Inork ez du Ibarretxerena hobetzen

Irailaren 27an Ibarretxe lehendakariak elkarbizitzarako proposamena egin zuen Legebiltzarrean. Geroztik bi hilabete joan dira eta hiru dira jaso dituen salaketarik nagusienak. Lehena: «Ibarretxeren proposamenak ez dakar konponbiderik».

Konponbiderik ez dakarrena lehengo lepotik jarraitzea da. Auskalo proposamenik egiteko unerik egokiena den edo Hirutasun Santua noiz etorriko zain egon behar ote dugun, baina ez dago urteak joan eta urteak etorri gora begira jarraitzerik.
Ibarretxeren proposamenak indarkeria, nagusikeria eta bion arteko gurpil zoroa hautsi nahi du. Herri honetan orain bizi garen guztiok gero ere elkarrekin bizi beharko dugunez gero, Ibarretxek konponbidea baino aukerabidea eskaini nahi du, berandu baino lehen elkarrekin bat etor gaitezen.
Aukerabide hori ez da nolanahi izango, joko demokratikoen arabera baizik eta indarkeriarik gabe. Are gehiago, Ibarretxek agintzen duen herri-galdeketan, berea ezezik gainerako proposamenak ere neurtu ahal izango dira.
BIGARRENA: «Estatutua aski da eta Ibarretxeren proposamena gehiegi».
Hogeita bi urte joan dira Estatutua erreferendumez onartu zenetik hona eta, geroztik, Estatuak ez du hitzarmena bete. Hurrenez hurren, Espainiako gobernuek hautsi dute 1979ko hitzarmen politikoa. Eta hitzarmenik eza gutxi bailitzan, PP eta PSOEren arteko Itun Autonomikoek lortu dute militarrek (23F) eta LOAPAk nahi eta ezin izan zutena: lehen mailako estatutuak beheratu eta denak ahalik eta gehien berdindu.
Gernikako Estatutua aski dela diotenek zehaztu beharko dute zein estatutuz mintzo diren: 1979an onartu zen hartaz ala 2002an betetzeke ontzat ematen duten honetaz. Hartaz arituko balira, azpiegitura, ikerkuntza, gizarte-segurtasuna, lan-arloa, Europa edo Nafarroarekiko konpromisoak ez direla bete ozen salatu beharko lukete. Eta honetaz ari badira, zergatik ez dute eskumen horiek gabeko estatutu berria erreferendumez onartua izan dadin proposatzen?
HIRUGARRENA: «Estatutua gutxi da eta Ibarretxeren proposamena gutxiegi».
Gurari guztien azpitik eta eskasia guztien gainetik, gaur egun Ibarretxek abiapuntu duen lege-eremua Estatutua da. Lehendakariaren proposamenak bere agintepeko gizarte-ardatzari erantzun nahi dio. EAJ, EA zein IU-EB alderdiek nork bere aldarrikapen politikoa egin lezakete baina, bitartean, Ibarretxeren egitasmoa Eusko Jaurlaritzarena da, euskal abertzaleak eta espainiar federalistak biltzen dituen erakundearena hain zuzen ere. Erakunde-proposamena beraz, ez alderdi-programa.
Geroak esango du Ibarretxeren egitasmoak zenbat balio ote duen baina, hasteko, Lizarrako Ituna baino helduagoa da edukiez eta landuagoa esparru, bide eta epeen aldetik. ETAren borroka armatua herriari ukatzen zaion hitzaren aitzakiaz «ulertzen» dutenek orain dute aukera argudio hori hausteko, herriak izango du-eta hitza. Are gehiago, Ibarretxeren egitasmoa urri delakoan independentzia proposatu nahi dutenek ere aukera izango dute euren eskaintza hori jendaurrean azaltzeko.
Une honetan jendearen jarrerak begi-bistan daude. Ezin uka behintzat Ibarretxe lehendakariaren asmoak bazterrak astindu dituenik. Urrian egindako inkestaren arabera, interesik ez da falta eta panorama aldatu ote daitekeen itxaropenik nabari da han-hemenka.
Inkestaren azken galderetako batek zera dio: «Zein etorkizun opa diozu Lehendakariaren proposamenari?». PPren botoemaileen %30ek, PSE-EEren %46k eta Batasunaren %82k arrakasta izan dezan nahi lukete. Inkestek ez dute emaitzik segurtatzen baina bai jarrerak adierazten


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude