Iparraldeko ekonomiari radiografia


2003ko irailaren 21an
Herrialde garatuetan bezala, Ipar Euskal Herrian hazten ari den sektore bakarra hirugarrena edo zerbitzuetakoa da. Oro har, enplegua %22,7 hazi da azken 25 urteetan, eta zerbitzuetako sektorean konkretuki %63,3. Enpleguaren portzentajezko banaketa erakusten du sektore hori zeinen ardurakoa den: %72,6 (71.667 lanpostu); EAEn, aldiz, %59koa da eta Nafarroan %53koa. Sektore horren hazkundea partikularrentzako zerbitzu komertzialetan ikusten da bereziki, eta apalxeago txikizkako merkataritzan. Iparraldean turismo handia eta erretiratu anitz izateak harreman estua du sektorearen hazkundearekin, partikularrentzako produktu komertzialen kontsumitzaile gertatzen baitira.

Datu horiek ageri dira, bederen, Solange Mariluzek Manu Robles Arangiz Instituturako eginiko azterlanean, izenburuz "Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoa azken hogei urte hauetan" bataiatu duenean. Lan horren egileak aitortzen du oso zaila gertatu zaiola lan honetarako datuak lortzea eta, horrenbestez, 1993ko "Euskal Herria 2010" dokumentura jo behar izan duela bila. Azterketa hori, hala diote, aski zaharkitua izan omen daiteke, 1975-1990 urteetako datuak baitira, baina, hala eta guztiz, baditu aldi horretako bilakaera ulertzeko klabe interesgarriak.

Sektorearen egitura

Hirugarren sektoreak 15 urtetan (1975-1990) ia 17.000 enplegu sortu ditu. Sektore horretako azpisektore guztietan sortu dira lanpostuak. Zerbitzu komertzialeko enpresak hazi dira gehien (+%117 hamabost urtetan). Guztira, 5.000 lagunek lan egiten dute errekuperazioan, aholkularitzan, asistentzian, ikerkuntzan, finantzetan eta aseguruetan, immobiliarietan eta abar. Hirugarren sektoreko gainerako azpisektoreetan, honako hauetan sortu da enplegu gehien: aseguruetan, biztanleentzako zerbitzuetan (konponketak, osasuna, ekintza sozialak, kulturaren eta kirolaren dinamizazioak eta bestelako zerbitzuak) eta txikizkako merkataritzan (elikadura).

Iparraldean, 1999. urtean -eskura dauden azken datu ofizialak dira-, 98.652 lanpostu zeuden hirugarren sektorean; 1975. urtean, berriz, 80.415. Irakaskuntzak, osasunak eta gizarte zerbitzuek hartzen dute sektoreko zati handiena: %28. Multzo horretan, Kanboko mikroklima profitatuz ireki diren osasun zentroen ugaritzea izan da indargarrietako bat , eta orobat Hendaiaren eta Angeluren arteko kostan ireki diren talasoterapiako zen-troak. Merkataritzak hartzen du bigarren postua: %21,1. Segidan, berriz, ondoko hauek ageri dira: partikularrentzako zerbitzuak (%15), administrazioa (%12,6), enpresentzako zerbitzuak (%11,9), garraioa (%5,4), jarduera finantzarioak (%3,2) eta jarduera immobiliarioak (%2,3).

Sektore industriala atzerriaren mende dago

Iparraldeko sektore industrialak 450 enplegu galdu zituen 1975 eta 1990 bitartean. Geroztik ere, krisi industriala benetan ari da sektoreari erasaten. Iparraldeko industria atzerriaren mende dago guztiz. Existitzen diren 19 enpresa nagusietatik 13k Euskal Herritik kanpo daukate egoitza soziala eta multinazionalen jabetzakoak dira. Aski da industria elektriko elektronikoa adibide moduan: Sony enpresa, Ruwel multinazionalak erosia 2000. urtean (multinazional hori itxi egin zuten berregituraketa baten ondoren); SAT eta Telerad. 1990ean, atzerriko enpresa talde horrek industriako lanpostuen %32 hartzen zuen, eta enpresa subsidiario ugariren jarduera bultzatzen zuen (240 enpresa 3.400 lanposturekin). 2001 eta 2002 urteetan, Iparraldeko industriak arazo berriei egin behar izan zien aurre: itxi egin zen Mauleko Etchandy abarketa-fabrika, itxi egin zen Ruwel (404 enplegu) eta gorabehera ugari izan zuten Atlantikoko Altzairutegia enpresan, (260 enplegu), Bokalen eta Baionako Safam Fonderies eta Ateliers de Mouserrollesen (207 enplegu).

Enplegu industriala Lapurdiko kostaldean kontzentratua dago batez ere, han baitaude enpresa gehienak. Hala eta guztiz, Zuberoaren egoera ere aipatu beharrekoa da, Iparraldeko biztanleriaren %5 soilik izan arren, enplegu industrialaren %8 egiten baitu. Mauleren inguruan, oinetakoen industria txikia garatu da, eta, gaur egun krisian egon arren, kautxuarekin ikuskizun duten hainbat jarduera sortzeko balio izan du.

Nekazaritza eta abeltzaintzaren sektoreak eusten dio krisiari

Iparraldeko nekazaritza eta abeltzaintzak, oro har bederen, ondo eutsi dio Europako nekazaritzako krisiari, nahiz eta 1955etik 2000 bitartean nekazaritzako ustialekuen erdia baino gehiago desagertu den. Azkeneko hamarkadan, %15,8koa izan da galera. Orain, Iparraldean, nekazaritzako 5.939 ustialeku daude; 1955ean, 11.353 zeuden. Eta, egiatan, ardi aziendek eta haien esne produkzioak salbatu dute sektorea. Horrela ageri da, bederen, Solange Mariluzen "Ipar Euskal Herriko egoera ekonomikoa azken hogei urte hauetan" azterketan.

Denok dakigun kontua da, noski, mendebaldeko gizarteetan XX. mendean izan dutela gainbehera, hala baserritarrek, nola nekazaritzako ustialekuek. Egitate hori ongi igartzen da Ipar Euskal Herrian ere, aurrez jaso ditugun datuen argitan. Nolanahi ere, gainbehera bizkorragoa izan da Biarnon (Iparraldearen mugako lurraldean) eta Akitanian, zeinetan, ondoz ondo, %26,5 eta %27,5 murriztu baita sektorea. Iparraldean, beraz, hobeto iraun du sektoreak, batik bat belaunaldi gazteen segidaren berme handiagoa izan duelako. Alderdi horretatik, ez datoz bat Euskal Herriko Iparra eta Hegoa. Azterketaren arabera, 1988. urtean, Iparraldeko laborarien %41ek zioten bazutela nori utzi ustialeku familiarra. Frantziako Estatu osoan, aldiz, %27 mintzo zen modu berean.

Tradiziozko atxikimendua eta hautu behartua. Zergatik jarraitasun handiagoa Iparraldean? Informeak erantzun egiten dio galdera horri, eta bi arrazoi ematen ditu. Lehena da euskal baserritarrek tradizioz ondare familiarrari izan dioten atxikimendua, hau da seme-alabetako bat arduratu izan da beti ustialekua aurrera ateratzeaz eta etxe-lurrak bereizi gabe mantentzeaz. Hala ere, lanean datorrenez bederen, ohitura urbanoen hedatzeak kolokan jarri du tradizio hori, eta, ondorioz, kinkan omen daude hainbat ustialeku. Landatzeko lurrak zatituz gero, ustialekuen tamaina eskastu egingo litzateke eta bideraezinak izango lirateke. Etxean segitzeko bigarren arrazoia, berriz, bizibidezkoa da: bizi-eremuko jarduera ekonomikoa apala izanik, "hautu" behartua bihurtzen da laborantza herrian edo herrixkan geratzea deliberatzen dutenentzat.

Geografikoki, Lapurdiko barrualdea eta Nafarroa Beherea dira nekazaritzako ustialeku gehien dutenak. Lapurdiko barrualdearen kasuan, kostaldetiko hedatze urbanistikoa arrisku larria da laborantzarako eta abeltzaintzarako. Txostenak dio lurraren gaineko presioa gero eta handiagoa dela, eta baserritarra landa lurra hiri lur bihurtzeko tentazio bizian dabilela beti, prezio hobean saltzea ziurtatzeko.

Iparraldean, nekazari gazteen ehunekoa (40 urte baino gutxiagokoa) Akitaniakoa baino apalagoa da eta Biarnokoaren antzekoa. 1979tik aurrera, igo egin da biztanle gazteen portzentajea, baina gaztetze horren kausa nagusia honako honetan datza: aitzinatu egin da erretiratzeko adina eta erretreta aurreratzeko parada ere bada. Probintziaka, Nafarroa Behereak dauka baserritar gazte gehien (%27). Lapurdiko itsasaldean, aitzitik, geroa ez da itxaropenez josia: laborantzako sektoreko biztanleen %55 55 urtetik gorakoa da eta gazteek ez dute %10eko muga gainditzen.

Iparraldeko ustialekuak txikiak dira jeneralean: 23 hektarea, batez beste. Biarnon, 25 hektarea da batez bestekoa. Dena dela, etengabe hazi dira lurrez nekazaritzako ustialekuak -bider bi ugaldu dira 1970az geroztik-; batetik, lurren kontzentrazioa gertatu delako; bestetik, honelako edo halako lurrak laborantzarako egokitu dituztelako. Lurren erabilerari dagokionez, ugaldu egin da landatzekoa eta mantendu egin dira larre sailak eta soroak.

Diru laguntzak ez dira berdin banatzen

Txostenak dioenez, Iparraldeko nekazaritzako jarduera, oro har hartuta, administrazioaren laguntzen eta subentzioen gero eta mendeago omen dago. Mendiko nekazaritzako subentzioak, adibidez, errenta osagarriaren ardurako parte bilakatu omen dira, zein, bestalde, noraezekoa baita hainbat ustialekutan, bizirik iraungo badute. 2000. urteko inkesta baten arabera, diru laguntzak ez dira berdin banatzen Biarnon eta Iparraldean: Departamenduan, bere osoan, laboreen erdia eta abereen %39a dago diruz lagundua; Iparraldean, %29ra jaisten da ehunekoa.

Arrantzako sektorea hilzorian

Iparraldeko arrantzako sektorea gainbehera doa eta hilzorian dago. Etorkizunerako perspektibak, bestalde, ez dira batere itxaropentsuak, Hegoaldean ez bezala, ez baitute laguntza ekonomikoa bideratuko dien instituzio publiko zein pribaturik. Arrantzale asko ozta-ozta bizi dira arrantzatik. Ondorio horixe jaso du behintzat Solange Mariluzek.

Erradiografia horretatik ateratako datu seinalagarri bat honako hauxe da: 60ko hamarkadan, Iparraldean, 1.200 arrantzale zeuden; gaur egun, 300 inguru besterik ez. Lehen hainbat kontserbategi zeuden, arrantzarentzako merkatu ziurra zirenak; orain, guztiz desagertuak dira. Egoera horretan guztian, Europako Batasuneko erabaki mugatzaileek badute zerikusia, jakina, bai eta kanpoko organismo publiko nahiz pribatuen laguntza ezak ere (Hegoaldeko arrantzako sektorean kanpoko laguntzak badira). Bestalde, ahularen ahulgarri, arrantza bera ere murriztu egin da pixkanaka, eta gazteek beste lanbide batzuk jo dituzte begiz.

Testuinguru horretan, Iparraldeko ekonomia hirugarren sektorean kontzentratzen ari da, enplegu gehien sortzen duena baita. Azken urteotan, bien bitartean, nekazaritzako sektorea etengabe murriztu da, arrantzakoa hilzorian dago eta industriakoa ere pisua galtzen ari da ekonomiaren osotasunean. Kostako industria-kontzentrazioan mantentzen ari da enplegua, baina Zuberoan nahiz Nafarroa Beherean krisiaren eraginaren pean dago.

Hiru portu eta 300 arrantzale

Iparraldeak hiru portu ditu: Donibane-Lohizune-Ziburu, 178 arrantzalerekin (88k kostatik gertu arrantzatzen dute eta 90ek itsaso handian); Hendaia, 30 arrantzalerekin; eta Baiona beste 30ekin, guztiak baxurako arrantzan ibiltzen direnak. Iparraldeko beste arrantzale batzuk Dakarren (15), Capbreton Landetako herrian (60) eta arrantza ontzi franko-espainiarretan (330) lan egiten dute. Beraz, Iparraldeko 675 arrantzaleen erdia baino gehiago Euskal Herritik kanpo aritzen da lanean. 60ko hamarkadan, Iparraldean, 1.200 arrantzale ziren; gaur egun, 300 baino gutxiago. Eta arrantzaleen batez besteko adina ere gora doa.

Bestalde, itsasontzien parkea ere zahartzen ari da. Datu adierazgarri bat: azken sei urteotan bi arrantza ontzi berri soilik eraiki dira. Kontzentrazioa nabaria da sektorean: 8 itsasontzik (50 arrantzale) arrantzatzen dute %60. Hendaiako arrain enkantea jadanik ez da existitzen, beharbada azken urteetako emaitza txarren ondorioz (hala kantitatean, nola salmentetan). Hendaiako deskargak 1993an 4.235 tona izatetik 1998an 2.257 tona izatera pasatu dira (azken datu ofizialak urte horretakoak dira). Ipar Euskal Herri osoan, 10.144 tona deskargatu zituzten 1993an; 2000n, aldiz, 7.222. Hau da, %29 gutxiago guztira. Era berean, Ipar Euskal Herri osoan, 1993an deskargaturiko arrainaren balioa 18,14 milioi eurotik gorakoa izan zen; orain, 14,33 milioi euro inguruan dabil. Beraz, %21eko murriztea izan du.

Duela urte gutxi batzuk arte, Iparraldean hainbat kontserbategi zegoen; Donibane Lohizunen eta Ziburun, batez ere. Egoera hark arrantzarako merkatu ziurra suposatzen zuen. Gaur egun, kontserbategi guztiak desagertuak dira eta, ondorioz, haietako enplegua ere suntsitu da. Bestalde, ekoizleek Donibaneko enkanteen lonjako kontrola galdu dute, eta 1992an Espainiako eta Frantziako agintariek antxoari buruz izenpetutako akordioak galera itzelak eragin ditu sektorean (-%30).

Horretaz guztiaz gainera, kontuan izan behar da lehengaia (arraina) desagertzeko arriskuan dagoela, besteak beste, arrainkumeak axolagabeki harrapatzeaz gainera, sare kopuru handiak erabiltzen baitira eta poluzioa ere gero eta handiagoa baita. Aurkezturiko ikuspegi iluna osatzeko, azterketak dio erabakiak hartzeaz arduratzen diren instituzioen artean koordinazio kaskarra dagoela (kontseilu orokorra, Industria eta Merkataritza Ganbara, Gobernu Frantziarra, EB eta abar). Eta, are okerrago dena, Iparraldeko eta Hegoaldeko arrantzaleen arteko harremana laguntasunezkoa eta joan-etorri handikoa izan ordez, liskartsua da: beti tirabiran dabiltza arrantzan egiteko tresnak direla eta (Hegoaldekoek sare tradizionalak baliatzen dituzte; Iparraldekoek, aldiz, bolantak edo sare pelagikoak).

