Euskaldunen jatorria: loalditik inarrositako eztabaida


2004ko urtarrilaren 18an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Gaiaren metxa aspaldi zen piztua. Izan ere, orain urtebete baino gehiago Frantziako eta Alemaniako sona handiko zenbait adituk American Scientific aldizkarian gogoak harrotu zituen teoria argitaratu zuten. Elisabeth Hamel, Theo Vennemann eta Peter Fosterren arabera, euskaldunak jatorrizko europarrak dira. Bestela esanda, orain 20.000 urte, indoeuroparrak heldu baino lehen, Europa osoa bizilekutzat zeukaten herriaren azken aztarna dira euskaldunak. Izan ere, izen handiko irakasle horien esanetan, Europako populazio horrek herri bakarra eta hizkuntza bakarra zuen. Horien ondorengoak dira euskaldunak. Hori demostratzeko, alde anitzetako erkaketa metodologia baliatu zuten 3 zientzialariek. Genetika, hizkuntzalaritza eta geografia alorretako emaitzak gurutzatu zituzten teoria orokor bat erdiesteko.

Euskararen eta euskaldunen jatorriari buruzko eztabaidak, baina, luzerako du sua. Getxo Antzokian batu ziren adituek ere hala zuten mahairatu. Izan ere, zenbat eta atzerago egin urteetan, orduan eta eztabaida sakonagoa.

Hizkuntzaren alorretik

Berba egiten lehenak, Xabier Kintanak, gaiaren hurbilketa linguistikoa egin zuen. Izan ere, Hamel, Vennemann eta Fosterren hipotesia ez da euskararen iturburua azaltzen lehena edo azkena. Aurreneko ustea zen erromatarren garaian eta lehenago, penintsulan mintzatzen zen iberieraren ondorengoa zela euskara. Pentsatu izan baita (froga sendorik gabe) iberiarrak Afrikatik etorri zirela, eta hala, bereber hizkuntzan egon zitekeela iberiera zaharraren eta, hortaz, euskara modernoaren jatorria. Bi ele horiek alderatzeari ekin zioten. "Mitxelenak eta beste batzuek metodologia eta ondorioak kritikatu zituzten. Konparaketok berdin-berdin egin baitzitezkeen, adibidez, bereber eta alemanaren artean. Gainera, bereber hizkuntzak badu egitura finko bat, barne deklinazioa deitzen dena, eta euskaran inondik inora agertzen ez dena. Beraz, hipotesi hau nahiko baztertua gelditu da ", argitu zuen Kintanak.

Ondorengo hipotesiak, Europara eraman zituen ikerlariak. Eta berriz ere, usteak erdi ustel. Hipotesi horretan, euskarak kaukasiar hizkuntzekin harremana izan zezakeela esan zuten. Kontuan hartu behar da inguru horretan 43 ele-edo daudela. Hipotesi horren aldekoak Kaukasoko edozein hizkuntzaren lexikoa euskararekin konparatzen hasi ziren eta kointzidentzia asko atzeman zituzten. Mitxelenak berak, metodologia kritikatu zuen. Aurrena, hizkuntza horiek guztiek jatorri bera ote zuten ikertu behar zelako, eta alderatzekotan, egungo eleak baino, aitzin-formak erkatu behar zirelako.

Amaitzeko, txinparta piztu duen teoria berria hartu zuen hizpide euskaltzainak: Hamel, Vennemann eta Fosterrena, alegia. Horren arabera, duela 50.000 urte Europa izozte luze batek jo zuen, kontinentean bizi ziren biztanleak (milaka batzuk bakarrik izango zirenak), bi abarotan bizi ziren hotzaz babesteko: Pirinio aldean eta Kaukaso inguruan. Izotzaldia bukatzean, orain 20.000 urte, biztanleok lurralde osoan zehar barreiatu ziren. Ondoren, Asiatik etorri ziren gizaldi berriek (indoeuroparrek) tokiak bereganatu, eta lekuen izenak mantendu edo pixka bat aldatu zituzten. Hala, Vennemannek hizkuntza indoeuroparretan esanahirik ez zuten berbak bildu zituen, eta konturatu zen horiek bazutela euskararekin zerikusia. Esaterako, Alemanian 80 herrik dute eber erroa izenean (Ebersberg, Ebersdorf, Ebersbach...). Eberek basurdea esan nahi du alemanez, arraroa litzateke beraz, animalia horren izenarekin hainbeste toponimo eratzea; horrela, logikoagoa da euskal ibar hitzaren aldagaiak izatea. Kintanaren iduriko, hipotesi polita da, baina eszeptizismo apurrez hartu beharrekoa, maiz ez daukagu-eta datu zaharrik hitz bat nondik datorren jakiteko. Edonola ere, euskararen aztarnak berriro aztertzeko adorea eman dezake hipotesi berriak. Eta zentzu horretan, gogoeta interesgarria egin zuen euskaltzainak: "gure arbasoak euskara nondik datorren jakiteaz gehiegi arduratzen ziren, oraingo euskaldunok kezka handiagoa daukagu: gure seme-alabak nola biziko diren edo euskara nola transmitituko diegun. Ardura berri horrek jatorriaren ikerketa ahantzarazi digu".

Geneen bidezko irakurketa

Ondoren, ikuspegi antropogenetikotik heldu zion gaiari Mikel Iriondo aditu eta irakasleak. Kontu sobera ezagunetik heldu ere: polimorfismo genetiko edo odol taldeen inguruko azterketatik. Aspaldi ondorioztatu baitzen euskaldunengan odol taldeen maiztasuna muturrekoa zela, aztertutako herriekin gertatzen ez zen bezala. Konparazio hori haratago eramanez gero, baina, beste herri batzuetako maiztasunak (Iriondok Kalajariko Boskimanoak hautatu zituen) eta euskaldunek dituztenak oso antzekoak dira. Horrek ez du esan nahi herritar horiekin nolabaiteko ahaidetasuna dutenik euskaldunek. Zoriz datoz bat.

Arrazonamendu berari jarraiki, berriki argitaratu duten hipotesia hartu zuen ahotan Iriondok. Hamel eta Foster zientzialariek 10.000 europarren geneak aztertu zituzten. Ondorioa: Europako biztanleak duela 20.000 urte inguru egungo Euskal Herrian bizi zen giza taldearen oinordeko dira. Iriondok kolokan jarri zuen teoria hori. Datu genetiko horiek sistema bakarrean daudelako oinarrituta eta beraz, suertatzen diren antzekotasunak zorizkoak izan daitezkeelako. Analisi hori gainditzeko, odol talde asko aztertu behar dira. Mikel Iriondok 30 polimorfismorekin egin zuen erakustaldia. Europako zenbait populazio odol taldeen arabera kokatu zituen zuhaitz tankerako batean. Populazioak adar batean gero eta hurbilago egon, elkarren antzekoagoak dira, eta beraz, gero eta urrunago egon, are arraroago, besteetatik ezberdinago. Zuhaitz horretan ikus zitekeenez, Europako populaziorik bakanetarikoak dira euskaldunak (laponiar, finlandiar eta sardiniarren atzetik). Gainontzekoek, nolabaiteko ahaidetasuna dute euren artean. Honenbestez, galdera luzatu zuen Iriondok: zergatik dira euskaldunak hain arraroak? Historiari errepasoa egin behar ei zaio erantzuteko. Kontua da Europa duela 40.000 urte populatu zela. Ziurrenik leku askotatik heldu zen jendea, eta gerora ere, kolonizazio asko izan ziren. Adibidea jarri zuen antropologoak: "azken 2.000 urteetan kanpoko herri andana sartu da Europara: unoak, alanoak, arabiarrak, turkiarrak, mongoliarrak... beraz, zenbat etorri ziren gainontzeko 38.000 urte horietan? Esan dezakegu beraz, talde bakarra baino talde txiki asko izan zirela Goi Paleolitoan Europan".

Galdera, ordea, erantzun gabe zegoen oraindik. Giltza Neolito garaian baitago. Orain 10.000 urte ekoizpen ekonomia nagusitu zen (laborantza eta abeltzaintza). Nekazaritza Ekialde Hurbilean ernatu zen, bertako laborariak (indoeuroparrak) Europan zehar hedatu ziren, jada han zeudenekin nahastuz. Eta hona, beraz, itaunari erantzuna Mikel Iriondoren hitzetan: "euskaldunak eta sardiniarrak dira Europako populaziotik gutxien nahastu direnak. Gauzak horrela, europar guztiak euskaldunak zirela baino, alegia, europar guztiek garai batean herri bakarra eta hizkuntza bakarra zutela baino, nik uste dut, aurre-europarretatik gutxien nahastu ziren giza talde horietako bat zela euskaldunena".

Euskal zibilizazioa liburua

Iriondok azaldutako hipotesiaren oso bestelakoa izan zen Alfontso Martinez Lizarduikoak defenditutakoa. Orain urte batzuk kaleratutako saiakeraren tesiari tiraka jardun zuen irakasleak. Hainbat adituk egindako eta bata bestearekiko independenteak ziren azterketak erkatuz, bat egiten zutela jabetu zen. Hala, bat datoz Cro-Magnonen labarretako artearen arrastoez hornitutako mapa eta erromatarrak heldu baino lehen, euskarak linguisten ustez zuen eremua erakusten duena (inguru bera da bietan). Baita, hainbat gene aztertuta, berauen kontzentrazioa azaltzen duen irudia ere. Interpretazio argia egin daitekeela dio honenbestez, Martinez Lizarduikoak: "Cro-Magnonen zonaldeak eta euskararenak bat egiten dute. Beraz, Cro-Magnonen hizkuntza= euskara. Bestalde, Cro-Magnon gizakiaren labar artearen lurraldea bat dator oraindik euskaldunengan aurkitzen diren berariazko geneekin. Hortaz, euskaldunak Cro-Magnon gizakiaren ondorengoak dira. Hirugarrenik, historiaurreko euskal toponimiaren eskualdea bat dator ikertutako geneen eremuarekin. Ondorioz, historiaurreko euskara mintzatzen zutenek lotura dute egungo euskaldunekin. Beraz, oraingo euskaldunak historiaurreko Paleolitoaren azken arrastoak dira, eta euskara Cro-Magnonek erabilitako hizkuntza edo hizkuntzen emaitza".

Oinarrizko premisetan zalantzak

Aditu bakoitzaren azalpenak entzun ondoren, galderen txanda iritsita, piztu zen eztabaida. Izan ere, denek ala denek, euskalduna eta euskara batera doazela onartzen dute euren hipotesiak eraikitzeko. Bestela esanda, hizkuntza eta gizaki mota uztartuta ibili direla jatorritik bertatik. Hori pentsatzea zilegi ote den galdetu zuten mahai-inguruaren akabuan, eta adibidea jarri zuten hori azaltzeko. Ezaugarri oso zehatzak eta bereizgarriak dituzten pigmeoek, hizkuntza bakarra izan barik, aldameneko herrienak bereganatu dituzte. Eta euskaldunekin halakorik gertatu izan balitz?

Xabier Kintanak agertu zuenez, hizkuntzalaritzaren ikuspegitik ez dago esaterik Euskal Herrian azken 10.000 urteetan bizi izan den gizatalde hark beti hizkuntza bera hitz egin duenik. Ez dago frogarik ez alde ez kontra izateko. Ustea da, beste hoberik ezean ontzat hartu dena. Iriondo ere, hizkuntzalariak esandakoaren alde agertu zen. Geneetan ez baitago idatzita gizakien hizkuntza edo kultura mota.

Mahai-inguruari izena ematen zion galderari ezin erantzunda etxeratu ziren, beraz, Getxo Antzokian bildutakoak. Auzia, baina, loalditik itzartu da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Paleolitoa
Venus ez zen jaio Willendorfen

Willendorf (Austria), 1908. Wachau bailarako aztarnategi batean, Josef Szombathy arkeologoak emakumezko baten estatua antropomorfo txiki bat aurkitu zuen, 11 cm ingurukoa, harrian zizelkatua eta okre gorriz tindatua.

Orduz geroztik, Paleolitoko venusik ezagunena da, eta... [+]


2021-07-28 |
Jesus Altuna, Paleontologo
Jesus Altuna paleontologoari elkarrizketa
Jesus Altuna, Paleontologo
Argi Dakusagu Euskal Enda Emen Sortua Dana
Jesus Altuna Berastegiarra dugu. Txori arkaitz eta belar, betidanik izan ditu lagun Gaur, "Aranzadi" elkartean sarturik dago, Paleontologi saillaren buru bezala... [+]



2021-07-28
Landarbasoko arbasoak

Landarbason, duela 28.000 urte, bisonteak ehizatzen ziren. Cromagnonak ziren Gipuzkoako lurralde honetan egokitu zirenak. Ikerlariek diotenez, baldintza oso gogorrei aurre egin behar izan zieten hemengo bizidunek. Babesa Aitzpitarteko kobetan aurkitu zuten. Hainbat... [+]

Izturitze eta Otsozelaiako lezeak: Gazteluko muinoko historiaurreko altxorra
Urteak igaro ahala gero eta gehiago badakigu, aberasten gara eta gure jakintza hori zuzentzen dugu. Ezer ez da geldirik egoten, dena aldatu eta higitu egiten da, mugimendu horrek liluratzen gaituen bitartean. Hori da Gazteluko muinoaren barnean gordetzen den altxorrak eskaintzen... [+]

2021-07-26
Izturitze eta Otsozelaiako harpeak
Donamartiriko (St. Martin D'Arberoue) udalerrian kokatuak, Hego Euskal Herrian ezagunegiak ez diren kobazulo hauek Europako hegoaldeko santutegi paleolitikorik garrantzitsuenetakoa osatzen dute. Bisitatzen duzuenean erabat txundituta utziko zaituzten ikaragarrizko mirari... [+]

DUELA 20.000 URTEKO PICASSOAK
Paleolitoko gizakiak egindako artelanak begiratzeak beti sortzen du halako zirrara, harridura eta beldur antzeko zerbait nahasita. Gaurko gizakia txundituta gelditzen da haitzuloak diren leku misteriotsu eta irreal horietan bertan, gure arbasoek errito sakratuak eta zeremonia... [+]

Jesus Altuna: «Iragana hainbeste hondatu gabe ere eraiki dezakegu etorkizuna»
Zientzialari ilezuri, jakintsu eta atseginaren klitxea betetzen du Jesus Altunak. Hamarretik gora daki, baina harrokeriarik gabe ari da. Patxadan eta gozo mintzo da, arrazoiaren indarrez, eta autoritatez. Plazer da berarekin hitz egitea, zentzuz eta senez jarduteko dohaina... [+]

2021-07-16 |
Jesus Altuna: "Lehen Euskal Gizona Aztertzen Espetializatzea Erabaki Nuen Gaztetan''
Jesus Altuna arkeologoari elkarrizketa
Jesus Altuna: "Lehen Euskal Gizona Aztertzen Espetializatzea Erabaki Nuen Gaztetan''
Donostiako San Telmo museoan sartu eta, hirugarren pisuan, hezur, liburu eta artxiboz beterikako laboratorio baten barruan aurkitu dugu... [+]


Liztor habiak, labar artea datatzeko

1891n nekazari batek Gwion estiloko hainbat labar pintura aurkitu zituen Kimberlyn (Australia).


Paleolitoko grabatuak Tarragonan

Font Major kobazuloa (Tarragona, Katalunia) 1853an aurkitu zuten eta urte asko dira bertan arkeologoak lanean ari direla.


Jostorratzak baino lehen

Izturitze duela 21.000-29.000 urte. Gravettiar aroan Izturitzeko kobazuloan bizi ziren gizakiek suharrizko tresna asko utzi zituzten.


Ekain, bilatua eta aurkitua

Deba (Gipuzkoa), 1969ko ekainaren 1a. Zestoako mugan, Izarraitzen magalean, kobazulo baten sarrera aurkitu zuten Rafael Rezabal eta Andoni Albizurik.


88.000 urteko hatz zati baten garrantzia

El Nefud basamortuan (Saudi Arabia) , Al Wusta izeneko aztarnategian, Homo Sapiens espeziearen hatz fosilizatu bat aurkitu dute eta, uranio serieen bidez, Max Planck Giza Historiaren Zientzia Institutuak 88.000 urtetan datatu du.


Historiaurreko artearen parke piriniarra
Pirinio iparraldeko Ariège departamendura hurbilduko gara gure bidai honetan, bertako mendi, laku eta gazteluak ezagutzeaz gain, Niaux, Lombrives, Labouiche eta Le Mas d'Azul gisako kobazulo sonatuen berri izan eta ezkutatzen dituzten labar-pintura bikainen aurkitzera. [+]

Isturitz eta Otsozelaia historiaurreko haitzuloak
Hazparnetik hamar kilometrotara, Lapurditik hurbil, baina Nafarroa Behereko Isturitz eta Donamartiri herrisken arteko lurretan, Gaztelu deitu mendiskaren hegietan agertzen dira Isturitz eta Otsozelaiako haitzuloak. Mendiska alderik-alde zeharkatzen duten bi haitzulo ezberdin... [+]

Eguneraketa berriak daude
Bi haur Palestinako banderarekin
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.