Oteiza museoa: Kutxa hutsegia


2004ko ekainaren 06an
Jorge oteizaren izena beti egon izan da iskanbila eta polemikarekin lotuta. Gizarteak beti haserre irudikatu izan du, boterearen aurka, polemikaren zurrunbiloan, bere izaera kritiko eta errebeldeari zegokion bezala. Azken urteetan ordea, sormenaz eta arteaz bestaldeko polemikak izan dira Oteizaren izena inguratu dutenak. Nafar herriari utzitako ondare baliotsu horren kudeaketan interes politikoak gailendu dira, artea, estetika, eta orokorrean, sormena bigarren mailara baztertu dutenak. Oteiza Fundazioko barne gatazkek, oinordekotzaren inguruan bere familian sortu diren arazoek, Museoaren gestio kaxkarrak eta interes kontrajarriek oztopatu egin dute Museorako hasiera batean ezarri ziren helburuak behar bezala garatzea.

Museoaren gazi-gozoak

Urte asko dira jada Oteizaren lana bilduko zuen museoa eraikitzeko ideia sortu zela. 70eko hamarkadan zehar, Altzuzako bere etxea artista, intelektual eta pentsalari askoren bisita leku bilakatu zen. Garai hartan, Oteizak bere etxean bertan antropologiaz eta estetikaz arduratuko zen museo moduko bat sortzeko gogoa adierazi izan zuen. 1988an, Altzuzako herriak eta Nafarroako Gobernuak ituna sinatu zuten, Oteizaren Museoa bertan ezartzeko asmoarekin. 1992an ordea, Oteizak bere ondarea nafar herriari utzi zionean Museoaren helburuak aldatzeko beharra argi ikusi zen, hainbesteko maila eta balioa zuen ondarea modu egokian zaindu, ikertu eta ezagutaraziko zuen fundazioa sortu beharra baitzegoen.

Azkenik, Oteiza Fundazio Museoa, Oteiza beraren eskariz, Francisco Saenz de Oiza arkitektoak Altzuzan egindako eraikina, 2003ko maiatzean zabaldu zen. Zabaltze egunaren aurretik eta ondoren, ordea, ugariak izan dira museoari egindako kritikak, presazko inaugurazioaren kutsu politikoagatik, artelanak erakusteko modu desegokiagatik, ondarearen zati batek jasandako tratuagatik eta inolako proiekturik zehaztu gabe abiatu izanagatik.

Halere, lehenengo urte honetan bisitariek emandako erantzuna ez da txarra izan. Lehenengo hamabi hilabeteetan 50.000 bisitaritik gora jaso ditu museoak. Baina zenbakiak alde batera utzita, museoak betetzen al ditu hasiera batean Fundazioak adostutako helburuak? Egun zabalik dagoen Oteiza Fundazio Museoa eta Oteizak berak nahi zuena gauza bera al dira? Badirudi ezetz. Oteiza Museoa bere artelanez, agiriz, irudiz eta abarrez betetako gunea da, museo tradizionalaren eskema eta kontzeptuei jarraiki egituratu den gunea. Oteizak, ordea, hori baino gehiago nahi zuen, kulturgune bizia nahi zuen, ikerketara eta hezkuntzara bideratua, Fundazioak sinatutako estatutuek adierazten duten moduan.

Kargutik kendu berri duten zuzendari ohiak, Alberto Rosalesek, Museoaren bilakaera naturalari egozten zion egungo egoera: "Hasieran eskulturak dituen museoa egongo da, eta gero haziz joango da, Jorgeren alderdi guztiak gogoratuko dituen eremua sortu eta praktikan jartzeko. Oteiza Museoa kultura garaikidearen gogoeta gune bilakatu nahi dugu". Artistaren inguruko jende askok ordea, ez du bilakaera hau hain argi ikusten, eta aitzitik, museo tradizionalaren itxura duenak horrelaxe jarraituko duen zalantza agertzen dute, Museoaren gidari diren interes politikoei ez baitzaie komeni Oteizaren izaera eta izana bere osotasunean aztertzea eta hedatzea. Horrexegatik, Nafarroako Gobernuaren nahia Fundazioa desnaturalizatzea dela salatzen dute. "Euskalduntasuna, pedagogia arloa eta esperimentazioa Oteizaren osagai funtsezkoak dira eta horiek baztertu nahi dituzte. Oteiza artista plastiko handi bat dela azaldu nahi dute, museoko zerbait bilakatu, besterik gabe. Baina Oteizaren pentsamendua bahitu dute", zioen Joxe Anjel Irigarai Oteiza Fundazioko patronatukideak, prentsari egindako adierazpenetan.

Honek guztiak, ezbairik gabe, Oteizaren ondarea, izena eta izana zipriztintzeaz gain, eragina du museora doazen bisitariengan. Museoak, egun planteatuta dagoen moduan, hain zabala eta anitza zen artista handi baten alderdi batzuk baino ez ditu erakusten, bazterrean utziz balio eta interes izugarria luketen alderdi kritiko eta berritzaile asko. Ez da bidezkoa Euskal Herriko sormen eta ikerketa zentro garrantzitsuenetakoa behar lukeena interes politikoen jomuga bilakatu izana. Oteizak gehiago merezi zuen eta bisitariek ere gehiago merezi dugu.

Gauzak ongi egiteko aukera

Azken hilabeteetan berri txarrak izan dira nagusi Oteiza Museoaren inguruan: eskultura batzuen kopia faltsuak egin izanaren salaketa, gestio txarraren ondorioz diru kontu ilunak, Oteizaren heriotzaren lehenengo urteurreneko ospakizunetan museotik lapurtutako eskultura... Zurrunbilo horretatik irteteko zerbait egin beharra zegoen, krisia gainditzeko ezinbestekoa zen erabaki sendoak hartzea.

Apirilaren 30ean, ordura arte Museoko zuzendari izandako Alberto Rosales kargutik kendu zuten. Aspaldian gertatu ez zena gertatu zen oraingo honetan: Fundazioa osatzen duten bi alderdi kontrajarriak ados jarri ziren zuzendaria kargugabetzeko eta zuzendari berri Pedro Manterola pintore eta irakaslea izendatzeko. Badirudi erabaki egokia izan daitekeela, behingoz museoa abiarazteko. Manterolak harreman estua izan zuen Oteizarekin eta bere obran aditua da, bera da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Oteiza Katedraren arduraduna. Manterolak ezagutzen du Oteizak sortu nahi zuen museoa eta pentsatzekoa da, ahal duen neurrian, Oteizaren nahia aurrera eramaten saiatuko dela. "Oteiza Museoak ezagutza hedatzen duen zentroa izan behar du. Oteizaren obraren inguruko museo bat egin nahi dut, funtsean ikerketa eta azterketara bideratua, museo baten alderdi tradizionalak ahaztu gabe, baina poesia, teoria, eskultura-lan eta abarren azterketarako sail handi batekin", aipatzen zuen zuzendaritza onartu ondorengo egunetan.

Dena den, ez da Manterolaren izendapena azkenaldiko albiste pozgarri bakarra. Datorren urterako aurrekontua eta beste zenbait kontu ere adostu zituzten bilera berean. Badirudi Fundazioaren baitan jarrerak aldatzen ari direla pixkanaka eta adostasunera iristeko borondatea nagusitzen ari dela. Horixe da Museoak, Fundazioak eta Oteizaren ondareak aurrera egiteko duten irtenbidea, adostasuna. Etorkizunaren zati bat Manterolaren esku dago, ea nola ekiten dion lanari.

Ondare itzel baten biltoki

Bi zatitan bereizita dago Oteiza Fundazio Museoa, batetik Saenz de Oizak egindako kutxa dotorea, eta bestetik, Oteizaren tailer-etxea, 1975etik 90eko hamarkadaren erdialderaino bizi izan zen lekua. Ez zituzten bi eraikinak garai berean abiarazi, baina egun, osotasun baten bi zati banaezin dira. Bien artean, ondare paregabea biltzen duen Fundazio Museoa osatzen dute: 1.675 eskultura inguru, 600 bat marrazki, igeltsuen laborategiko 2.000 bat pieza, dokumentuak, argazkiak, liburuak... bizitza luze eta oparo baten emaitza izugarria.

Eraikin berria museo tradizionala da eta bertako erakusketen oinarri nagusia eskulturak dira. Oteizaren esperimentazio prozesuan, garai ezberdinetan sortutako ideia eta lanekin gozatzeko aukera izango du bertaratzen denak. Bestalde, tailer-etxeak, artistaren ikuspegi intimoagoa eskaintzen du. Oteizaren etxea bera bizi zelarik zegoen antzera mantentzeari garrantzi handia eman zioten bertako arduradunek, baina era berean, sarri etxe-museoek eskaintzen duten ikuspegi topikoetan ez erortzen ahalegindu ziren. Museoko eraikin berrian ikusgai dagoena ulertzeko prestakuntza antzeko bat da tailer-etxea, Oteizaren sorkuntza lanak, bere bizimodua eta bere izaera ezagutzeko bidea izan nahi duena. Etxetik igarotako jendearen argazkiak, oharrak idazteko erabiltzen zituen arbelak eta koadernoak, bere txoko kuttunak eta abar dira jenioaren alderdi pertsonalena ikustarazten dutenak.

Bestalde, bistan dagoena laguntzeko, zenbait jarduera ere aurkeztu izan ditu Fundazio Museoak, besteak beste, hitzaldi saioak, bisita gidatuak edo jendea eskulturara gerturatzeko asmoa duten tailerrak. Gainera, ezin aipatu gabe utzi 5.000 ale inguruk osatzen duten liburutegia eta Dokumentazio Zentroa, harribitxi ugari gordetzen dituen gunea.


ASTEKARIA
2004ko ekainaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jorge Oteiza
Pentsatzeko leku bat

Jorge Oteizak 1957. urtean erabaki zuen praktika eskultorikoa albo batera uztea eta artistaren egiteko sozialaren eta politikoaren jardunari ekitea, besteak beste, arte-irakaskuntza berritzeko premia eta artearen funtzio sozialaren aitortza aldarrikatuz. Pentsatzeko leku bat... [+]


Xabier Gantzarain
"Gaur egun berdina balio du katu baten bideoak eta Munchen artelan batek"

Idazlea eta arte kritikoa da, baina guztiaren aurretik, behatzailea. Ikusten duen horri irakurketa propio bat gaineratzen dion behatzaile fina. Artelanari ertzak adina erreferentzia ateratzeko gai dena, eta obrari beste begirada bat emango diona. Zuloa saiakera liburuan euskal... [+]


2013-04-09 | Lide Hernando
Oteizaren heriotzaren 10. urteurrena ekitaldiz beterik

Jorge Oteiza eskultorea hil zela hamar urte bete dira. Urteurrena gogoratzeko zenbait ekitaldi egingo dira. Gehienak Donostiako Doka aretoan izango dira, baita Alzuzan dagoen Oteiza museoan ere.


Eguneraketa berriak daude