Panorama ezkorra izan arren, azterlanak alderdi positiboak ere azaltzen ditu: 1999tik aurrera, Donibane-Ziburuko portuan, gora egin omen du jarduerak, bereziki arrantzako teknika berriei eta dibertsifikazioari esker. Azpiegiturak (enkanteko lonjak, portua, makinak...) onak dira, prestakuntza kalitatezkoa da eta gazteak irrikan daude arrantza mota "eramangarri" batean eta kalitatezko bizimodua ziurtatuko dienean parte hartzeko.

Turismoa
Denboraldiko turismoa (uztaila-abuztua) faktore garrantzitsua da hirugarren sektorearen sustapenean. Iparraldeko lan aktibitatearen %15 ordezkatzen du. Azken hamabost urteetan, %40 hazi da hoteletako, tabernetako eta jatetxeetako lanpostu kopurua. 1990. urtean, ostalaritzak eta sukaldaritzak enplegu guztiaren %5 hartzen zuten: 4.400 langile, zehazki. Kanboren kasuan, bi sektoreek biztanleria aktiboaren %10 egiten dute: 9.000 langile (800 langile turismoan eta 550 talasoterapian, hainbat eragindako enpleguetan eta abar).
Iparraldeak abantaila nabariak ditu, turismoa bereganatzeko. Akitaniako populazioaren %9 daukan arren, ostalaritzako plazen %20, kanpinetako plazen %15 eta bigarren bizitetxeen %15 du bere. Era berean, Pirinio Atlantikoetako biztanleriaren %43a daukan arren, ostalaritzako plazen %68, kanpinetako plazen %82 eta bigarren bizitetxeen %68 biltzen du. Azken urteetan, 12 hotel kate ezarri dira Iparraldean, eta agerian geratu dira sektore horretako negozio familiarren konkurritzeko eta aurrera ateratzeko arazoak.
Nolanahi ere, ikerlanaren egileek diote turismo denboraldia urte osora zabaldu behar litzatekeela, sektoreko enplegua finkoa izan dadin. Ildo horretan, dagoeneko egin diren ahaleginak azpimarratzen dituzte. Horrela, Hegoaldeko turistek neguan erabiltzen dituzte Zuberoako ostatuak, Miarritze negoziorako eta jaialdietarako hiria da eta Kanboko termek urtean 11 hilabetez funtzionatzen dute, duela 15 urte eman zitzaien bultzadaren ondorioz.

Ardi esnea
Ardi esnearen produkzioa arriskuan jarriz gero, sektore osoa izango genuke balantzan. Horixe dio azterlanak. Eta litekeena dela nekazaritza politika bateratuak gero eta baserritar gehiago bultzatzea produkzio horretara. Horretan, ohi bezala, konkurrentzia da arrisku nagusia. Gazten produkzioaren kasuan, egileak dio kalitatea eta jatorrizko izendapena promozionatzeko politika jarri behar dela abian.
Ardi-aziendak ugalduz doaz Iparraldean: 1970 eta 1988 bitartean %70 ugaritu ziren ardiak. 1993an 2010rako sektorearen eboluzioari buruz egindako lan batek dioenez, hurrengo urteetan handitu egingo da esnea produzitzeko ardien kopurua.

Euskal flota
Hegoaldeko flota 400 itsasontzik eta 5.000 arrantzale inguruk osatzen dute. Flota asko murriztu da bertan ere: 1986an 745 ontzi zeuden eta orain 400, baina flota modernizatu eta berritu egin da. Egun, 500 itsasontzi baino gutxiagok eta 6.000 arrantzalek osatzen dute Euskal Herriko flota.


ASTEKARIA
2003ko irailaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude