Hizkuntza desberdinetako bertsolariak


Bertsolaritzaren munduko mapari begiratuta, herri askotan bertsolaririk ba ote den ezagutu ere ez dugu egiten. Maximiano Trapero kanariar ikerle eta katedradunaren hitzetan: «Poesia inprobisatua dagoen herrialde guztietan hizkuntza eta kultura konkretu bati loturik agertzen da». Beraz, munduko bazter askotako bertsolaritza galzorian dago, bertako kultura eta hizkuntzarekin batera. Horrez gain, munduko herrialde asko ahozko kulturatik idatzizkora pasatu izanak ere eragin dio bertsolaritzari.

Baldintza hauek denak kontuan izanda, leku bateko eta besteko bertsolaritzaren egoera oso da ezberdina. Herrialde batzuetan, bertsolaritza 50 urtetik gorako lau katuren kontua da. Beste herrialde batzuek, transmisioa ziurtatzeari ekin diote, eta gizarteko joera berrietara egokitu dira.

Aldi berean, ez da gauza bera munduko txoko batean edo bestean bertsolari izatea. Andoni Egañak dioenez: «Inprobisazioa zenbat eta txertatuago dagoen gizartean, orduan eta prestigio handiagoa du inprobisatzaileak. Kubatarrena gurearen antzekoa izan daiteke. Badute beren elkarte moduko bat. Badute telebista programa bat. Irrati programa ere bai. Ekitaldiak sarri izaten dira... Guneratzeak prestigioa dakar. Eta prestigioak onurak eta arriskuak. Beste zenbait, Menorcakoem edo kanariarren kasua izan daiteke, oso fenomeno ertzekotuak dira, prestigio, onura eta arriskurik gabeak.»

Bertsolarien antzekotasun eta berezitasunak

Ezer baino lehen argi utzi behar da inprobisatzaile munduko zati txiki bat bakarrik dela hemen ezagutzen dena. Gainera, ulertzen ez dugun hizkuntzetan aritzen direnak benetan ezagutzea ez da erraza. Eta hori gutxi balitz, une puntualetan entzuteko aukera izan dugu, ez dugu euren produkzio zabalaren berri.

Hori dena kontuan izanda, Andoni Egañak ezagutu dituen inprobisatzeko moldeek euskal bertsogintzarekiko zer ezberdintasun dituzten azaltzen du: «Esango nuke, neurrien aldetik badagoela alderik. Errimakeran ere, haiek multzo desberdinetako errimak nahastuz egiten dituzte bertsoak eta guk, jakina denez, sail bakarrekoekin. Doinuetan ez dut uste guk adinako aberastasunik inon denik... Eta ezagutzen ditudan guztiek musika-tresnaren baten laguntzarekin inprobisatzen dute guk ez bezala».

Baina hemengo eta kanpoko bertsolariek, buru-lan ezberdina egiten al dute? Andoni Egañaren hitzetan: «Badirudi, hondo-hondoan denok ere antzeko urratsak ematen ditugula. Zer esan behar dugun pentsatu, bukaerarako utzi hori, bideari ekin, esana edertuz egin bukaerara bitartekoa...»

Ahozko Inprobisazioaren Kulturarteko Topaketa
Orain arteko beste topaketekin alderatuta, Euskal Herrian Bertsozale Elkarteak antolatuko duen honek bi bereizgarri ditu: bata, hispanisten gunetik mundu osora zabaltzen duela ikuspegia. Eta bestea, aztertuko den gaia kualitatiboki aldatuko dela: orain artean, inprobisazioaren arlo liriko eta teknikoei eman zaie garrantzia handiena. Aurtengoek, ordea, arlo antropologiko eta soziala landuko dute. Egungo gizartean aurrera egiteko elkarrekin ireki daitekeen bidea aztertuko da, bakoitzaren generoaren barruko xehetasunen bila aritu ordez.

10 herritako bertsolariak entzuteko aukera izango dugu azaroaren 3tik 8ra (ikus ondoko koadroak). Aste horretan, astelehenetik ostiralera, egunero kanpoko bi herritako bertsolarien saioa izango da Donostiako Lugaritz Kultur Etxean, 19:00etan. Azaroaren 8an, berriz, inprobisatzaile denak batera ikusi ahal izango dira Bilboko Euskalduna Jauregian, arratsaldeko 18:00etan.

Bertsolariez gain, ahozko inprobisazioan aditu diren teorialariak ere bilduko dira astean zehar. Horien artean, Euskal Herriko Alfonso Sastre, Eneko Olasagasti, Juan Kruz Igerabide, Joxerra Garzia, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Arantza Mariskal mintzatuko dira, kanpoko adituekin batera (ikus azken orriko koadroa). Beste gai askoren artean, ahozko inprobisazioaren egungo egoera, sorkuntza prozesua, errealitate ezberdinak eta etorkizuna aztertuko dituzte. Hitzaldi eta mahai-inguru hauek goizetan izango dira, Donostiako Miramar Jauregian, 10:00etatik aurrera. Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak, deitu dezala Bertsozale Elkartera (943 21 77 98 telefono zenbakira).


Besteak eta gure burua ezagutzeko

Topaketa honek helburu ezberdinak ditu. Bat bertako bertsozaleek beste inprobisatzaileak ezagutzea da. Bide batez, Euskal Herriko erdal komunitateak bertsolaritzaren mundu zabala ezagutu ahal izango du. Horren ordaina da, kanpoan hemengo bertsolaritzaren berri ematea. Izan ere, ahozko inprobisazioaz ari diren puntako teorialariek, ez dute hemengo bertsolaritza ezagutu ere egiten. Eta nazioartean bide bat zabaltzeak gerora bere onurak ekar ditzake.

Bertsolari den aldetik, Egañari modu berezian zaizkio erakargarri topaketak: «Beti sortzen dira geure jarduna zaharberritzeko ideiak edo susmoak. Eta gu nola ikusten gaituzten jakitea ere, geure burua hobeto ezagutzeko modua izan daiteke».

Baina kultura ezberdinetako inprobisatzaileen arteko elkarlana abiatzea ere bada topaketen helburua. Harremanak egonkortu, eta aurrera begira denen artean lantzeko proiektu zehatzak adostea, alegia. Beraz, aurtengo topaketetan ikusiko da herrialde bakoitzak egoeraren zer interpretazio egiten duen, bakoitza zer erritmotan eta lan eremutan dabilen, eta zer asmo dituen. Proposamen ezberdinak eztabaidatu eta adostu beharko dira. Horien artean, Bertsozale Elkarteak egingo du bere proposamena: Interneten, munduko ahozko inprobisatzaile denen informazioa bilduko duen datu-basea jartzea.


Hizkuntzen arteko zubia

Mundu hispanikotik hizkuntza ezberdinetara jauzi egiteak topaketa aberastu eta osatuko du. Denek ahalik eta ondoen elkar ulertzeko, jardunaldi teorikoetan aldi bereko itzulpena egingo da, lau hizkuntzetara (euskara, ingelesa, frantsesa eta gaztelera).

Jaialdietan, ahalik eta gutxien oztopatuko da itzulpenekin inprobisatzaileen jarduna. Hasierako aurkezpen batek emango ditu ondorengo saioa ulertzeko erreferentziak, eta hortik aurrera bakoitzaren belarria eta interpretatzeko gaitasuna frogatzeko aukera polita izango da. Hizkuntzalariek diote zuzeneko komunikazioan %90 hizkuntzaz kanpoko elementuekin transmititzen dela: keinu bidez, intonazioaren arabera... Inprobisatzaileen kasuan, zuzenean ikusi ahal izango dugu zer komunikatzen duen bertsolariak hizkuntzarekin, eta zer beste era batzuetara.
Orain arteko esperientziak

Koldo Tapia Bertsozale Elkarteko idazkariak kontatzen duenez, 1994an kanpora atera beharra ikusten hasi ziren Elkartean. Lehen urratsa, hurrengo Udako Euskal Unibertsitatera kanpoko adituak ekartzea izan zen.

Geroago, 1996an Mexikon ospatu zen Hispanisten topaketan parte hartu zuten lehen aldiz. Hor izan zuten kanpoko inprobisatzaileekin zuzeneko harremana. Lehen esperientzia horretan, Euskal Herrian horrelako topaketa bat antolatzeko aukeraz pentsatzen hasi ziren. Eta hemengo bertsolaritza beste hizkuntzetan azalduko zuen liburu baten premia ere sumatu zuten.

1998an Kanaria Uhartetan beste hispanisten topaketa batean parte hartu, eta ordura arteko susmo guztiak baieztatu zituzten.

2001.urtean argitaratu zuten «Bat-bateko bertsolaritza» liburua lau hizkuntzatan (euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelera). Bertsolaritzak gizartean duen lekua eta funtzioa, bertsolariaren lana eta bertsoa aztertzeko teoria bat aurkezten dira bertan, eta kanpokoek bertsolaritzaren irudi orokor bat izateko oso egokia izan da.

Bide hori guztia eginda, Kulturarteko Topaketa gero eta hurbilago sentitzen bazuten ere, erdiko pauso bat falta zen. Adituen eta teorikoen zirkuituan sarbide bat izatea. Aurtengo udaberrian Renon egindako jardunaldi teorikoek eman dute aukera hori. Bertan aurkeztu dute liburua hiru egileek (Joxerra Garzia, Jon Sarasua eta Andoni Egañak).

Azken hispanisten topaketan 1998an parte hartu bazuten ere, geroztik bertsolariak maiz atera dira kanpora, abestera. Paris, Londres, Bartzelona, Galizia, Menorca, Palma, Italia, Ipar Amerika eta beste hainbat lekutan kantatu dute.

Kanpora atera eta hemengo berri azaltzen hastean jabetu dira bertsolariak besterentzat zer den harrigarri, zer gauza diren bertsolarien bereizgarri. Andoni Egañak azaltzen duenez, «kanpotarrek gure euskaraz aritu beharrak harritzen ditu hasteko. Batzuentzat harrigarri da espainolez jakin eta euskararen hautua egitea bera ere. Gure doinuak sarkorrak direla diote. Oso ongi intonatzen dugula musika tresnen laguntzarik gabe. Gure geldotasuna hunkigarri omen zaiela. Ez genukeen asko usteko! Bertso eskolen funtzionamendua edo Elkartearena berarena ere harrigarri eta eredugarri iruditzen zaie.»

Nahasketak

Beste inprobisatzaileak ikusita, bertsolari askok ezin izan diote besterena frogatzeko tentazioari eutsi. Jon Sarasuak mexikarren bertsokerara salto egin zuen: dezima neurria eta errimakera errespetatuz, erdaraz kantatuz, eta mexikarren konparazio, erreferentzia eta estiloa erabiliz, gainera.

Xabier Paya, Oihane Perea eta Aitor Sarriegik Galiziako topaketa batzuetara joan zirenean ere, bertako regueiffa kantari bukatu zuten, bat-batean. Regueiffak galizieraz entzun, eta gazteleraz erantzuten zuten.

Andonik, aldiz, besteren bertsokera ekarri du euskarara: «Seguidilla moduko zerbait kantatzen ikasi dut, bai. Lehen aldiz Alexisi entzun genion Balda pilotalekura etorri zen batean. Gerora beste hainbatetan entzun izan diet. Eta nire buruarekin frogak egiten hasi ondoren ohartu nintzen ez zela hain zaila ere. Efektista da oso, eta erdipurdi egiteko behintzat, ez da hain nekosoa».

Bertsotan egiteko modu berriak, proiektu bateratuak, herrien arteko loturak, teoria argigarriak, esperientzia trukeak, eta auskalo zer ez diren egosiko azaroaren 3tik 8ra.

Euskal Herriko topaketan parte hartuko duten inprobisadoreak
Kubako dezimistak
Alexis Díaz Pimenta (argazkian, kantuan) repentista, ikerlari eta narratzailea da. Kubako idazle eta artisten elkarteko kide da, baita Bertso eta Dezima Iberoamericarreko Elkartekoa ere. Kubako Kultur Domina jaso zuen 1996an. Hamaika hitzaldi, ikerlan eta liburu argitaratu ditu. Euskal Herrian lehendik ere ezaguna da, eta bere saioetatik, «seguidilla» da ezagunen bihurtu dena: estrofa amaigabe bat hasten du, eta errimak aldatuz doa. Hitzjarioan eten gabe lasai asko irauten ditu 7-10 minutu, eta erritmoa gero eta gehiago azkartuz, nahi duenean ematen dio bukaera.
Alexisen dezimak musikaz laguntzera etorriko dira Fernando Murga lautarekin eta Yeray Rodríguez gitarrarekin.


Mexikoko trovadoreak
Guillermo Velázquez eta Los Leones de la Sierra de Xichú taldea iaz ikusi ahal izan genuen Euskal Herrian. Jon Sarasuarekin sentitzen duten «korronte elektrikoak», elkarrekin bertsotan jarri zituen. Guillermok, lantzen duten poesia honela definitu zuen, Kanarietako Topaketetan: «Bizitza sozialarekin eta politikoarekin, gure jendearen eguneroko bizimoduarekin lotutako poesia da». Trovero denak horrelakoak ez direla aitortzen du: «Poesia konprometituaren fenomenoa berria da gure artean, hogei urtetik honakoa. Eta gure artean badaude oraindik agintean daudenei men egiten segitzen dutenak, Erdi Aroko juglareak bezala, gortekoak direnak». Guillermok eta bere taldeak beldurrik gabe egiten dute gai politikoen eta sozialen satira, eta antzerki zein maskarez ere baliatzen dira egoerak eta pertsonaiak ridikulizatzeko. «Huapango arribeño» genero tradizionalari egungo hizkuntza, ideia eta formak gehitzen ere aurrerakoiak dira.

Portugalgo cantadoreak
Armando Rodrigues eta Adilia Bastos dira desafiozko kantutan ariko direnak. Armando, Portugalgo cantadorerik ezagunenetakoa da, eta Europa eta Ipar Amerikan aritu izan da bertako komunitate portugaldarrentzat kantuan. Adilia Bastos da Portugalgo cantadeira bakarrenetakoa. 12 urterekin ekin zion, eta punta-puntakoa da bera ere. Fernando Freitasek lagunduko ditu kontzertina joaz.

Georgiako kontalariak
Bi kontalari gazte etorriko dira, Shairi poemak sortzera. Rati Amaglobelik Filosofia ikasi du, eta bi liburu argitaratu («Verb», 2000; eta «If», 2003). Hainbat poesia jaialditan hartu du parte Eslovenia, Suitza, Mosku eta Austrian.
Lasha Bugadzek, berriz, Zinemagintza ikasi du, eta beste bi liburu argitaratu («The Box», 1998; eta «Murder of the Century», 2000). Europako Literatur-Express jaialdian hartu du parte, baita hainbat literatur seminariotan ere (Londres, San Petersburgo eta Frantzian).

Sardiniako cantadoriak
Paolo Zedda, Antoni Pani eta Manuele Saba dira bertsotan sardoz arituko direnak. Paolo Zeddari familiatik datorkio zaletasuna, aita eta aitona ere cantadoriak baiziren. Txapelketetan parte hartzeaz gain, nazioarteko topaketetan Sardinia ordezkatu izan du. Antoni Panik inork gutxik adina txapelketa jokatu ditu. Eta Manuele Saba, berriz, bere originaltasunagatik da Sardinian hain preziatua. Andrea Pisuk lagunduko ditu Kristo Aurreko I. mendekoa den launedda instrumentuarekin. Eta Aldo Pitirra eta Perpaolo Pillerirekin ikasiko dugu nola armonizatzen duten cantadorien jarduna «basciu e contra» kantu teknikarekin.

Menorcako glosadoreak
Miquel Ametller eta Pilar Pons glosadoreek ekarriko digute Menorcako kulturaren oihartzuna. Miquel Ametller 7 urterekin hasi zen kantuan, aita glosadorearen babesean. 14 urte daramatza glosadore berriak hezten, eta Menorcako Consell Insularraren laguntzaz ari da glosa zabaltzen. Pilar Ponsek Ametllerrekin ikasi zuen inprobisatzen, orain 3 urte. Menorcako kultura eta hizkuntza indartzeko egiten du lan. Carlos Mangadok lagunduko ditu gitarraz, bera glosadoreekin jotzen espezializatuta baitago.

Marokoko amadyazak
Atlas mendikatetik etorriko da Ihinajen taldea, Lashen Ouboulmane, Mohammed Ouboulmane, Mohamed Bouhou eta Slimane el Khaldi poeta kontsagratuek osatua. Amadyaz nagusiak errezitatuko ditu poesiak, eta besteek errepikatuko.

Reggae Sound System
Sound System jaiak elkartuko du herri eta kultura ezberdinetako jendea eszenategi berean. Kurando Soji arituko da reggae musika jartzen. Kurando japoniarra da, eta Madrilen bizi da 1996. urtetik. Bertako taberna batean aritzen da dj lanetan astero. Eta herrialde askotan aritu izanaz gain, Sonar jaialdi elektrikoan ere parte hartu du. African Simba da Kurandok aukeratutako musikaren gainean inprobisatuko duena. Nigerian jaio eta Londresen hazia da eta lehen albuma argitaratu du: «Celebration for a new generation».
Egun modan dagoen dj festak ere ahozko inprobisazioa du ardatz. Eta Kulturarteko Topaketa honetan, munduko izkina batean jaio, bestean bizi, eta hirugarren puntako kide batekin oholtzan aritzen den gazte jendeak nola funtzionatzen duen ikusi ahal izango dugu.

Saharako m’ghaniak
70 urteren bueltan dituzten Baadi Mohamed Salem eta Beibuh Hach dira sahararren artean inprobisatzailerik ezagunenak. Bere poesiak irratiz entzuten dira astero, eta Aljeriako eta Libiako poesia jaialdietan parte hartu izan dute. Smara herrikoak dira, Saharako basamortukoak.
Oso literatur hizkuntza jasoa eta metafora zein konparazio konplexuak egiten dituzte. Eta sahararren eguneroko bizitza dute kantagai: basamortuaren edertasuna, eguneko gertakariak, maitasuna, herri bezala dituzten zailtasunak...

Argentina-Uruguaiko payadoreak
Marta Suint argentinarrak inprobisatuko du, gitarra jotzeaz batera. Argentina eta Uruguai osoa zeharkatu du kasi dezima kantari, eta Japonia, Europa eta Australian ere jardundakoa da. Kuba eta Mexikoko topaketa iberoamerikarretan parte hartu du.
Lehen dezima behartuta atera zitzaion. Neska kozkorra zela, irratian Martín Castroren dezimak errezitatu behar zituen batean, dezima ahaztu, eta inprobisatuz bukatu zuen. Horrela jakin zuen payadore izateko gai zela. Payadoreen munduan emakumeentzat tarte bat egiten aitzindari izan da. Martaren esanetan, payadoreak giza eskubideak defendatu behar ditu. Bere grabaketetan, sarri lantzen diren gaiak dira desagertuen istorioak, langileen eskubideak, umeek eskolara joateko duten beharra...
José Silvio Curbelo payadore uruguaitarrak jardungo du Martarekin. 17 urterekin egin zuen lehen saioa, irratian. 1970ean Canelonesko payadore txapelketa irabazi zuen. Hamaika kongresu eta ospakizun handitan parte hartu du. Besteak beste, Puerto Ricon, Txilen, Perun, Brasilen, eta Mexikon kantatu izan du. Eta bere lana saritu dute Kuba eta Puerto Ricoko gobernuek.

Munduen arteko lokarri
Topaketen irudia Maialen Lujanbiok sortu du. Bere arabera, bi ideia adierazi ditu: «Inprobisazioa eta mundu txikiak diren herrien arteko lotura». Hori garatzeko oso garbi zeukan prozesua: «Bertsoa artisautzarekin lotzen dudalako, eskuz egindako irudia da. Ez ordenagailuz diseinatua. Inprobisazioa ez delako zehatza, ez kalkulatua, barrutik irteten den erritmo eta formaren araberakoa baizik».

Ezeiza payadorea
Jatorri euskalduneko inprobisatzaileak ere izan dira beste herrietan. Gabino Ezeiza izan zen 1880. urte inguruan Argentinako payadoreen kantua hiritartu eta profesionalizatu zuena. Horri esker sekulako prestigioa irabazi zuen payadoreak gizartean. 1884ko uztailaren 23an Uruguaiko muga pasa eta Juan de Navarekin neurtu zen kantuan. 1986az geroztik, egun horretan ospatzen da urtero Payadorearen Eguna, desafio historiko hura gogoratuz.

Jardunaldietan parte hartuko duten aditu batzuk

JOHN M. FOLEY
Aditua da ahozkotasunean. Batik bat antzinako Grezia, Erdi Aroko ingelesa eta tradizio garaikide eslabiarrak aztertu ditu. Ahozkotasunaren Tradizioa Ikasteko Zentroaren bultzatzaile eta zuzendaria da Estatu Batuetako Missouri-Columbia Unibertsitatean.
Argitaratutako lan batzuk: «Teaching Oral Traditions» (1998), eta «How To Read an Oral Poem (2002)».
250 konferentzia baino gehiagotara gonbidatu izan dute mundu osotik.

JOHN H. MCDOWELL
Antropologoa da.
Indianako Unibertsitateko Etnomusikologia eta Folklore Saileko irakasle da.
«Journal of Folklore Research» aldizkariko editorea izan zen (1986-1992), baita Special Publications of the Folklore institutuko kide ere (1990-1995). Hamaika artikulu argitaratu du aldizkari berezituetan.
Idatzitako azken liburuetako bat: «Dancing the Ancestors: Carnival in South America» (2001).

LINDA WHITE
«Emakumeen Hitzak Euskaraz: Basque Women Writers of the 20th Century» (1996) tesiarekin espezializatu zen hizkuntzan eta literaturan.
Nevadako Unibertsitatean (Reno), Euskal Ikasketen Zentroan ari da lanean, 1981az geroztik.
Tarteko izan zen Euskara-Ingelesa hiztegia prestatzen, eta euskal gaiei buruzko hainbat liburu ere itzuli du.
Literaturaz idatzitako artikuluak, besteak beste, «Encyclopaedia Britannica» bilduman argitaratu dizkiote.

FELIP MUNAR
Filologo eta hizkuntzalaria. Balear Uharteetako gobernuko katalanaren irakaskuntza zerbitzuko burua da.
Palmako glosak berpizteko elkarteko batzordekide sortzailea da. Uharteetako eta penintsulako herrien artean jardunaldiak antolatzen ditu. Uharteetako bat-batekotasunari buruzko europar ikerketako koordinatzaile da. Inprobisazio eskolak eman izan ditu.
«Manual del bon glosador» gidaliburua argitaratu du.


ASTEKARIA
2003ko urriaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude