Ruper Ordorika: «Nire belaunaldiak oso gutxitan asmatu du»

  • Lotsatia dela diote. «Musikak sendatu eta osatu» egiten duela esan digu Ruper Ordorikak ordea. Eta zinez frogatu digu. Hogei urte baitaramatza eszenatokietara igoz, lotsari aurrea hartuz. Azken diskoaren aurkezpenen atarian, patillak, pastazko betaurrekoak eta jantzi ia guztiz beltza ekarri zizkigun elkarrizketara. Betiko legez. Berak aukeratuta joan ginen Oñatiko gazte lekura, tartean kalean topatutako guztiak agurtuz. Galdera bakoitzaren erantzuna kantua sortzen ariko balitz bezala pentsatzen du, patxadaz, denbora hartuz eta borobilduz. Horrelakoxeak dira emaitzak.

2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zure biografia Pott bandatik hasi ohi da. Baina zuk esana da Oskorri izan zela zu eszenatokietara bultzatu zintuena. Non hasi zinen musikari bezala eta nola... Zer dago Pott baino lehen?
Nire pasio handiena izan da beti musika. Beti egoten da mutiko bat betaurrekoekin taldeei begira plazetan jaietan, eta hori ni naiz. Geroztik bateria jotzen hasi nintzen pittin bat, eta gero gitarra. Kantuan beranduago hasi nintzen. Nire etxean badira musikari batzuk, musika ikasiak esan nahi dut. Gurasoen aldetik ekimen artistikoarekiko begirunea jaso nuen.
Maiz esaten dut euskaraz hasi nintzela kantuan zegoen gauza debekatuena zelako. Gasteizen hala zen bereziki. Han bazegoen Bergarako mutil bat Gabon Kanta Sariketa batean parte hartu nahi zuena. Enteratu zen bazela oñatiar bat gitarra jotzen zuena eta eskatu zidan berarekin parte hartzeko. Irabazi egin genuen. Horixe izan zen kantuan jende aurrean egin nuen lehen aldia. Bestalde, Natxo de Felipek ezagutzen zituen nire kantutxoak, eta beti egoten zen nik kantuan atera behar nuela esanez. Modu berean esan behar dut kantuan ingelesez hasi nintzela. Beti ikasten nituen bluesak, rocka... Suertea izan nuen hemen, Oñatin ikusi bainituen banan-banan Benito Lertxundi, Xabier Lete, Mikel Laboa, Ez Dok Amairu banatu eta gero. Benito Lertxundik jo zuen egunean, nik hamabost urte nituela-edo, izan nuen berarekin elkarrizketa bat gerora niretzat garrantzitsua izan dena. Kantutegi zaharrean begiratzeko arau batzuk eman zizkidan. Aurretik eta gaur egun ere hori da nire zaletasunik handienetakoa.

Pott bandan ideologia guztietako jendea bildu zineten ofizioari buruzko kezkek mugituta. Pott-en oinarrizko ideia kontsumoari aurre egiteko kreazioa egitea zela esan ohi da. Kontsumo gizarte honetan Banda literario hartan egon zineten gehienok zeresan handia eman duzuela...
Bai. Orain asko hitz egiten da horretaz. Niri zaila egiten zait gure euskal munduan horren oihartzuna neurtzea.
Unibertsitatean nintzela "Panpina ustela"ren ale batzuk nituen saltzeko. Eta han zeuden bi poemek asko hunkitu ninduten. Bernardo Atxagarenak ziren, eta hain zuzen ere niri, izenak erabiltzen ez ziren denbora haietan, aldizkari haiek saltzeko pasa zizkidana bera izan zen. Halako batean elkartu nintzen Bernardo Atxagarekin kontuak kitatzeko asmotan, eta esan zidan: "Neu naiz horiek idatzi dituena". Harrezkero hasi ginen harremanetan, bakoitza bere lagun bana ekartzen bileretara... eta hortik sortu zen Pott. Bilera ikaragarri aberatsak izaten ziren. Denetaz hitz egiten genuen, gau osoan zehar. Astero elkartzen ginen, batzuetan gai bat eramaten genuen, beste batzuetan norbaitek irakurritako zerbait eta gero hori luzatu egiten zen. Ni beti kantuen kontuekin aritzen nintzen, baina han ez zen kantuez hitz egiten. Uste dut nire lehenengo diskoarekin harritu egin zirela gizagaixoak! Txantxa da, zeren lehen lana Atxagaren letrekin egin nuen osorik. Geroztik nork bere bidea egin du.

Uste duzu gaur posible litzatekeela horrelako bandaren bat sortzea?
Bai, ze nik belaunaldi espontaneotan ez dut sinesten. Egongo zen arrazoi bat hura sortzeko. Uste dut motorra Bernardo izan zela. Hark bazeukan argi talde bat behar genuela barruan generamana botatzeko. Aurten betetzen dira 25 urte "Etiopia" argitaratu zenetik. Eta nire ikuspuntutik horixe izan zen Pott bandan egin zen gauzarik inportanteena. Eta Joxemari Iturralderen lehen liburua, Sarrik sasoi hartan idatzi zuen liburua gerora kaleratu zena... Gauza arrunt inportanteak izan ziren gure gerorako. Baina orduan ekimenaren poderioz egiten genuen. Antzinako eztabaidetan dago hori jasoa: zenbat jende behar den gauza bat egiteko. Eta nik uste dut, gutxienez, bi behar direla kantu bat egiteko: bat kantuan egiteko eta bestea entzuteko. Eta horixe geneukan. Bagenuen gure ondoan pertsona bat benetan saiatuko zena guri gehigarriak ematen, kritikatzen behar bazen, edo oniritzia eta babeslekua eskaintzen. Eta hori gauza handia da, bakarra bada ere.
Gaur egun egoera bestelakoa da. Sasoi hartan oso gutxi ginen, zeharo errepresio mundu batean murgilduta, baina bazeuden gugandik aparte autore batzuk guretzako eredu zirenak, esaterako, Aresti. Batzuek lotzen dute Diktadura Abangoardiarekin. Nik ez dut hala uste, baina bai oso isolaturik bizi ginenez gero, halako eszentrikotasun bat bazegoela. Orain berriz, iruditzen zait senitarte handi bat ez ote garen euskal letretan. Jendeak euskal prentsako artikuluetan, bere lagunak aipatzen ditu izen propioekin bakarrik, abizenak aipatu gabe. Denok dugulako elkarren berri. Beste alde batetik, asko igo da maila.

Urteak daramatzazu musika munduan. Zuk esana da korronteen aurka ibili izanaren irudipena izan duzula maiz. Baina, guztira honekin 13 disko kaleratu dituzu. Nola egin duzu korrontearen aurka joan eta aldi berean euskal musikaren izen aipagarrienetako bat bihurtzeko?
Ez dakit, ez gara hainbeste, ezta? Badut irudipena korrontearen aurka joatearena. 80an hasi nintzenean, euskaraz egiten ziren kantuen mundua lur jota zegoen. Eta horri gehitu behar zaio, inguruan ere horrelaxe zela. Benetan modaz kanpo zegoen esatea kantu bat maite zenuela. Gutxienez rock erradikalekoa izan behar zenuen, edo gutxienez dance music-ekoa. Jendea aurreko sasoi errebindikatibo eta aski panfletarioaren erreakzio batean zegoen. Ez hemen bakarrik, estatu guztian eta nik esango nuke Europan ere hala zela. Rock erradikalak sekulako bitamina ekarri zion hemen egoerari. Baina aldi berean, mugimendu hori aurrekoaren ukazioan oinarritu zen. Eta hortxe hasi nintzen ni kantuan. Tarte luze batean ez zen egon kantu egilerik, zentzu horretan. Zeuden kantu egileak rock taldeetakoak ziren. Baina zeharo bazterrean utzi zen gitarrarekin irteten zen pertsonaia hori. Sasoi hartan beti taldearekin ibili nintzen. Nahiz eta korronte baten kontra egon naizen, beti izan dut nire entzuleria. Eta ez naiz oso kontziente izan horretaz. Nire gauzatxoak egin ditut, eta orain ere horretan dihardut. Ez dut pentsatzen merkatua eta horrelako terminoetan. Eta horrela pentsatzen dudanean, ez dut asmatzen inoiz. Ez dakit jendeak zer nahi duen.

Musikan egotea eboluzio bat omen da, bilaketa prozesu bat. Zure hitzak dira. Urte hauetan nola definituko zenuke zeure bilaketa prozesu hori? Zer bilatu duzu? Zerbait galdu duzu?
Aski bitxia da kontua, zeren nik kontsideratzen dut nire burua arrazionala dela, baina konturatzen naiz egiten ditudan apur hauek oso modu intuitiboan egiten ditudala. Gogoak eskatzen didan moduan eta hortik sortzen da langintza bat, ezaguera bat. Azkenaldi honetan baditut arazo formal gehiago. Kezkatzen naiz moldeetaz, arduratzen naiz topikoetaz ere -topikoa zentzu literarioan, hau da, zein den denontzako leku komun hori musikan-; errimaren kontuak ere kezkatzen nau, erreplikarenak... Eta kezka horiek irrigarriak dira kaletik normal dabilen edozein gizakirentzat. Baina gure eginkizun hau horrelako gauza txikietan oinarritzen da. Eta hor dago ñabardura. Ez dakit zenbatek bereizi ahal duen hori. Baina uste dut gure eginkizunaren zuztarra hori dela. Horrez gain, apurtxo bat gehiagotxo bizitzea ere bada niretzako. Zer edo zer transformatzearen lilura, harantzago joatearena, begien aurrean dagoenaz haratago ba ote den zerbait aurkitzearena.

Euskal Herritik kanpo euskal talde baten eragina anekdotikoa omen da. Oraindik ere bai?
Orain gehiago. Hemendik kanpo euskaraz kantatzeak bilakatzen zaitu gutxienez susmagarri. Batez ere, Espainian barna. Baina niretzako euskara kalean, eta bereziki kantari moduan funtsezkoa da. Uste dut oraintxe hasi naizela pittintxo bat moldatzen hizkuntza eta hori da kantuaren muina. Askotan berba bat esateko mila modu daude. Eta nola esaten den da niretzako kantua, zein fraseatze erabiltzen den, non isiltzen zaren. Hizkuntza da nire materiala.
Nire kezka da irudipena dudala azken hogei urte hauetan atzera egin dugula nabarmen Euskal Herrian bertan. Euskal Herriko erdaldun jendeak maiz ez du inondik ere ezagutzen euskal munduan egiten dena eta hori edozeinek esan lezake. Nik uste dut esparru hori berriz hartu behar dela. Hortik kanpora, ikusirik zein testuingurutan bizi garen eta bizi gaituzten nolabait esateko euskaldungoa komunitate bezala, uste dut normala dela gertatzen ari dena, lehen baino askoz okerrago gaude zentzu horretan.

Euskal Herrian hori berreskuratzeko zer egin beharko litzateke?
Ez dakit. Baina esan beharra dago -ez gaitezen engaina- literaturan denok gaudela itzulpenari begira. Euskal kantuan ez dago horrelakorik. Gure leku naturala hau da. Eta nik uste dut beti ere, horrelako gauzetan, egin behar dela azterketa bat kanpora begira, hau da, zergatik gertatzen den arakatu behar dela. Zentzu horretan, nabarmena da zer giro bizi dugun, ez nuke esango bakarrik euskal komunitateari begira, baizik eta elkar bizitzeari begira eta ezberdintasunari begira oro har Espainian. Oso sasoi ilunak dira edozein demokratentzako izan euskaldun edo peruar, munduan zehar. Baina hori esanda, uste dut barrura begiratu behar dugula: nola jokatu den diskoetxeetatik, argitaletxeetatik eta abar. Askok ezina sentitzen du. Euskal mundua defentsiban dago. Orain 20 urte euskal kantua programatzen zen besteekin batera. Orain emisoretan badute programa zehatz bat euskal munduari buruzkoa eta hor sartzen zaituzte. Beraz, ghettoan zaude, ez zaituzte programatzen, nolabait, zure estiloko batzuekin. Gero horrek indarra hartzen du hitz egiten dugunean euskal musikaz, gu bagina bezala gauza homogeneo bat, euskal mundua bat balitz bezala. Ez, barkatu. Frantzian frantziar musika erabiltzen da Frantziako klasikoez aritzeko. Eta Espainian inork ez ditu zaku berean sartzen Camaron, Veneno, Juan Perro, Marujita Diaz eta Baron Rojo. Hemen itsutu egiten gara. Eta oso ezberdinak gara batzuk besteekin. Baita musikan ere. Beharrezkoa da hori kanpoan erakustea. Batzuetan ikusten dudanean kartel batean musikari guztiok batera gaudela, pentsatzen dut erdaldun jendeak usteko duela hau flamenkoa bezala dela, estilo batez ari garela. Ez gara estiloaz ari, euskaldun jendeaz ari gara eta euskaldun jendea anitza da. Beharrezko dugun jarrera defentsibo horren ondorioa da hau.

Diskoetxe ezberdinekin argitaratu dituzu diskoak. Elkar, Madrileko Nuevos Medios eta Metak, besteak beste. Zein diferentzia sumatu dituzu?
Bost disko egin ditut hemendik kanpo eta oso garrantzitsua izan da niretzat. Oso harreman interesgarria zegoelako gure artean. Bestela, komertzialki, ez dago alderik. Gure esparru naturala Euskal Herria da, gure diskoetxe normal batek hemen duen presentzia ez du beste inork. Baina salmentarena atal bat besterik ez da horrelako erabakietan. Gehiago da bestelako presentziaren kontu bat. Eta nik uste dut edozein herritatik abiatu daitekeela mundu zabalera.

Musika industriak une gogorra bizi du. Pirateria omen da arazo nagusietako bat. Nola ikusten duzu egun euskal musikaren industria?
Oraindik atzematen ez dugun aldaketa baten erdian gaudela uste dut. Independenteek-eta uste izan dute arazo honek eragin handiagoa izango lukeela multinazionalentzako, baina orain oso garbi dago ezetz. Euskal Herrian euskaraz egiten den produkzioan oso eraginkorra izan daiteke. Metallicak 300.000 ale gutxiago saltzen baditu, oso larria da. Euskaraz kantatzen duen kantari bat 1.500 aletik 800era jaisten bada ordea, horrek esan nahi du hemengo produkzioaren atal handi bat defizitarioa dela sortzez. Horrekin egin kontu zein industria egin daitekeen. Baina euskaraz egiten den kantua eta musikaren esparrua benetan oso bizirik ikusten dut. Eta beste modu batzuk aterako dira.

Zein modu? Internetez saltzea adibidez?
Internetez ari dira dagoeneko. Baina nire kezka handiagoa da egile bezala, eta beraz, ni gehiago arduratzen naiz ekintza berarekin, grabatzearekin. Orain erraza da ondotxo grabatzea. Merkatua beraz, gainezka dago cd-ekin. Beraz, cd-ak galtzen du bere balore afektiboa. Ezin gara toki isilean egon. Musika nonahi dago eta galtzen ari da bere erritual indar hori. Kate hau dena positiboa da itxuraz: gehiago kopiatzen da, merkeagoa da, etxean egin liteke... baina hurrengo kate begia ez da betetzen: ez doa jende gehiago kontzertuetara. Eten bat dago. Zergatik ez da betetzen? Musikak ere behar duelako bere balorazioa, aisialdian eta abar. Jendeak gaur bosgarren aukera gisan du kontzertu bat ikustea. Nahiago du eskiatzea, futbola eta gainerakoak. Gainera kreazio aldetik, oso inportantea da mundu zibernetikoaren eragina. Uste dut aldaketa izugarri baten hastapenetan gaudela. Oraindik ez ditugu atzematen horrek ekarriko dituen aldaketa estetikoak, gustukoak, joerak... Gizarte tradizionalean erritu musika bat zen hiletetan, beste bat elizan eta bestea jaietan. Orain musika nonahi dago. Beraz, bilakaera hori harantzago doa.

Zure kantuek istorioak kontatzen dituzte sarri. Abestien narratibotasunak kezkatzen omen zaitu. Pott bandatik atera zen abestien idazlea zarela esan genezake?
Bakarra naizelako, esan daiteke, noski. Poesian ere osagai narratiboa duena da gehien gustatzen zaidana. Baina gehienetan musikatik abiatzen naiz ez testutik. Nik errimarekin harreman zaila dut. Nire jatorria pixka bat libreagoa da. Eta orain ari naiz konturatzen horren balioaz, begira zer berandu. Eta baita ere kantu zaharren eraginez. Disko berriaren izenburua "Kantuok jartzen ditut" Nafarroako kantu zahar baten hasiera da. Horrelako keinu ugari egiten ditut. Han eta hemen sartzen ditut kantu zaharren gauzatxoak, nire dibertimendurako bereziki. Baina baita ere hor badagoelako zerbait nik miresten dudana. Egile ezezagunaren ekarpena, hain zuzen. Zergatik kantatuko ote zion geure aurreko batek berak ezagututako andre bati kantutxo bat? Eta hori dena kantutegi zaharrean molde jakin baten barruan egiten da.
Beharbada, bertsoen moldeak edo kopla zaharrak, edo errima bezalako arazo formalak esperimentazioaren antipodetan egongo dira. Baina baita ere horrek hurbiltzen zaitu entzulearengana. Kantu zaharra horretaz baliatzen da inongo lotsarik gabe eta gehiago esango dut, horretaz nolabaiteko arte txiki bat egiten du. Gauza horiekin ibiltzen naiz. Baina beti ere narratibotasuna lirikotasunarekin uztartzea gako inportantea da edozein lan handitan.

"Hurrengo goizean" diskotik hona badirudi hari bat mantendu duzula. Oso disko intimista da azken hau ere. Zein da zure inspirazio iturria? Zu agertzen zara kantuetan?
Batzuetan bai, beste batzuetan ez. Denetan bai, denetan ez. Hau esanda barre egingo duzu, baina uste dut ausartak direla zentzu horretan, ni naizen moduko batentzako. Esan egiten ditut gauzak. Azken diskoetan eta honetan ere bai neure ariketa guztia musikalki norabide horretara eroaten dut: iturria irekitzera. Eta saiatzen naiz neure gauzak konektatzen, pilota jotzen datorren bezala eta gero lantzen. Ez ezkutatzen hasierako hori.

Curriculuma
jaio: Oñatin, 1956an.
Gazterik joan zen Gasteizera bizitzera eta 17 urterekin Bilbora ikastera. Unibertsitateko giro horretan sortu zen Pott banda 1978an. Bertako kide izan zen Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi eta Manu Ertzillarekin batera.
Egun Oñatin bizi da bere jaiotetxetik ez oso urrun.

Ibilbidea
1980an lehenengo diskoa argitaratu zuen: «Hautsi da anphora», Bernardo Atxagaren letrekin.
Ordutik beste 12 disko kaleratu ditu. Azkena lehengo astean aurkeztu zuen «Kantuok jartzen ditut» izenekoa (Metak).
Ganoraz egunen batean zerbait idatziko duela fantasia omen du. Baina oraindik ez du egin. Eta fikziorako ez duela balio dio. Argitaletxe batentzat argitaratu aurreko lanak leitzen ditu batzuetan.

Diskoak eta izenak

Argitaratutako disko bakoitzak, begibistakoa denez, izenburu bat du. Baina zergatik hori eta ez beste bat?

Zergatik hautsi zen anphora?
Nitasuna hautsi zelako. Hautsi zelako norberari buruzko intuizio erromantikoa. Jada ez zen ni nintzena, baizik eta hi hintzena. Eta orduan hautsi behar da anphora.

Nongo errege izango zinateke?
Zenbait metro koadroen errege absolutista izango nintzateke. Hor pago batzuk eta disko onak jarriko nituzke, Bob Marley ekarriko nuke zeru altutik kontzertu bat eskaintzeko...

Zer ez da posible?
Ez zuen ematen posible gauzak hain gutxi aldatzea. Gauzak asko aldatu dira, baina gure pertzepzioa batere ez. Eta batez ere zenbait areriorena.

Zerk sortzen dizu bihotz errea?
Nire lagun baten aitona joan zen botikara Lekeition eta eskatu zuen: "Me da algo para el corazón quemao?". Hortik dator.

Zer ez zenuke utziko hurrengo goizerako?
Gehiena utziko nuke, nahiz festa gaua oso inportantea den. Bitxia da hurrengo goizarena, zeren pentsatzen jarrita, ze gauza gutxi egiten diren hurrengo goizean mantentzeko modukoak...

Norentzat jarri dituzu kantuok?
Kantuak nik egiten ditut, inportantea da hori esatea. Ez bainaiz aise sentitzen norbait ordezkatzen ari naizelakoan. Baina beti dut gogoan entzule bat, eta euskalduna da.
Disko honek badu lotura bat "Egunkaria"ren itxierarekin. Eta "Kantuok jartzen ditut", hau da, nire apurra jartzen dut.

Adierazpenok jartzen ditut.
Urteen poderioz Ruper Ordorikak eginiko hainbat adierazpen bildu ditugu. Eta berari azalpenak eskatu dizkiogu haien inguruan.

"Los 40 principales entzuten dutenentzat zerbait erakusteko zeukeat". Erakutsi diezu?

Adierazpen hau izango zen orduan atera zelako nire bigarren diskoa eta bertan zegoen kantu bat, "Nire furgoi beltza", asko jarri zen irratietan. Hori bera egon zen Los 40 Principales-en. Eta gerora ere baten bat egon da.
Gogoan daukat ez dakit zein kantari kataluniarrak zioena: "Marjina nazatela, ni ez naiz marjinatzen". Iruditzen zait ez ote dagoen joera hori hemen ere: "Hauek ez gaituzte nahi eta orduan ez gara joango". Ni beti borrokatu izan naiz diskoetxeetan horren kontra. Uste dut gure eginkizuna ere badela demostratzea hor gaudela.

"Nik kantuak egiten ditut bakarrik"
Jendeak esaten du intelektuala eta horrelakoak naizela. Baina nik kantutxoak egiten ditut. Gauza aski primitiboa, oinarrizkoa esango dut: berbak eta doinuak elkartzea. Asmoa hirugarren gauza bat sortzea da, eta hori kantua da. Bestalde euskal kantari askok hartzen ditugu poetak oinarritzat. Ez dut uste inon hainbeste musikatzen denik. Agian badago segurtasun arazo bat gure hizkuntzarekin.

"Batzutan euskal munduan egoteak ito egiten nau". Zer diozu gaur eguneko euskalgintzaren egoera itogarriaz?
Egoera latza da. Benetan demokrazia gogorik ez dagoen gizarte batean gaude. Baina nik uste dut benetan euskaldun jendeak baduela harro egoteko motiborik. Imajinazio guztia erabili behar dugu gure harremanetan euskaldun ez direnekin. Iruditzen zait baita ere, nire belaunaldiaren kontuaz hitz eginda, oso gutxitan asmatu dugula, eta horren ondorengoa orain jasotzen dugu. Badago benetan errebisatu beharra gure portaera, bertsolariak esan zuen moduan, "gure joera lastimosua".
Dena den, euskararena arazo bat da, baina bat. Beste gauza asko oso ederrak dira eta behar dugu horretaz birpentsatu. Ez dakit Arantzazun prest egongo liratekeen, baina ariketa espiritualak egin beharko genituzke frantziskotarren magalean, edo Zuberoara joan denok larrera, ardoa-eta eramanda. Euskaldunok katarsi bat behar dugu.

"Nomada samarra izan behar dut, estutu egiten bainaiz leku berean gehiegi egonda".
Horrela da bai. Gizakia horrelakoxea omen da sortze beretik. Horregatik gaude hemen, euskaldunok lehenengo hautatu genuelako, ezta? Ni ere horrelakoxea naiz. Baina hau bezalako esaldiak zure burua ezagutu guran esaten dituzu. Ni ahal bezala ibiltzen naiz, denen moduan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ruper Ordorika
Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


2024-07-30 | Sustatu
Ruper Ordorika, 2024ko Abadia Saria

Ruper Ordorikak jasoko du Abadia Saria aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko sortu zen Abadia saria. Irailaren 12an Hendaian egingo da ekitaldia, Abadia Jauregian hain zuzen, eta sari... [+]


Ruper Ordorika
Mendea eta segundua gurutzatzen dituena

Mende laurdena bete du Bilboko Kafe Antzokiak eta hamar negu baino gehiago, hastapenetatik orain arteko guztiak, goxatu ditu Ruper Ordorikak.


2022-09-27 | ARGIA
Haur eta gazte literaturaren azoka Sarara itzuliko da

Ikusi Mikusi euskara hutsezko haur eta gazte literatura azoka urriaren 7 eta 8an egingo dute, Saran. Euskal Herri guztiko ikastetxeak hurbilduko dira eta ikasleek elkarren arteko topaketa egingo dute.


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


2022-03-10 | Xalba Ramirez
Santa Anara

Disko bat entzuteko momentuak marka dezake diskoa bera. Zu ez zara bera une bakoitzean, bainatzen zaren ibaiaren pare, eta kanta bakoitzak badu bere unea.

Ruper Ordorikaren Amour eta toujours-ekin horrelako zerbait pasa zait. Logelan eguzki epela sartzen zen neguko egun... [+]


Zerutik gertu

Uda hondarreko igandea, bazkalosteko alferkeria, iluntzerako aurreikusiriko plana kili-kolo… Eta Ruperren kontzertua Lizoainen, baina sarrerarik ez. Dena den, joanda ere galtzeko baino, gehiago genuen irabazteko edozein kasutan; kontzertua ez bazen, herria ezagutu, paseoa... [+]


2021-07-23 |
"Disko honekin abezedarioaren lehen letra bukatu dut, zerbait bete banu bezata"
Ruper Ordorikarekin elkarrizketan.
Ruper Ordorika, «Bihotzerreak» bere hirugarren diskoa aurkeztuz
"Disko honekin abezedarioaren lehen letra bukatu dut, zerbait bete banu bezata"
Ruper Ordorikak hirugarren lp-a kaleratu du, «Elkar» diskoetxearen eskutik. Bi urte... [+]



2021-07-19 |
Errezitaldien susperraldia

«Euskal Herrian egon badagoen sormenaren erakusleiho izan nahi dugu», aipatu digu Oier Guillan Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkarteko kideak. Izan ere, hain ezagunak ditugun lehen lerroko idazle entzutetsuen itzalean idazle andana dago, idazteko gogoz, idatzia... [+]

2021-07-19
Ruper Ordorikaren «Ez da posible» kalean
Ruper Ordorika musikariari elkarrizketa
Ruper Ordorikaren «Ez da posible» kalean
ARGIA. Aurreko lanen bide beretik jo al duzu oraingoan?
RUPER ORDORIKA. Egia esan, oso zaila da entzuleak artista bakoitzaren ikutuaz ez jabetzea; beti agertzen dira norberaren bilakaera... [+]



Pilotalekuko hotsak

Murgiako pilotalekua antzoki bilakatu da gaurkoan. Musikariek eta haien instrumentu eta ahotsek ordezkatu dituzte pilotariak. Ez da entzuten larruzko pilota gogorrek horma berdearen kontra egiten duten soinua, baina haren ordez gitarra, bateria, kontrabaxua eta biolina sumatzen... [+]


2019-11-07 | Xalba Ramirez
Enrike Gisasola Gonzalez, Sosola baserria
“EHKolektiboa laborari agroekologikoen eredua jendarteratzeko tresna da”

Sosola baserria Eibarko Mandiola bailaran kokatua dago, Amaña auzotik gora igota. Enrike Gisasolak aittitta-amamen eskutik jaso zuen baserriaren martxa eta 1994az geroztik ekoizpen ekologikoan murgildu ziren. Egun, bi jarduera nagusi burutzen dituzte salmentara... [+]


2019-01-22 | Arrosa Sarea
Ruper Ordorika eta Bernardo Atxagarekin solasean

Ruper Ordorika eta Bernardo Atxaga batu zituen asteazkenean Bilboko Kafe Antzokiak. Poesia eta bizipenak izan zituzten mintzagai. Bilbon hasi zuten beraien ibilbidea, Arriaga eta San Anton zubien arteko eremu horretan, Somera kalean, bereziki. Ordutik urte dezente pasatu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude