12 Angry Men (12 gizon haserre)
Sidney Lumet (1957)
Zer: Filma
Herrialdea: AEBak
Iraupena: 95 minutu
Non ikusi: Filmin eta Prime Video
-----------------------------
Ez da erraza pelikula bat zuzentzea, are zailagoa pelikula on bat zuzentzea. Baina zuzendutako lehenengoa historiako onenen artean sailkatzeko modukoa izatea bakarrik Sidney Lumetek egin zezakeen.
Hasieran telebistarako eta antzokietarako pentsatutako obra honetan –garai hartarako sakonki antiarrazista zena–, hamabi epaimahaikidek, aho batez, berediktu bat eman beharko dute mutil gazte arrazializatu batek ustez egindako parrizidioaz. Itxurazko proba finko eta eztabaidaezinek lehenengo botazioa segundu gutxitako kontua izatea dakarte; hamaikak erruduntzat jotzen dute akusatua, eta batek errugabetzat. Eta hor hasten da benetan filma. 95 minutu eskasean eta gela bakar batean kokatuta, gidoi eta antzezpen ezinhobez baliatuta, Lumetek talde psikologiaz, aurreiritziez, eta justiziaren erabilera arbitrarioaz pentsarazten digu.
Arrazoizko zalantzaren kontzeptua erabilita, zortzigarren epaimahaikideak (Henry Fonda) ukaezinak diren froga horiek aztertzen ditu, eta beste kide guztien benetako motibazioak eta pertsonalitatea azaleratzen ditu prozesuan. Esandakoak sinopsitzat balio balezake ere, pelikulak askoz gehiago du esateko.
Erabakiak nola hartzen ditugu eta zergatik? Psikologo batek hobeto azalduko lukeen arren, onespen sozialaren adibide da filma. Aparteko hausnarketarik gabe, gehiengo batek uste duenari men egiten diote epaimahaikide askok, taldearen arrazoietara makurtuta, nahiz eta jakin horrekin pertsona bati heriotza zigorra ezarriko diotela.
Bestalde, justizia norbanakora ekartzearen ondorioez ere ari zaigu Lumet. Gaur egun, gurean ere badaude zinpeko epaimahaiak. Edozein pertsona, legeen inguruan ezertxo jakin barik, deitua izan daiteke beste pertsona batek eginikoa epaitzera; berediktu horrek, gainera, kondena bat suposatu dezake. Eta zein zentzu dauka horrek? Absurdoa dirudi hamar edo hogei pertsona aleatorio hartu eta zubi baten eraikuntzan arkitektu lanak egiten jartzeak, baina pertsonen ardura penalaren inguruan epaitzea ontzat jotzen dugu.
Zaila da gehiago sakontzea spoilerren lurrak inbaditu gabe. Baina gomendioa jarraitu eta 12 Angry Men ikusteko hautua egiten baduzu, emaiozu arreta deliberazio gelan egiten duen beroari, zortzigarren epaimahaikideak daraman traje zuriari edo bakoitzaren eserlekuei. Lumetek ez du ezertxo ere egin egite hutsagatik.