IRAKIARREN AURKAKO ZORTZI URTETAKO MENDEKUA


1999ko urtarrilaren 10an
Eta orain zer? Hauxe da Iraki lurra jo erazi ondoren airean geratzen den galdera. 1991ko ama guztien guduaren ondoren erantzun barik jarraitzen zuen galderak eta berdintsu 1992an, 1993an, 1996an eta 1998an Iraki egindako erasoak eta gero. Golkoko gerraz geroztik jasandako eraso militarrik bortitzena hartu berri dute irakiarrek, ez ordea erasorik eraginkorrena. Duela zazpi urte ezarritako enbargo ekonomikoak askoz triskantza handiagoak eragin ditu populazio irakiarrarengan: aho biko ezpatarekin kolpatzen du etenbarik munduko nagusiak, lehenik txikitu eta gero eraikitzen utzi ez. Ankerkeriaren gorena.
Galderak airean jarraitzen du, ordea, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak ez dio oraindik erantzunik aurkitu. EEBBek, ostera, bere kabuz topatu dute erantzuna eta baita aurkitu ere. Baina jadanik ez da horren salgarri.
1991an

«Hitler berriak»
gizateria mehatxatzen zuen bere

«munduko laugarren armada indartsuenarekin».
Hori sinestarazi ziguten 91ko erasoaren aurreko hilabeteetan Pentagonoak eta munduko hedabide garrantzitsuenek. Armada ia garaitezin horrek, ordea, zortzi urteko gerra luzean ezin izan zuen Iran menderatu, horretarako Mendebaleko estatu garrantzitsuenen laguntza izan arren.
Orduko gezurrak beste era batera mozorrotuta aurkeztu zitzaizkigun iaz, guztia mezu baten inguruan: Sadam Husseinek ekoizten dituen arma kimiko eta biologikoek mundua deuseztu lezakete.

«Anthras produktu biologikoaren oso kopuru txikiak milaka pertsona hil dezake»,
zioen iazko otsaileko eraso saioaren atarian William Cohen estatu idazkari estatubatuarrak. Sadamen misilek Paris jo zezaketela ere aireratu zen. Tony Blair lehen ministro britainiarrak iragarpenik apokaliptikoenak egin zituen:

«Sadam Husseinek dagoeneko pilatu du lur gainetik giza bizitza aztarnarik txikiena ezabatzeko adina arma kimiko eta biologiko. Geldiarazi dezagun!
».
Abenduko erasoek Irakeko era guztietako egoitza eta azpiegiturak birrindu dituzte berriz baina ez du lortu arma biologiko eta kimikoen ekoizpena kontrolpean izatea, besteak beste ia ezinezkoa delako, era honetako armak nahiko samurrak baitira bai gordetzeko eta batez ere egiteko. Txiroen «arma nuklearra» dira baina aberatsek ere badituzte.
Mendebaleko gobernuen hipokresia agerikoa da Irak eta arma kimikoei dagokionez, Irakek 80ko hamarkadan Iran eta kurduen aurka arma kimikoak erabili bazituen ere, orduan ez zen ia salatu ere egin, are gutxiago erasotu. Orduan, probetxugarria zen Sadam Husseinen erregimena.


NBE LOTUTA.

Erasoa gertatu izanak, halaber, zalantzan jartzen ditu azken zazpi urteetan Nazio Batuen Erakundearen (NBE) aginduz Iraki inposatutako neurriak, ekonomi enbargoa eta UNSCOM erakundearen bigilantzia. Batetik, Irakera atzerritik sartzen diren produktu gehientsuenak kontrolatuak daude; bestetik, UNSCOMek arma kimiko eta biologikoak egin daitezkeen guneetan ehundaka kamara jarri ditu eta soegileak urte hauek guztietan gora eta behera ibili dira bazterrak miatu eta arma guneak suntsitzen. Irakeko zeruan ere hegazkin espiek zorrotz miatu dituzte etengabe 400dik gora gune. Zertan ibili dira zortzi urte hauetan 1998ko abenduan Iraken arma kimiko eta biologikoak munduarentzat horren arriskutsuak izateko?
Erantzuna EEBBen gendarme zereginean topatu behar da beste inon baino. Azpiak eta goiak menderaturik dituen munduko herrialde indartsuenari desafioa luzatzeak zer dakarren erakutsi behar zaio matxinatzeko tentaldian eror daitekeen edonori. Ekialde erdiko petrolioa oraindik orain garrantzitsuegia da Mendebalarentzat abenturarik txikienari ere zirrikiturik uzteko: 1989an CIAko zuzendariak, William Websterrek, kezkagarritzat jo zuen EEBBek ekialde erditik gero eta petrolio gehiago inportatzea, 1973an % 5 zen, 1989an % 10 eta 2.000rako aurreikuspenak % 25ekoak dira.
EEBB aspalditik daude Iraken tinkotasunez eskuhartzeko gogoz baina estalkiren bat ere behar zuten. Hiruzpalau arrazoi egon daitezke erasoa orain burutzeko eta ez lehenago. Bat, Clinton lehendakaritzatik kanporatzeko

impeachment
ospetsuaren hasierak erasoarekin denboran bat egiteak susmo oso txarrak piztu ditu. Bi, palestinarrek eta israeldarrek Wye Plantationeko akordioa sinatua zuten eta honek EEBBen irudia apur bat garbitzen du zenbait estatu arabiar aliatuen aurrean; palestinarren arazoak EEBBen aurkako giro gogorra sortzen ari da herrialde arabiarretan eta, beraz, Clinton konponbide batekin (nahiz eta erabat printzatua egon) abiatu zen ekialde hurbilera egin berri duen bisitara.
Hirugarren arrazoiak NBEko Segurtasun Kontseiluarekin zerikusia du. Frantzia, Errusia eta Txina aldendu egin dira EEBBen jarrera erasokorretik eta epe ertainera bukaera eman gura diote Iraken aurkako enbargu ekonomikoari. Clintonek, beraz, balizko erasorako behar zuen aitzakia EEBBetako Kongresuak eskaini zion iragan martxoan, Sadam Hussein gerra kriminala izendatu zuenean lehenbizi eta ondoren abuztuan Irakeko oposizioarentzat 750 milioi pezetako dirulaguntza (30 bat milioi libera) onartzean.
Honekin guztiarekin ez ditu konbentzitu Segurtasun Kontseiluko aipatu hiru kideak, ezta nazioarteko komunitatea ere, baina ezer gutxi egingo dute, ez baitago EEBBen nagusitasun erabatekoari aurre emateko indarrik. Aspalditik zain dagoen NBEren erreformak bakarrik bigundu ahal izango luke EEBBen jarrera eta hori proiektu baino amets ez ote den pentsatzen hasi daiteke agian. Zerbait egin beharko da, ostera, ezin baita Bigarren Mundu Gerraren ondorengo egoerarako sortutako erakunde eskema betikotu. Oraingoz, dena den, NBE aldaketak nahiko surrealistak dira, kontuan hartuz gero erakundearen aurrekontuen laurdena baino gehiago EEBBen kutxetatik ateratzen dela. Iragan abenduko 17ko erasoen ondoren Kofi Annan NBEko idazkari nagusiaren ezintasuna ikustea aski esanguratsua izan zen. EEBBek behin baino gehiagotan esan dute NBEko idazkari nagusiaren zeregina politikoa baino administrazailea dela. Zeregin politikoa Segurtasun Kontseiluaren esku, jakina. Frantzia, Errusia eta Txinak akaso ez dute oso maite EEBBen erabateko nagusitasuna baina oso begiko dute aldean daramaten beto eskubidea.
Euroa ofiziala dugun honetan, bestalde, nazioarteko kontuetan Europako Batasuna (EB) hutsaren hurrengoa dela ikusi da berriro. Otsaileko eraso saioan ere ez zen inongo erantzun bateraturik izan; areago, EBko lehendakaritza zuen Erresuma Batuak bonbaketetan parte hartuko zuela iragarri zien gainerako batasunkideei ezer kontsultatu barik.


ENBARGOAZ ZER?

Eraso militarrarekin Sadam Hussein ehortzi beharrean populazio irakiarra ehortzi dute berriro, Sadam indartuz gainera. Orain arte enbargo ekonomikoak egin duen antzera: sei minutuko haur bat hiltzen da 1991z geroztik, elektrizitatea gerra aurreko ahalmenaren % 40an da, ez dago ura garbitzeko klororik kasik, ahalmen industriala % 10ean dago...
EEBBek etengabe luzatu gura dute enbargo ekonomikoa, populazioa itoz altxamenduren bat bultzatzeko esperantzan. Oraingoz, beraz, modu berean jarraituko dela dirudi. EEBB buru, Mendebaleko ikuspegia lotsabakoa da demokrazia planteamenduetan, Denis J. Halliday Irakerako NBEko agentzia desberdinen laguntzaren koordinatzailearen berbak aski adierazgarriak dira:

«Bizirautea zeregin garrantzitsuena den gizartean, gobernu moduari buruzko eztabaidak ez du garrantzirik
». Baina EEBBen apustua sendoegia da jadanik eta Sadam Huseinen erregimena txikitu arte ez bide dute bakerik izango


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude