argia.eus
INPRIMATU
GOZOGINTZA
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Udazkenero legez fruituen azukreek gozatutako muztioen usaina da nonahi nagusi: ardotarako mahatsarena Araban, Nafarroa Garaia eta Beherean, sagardotarako sagarrena isuri atlantiko osoan eta Hondarribi zuri eta beltza mahatsena Araba iparraldean, Bizkaian eta Gipuzkoan. Muztioz blai dabil bai ardogile jendea.

Dolare mota asko ari da krakatekoka: XVI. mendeko eta batez ere XIX. eta XX. mendeetako "xarrak" baserrietan, hidrauliko eta pneumatiko modernoenak sagardotegi, txakolindegi eta ardotegi aurreratuenetan. Dolare hauetan jo eta zanpatutako fruituen negarra da muztioa. Muztioa gozoa da, ahosabaia kitzikatzen duten beste ezaugarri asko ere baditu, baina batez ere gozoa da. Gozo honen azukreak emango du gerora ahosabaia baino goraxeagoko ganbara txoratuko duen alkohola.
Gero eta sarriago ikusten da sagar eta mahats muztioa salgai. Edari ederra, askorentzako upategiko estraperloa jasan eta gero izango dena baino askozaz hobea. Ea baserritarrak edari osasuntsu hauek ekoizteraino noiz berotzen diren...