'Egunkaria'ren itxierak lurrikara ekarri du euskal kulturara


2003ko martxoaren 02an
Jendetza handia bildu zen Donostian, Egunkariaren itxiera salatzeko.
Jendetza handia bildu zen Donostian, Egunkariaren itxiera salatzeko.
Espainiako egunkari bateko kazetari batek –hemengo edizioa ere egiten du– Egunkaria itxi eta hurrengo egunean ARGIAko erredakziora deitu zuen. Gertakizunei buruzko erreportaje bat egiten ari zen eta guk ere Guardia Zibilaren miaketa jasan genuenez, jakin nahi zuen ea nola izan zen dena, nola sentitzen ginen eta halakoak. Kazetariok galdetzera ohituta gauden kontuak ziren. Zoritxarrez, oraingoan kazetari lanak egiten baino, elkarrizketatuak ginen ARGIAkook. Zuzendariarekin hitz egin nahi omen zuen eta harrerakoak deia zegokion pertsonari pasatu zion.
 
"Bai, esan" erantzun zuen zuzendariak. "Pello?", galdetu zuen kazetariak, harekin hitz egingo balu moduan. "Pello atxilotua dago", erantzun zion zuzendariak. Ez da batere arraroa gaur egun ARGIAko zuzendariagatik galdetzean, Pello Zubiriari buruz galdetzea, bera izan baita aldizkariko zuzendaria duela hiru hilabete arte, eta ia hamar urtez. Adierazgarria dena da Egunkaria-ren itxieraren auziari buruz idatzi behar duen kazetariak ez jakitea atxilotuetako bat Pello Zubiria dela. Euskal prentsa eta euskal kulturarekiko gaiaz sarri idazten duten kazetari zenbaitek duten ezagutzaren adierazle da seguruenik. Izandako elkarrizketa luzeaz kazetariak kontaketa txukuna egin zuen, hori bai, zenbait kontzeptu eta ideia bere kaxara erabiliz. Hori ere ez da berria.

Euskal prentsaren historiak bi data behintzat gordetzeko modukoak izango ditu aurrerantzean: 1990eko abenduaren 6a eta 2003ko otsailaren 20a. Lehenengoan Euskal Herrian egindako lehen euskarazko egunkaria sortu zen, Euskaldunon Egunkaria, eta bigarrenean Espainiako epaile batek egunkari hau itxi zuen, ETAk bere zerbitzurako eta berak diruz lagunduta sortu zuen egunkaria izana leporatuz.

ARGIAkideok otsailaren 20ko goizeko lauretan jakin genuen Guardia Zibilak gure lankide Pello Zubiria atxilotu zuela. Lehenbiziko ezin ulertuaren ondoren, eta irratiak eguneko albisteak aireratu ahala, berehala kokatu ahal izan zen albistea bere lekuan: Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Fermin Lazkano, Juan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga, Luis Goia, Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Inma Gomila eta Pello Zubiria ziren atxilotuak, guztiak Egunkaria-ko zuzendaritza postuetan daudenak edo garairen batean egondakoak.

Egunkaria-ren miaketa lanak hasi eta ia eguerdi aldera zigilatu zen Andoaingo egoitza Espainiako Entzutegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Miaketa aginduak ez zuen egunkaria ixtea eskatzen, baina Guardia Zibilaren eskaera medio, Del Olmo epaileak zigilatzea erabaki zuen. Ez omen da ohikoena Guardia Zibilak halako eskaerarik egitea, baina edozein eratan Espainiako Gobernuaren esku luzea ikusteko baliagarria izan zen. Otsailaren 20an bertan, arratsaldez, Barne Ministerioak eta Entzutegi Nazionaleko Del Olmo epaileak idazki bat adostu eta ezagutzera eman zuten, operazioaren zergatiei buruzko zehaztasunak emanez. Ez da ohikoena, halaber, botere judizial eta exekutiboak epaileen erabakiei buruzko azalpen bateratuak ematea eta geroago, egindako kritiken aurrean, Barne Ministerioak ukatu egin zuen idazkia elkarrekin egindakoa zela, baina Entzutegi Nazionalak baietsi egin zuen.

Eskandalua egundokoa izan da eta esparru abertzale osotik zein euskal gizarteko beste sektore aurrerakoietatik erantzun sendoa ematen ari zaio Egunkaria-ren itxierari. Miaketa egunetik hamar egunera Del Olmo epaileak Egunkaria zabaltzen den ala itxita jarraitzen duen jakinaraziko die Egunkaria SAko ordezkari legalei.

Erantzunak

Itxiera aginduari era askotako erantzunak eman zaizkio, baina bi nabarmentzen dira guztien gainetik: bata, itxitako egunkariaren langileek otsailaren 20an 16 orrialdeko euskarazko beste egunkari bat jarri zuten kalean, Egunero izenekoa; eta bestea, otsailaren 22an Kontseiluak deituta egin zen manifestazio historikoa. Topikoa dirudi halakorik esatea, baina nekez ikusi da halako manifestazio jendetsurik Donostian. Datu bat bederen neurtu zuen manifestazioan bere pankartarekin abiatu zen ARGIAko erredakzioak: manifestazioa arratsaldeko 5etan hasi zen Antiguan eta hiru ordu eta bost minutu geroago manifestazioaren azken pertsonak Boulevardera sartzen ari ziren. Milaka pertsonak, halaber, Boulevardera iritsi ezinda egin zuen alde ibilbidetik.

Sona handiko mobilizazioa izan zen eta hala islatuta agertu zen zenbait komunikabidetan. Bistan da, dena den, esparru abertzaleko komunikabideek agertu zutela Donostian gertatutakoaren erreflexurik egiazkoena, eta ikuspegi estatalista duten komunikabideek, salbuespenak salbuespen, jendetza izan zela aitortzera mugatu zirela, baina bai espazioz zein balorazioetan, Donostian bizi izan zenaren garrantzia txikituz. Euskal Herrian bizi den gatazkan fluxu mediatikoek batera edo bestera egiten dute interes politikoen arabera. Oro har, dena den, komunikabide estatalistek ere ikuspegi kritikoz ikusi dute «Egunkaria»ren itxiera eta egoera ahalik eta epe motzenean argitu behar dela zuzenbidezko estatuaren aurkako bihur ez dadin.

Oso bestelako jarrera izan da Kataluniatik etorri dena, katalanez ari diren egunkari garrantzitsuenek oso gogor salatu baitute Egunkaria-ren aurkako eraso hau eta haien kontrako erasotzat ere jo dute. Vicent Partal Vilaweb egunkari elektronikoaren arduradun eta kazetari ezagunak orrialde hauotan idatzitako iritzi artikuluan ondo adierazten du bizi izan dituzten sentipenak. Eta Kataluniatik ezezik, Europa osotik iritsi dira itxiera honen aurkako jarrerak, batez ere kazetarien elkartearen eskutik. Euskal Herriko kazetarien elkarteek kezka azaldu dute egoeragatik, baina erreakzioa beste komunikabide eta kazetari batzuek jasaten dituzten erasoen aurrean izaten den erantzunetik urruti geratu da, batez ere eraso horiek ETA eta kale borrokatik datozenean. Gainerakoan, aldizkaria ixterakoan informazio ugari oraindik airean da, eta ikusi beharko da hamar atxilotuen egoera eta Egunkaria-ren behin-behineko itxiera zertan geratzen diren

Emilio Lopez Adan: "Mentsak edo ustelak? Biak batera!"

Egunkaria"ren aurkako neurrietan, hiru marra igaro dituzte. Kazetarien atxiloketak eta inkomunikazioa, diktadura beltzenetan bezala; komunikabide baten ixtea; euskarazko egunkari bakarra lehertzea.

Gurean, atxiloketak lotsagarriak dira beti, biktima edozein izanik ere. Destenoretan, maskaratuak, salbuespenezko auzitegi batek manatuak, urruneko komisarietan bost egun sekretu pean... Eta ondorioak garbi: jende eskubideen errespetatzeko, audientzia nazionala bezalako egiturak desegin behar dira eta kanpoko poliziak ohildu; gehiago dena, ikas dezan Eusko Jaurlaritzak anaia handiaren prozedurak ez erabiltzen.

Komunikabide baten ixtearekin adierazpen askatasuna jokoan dago, eta askatasun hori errespetagarria da borroka armatu eta terrorismoaz grinatzen denean ere. Ados izanik ala ez "Egin" edo "Egunkaria"ren ildo editorialarekin, hitza utzi behar zaie ideien arma erabiltzen dutenei. Zapalkuntzaren aurka aktibismo minoritarioa onesten dutenek ere ukan dezaten parada esplikatzeko zertan ekintza horiek laguntzen duten euskaldunen askatasuna. Aukera horren isiltzeak autismoa eta pertsegituen eskizofrenia areagotzen dituen ber, erantzun bortitzen ohantzea egiten du. Berriz, klarki mintzatzeak arrapostu argiak ekartzen ditu, eta "Egunkaria"n irakurri ditugu bortizkeriaren inguruko emaitza sakon eta garbienak, idazleen aniztasuna eta askatasuna errespetatuak izan baitira.

Bukatzeko, euskarazko egunkari bakarraren ixteak duen karga sinbolikoa aipatu behar. Komunitate osoa sentitu da mindua, eta gure etorkizuna ez dela batere bermatua pentsarazi digute. Madrileko botereaz arras mesfida izanik ere, eraso militarren aurka Europan izateak babesten gintuela pentsa genezakeen. Orain, usteak ustel, gutieneko demokrazia ere kolokan gelditu da nazionalismo espainol basaren aitzinean: biharko edozein Bruneteren beldur gara. Madrilen pentsatu badute "Egunkaria"ren ixtea isilik irentsiko genuela, mentsak dira; berriz, jakinaren gainean egin badute, ustelkeria handienak egiteko gauza direla frogatu digute.

Agian, lagunak libre izanen dira artikulu hau ageriko denean. Bitartean eta gero ere, Donostian aldarrikatu borondatean eta mezuetan finkatu behar gara: batasunean. Batasunean, bai, baina Donostian ikusi ditugu Partido Nazionalistaren aurkako mezu bortitzenak eta Gasteizen ertzainak ibili dira "Egunkaria"ren aldekoen identitatea kontrolatzen.

Gure artean, tentua eta oportunitate zentzua nahikoa eskasak dira. Bizi daitezen "Egunkaria" bezalakoak, ea elkarri klarki eta errespetuz mintzatzen garen.

Baleren Bakaikoa: "Izua"

Espainiako eskuinak, Alderdi Popularraren zuzendaritzapean, Francoren garaietako euskararen aurkako aurpegi garratzena azaldu digu, berriro ere, "Euskaldunon Egunkaria" itxi digunean, zuzenbide estatu bateko oinarrizko printzipioak hankapean jarri ostean. Izan ere, epairik eta inozentzia presuntziorik gabe, adierazpen askatasuna bermatzen duen egunkari bat isilaraztea zuzenbide estatuarekin ez baitator bat. Gainera, operazio hori aurrera eramaterakoan, Argentinako edo Txileko errejimen militarrek erabiltzen zituzten metodo berberak aplikatu ditu.

Euskal kunturgintzako langile paketsuak eta lasaiak, errejimen totalitarioetan bezala gau ilunean atxilotu dituzte, egun argiarekin atxilotu ezingo balituzte bezala. Honela, adin guztietako euskaldunen artean izuaren mezua zabaldu nahi izan dute, batik bat adin txikiko seme-alaben artean, ordu horietan aita batek edo amak pairatzen duen tratuak hori sortzen baitu.

Ekintza honek bazuen beste helburu bat. Hau da, euskalgintzako gizon-emakumeak ETArekin erlazionatu, honela EAJ-EA-EB urrun daitezen. Hala ere, alderdi horiek ez dira joku horretan erori, nahiz Lehendakariaren presentzia faltan bota genuen Donostiako manifestazioan. Baina euskal egunkariarekiko esandako hitzak betearazi behar dizkiegu.

PS: Ah! Euskalgintzako gizon-emakumeok adin nagusira aspaldi iritsi ginen, ez dakit nongo "agintarien" onespenik gabe funtzionatzeko.

Elixabete Garmendia: "Malkoen indarra"

Malkoak irentsi, arnasa hartu, hortzak estutu eta amorrazioa eraginkor bihurtu. Eta horrela egin dute milaka eta milaka lagunek, aspaldian ikusi ez den unanimitatean. Radio Euskadiko tertuliana batek ostegunean Madrildik zioen horrelako kasuen aurrean -"Egin"ekoa izango zuen buruan- ez omen dela ikusten beste batzuetan ageri ohi den solidaritatea, Haizearen Orrazian egiten diren konzentrazioetan bezalakoa. "El País" irakurrita, adibidez, ez da jabetuko, ez, larunbatean Donostian solidaritatez emandako milaka eta milaka pausoez. Ez du jakingo nola guraso askok hartu dituzten sei-zazpi urteko umeak eta ekarri dituzten beren bizitzako lehen manifestaziora. Ez du jakingo, ez, nola hirurehun biztanlera iristen ez den herritik bezperan zalapartaka autobusa fletatu eta bi eserleku bakarrik geratu zaizkien hutsik. Ez ditu ikusiko beldurra emateko moduko gizon puskak -herri kiroletakoak izan behar-, txiki geratzen zitzaien pankartari itsatsita. Ez da ohartuko kopuruz eta kalitatez gizarte baten argazkirik osatuena zegoela Antiguatik Bulebarrerako bidean.

Erreakzioa azkarra, bapatekoa eta zalantzarik gabekoa izan da, izugarria, "Egunkaria"ren hamaika mila erosle eta berrogeita lau mila irakurleen unibertsoa askogatik gainditu duena. Manifestazioaren garaipenaren ondoren, dena den, lagun batek dioena datorkit behin eta berriz burura: badirudiela euskaldunok galtzera jokatzen dugula beti. Oraingoan asmatuko ote dugu larunbatean Donostian azaldutako indar hori dena behar den tokitik bideratzen. Historiara pasatuko den bataila da hau eta ezin diogu geure buruari iruzur egin.

Barkatu panfleto kutsua. Errepresioak horrelako kontuak dakartza.

Vicent Partal: "Geure burua defendatzera mugatzen gara"

Katalanezko komunikabideek eta, oro har, Herri Katalanetan lanbide honetan gabiltzanok, irmotasunez erreakzionatu dugu, euskal kazetari talde baten atxiloketaren (horien artean daude Pello Zubiria eta Martxelo Otamendi nire lagunak) eta "Euskaldunon Egunkaria"ren itxieraren aurrean. Katalanez egunero paperean argitaratzen diren 12 egunkarietatik 10ek eta Vilawebek, atxiloketak izan eta ordu gutxitara, komunikatu bat idatzi genuen atxilotuei gure elkartasuna adieraziz eta "Egunkaria" ixtea adierazpen askatasunaren aurkako atentatu larritzat joz. Agiria "Segre", "El Punt", "El periódico", "Avui", "Regio7", "Diari de Balears", "Regió 7", "El 9 Nou", "El 9", "El 9 Punt" eta Vilawebek sinatu zuten eta komunikabide hauetan guztietan argitaratu zen. Sinatu ez zuten bi egunkarietatik bat Andorran egiten da, beraz, beste estatu batean, eta horregatik ez zuen sinatu, bere elkartasuna adierazi bazuen ere. "El Temps" edo "El Triangle" bezalako astekariek ere bat egin zuten manifestuarekin, baita era guztietako argitalpen lokalek ere. Hurrengo egunean Kataluniako Kazetarien Elkargoak komunikatu gogorra zabaldu zuen "Egunkaria"ren itxieraren aurka eta alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, zorrotz gaitzetsi zuten.

Egun hauetako telefono elkarrizketa ugarietako batean, mobilizazio zabal honen berri ematen ari nintzela, euskal kazetari batek eskerrak eman zizkigun. Beharrik ez zuela erantzun nion, gu geure burua defendatzera mugatzen baikara. Geure burua defendatzera, "Egunkaria"ren itxiera ez baita soilik euskal prentsa eta euskararen kontrako erasoa. "Egunkaria"ren itxiera herritar guztien eskubide zibilen eta estatuko kazetari guztien kontrako erasoa da. Kazetari espainiarrek ez dute konturatu nahi izan, demokraziaren aurretik euren nazionalismoa lehenesten dutelako. Duela hainbat hamarkada Brecht-ek azaldu zuen bezala, horrek ez die batere lagunduko euren txanda iristen denean.

Xabier Eizagirre: "Diziplinarteko erasoa"

Polizi operazioak eragindako kaltearen arrastoak oraindik bero-bero sentitzen ditugun une hauetan, burua hotz mantendu eta gertatutakoaren ebaluaketa egitea dagokigu. "Jakin" aldizkariaren esparruan, Joan Mari Torrealdai zuzendaria atxilotu dute eta bulegotik hainbat dokumentu eta baliabide informatiko konfiskatu dizkigute; babesgabetasun, intseguritate eta ezegonkortasun sentsazioak saihestezinak dira. Baina gurea, neurri batean, euskal komunikabide idatzien bihotza zauritzeko eratu den zurrunbilo politiko-judizialaren "alboko kalte" bat izan da. Izan ere, oraingo honetan, argi hauteman ahal izan dugu guztiok -lehen zalantzak zituenak, batik bat- erasoa bestelakoa dela: "diziplinartekoa"; goi mailako bulegoetan diseinatua, planifikatua eta sustatua; euskalgintza osoari zuzendua; eta, tamalez, etorkizunari irekia. Jakina, hein handi batean euskalgintzan dihardugun guztion esku dago estrategia horren porrota sinatzea. Gutako bakoitzak, dagokigun lekuan, lanean jarraitzeko konpromisoari eutsiz. Gizarte mailako gainerako erakunde, eragile, talde eta banako euskaltzaleak eginkizun horretan inplikatuz. Asko garela eta tinko aurrera egiteko asmoa dugula argi utziz. Erasotzaileari indarrak gaizki neurtu dituela erakutsiz.

J. Iñaki Etxezarreta: "Joxemiren Egunkaria"

Hilaren 20ko ordu txikietan atxilotu zituztenen zerrendan Joxemi Zumalabe falta zen. Gaur geure artean bageneuka, Madrileko informazio zerbitzuen miruen atzaparretan legoke, zalantzarik gabe. Bizitzaren azken urteetan gelditzen zitzaizkion indar ahituak Egunkariaren proiektua sortzen eta aurrera ateratzen eman zituen: bera izan zen urrats ororen atzean, aurrean, goian, behean eta alboan zegoen pantzerra. Beste inork ez bezala zekien Egunkaria nola otondu zen, bera izan baitzen sukaldari nagusia. ARGIAn zegoen ekipoarekin eta bertakoen premia eta gogoekin gerora Egunkaria litzatekeenaren ideia diseinatu eta plana egin zen. Joxemik ondo baino hobeto aurreikusi zuen bereziki hiru traba, eta ez nolanahikoak, kudeatu beharko zituela: ezker abertzalearen agintarien baimena, euskalgintzaren baitako gutxieneko adostasun zabala eta botere publikoan zeuden abertzaleen mesfidantza. Bistan da lehena lortu zuela, bigarrena Egunkaria bere eguneroko praktikarekin eskuratuz doala eta hirugarrena eginkizun dagoela. Bistan da ere Joxemiren Egunkariak aurrera egin ahal izan zuela ekonomi erresistentziaz, militante lanaz eta kudeaketa horretan gogoz kontrako -eta ezinbesteko- loturak eginez. Gaur, ordea, inork uka al dezake Egunkariaren aurkako erasoa Estatuaren operazio politikoa eta mediatikoa, euskalgintzaren habetariko bati zuzendua, izan dela? Muturrekoz ikasten omen dugun euskaldunok buelta dagiogun Estatuari kolpe hau, Joxemiren Egunkaria hamahiru urteren osteko Euskaldunon Egunkari sendoagoa bilakatuz.

Mariano Ferrer: "Itxieraren balantzea"

Edizioa ixtean, hauxe da eskatu didazuen balantzea:

Zuzenbide estatuan justizia prebentibo eta espekulatiboa ezartzen da. "Egunkaria" ez dute itxi itxiera justifikatzen duten frogak daudelako, itxierak aurretik egindako tesia konfirmatzera eramango duten frogak ekarriko ote dituen ikusteko baizik.

Euskal nazionalismoarekin bat egiten ez duten komunikabideak adierazpen askatasunaz eta errugabetasun presuntzioaz mintzo dira. Teorian ortodoxoak, paziente konkretuaren odolarekin eskuak ez zikintzeko kontuz dabiltza.

Manifestazioa ikusgarria izan zen, seguru aski nik Donostian ikusi dudan handiena. Bere bidean gainezka egin zuen. Ezinezkoa da kuantifikatzen. Kezka bat uzten du airean: herri honetan manifestazioak amortizatuak daude. Hartzaileak entzungor egiten du. Energia ez bada, ez sortu, ez suntsitzen, eraldatu egiten bada, aurrean daukagun lana garbi dago.

Atxiloketek min ematen didate, itxierak sumintzen nau, euskara batzuek defendatzen dituzten eta beste batzuek defendatzen ez dituzten eskubideak bereizten dituen marra izan daitekeelako kezkaturik nago.

Pello Zubiriaren atxiloketa eta ARGIAren miaketa

Guardia Zibilak otsailaren 20ko goizeko 01:30ak aldera iritsi ziren Hernaniko Karobietako 18. zenbakira, Pello Zubiria ARGIAko zuzendaritzaren albokoa eta «Euskaldunon Egunkaria»ko lehen zuzendaria bizi den etxera. Malores Etxeberria emazteak atea ireki zuenean, fokoak eta armen kanoiak besterik ez zituen ikusi. Pello bera bere gaixotasun larriak utzi zion bezain bizkor jaitsi zen atera. Emaztea eta seme-alabak sukaldean sartu zituzten berehala, eta bertan geratu behar izan zuten miaketak iraun zuen denbora guztian. Bitarte horretan etxeko gainontzeko gelatan gertatutakoaz ez dute berririk. Inork ez zien inolako azalpenik eman eta ez zieten agiri bat bera ere erakutsi. Zeozer entzun zutela diote eta tartean «ETA» hitza esan ote zuten susmoa dute. Instrukzioko epailea edo idazkaria Pellori atxilotze agindua irakurtzen ariko zitzaion akaso.

Goizeko 04:00ak inguruan alde egin zuten Guardia Zibilek. Pello Zubiriaren ordenagailu pertsonala, eta liburu eta disketeren bat eraman zituzten. Alde egin baino lehen Malores Etxeberriak zamarra bat eta botikak eman zizkien Guardia Zibilei, antiinflamatorioak batez ere, Pellok ezinbestekoak baititu oinazea saihesteko.

Berehala iritsi zen Hernanira hainbat senitarteko eta ARGIAko lankide. Inork ez zekien oraindik atxilotzearen arrazoia eta irratiko lehenengo informatiboaren zain geratu ziren. Euskadi Irratiko goizeko 06:00etako informatiboan esan zuten «Egunkaria»ren aurkako operazioa zela eta, atxilotuen artean, dagoeneko Xabier Oleaga eta Luis Goiaren izenak aipatu zituzten. Orduan ARGIAKo kideek ARGIAren egoitzara etorriak izango zirela pentsatu zuten.

06:15etarako iritsi ziren Lasarte-Oriako industrialdera. Egoitzaren inguruan Guardia Zibilaren hiru patrol, geroago Martin Ugalde Kultur Parkean ikusi ahal izan ziren bi furgoneta eta pare bat auto zeuden. ARGIAko kideei dokumentazioa eskatu eta autoa miatu zieten. Egoitzaren garbitasunaz arduratzen den emakumeak konfirmatu zuen ARGIAn Pello Zubiriarekin sartuak zirela Guardia Zibilak. Baina ilunpean ez zuten Pello ikusterik izan. Behin eta berriro galdetu zuten miaketaren arrazoiaz, baina ez zuten erantzunik jaso eta inork ez zien agindu edo inolako agiririk erakutsi. Beste hamar minutuz-edo miaketan jarraitu eta 06:30ak inguruan alde egin zuten.

Egoitzan sartu eta bi ordenagailu eraman zituztela ikusi zuten: baja hartu baino lehen Pello Zubiriak erabiltzen zuena eta Xabier Letona ARGIAko zuzendariarena, bestea. Aurrerago, ARGIAk CDetan gordetzen zuen argazki artxibo guztia ere falta zela ikusi zen, 10.000 argazki inguruko artxiboa. Eta paperezko argazki artxibotik ere hainbat atal eramanak zituzten.

Pello Zubiriaren osasun egoera larria dela eta, berehala bere medikuaren partea lortu zen (alboko koadroan) eta gestioak egiten hasi ziren abokatuaren bitartez, epaileak Pellok ezinbestekoa duen tratamenduaren eta dieta bereziaren berri izan zezan, eta beharrezko neurriak har zitezen. Baina horren konfirmaziorik ez dago oraindik.

Artikulu hau ixteko unean, Pello Zubiriak inkomunikaturik jarraitzen zuen, operazioan atxilotutako gainontzeko bederatzi lagunak bezalaxe.


ASTEKARIA
2003ko martxoaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Egunkaria auzia
2023-02-17 | Leire Artola Arin
'Egunero behar genuen' liburua aurkeztu du Imanol Muruak, behin-behineko egunkariaren kronika

Otsailaren 20an beteko dira 20 urte Euskaldunon Egunkaria Guardia Zibilak indarrez itxi zuenetik. “Euskarazko egunkaria itxi duzue baina hemen gaude”, halaxe erakutsi zuten biharamunean Egunero argitaratuta. Bertako zazpi langile elkarrizketatu ditu Muruak, eta bere... [+]


2021-03-21 | Ander Perez
Samara Velte. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren memoria
"Sumatzen genuen 'Egunkaria'-ren inguruan orokortuta zegoen narratiba oso onbera zela"

Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzko Paperezko hegoak dokumentala zuzendu eta aurkeztu berri du Samara Veltek (Zarautz, 1991) Josu Martinezekin batera. Azkenaldian euskal gatazkaren memoriaren transmisioari buruzko doktore tesian murgilduta badago ere, ezin izan dio... [+]


2021-01-31 | Saioa Baleztena
Sara González. Estoldak astintzen
"Beldurra da gizartea kontrolatzeko arma"

Kazetaria eta analista politikoa da Sara González (Sant Celoni, Katalunia, 1985). Disidentziaren kriminalizazioa agerian jarri du argitaratu berri duen Per raó d’Estat (Estatu arrazoiagatik) liburuan, Espainiako Estatuko estolden egitura politiko, polizial,... [+]


Eguneraketa berriak daude