Hedabide masiboetatik haratago


2003ko irailaren 07an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Geroz eta erritmo biziagoan dabil gure gizartea. Inguruan dugunari erreparatzeko astirik ere ez dugu ia hartzen, eta gertatzen dena jaso orduko ahazten dugu. Komunikazioaren eta informazioaren gizartean bizi garela esan ohi da, eta ez da esaera hutsa; izan ere, informazioaren sorkuntza eta hedapena kuantitatiboki ikaragarri hazi da azken urteotan, teknologia berrien garapenarekin, batez ere.

Dena dela, informazioaren ozeano zabal horretan, eguneroko informazioaren zurrunbilotik haratago, sorkuntzarako, azterketarako, kritikarako eta gogoetarako pausalekuak egon badira. Kultur aldizkariek horretan dihardute; errealitatearen berezko pluraltasuna islatzen; mundua ulertzen eta azaltzen saiatzen. Eguneroko informazio oldea besterik gabe onartu ordez, irakurleari irizpideak eskainiz, hautaketan eta diskriminazioan laguntzea da aldizkari horien helburuetako bat; alegia, munduan eta gure inguruan gertatzen denaren erreferentzia eta motorra izatea.

Kultur aldizkariak, ordea, minoritarioak dira, berez. Merkatu mugatua dute, eta kuantitatiboki baloratuta prentsaren munduko sektore urrienetarikoa dira. Baina kualitatiboki, kulturgintzaren baitan sektore estrategikoa da, klabea, ezinbestekoa aniztasun demokratiko, ideologiko eta kulturalarentzat.

Euskal Herrian horren adibide ugari ditugu: «Jakin» aldizkaria, «Euskonews&Media», «The Balde», «Entzun!», «Artez», «Bertsolari», «Zehar» eta abar. Urteekin aldizkari asko sortu dira eta kultur aldizkarien panorama asko aberastu dela esan liteke. Hala ere, «Jakin»eko zuzendari Joan Mari Torrealdairen iritziz, bizi dugun garaia ez da unerik onena kultur aldizkarientzat: "Pentsamendu bakarra nagusitu da, kontrasteek ez dute oihartzunik gizartean, eta, beraz, ez da pentsamendua lantzeko garairik onena".

«Jakin» aldizkaria 1956an sortu zen. Frankismoaren garaian 10 urtez debekatuta egon zen arren, etenik gabe argitaratu da 1977az geroztik. Pentsamendu eta kultur aldizkaria da, gogoeta, kritika nahiz azterketari irekia. Kultur arloko eztabaida intelektualen panoramika eskaini nahi du, euskal kulturako nahiz munduko gorabeherak argitzeko asmoarekin. Bihilabetekaria da eta zenbaki gehienak gai monografiko baten inguruan antolatzen ditu, gai beraren tratamendua ikuspegi eta egile ugariz hornituta. Kulturaren baitako adar guztiak ditu aztergai: kulturgintza, artea, hizkuntza, literatura, hezkuntza, politika, ekonomia, zientzia, filosofia, gizartea, komunikabideak...

Joan Mari Torrealdaik 32 bat urte daramatza «Jakin»en zuzendaritzan. Gertutik ezagutu du aldizkariaren bilakaera, eta bide horretan oso egoera desberdinak ezagutu dituela esan digu: "æJakinÆ eta antzerako aldizkarien funtzioa eta gizarte oihartzuna askoz ere handiagoa zen garai batean. Urteekin aldizkari asko sortu dira eta egoera 'normalizatu' egin dela esan liteke; hau da, herri batek dituen premia desberdinetarako erantzun mota desberdinak sortu dira, beraz, lehen berea eta beste zenbait zulo betetzen zituzten aldizkariak, gaur egun, gehiago daude bere lekuan, eta oihartzuna txikiagoa bada ere, beren berezko funtzioa betetzen dute". «Jakin»ek, garai batean, "predikamentu" handiagoa zuela dio Torrealdaik. Hori, ordea, 90eko hamarkadan aldatzen hasi zen, bereziki, «Euskaldunon Egunkaria»ren sorrerarekin. Orduz geroztik, bakoitzak bere espazioa bilatu behar izan du; eta «Jakin»ek lehen esparru informatiboa gehiago lantzen bazuen ere, orain, berriz, bestelakoak hartzen ditu.

Torrealdaik eboluzio positibotzat jotzen du «Jakin»ek izan duen bilakaera; aldizkariak badu bere prestigioa eta espazioa, eta harpidetza bidez ongi funtzionatzen duela adierazi digu. Dena dela, etorkizunaz zertxobait kezkatuta ere agertu da, horrelako aldizkariek muga batzuk badituzte-eta: "Gure irakurle naturaletara iristen baldin bagara, ezin pentsa dezakegu hamar mila sekula izan ditzakegunik, ezta bost mila ere. Eta hortik beherako zifratan nola mantendu da gure kezka".

Beren izaera minoritarioari lotuta dago baita ere gisa horretako aldizkarien egoera ekonomikoa. Euskarazko kultur aldizkari gehienek, denak ez esatearren, neurri handi batean diru laguntzei esker egiten dute aurrera. Irakurle erreala eta potentziala kontuan izanda, gisa honetako aldizkariek ez dute besterik gabe beren burua mantentzeko lain ematen. «Artez» arte eszenikoen aldizkariko zuzendari Carlos Gilen hitzetan, pentsamendu bakarrak oso eragin negatiboa izan du kultur aldizkarien garapenean, eta kulturan oro har. Kalte handia egin die, baina, bere ustez, kultur aldizkariak omen dira, edizioaren negozioan marginalak izan arren, pentsamendu bakarrari aurre egiten diotenak, pentsamendu anitz, etiko, estetiko eta politiko desberdin bat bultzatzen dutenak.

Arte eszenikoen publikoari zuzendutako hilabetekaria da «Artez» eta aleen %90a harpidetza bidez banatzen da. Hasiera batean, Arriola Antzokiko eta Zornotza Aretoko programazioen berri emateko sortu zen 1997an Elorrion. Baina, gaur egun, beste zenbait antzokiren laguntzari esker argitaratzen da: Irungo Amaia Kultur Zentroa, Deustuko La Fundición Aretoa, Lasarte-Oriako M. Lekuona K. A., Santurtziko Serantes eta EHU/UPV.

Kultur aldizkarien etorkizuna zalantzatsua da Carlos Gilen iritziz, beren kabuz aurrera egiteko nahikoa bezeria edukitzea litzateke idealena «Artez»entzat. Horrela, ez lirateke erakundeen menpe egongo, nahiz eta zerbitzu publikoa eskaintzen eta erakundeen ekimenen hedapena ere egiten segituko luketen. Dena dela, arte eszenikoek ezinegon handiko unea bizi dute, eta era berean, eremu horretan komunikaziorako balio duten hainbat aldizkari eta katalogo ari dira agertzen, baina laguntza instituzionalik ezean horiek ere ezin dutela aurrera egin adierazi digu Gilek.

Euskal Herrian, ordea, bada kudeatzeko beste bide bat aurkitu duen kultur aldizkaririk. «The Balde» da horietako bat. Izenak dioen bezala, doan banatzen da hainbat lekutan: arropa dendatan, tabernatan, ileapaindegietan, kultur etxeetan, musika aretoetan eta abar. Horrez gain, harpidetza bidez ere banatzen dute. Gainera, elebitan (euskaraz eta ingelesez) egiten denez, Europara ere asko ari da zabaltzen aldizkaria; gaur egun, 700 bat ale banatzen dituzte. Aldizkaria 2001ean sortu zen eta Euskal Herrian gisa horretako argitalpenetan zegoen hutsunea betetzera etorri da. Izan ere, «The Balde»n poesiak, musikak, dantzak, pinturak, antzerkiakà denetariko arte adierazpenek dute lekua, eta irudiari garrantzi handia ematen diote. Koldo Almandoz da aldizkariko zuzendaria eta berak azaldu digunez, batez ere, irudia modu berezian lantzea zen beren asmoa, irudiak hitzak bezainbeste sustatu dezakeelako irudimena.

Urte hauetan jende ugari hurbildu zaie eta beren lan eta proposamenek argia ikusi dute musutruk banatzen den aldizkarian. Betiko zirkulu kulturaletatik eta betiko izenetatik at, hainbat jende lanean dabilela azaldu nahi dute, eta aukerak eman. Almandozen iritziz, gaur egun, kultur aldizkarien kontsumorako joera ere ez da txarra, baina «Euskaldunon Egunkaria» edo «Egin» bezalako argitalpenak ere euskal kulturaren oinarri izan direla dio, eta bere ustez, alde horretatik, The Balde-ren egoera konkretua ez, baina euskal argitalpenena ez da batere samurra. Irakurtzeko moduak geroz eta uniformeagoak diren honetan «The Balde» irakurketa modu ezberdin bat egiteko saiakera da.
 
Sareko aniztasunean kulturari lekua

Gaur egun, kultur aldizkari gehienek dute beren lekua Interneten. Aukera asko eskaintzen dituen eremua da eta gutxi dira bertsio digitalik ez duten aldizkariak. Gutxi dira paperezko bertsiorik ez dutenak ere, baina kultur aldizkarien artean Euskal Herrian bada horren adibide bat: Eusko Ikaskuntzak sortutako «Euskonews&Media» astekari elektronikoa. Zientziari eta euskal kulturari buruzko argitalpen digitala da, 1998an sareratu zen eta bost urte hauetan asko hazi da. Astekariko edukiez gain, Internetek eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuta, besteak beste, arte galeria bat, artisautzari eskainitako gune bat, euskal kantutegia eta berrehun audio ordu baino gehiago ditu. Argitalpen digitala bakarrik denez, hasieran irakurleak erakartzea kosta egin zitzaien, batez ere, baliabide aldetik zailagoa zelako duela urte batzuk. Gaur egun, ordea, hilean 80.000 bisita izaten ditu, eta bost mila harpidedun baino gehiago dituzte. Elebitan (euskaraz eta gaztelaniaz, frantsesez ere bai batzuetan) argitaratzen da, eta Hego Amerikan, Ingalaterran, Finlandian, Alemanian, Mexikon, Espainianà irakurle asko ditu.

Eusko Ikaskuntzak apustu handia egin du «Euskonews&Media» astekariaren alde, baina gisa horretako urratsak ematea ez da ekonomikoki batere erraza. Interneteko argitalpenen eta paperezkoen egoera oso desberdina da, eta sareak etorkizuna izateko finantzabide berriak bilatu beharko lirateke; izan ere, aldizkari digital asko eta asko desagertzen dira finantzabide egokirik ez dutelako aurkitzen.

Sarean nahiz paperean, kultur aldizkariak, oro har, munduan, gure inguruan eta esparru desberdinetan gertatzen ari dena adierazteko erreferentzia dira. Baina pentsamendua indarge dagoen informazioaren gizarte honetan ikusgai dago aldizkarion iraupena. Hala ere, inoiz baino premiazkoagoak direla esan liteke.

 

Topagune baten beharra
Elkarlana eta elkarezagutza garrantzitsuak dira lanari indartsu ekiteko. Kultur aldizkariek badute horretarako premiarik, eta, neurri batean, laguntza hori jasotzeko aukera ere badute. Izan ere, Espainian bada ARCE (Asociación de Editores de Revistas Culturales de España) izeneko elkarte bat. Bere helburua gisa horretako proiektu kulturalak sustatzeko baliabideak eskaintzea da: sektorearen ordezkari instituzional bezala funtzionatzen du, ekimen kulturalak garatzen ditu, argitalpenen hedapena eta promozioa bideratzen du Espainian eta atzerrian… «Jakin» aldizkaria elkarte horretako partaide da. Torrealdaik esan digunez, Espainian dauden beste aldizkarien artean homologazio bat edukitzearren egin ziren bazkide. Abantaila batzuk baditu hor egoteak, baina «Jakin» Espainiako merkatuan ez dagoenez, ez diote etekin handirik ateratzen.
Euskal Herrian premia badagoen arren, ez da horrelako elkarterik sortu, garai batean ordea, saiakera bat egon zen. "Sortze puntuan egon ginen, baina, azkenean, porrot egin zuen. Eta pena da zeren sektore honek arazo espezifikoak baditu eta interesgarria litzateke horretan presente egotea, bai planteamenduak egiteko, bai erakundeen aurrean premiak agertzeko", adierazi digu «Jakin»eko zuzendariak. Bere ustez, horrelako zerbait oso beharrezkoa den arren, horren kontzientziarik ez dago sektorean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komunikazioa
Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Jon Sarasua
“Ikusi behar dugu zenbateraino komeni zaigun sententzia judizialen akzio-erreakzio jokoan sartzea”

Euskararen biziberritzeari buruz asko hitz egiten ari azken urteetan eta horren inguruan ari da lanean Euskaltzaindiko talde bat. Talde horretan dago Jon Sarasua ere eta galdetu diogu zeregina zertan den. Galdetu diogu, halaber, udaberrian idatzi zuen Puprilusoko artikulu... [+]


Komunikazioa errazteko eta mintzamenaren errehabilitazioa lantzeko IA-Speak tresna garatzen ari dira Nafarroan

Adimen artifizialarekin garatutako tresna bat da IA-Speak. Bi erabilera nagusi izanen ditu: mintzamena itzultzen duen gailu bat eta erabiltzaileen mintzamena aztertzen duen plataforma bat.


2025-08-20 | ARGIA
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]


Auzo ibilbideak (III)
Txantrea: konfliktiboa, eta zer!

Euskal Herrian auzo borrokalaririk bada, hori Txantrea da zalantzarik gabe. Herritarrek euren eskuz eraikia (literalki), auzoa defendatzen ikasi dute kalez kale, izan poliziarengandik, izan agintarien utzikeriatik, izan ugazaben diru-gosetik. Baina auzoa hori baino gehiago da,... [+]


2025-08-18 | Leire Artola Arin
Salpress berri agentzia
El Salvadorko gerrillaren arma ezkutua

Kontatzen ez dena ez da existitzen. Oso barneratuta daukagu lelo hori, baita informazioa boterea dela eta eragiteko gaitasun handia duela ere. Are gehiago gerra edo gatazketan, batik bat oraindik tresna digitalak asko garatu gabe zeudenean, informazioa ez baitzegoen hain eskura... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


2025-08-12 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]


Emakumeak gizonenak ziren lekuak hartzen

Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]


2025-08-11 | ARGIA
Editoriala
Hartu edo utzi

Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


Eguneraketa berriak daude