HERRENKA, BAINA KORRIKA EGITEN DU NIKOLAK

  • Korrika Kulturalaren baitan, "Metxa" antzezlana estreinatu zuen Tentazioak taldeak euskara hutsean, otsailaren 21ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Biran da Koldo Izagirrek sortutako pertsonaia maitagarria Euskal Herrian barna.

2003ko martxoaren 16an
Ba al dakizue nor diren agirretarrak? Seguru zuetako batzuek haien berri duzuela, beste batzuek ez duzue jakingo agian, baina zuengandik uste baino gertuago daude. Sudur eta belarri handiak izan ohi dituzte, horra hor pista bat. Haiek ondo arraio ezagutzen dituena Agirre’tar Nikola dugu, lagunen artean «Metxa» deitua (su erraz hartzen duena, metxa motzekoa izaki), Tentazioak taldearen azken antzezlanaren protagonista. Metxa agure erretiratua da, baina ez du bizitzatik dimititu, adarjolea eta erretxina da, gerran ibilia, gogor itxurakoa baina minbera du barrena; memoria pertsonal ahulekoa da, baina memoria historiko handia du. Agirretarra dugu; izan ere, beti erorian dabiltzan gizarajoak dira agirretarrak. Eta oraindik ere min hartzeko prest da Metxa egoskor maitagarria. Haren bizipenak, gezurrak, tramankuluak ikusi ahal izango ditugu jokaleku gainean; hala nola, boza ematera doanekoa, euskaltegian izena ematen duenekoa, herriko ilunpe orokorra saboteatzen duenekoa... Ikuskizuna aurrera egin ahala, gero eta gertuago sentituko dugu Metxa, eta irribarrea aterako digu behin baino gehiagotan.

Koldo Izagirrek 1991n sortutako «Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak» narrazio liburuko protagonista dugu Agirre’tar Nikola. Tentazioak taldeko kide eta obraren zuzendari den Eneko Olasagastiri asko gustatu zitzaion Metxaren istorioa liburua irakurri zuenean eta AEK-k eta Korrikak deitutako bekara aurkeztu zuen. «‘Metxa’ euskaldunei buruzko gogoeta da, ironia handiarekin egina, guretik egina eta autokonplazentzian erori gabe. Gainera, nahiko antzezgarria iruditu zitzaidan. Antzerkitik asko du liburuak, Izagirrek gezurrarekin jokatzen baitu. Agirretarren herriak badu alegitik eta fabulatik. Distantzia hartzen du hainbat gauza kontatu ahal izateko eta esateko».

Liburua egokitzerakoan, Izagirreren ahotsa mantentzea kosta egin zitzaion Olasagastiri; autorearen ahotsak, izan ere, badu garrantziarik istorioan eta horrek ekarri zion buruhauste gehien. Horri irteera emateko, agirretarrak asmatu zituen pertsonaia gisa. Eta agirretar horiek izango dira hain zuzen istorioa kokatzen, Metxarekiko distantzia eta hurbiltasuna jartzen lagunduko dutenak.
Jose Ramon Soroizek jokatzen du Metxaren rola. Harekin taula gainean izango diren adin guztietako agirretarrak, aldiz, honako aktoreek gorpuzten dituzte: Ramon Agirrek, Aitzpea Goenagak, Jose Cruz Gurrutxagak, antzerki kontuen berri orri hauetan idazten duen Ainara Gurrutxagak eta Xabier Sarasola gazteak. Aktoreei buruz zera esan digu Olasagastik: «Ainara eta Xabier izan ezik, beste aktoreak ezagunak dira. Xabier lau urtez Zurriola ikastolako antzerki taldean ibili da, zortzi urte zituenetik. Ez zuen oraino testu antzerkirik egin. Natural eta aske agertu da taula gainean eta oso irakurketa zentzuzkoa egin du; harrituta utzi nau. Ainara ikusita neukan Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean eta zuzenean frogarik egin gabe deitu nion».


PETO-PETOAK

Pertsonaiak herrenka ibiltzen dira; euskaldunen topikoei jarraiki, sudur eta belarri luzeak dituzte. Exageratu egin dituzte pertsonaien ezaugarri fisikoak, distantzia lortze aldera. Arropak, aldiz, gaur egungoak dira, gertutasuna islatu nahian. Liburua 80ko hamarkadan kokatua badago ere, gaur egunera ekarri dute lana.

Hainbat elementu oso garrantzitsuak dira ikuskarian: musika, txotxongiloak... Musikari dagokionez, Joseba Tapiak zuzenean jotzen ditu sei kantu eta aktoreek abestu egiten dituzte. Horietatik lau kanta Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek apailatutako «Agur Intxorta Maite»diskokoak dira. Iaz kaleratu zen disko horretan Gerra Zibileko hainbat kantu bildu zituzten eta musikatu. Metxarengan gerrak eragin handia izan duenez, abestiok bere bizipenen oihartzuna direla esan daiteke. Ikuskizunaren hasierako eta bukaerako abestia, «Agirretarren Bandera», Koldo Izagirrek idatzi zuen eta Oskorrik musikatu zuen duela urte batzuk. Okasiorako, musika berria jarri dio Tapiak.

Agirretarren mundu imaginarioa islatze aldera, modulo tolesgarriak dituen eszenografia osatu du Iñigo Altolagirrek. Metxaren gela urdinetik, haren mundu partikularretik miniaturazko agirretarren herria, Casablanca baserria... sortuko dira. Eskuinaldean Metxaren mundua daukagu, mundu onirikoa, urdinarekin sinbolizatua. Eta ezkerrean, mundu publikoa dago, eta hori gorriak irudikatzen du. Pastoraletik hartutako sinbolo horiekin jokatu dute, nahiz eta eszenaratzeak pastoralekin zerikusirik ez izan.


«EUSKALDUNON EGUNKARIA» EROSTEN DU METXAK

«Egunkaria» itxi eta hamar kulturgile atxilotu ondorengo egunean estreinatu zen «Metxa». Gertakari hori antzezlanean islatu nahi izan dute eta «Euskaldunon Egunkaria» bera fisikoki bi pasartetan gehitu zuten. Metxak ere egiten du komentario agirretarrik auziaren inguruan: «Debekatzen gaituzten bitartean libreak gaituk». Horrez gain, emanaldi bakoitza bukatu ostean, «Egunkaria»rekiko elkartasuna adierazten duen pankarta ateratzen dute taldekideek.
Mementoz, euskaraz ikus daiteke bakarrik antzezlana. Oraindik erabaki gabe du taldeak gaztelaniazko bertsioa prestatuko duen. Gainera, liburua bera gaztelaniara itzulita dago jada. Olasagastik adierazi digunez, «interesgarria litzateke euskaldunak ez direnak hor kontatzen dena eta ematen den ikuspegia ikusi eta entzutea. Hala ere, itzulpenarekin gauza gehiegi galduko direla uste dut. Alegia, oso euskalduna dela eta oso guretzat egina. Gainera, erdaldunontzat gauza erakargarriak euskaraz egitea lortu beharko genuke. Ikus dezaten zirikatu beharko genituzke».

Agirretarrak bertatik bertara ezagutzeko jakin-mina izanez gero, bada aukera franko. Besteak beste, martxoaren 13an Gasteizen izango dira, 14an Tolosan, 20an Iruñean eta 23an Bilbon

«Beharbada idazleek gehiago asmatzen dute interesatzen, hunkitzen gaituzten gaiak idazterakoan, antzerki autoreek baino»
Antzezle, zuzendari, gidoilari... gisa urte andana jardun du Eneko Olasgasti donostiarrak antzerkian, zineman nahiz telebistan. Korrika Kulturalaren habeetako bat den «Metxa» antzezlanean zuzendari lanetan aritu da.

Korrika-AEK bekari esker egin du «Metxa» Tentazioak taldeak. Ez da ohikoa Euskal Herrian halako sorkuntza bekarik egotea, ordea.
AEK-k adierazi izan du Korrika egiten denean, herriari asko eskatzen zaiola, eta nolabait itzuli egin nahi zitzaiola hori, kultur produktu baten bidez. Ohikotik kanpo eta egunero egin ezin den zerbait kaleratuz, alegia. Filosofia hori gustuko genuen eta horregatik aurkeztu ginen beka deialdira. Gainera, aurretik ere, nahiz eta enkarguzkoa izan, «Komeriaka» egin genuen AEKrentzat eta oso gustura aritu ginen. «Metxa» moduko espektakulo bat euskara hutsean eta euskaldunontzat planteatzea ezinezkoa litzateke erabat, halako bekarik gabe. Diru publiko pila bat beharko litzateke. Azken finean hori da AEK-k egin duena: dirua jarri. Ez da nahikoa izan hala ere, AEK-k 60.000 euro jarri baititu produkziorako eta 10 emanalditarako eta ekoizpena 85.000 euro ingurukoa izan da. Alabaina, errazagoa izan da lau horiek lortzea eta egin ahal izatea.

Badirudi azkenaldian euskal antzerki taldeek batik bat nobelak aukeratzen dituztela eszenaratzeko: «Kutxidazu bidea, Ixabel», «Metxa» bera, «Ai ama!»… Bertako antzerki autoreen lanek ez dute zuen arreta pizten?
Hori ez da hemen bakarrik gertatzen, nahiko orokorra da. Dramaturgia klasikoarekin edo egitura klasikoarekin du zerikusia beste ezerekin baino. 70eko hamarkadan iraultza bat egon zen eszenan, eta hor beste modu batera sortzen hasi zen. Ez zeuden, ordura arte bezala, autorea, zuzendaria eta abar, lan egiteko modu libreagoak, zabalagoak sortu ziren. Gaur egun testu bat edozein lekutan bilatzen duzu; jakina irakurtzen ditugu ere antzerkiko testuak. Irakurzaletasunak berak ere beste gauzak irakurtzera eta antzezpen posibleak ikustera eramaten zaitu. Azkenean, guztiak iturriak dira. Beharbada idazleek gehiago asmatzen dute liburuetan, hunkitzen, interesatzen, emozionatzen gaituzten gaiak idazterakoan, antzerki autoreek baino.

Zu kide zaren Tentazioak produkzio etxeak Komarekin batera Irrikitan telebista saioa egin du ETB1erako. Jarraituko du pantailan?
Aste honetan bertan esango digute ea saioak jarraituko duen, audientziaren araberakoa izaten baita hori. Saio piloto bat eta sei atal grabatu genituen eta oraindik bi geratzen dira emititzeko.
Kuriosoa izan zen, ez baitzen guk proposatutako proiektua. ETBtik esan ziguten produktora batzuk elkarlanean jarri nahi zituztela eta «stand up» saio bat nahi zutela. Argi genuen nahiz eta monologo saioa izan, ez genuela «El Club de la Comedia» edo «Más Humor»ren antzekorik nahi. Haiek eskatzen zituzten beste elementu batzuk sartu genituen: istorio laburragoak, bestelako pertsonaiak, baina batez ere Patxo Telleria eta Mikel Martinezen umorea. Umore mota asko sartzea bilatu dugu, barietatea, kritikotasuna lantzea, aktualitatetik gertu... «Irrikitan» aurkeztu genuen eta aurrera atera zen. Egia esan, telebistan bizi diren mementoak ikusita, pixka bat harrituta gaude programak jarraitu izanarekin. Programa ez da oraindik erabat erregularra, horrez gain izan ditugun baldintzak ez dira onak izan, beti presarekin egin behar duzu lan telebistan… Baina nahiko kontentu gaude emaitzarekin eta horrelako espazio bat izatearekin. Ez da programa erosoa, prime timerako eta zaila da astelehen gauetan dauden gauza guztiekin borrokatzea, baina ea eusten diogun

Beka baten fruitu
Tentazioak taldeak I. Korrika AEK bekari esker ekoitzi ahal izan du «Metxa» ikuskizuna. AEK-k eta Korrikak ekarpen bat egin nahi izan diote euskal kulturari eta beka hau sortu dute bertoko sortzaileen alde egiteko eta euskal kulturatik sortutako ikuskizun propioak bultzatzeko. Askotariko hamar lan aurkeztu ziren: antzerki hutsezkoak, antzerkia eta beste arloak nahasten zituztenak, zinema egitasmoak... Herrialde guztietatik gainera. Zentzu horretan oso pozik daude bekaren antolatzaileak. Edurne Brouard Korrika 13ko arduradunak adierazi digunez, «Oso oinarri sendoko obra da ‘Metxa’, Izagirreren liburuan oinarritutakoa, zuzendari on eta ezaguna du, talde sendo batek egin du eta primerako aktoreak ditu. Jarritako helburuekin bete-betean asmatu dugu». Produkziorako beka izateaz gain, 10 emanaldi zituzten lotuta Korrika Kulturalaren baitan (azkenean 11 suertatu dira), eta azken horixe, obra zabaltzea gertatzen zaie zailen taldeei. Gainera taldeak bere kabuz gehiago lotu ditu.

Korrika bukatzean egingo dute balantzea eta orduan erabakiko dute bekarekin jarraituko dutenentz


Azkenak
80ko hamarkadako lau euskal film zaharberritzen ari dira, Zinemaldian emateko

'Ehun metro', Zergatik panpox', 'Hamaseigarrenean aidanez' eta 'Oraingoz izen gabe' dira zaharberritzen ari diren lanak. Zinemaldiko Klasikoak sailean ikusi ahalko dira.


‘Poesia mailu bat da’ literatur jardunaldiak egingo dituzte bigarrenez Gasteizko Gaztetxean, asteburu honetan

Gasteizko Gaztetxean batzen den Azpimarra irakurle taldeak antolatu ditu topaketak. Ostegunean stand-up ikuskizun batekin hasita, Xabier Montoiaren eta Maddi Sarasuaren arteko mahai inguruarekin amaituko dituzte jardunaldiak, osteko Azpimarraren poesia ekitaldi musikatuarekin.


2025-06-10 | ARGIA
BSHk Eskirotzeko lantokia itxiko du datorren astean: 655 langile, kalean

Astelehen goizean ezagutu da industriarentzat kolpe latza izango den notizia: datorren astean hasiko du enpresak EEEaren negoziazioa, eta kalean geratuko dira 655 langile. 


2025-06-10 | Gedar
Israelgo Estatuak ebakuazioak agindu ditu Gazako iparraldean, lurreko erasoak areagotu dituen bitartean

Zazpi auzotarako eta Jabaliako errefuxiatu-kanpalekurako aginduak eman ditu estatu sionistak, eta ohartarazi dute "babesleku" izendatutako eremuak erasotzeko "patroi" bat jarraitzen duela.


2025-06-09 | Sabina Hourcade
ARGAZKIAK | Ziburuko Liburu eta Disko Azoka
 Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
 Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
 Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
 Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
 Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
 Sabina Hourcade / ARGIA CC-BY-ND
 Sabina... [+]

Mahai ingurua: Aurelia Arkotxa eta Rakel Pardo
Bidaide eta godaide, poesiaren ibilietan

Bidaide eta godaide XVII. mendeko Arnaud Oihenarteren Atsotitzak eta neurtitzak liburuan kausitu dezakezu, eta bidean kausitu eta gustura ondoan harturiko bidai-lagunari erraten zitzaion "godaide". Aurelia Arkotxak ekarri zuen gurera, Zubiburu solasaldian, hain justu... [+]


Ziburuko Liburu eta Disko Azoka
Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara... [+]


20 urteko gazte bat atxilotu dute Beasainen, sexu erasoa egitea leporatuta

Erasoa Loinatz jaietako azken egunean gertatu zen. Goierriko Itaiak elkarretaratze bat antolatu zuen gertakaria salatzeko.


Trumpek Guardia Nazionaleko 2.000 soldadu bidali ditu Los Angelesera, etorkinen sarekaden aurkako protesten aurrean

Donald Trump Etxe Zurira heldu zenetik, nabarmen areagotu dira ICE AEBetako Inmigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarrak etorkinen aurka eginiko sarekadak. Horren aurrean, komunitate latino handiena hartzen duen estatuan, Kalifornian, protestak piztu dira azken egunetan... [+]


Bi eta hiru urteko haurrak dituen familia bat etxegabetu dute Bilbon, indarrez

Poliziak kalea moztu du goizean, eta lagun ugari gerturatu dira Bilboko Zurbaranbarri auzora etxea defendatzera. Indarrez sartu da Ertzaintza, eta azkenean gauzatu dute etxegabetzea. Mobilizazioa deitu dute 19:00etarako.


2025-06-09 | ARGIA
Ordizian eskola segregazioa saihesteko neurri zuzentzaile nahikorik ez hartzea egotzi dio Arartekoak Jaurlaritzari

EAEko Hezkuntza Sailak egindako “balorazio oso positiboa” ezbaian jarri du Arartekoak ebazpen batean. Bere esanetan, “neurri irmoagoak” hartu ezean, Ordiziako eskoletan dauden zaurgarritasun eta hizkuntza desoreka arazoak konpontzetik “urrun”... [+]


Adin txikiko bat taldean bortxatzea leporatuta hiru gizon ikertzen ari dira Arabar Errioxan

Hiru gizonetatik bi adin txikikoak dira eta epaitegian deklaratu dute. Hirugarrenaren bila ari dira.


Eguneraketa berriak daude