe eta hori zaindu beharko lukete gehiago. Egia esan, ez dira gehiegi bustitzen. Epe luzeragoko laguntzak eskertuko genituzke.

Goi mailako kirola egiteari uzten diozunerako zein asmo dituzu?
Soin Hezkuntza amaitzen ari nintzela hasi nintzen kirolean serio, emaitza onak lortzen. Zortea izan nuen eta ikasketak bukatuta zeharo kirolari eman nion. Triatloia bukatutakoan... auskalo! Denak bezala zer edo zer bilatu beharko dugu. Lantxoren batean ere aritu naiz, entrenatzaile Zarauzko kiroldegian, baina lana eta triatloia batera egitea oso zaila da, kanpoan denbora asko igarotzen baitugu. Ezin duzu lan finkorik eduki.

Erakunde publikoak zuen kirol bizitzaz haratagoko etorkizunaz arduratzen al dira?
Alor horretan, nik dakidala, ez dago ezer. Hutsune handia dago, bakoitzak ahal duena egingo du kirol jarduna utzitakoan.

Etorkizun hurbilera etorrita, zein asmo duzu abuztuaren 25erako?
Denek gauza bera galdetzen didazue, baina nik ez dakit nolakoa izango den, lehenengo aldia dut-eta. Ahal dudan ondoen prestatu eta hara joandakoan ikusiko dugu. Han jendea tope-topera egongo da. Hortaz gain, Olinpiadak, ekitaldi moduan ere disfrutatu nahi dut.

Maider Telleria, belar gaineko hockey jokalaria: «Sailkatu izan ez bagina, iraila arte geldituko nintzen etxean, eszedentzian, kobratu gabe»

Espainiako belar gaineko hockey taldeak martxoan eskuratu zuen Olinpiadetarako txartela. Talde horretan aritzen da Telleria donostiarra, baina ez daki taldean titular jokatzeko aukerarik izango duen. Nolanahi ere, laugarren aldiz joango da Joko Olinpiarretara.

Urte olinpikoa izateak berezitasunik izan al du zuretzat?
Gure taldea Bartzelona eta Madril artean dabil. Kontua da bi kenduta »jokalari bilbotarra eta ni» beste guztiak hiriburu horietakoak direla eta beraiek ez dute hainbesteko aldaketa sumatu aurten. Nik bai. Astelehen, astearte eta asteazkenean Bartzelonan edo Madrilen izaten naiz. Asteazken, ostegun eta ostiraletan Donostiako Real Sociedad klubean aritzen naiz eta asteburuetan partidak ditugu. Donostiako Zurriola ikastolako irakaslea naiz eta irailean eszedentzia eskatu nuen urtebeterako. Taldekideek jarraitu ahal izan dute ikasketekin eta lanarekin, baina nik ezin nuen. Urte arruntetan udan, zubietan eta Aste Santuetan elkartzen ginen, baina aurten plana aldatu da. Gure kirolean fisikoa baino inportanteagoa da psikologikoa, teknikoa eta taktikoa, eta horregatik elkartzen gara sarri.

Zeren arabera jasotzen dituzue diru-laguntzak?
Kontuan hartzen dituzte Europako eta Munduko Txapelketak eta Olinpiadak. Rankinean nola zauden ere begiratzen dute. Erakunde bakoitzak bere formulak ditu, baina denek emaitzen arabera laguntzen gaituzte. Goi mailako kirola horrelakoa da: presioa daukagu gainean.

Baina kirol presioa beharrean presio ekonomikoa.
Martxoan sailkatu izan ez bagina iraila arte geldituko nintzen etxean, eszedentzian eta kobratu gabe.

Goi mailako kirolarien ikasketak eta etorkizuneko lana kontuan hartzen dituzte erakunde publikoek?
Nahiago nuke ikasketak egiteko kontrol gehiago jarriko balute. Adibidez, nik bost urte egin nituen Madrilen goizez eskolak hartuz eta arratsaldez kirola eginez. Nire ikaskideek arratsaldetan curriculuma loditzeko ikasketak egiten zituzten. Nik hori ezin nuen egin. Soin Hezkuntzako bosgarren mailako praktikak egiteko ez nintzen sekula moldatzen. Azkenean ikasle arrunt batek baino urte gehiago pasatzen dituzu ikasketak egiten. Oso laguntza gutxi daukagu horrelako egoeretan. Ikasten ari zarela urtea galdu behar duzu eta lana bilatzea ere zaila da, tamainakoa behintzat. Belar gaineko hockeyak berriz, ez du bizitzeko ematen. Beraz, lana eta goi mailako kirola, badirudi ez direla bateragarriak. Batzuk lana sortuz gero, kirola uzten dute eta beste batzuk lana uzten dute kirolera dedikatzeko. Biak egitea zaila!

Marta Mendia, gorako jauzilaria: «Futbola, saskibaloia, eskubaloia eta horrelako batzuk kenduta egoera onenetakoan gaude atletismoan»
Betiko moduko urtea izan al duzu nahiz eta Joko Olinpiarretarako prestatzen aritu?
Olinpiadetarako prestaketa berezia egin dugu aurten, noski, baina Olinpiadak ez direnean txapelketak izaten dira eta horietarako ere bereziki prestatzen gara. Aurten denboraldia luzatu da pixka bat abuztu bukaeran goazelako Atenasera.
Aurten, Espainiako Txapelketaren eta Iberoameriketako Txapelketaren artean astebeteko kontzentrazioa daukagu eta udan horrelakoak egitea ez da ohikoa. Ohikoak Aste Santuetakoa eta Gabonetakoa dira. Gainerakoan Iruñean entrenatzen dut eta uste dut betiko erritmoa ez aldatzea hobe dela, ondo badoakizu behintzat.
Belauna kaltetuta izan dut, eta egia esan, urte olinpikoa delako izango da, Bartzelonako CAR-era »Errendimendu Handiko Zentroa» joatea gomendatu zidaten, nahiz eta arazo txikia izan belaunekoa. Badirudi aurten horretarako dirua badagoela eta beste urteetan larriago ibiltzen dira.

Diru-laguntzetan zerbait igartzen da aurten?
Ez dago aldaketarik. Urtero berdin kobratzen dut. Nafarroako Gobernuaren aldetik Miguel Indurain Fundazioaren bitartez kobratzen dut beka, eta urtero laguntza berezia dago kirolari olinpikoentzat. Baina hori iaz eta duela bi eta hiru urte ere bai. Federazioak, berriz, aurreko urteko marka »batik bat» eta postuen arabera ematen dit beka.

Nahikoa inbertitzen al du atletismoaren alorrak Espainian?
Futbola, saskibaloia, eskubaloia eta horrelako gutxi batzuk kenduta, uste dut ondoenetakoak gaudenak gu garela. Gure federazioak botere handia dauka, beste batzuekin alderatuz, adibidez, arte martzialak Nafarroan duenarekin. ADO bekaren zain egon beharrik ez daukagu laguntzak izateko, gure federazioak ematen dizkigu.

Goi mailako kirol jarduna amaitu ondoko urteetan zer egin pentsatu al duzu?
Ikasten jarraitu behar nuela garbi neukan. Hau urte batzuetan bukatzen da eta gero inork ez dizu jaten emango. Uste dut badagoela programaren bat, ADOrena, kirolariek lana aurkitu dezaten. Atleten elkartearen bidez dakit hori. Baina ez dut gehiegi ezagutzen.
Nik Leioan ikasi nuen Arte Ederrak eta kirola eta ikasketak egiteko gauzak korapilatzen zitzaizkidan. Lanean ere aritua naiz eta orain ikasten jarraitzen dut. Entrenatzeko onena ikastea da eta ez lan egitea. Etxetik kanpo denbora askoan ibiltzen gara.

Zer eskatuko zenieke erakunde publikoei?
Lehen aipatu dudan ADOren estiloko programak behar ditugu, kirolariok gero nondik jo jakin dezagun. Bestela ez dakigu nondik hasi! Lanean ari direnek abantaila dute kirolariokin alderatuta.

Eta abuzturako zein asmo dituzu?
Eskatutako gutxienezko marka bi aldiz egin dut aurten pista estalian, baina Espainiako Federazioak Olinpiadak baino hilabete bat lehenago arte ez du erabakiko nor doan. Denboraldia ondo egin dut, baina azken momentura arte ez dut jakingo banoan ala ez. Joanez gero finalean sartzea nahiko nuke, hori da nire ilusioa.

Naroa Agirre, pertika jauzilaria: «Zer gertatuko da Madril 2012 ateratzen bada? Orduan igarriko da laguntzetan»

Zaragozara abiatu aurretik hitz egin genuen donostiar pertika jauzilariarekin eta oraindik, aurten, 4,40 metroko jauzia egin gabe zeukan. Iazko jauziak balio zion, baina hala ere, lasai egoteko uda bitartean 4,40koa egiteko grina zeukan. Esan eta egin: hiru eguneko tartean 4,41 (Zaragoza) eta 4,47ko (Madril) jauziak egin zituen joan den astean. 4,47koa Espainiako errekorra da eta baita bere marka hoberena ere.

Etxean ari al zara prestatzen Olinpiadetarako?
Bai, Donostiako Anoetako pistetan. Gabonetan adibidez, Espainiako Federazioak antolatutako kontzentraziora joan nintzen, baina bestela, hemen ari naiz prestatzen. Pertika jauzilariak bakoitza bere kasa ibiltzen gara.

Ekonomikoki laguntza gehiago izaten al duzue urte olinpikoan?
Kanpotik diferente ikusten duzue, baina nik ez dut desberdintasunik sumatzen. Olinpiadako emaitzek datorren urterako balioko dute eta agian laguntza bereziak orduan jasoko ditugu... (barrez).

Gustura zaude dauzkazuen laguntza sistemekin?
Espainiako Atletismo Federazioak azpiegitura izugarria dauka. Jose Maria Odriozola presidenteak daraman sistema gustatzen zait eta beti ondo konpondu izan naiz. Baina zer gertatuko da Madril 2012 ateratzen bada? Orduan igarriko dela uste dut laguntzetan, babesleetan... Kirolera diru gehiago iritsiko da.

Kirol bizitza bukatutakoan zeri helduko diozu?
Ingurumen Zientziak ikasi nituen Bartzelonan eta proiektua falta zait bukatzeko. Tolosan noizean behineko lanak egiten ditut. Goenkalen ere ibiltzen naiz. Nik horrela bizitzea aukeratu dut eta ea horrela jarraitzeko aukera daukadan urte askoan! Baina bukatuko da! Eta gero? Zer edo zerk egon beharko luke gerorako. Nik arratsaldez entrenatzen dut eta denbora eman dit ikasteko. Maratoilari batek goiz eta arratsalde entrenatzen du eta agian ez du denborarik izan bestetarako. Kirolari profesional batzuk idolo izatera iritsi dira, beste batzuk ez. Zer gertatzen da jende horrekin? Irtenbideren batzuk behar ditugu eta beste estatu batzuetan badaude. Italian, adibidez, carabinieri postua eskaintzen diete. Atleta batzuk dedikazio osoz aritu dira atletismoan eta gero ezer gabe geratu dira.


ASTEKARIA
2004ko ekainaren 20a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude