BIZITZA JOAN-ETORRITAN

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Taxiak berezkoa du dotoretasun garestiaren distira. Baina gaur egun, hain justu gazteak eta edadetuak dira luxuzko garraiobide hau gehien hartzen dutenak, beharrak eraginda. Etxe bakoitzean ipurdiak adina auto dauden honetan, «larrialdiko» egoeratan soilik hartu ohi da taxia: gehienetan parrandatik itzultzeko, edo ospitalera joateko (inork biak batera ere egin izan ditu). Beraz, taxira jotzen duena ezohiko egoera batean aurkitzen da: presa bizian, edo lanetik berandu aterata, edo galduta, edo gaixorik, edo gehitxo edanda... eta taxilariek egoera «xelebrean» dagoen pertsonaia horrekin auto baten barruan joatea dute lanbide. Taxilarien egunik arruntena ere, Woody Allen-en film bat izan daiteke, alajaina. «Batzuetan benetako psikologo lana egiten dugu!», aitortu digu taxilari batek. «Parrandatik kazkartuta datoz, eta bat negarrez hasiko zaizu desamodio kontuak direla-eta, edo besteak amaren gaixotasuna kontatuko dizu... aldiro tentuz egon beharra izaten dugu, bezeroa zer tenpletan datorren antzeman, eta hari nola hitz egin neurtu...».


Bezero-ero.

Kasu bitxiak kontatzen hasita, luzerako dute taxilariek: «Behin herriko anbulatoriotik deitu zidaten. Bihotzekoak jotako gizon bat eraman behar izan nuen ospitalera! Pentsa zer beldur pasa nuen bidean. Beste lagun bati taxian bertan hil zitzaion aitona bat». Bezero berezirik bada, hori beste taxilari batek deskribatu diguna da: «Txakur bat eraman behar izan nuen Arano herrira, gidakidearen aulkian jarrita gainera! Nagusia bitartean tabernan, lasai asko, txakurra nirekin bidalita!». Bezeroa bide ertzean utzi duenik ere bada: «Neska gazteak sartu zitzaizkidan, edanda, txolinduta, musika jartzeko eta jartzeko, builan. Esan nien ez nuela kaseterik, eta haietako batek: ‘Horixe polita! ordaindu egiten dizugu gainera-eta!’. Esku-frenoa bota, eta hantxe utzi nituen. Txispatuta datozenei gu lanean ari garela ahaztu egiten zaie: lehenengo euren txorakeriak jasanarazi, eta gero haserretu egiten dira kobratu egiten diegulako!».

Istripu bidean.

Errepidea da istripuen paradisua: 2001. urtean, Hego Euskal Herrian 205 istripu izan ziren, eta 231 hildako. Istripuok, gehienetan gauez izaten dira, eta arrazoia alkohola dela. Faktore horiek denek bat egiten duten orduan, hain justu, izaten dute taxilariek lanik gehien: asteburutan, goizaldeko 4etatik aurrera, festan dabiltzanak erretiratzea tokatzen denean. Ordu horretan, gutxik bezala estimatzen dituzte taxilariek alkoholemia kontrolak.
Segurtasunik ematen ez diena, berriz, aseguru etxeak dira. Errepideko istripu kopurua ikusita, aseguru etxeek ez dute traturik nahi izaten taxilariekin. Beraz, asegurua garesti jartzen diete oso, eta taxilariak tratua onartu beste erremediorik ez du izaten. Taxiaren Espainiako Konfederazioa bere bazkideei seguruak prezio onean eskainiko dizkion erakundea sortu nahian dabil, Taxiaren Profesionalen Mutua Nazionala izango dena. Taxilaria batek esan digunez, 1.200 euro pasatxo ordaintzen ditu berak, hirugarren pertsonei kategorian gainera, arrisku guztietarakorik egin ezinda.


Arriskuaren estaxia.

Urtetako batailatxoak kontatzen hasi dira taxilariak, eta terrorezko film baterako adina eszena bildu dituzte. Bezero itxuran datozen lapurren beldur izaten dira. Ustekabeko eraso horientzat, taxilari bakoitzak bere txertoa du: badira makila, labana edo antzerakoak eramaten dituztenak, euren burua defendatzeko. Beste askok nahiago izaten du armarik ez hartu, «hartara, erabiltzeko arriskurik ez dagoelako».
Lapurtzen hasita, autoa kendu ziotenekoa kontatu digu batek. Bi gazte autoan sartu, «halako tokira» esan, eta bidean abiatuta pistola bat buru atzean jarri, eta begiak estali zizkioten. «ETAkoak gara. Jaitsi bertan. Lasai, esan Guardia Zibilei ez diogula lehergailurik jarri autoari». Hiru ordutara autoa beste herri batean aurkitu zuten.

Taximetroa: denbora eta espazioa dirutan.

Bezeroak bide osoa bi galderari erantzun ezinda ematen du beti: «Zer da taximetroko zenbakiak gisa horretan aztoratzen dituena: kilometro kopurua, abiadura ala denbora?». Eta bigarren galdera: «Diru-zorroko txanpon denak batuta, zenbat diru ote dut?». Patrikako txanponena, eskua sartu artean erantzun ezinezko inkognita izaten da, baina taximetroak badu bere azalpena: denbora eta kilometroak dira bidaiari prezioa jartzen diotenak. Taxia 20 km/ordukotik gora doanean, kilometroen arabera joaten da taximetroa gizentzen. Baina taxia 20 km/ordutik behera doanean, edo semaforo aurrean gelditzen denean, denboraren baitan hasten dira zenbakiak igotzen. Taxilariek diotenez, «askok uste du apropos joaten garela semaforo gorrien bila, baina bai zera! Guri komeni zaiguna bidaia ahalik eta azkarren egin eta beste bezero bat hartzea da».
Beste errezelo txarrik ere izaten du bezeroak: «Seguru tranparen bat jarri diola makinari, hau azkarregi dabil-eta gauza onerako...». Gremiokoen esanetan, halako taxilari iruzurtirik ez dute sekula ezagutu, eta saiatzen jarrita ere oso zaila omen litzateke: taximetroa giltzatu egiten diete tailerrean, eta Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) pasatzerakoan zorrotz aztertzen omen dute. Gainera tramankuluaren tripetan zer egin ez omen dakite, tailerrekoek makina berezi batekin mugitzen baitituzte zenbakiak.

Bere patrikatik.

«Taxia garraio garestia da berez», onartu digute txoferrek, «baina guri ere majo kostatzen zaigulako! Gasolina, mantenu gastuak, asegurua... gastu kate bat da azkenean, eta guztia garestitzen denean, geuk ere tarifa igo behar». Taxilariak badu, gainera, zama gainetik kentzeko nahikoa zor: «Postua erosi egin behar da, hasteko. Jubilatzen denak saldu egiten dio bere lekua atzetik sartzen denari. Legez hala behar lukeen ez dakit, baina halaxe funtzionatzen da behintzat. Neronek 12 milioi ordaindu nituen, eta Donostian 32-33 milioi ari omen dira ordaintzen». Autoa bera ere erosi egin behar, nork bere patrikatik. «Auto enpresek erdi-prezioan saltzen digutela uste du jendeak, baina ez da hala. 35.000 euro pasatxo balio dituen taxia, 3.000 euro inguruko deskontuarekin lortzen da, hor nonbait».
Egoera ere ez omen dago bere onenean: «Gaur egunean, etxe bakoitzean bi auto daude, hiru ez badira. Eta taxilari kopuruak ez du behera egin, lehen bezalaxe biztanleria kopurua hartzen baita kontuan». Gainera, hiriburutan asteburuz autobus zerbitzuak gau osoan jarri dituzte, eta «horrek hilabetean 250 euro gutxiago ekarri dizkit», dio etsita.


Hamar orduko lana.

Taxilari gehienak autonomoak dira, elkarte baten barruan egon edo ez. Bakoitzak erabakitzen du zenbat ordu lan egin, baina legez, debekatua dute 10 ordutik gora lan egitea. Makina bat liskar etorri da bide horretatik: aurten, Bilboko 40 taxilarik lege honen aurkako denuntzia sartu dute epailearen aurrean, eta taxilari asko dira egunean 12 ordu sartzen dituztenak. Gehiengo handi bat «ordu extrak» sartzen dituzten horien kontra agertu da bestetik.
Autoan pilatutako orduek karga handia dute: «bizkarra zuzendu ezinda iristen naiz asteburutan; festetan, gau bakarrean 400 km egitera heldu nintzen, distantzia oso motzeko bidaiak eginda». Baina ez omen da askoz hobea bezerorik gabe orduak eman beharra ere, zain eta zain. Jubilatzerako zer amets dituzten galdetuta, batek oso garbi zuen erantzuna: «Autoari su eman, eta biderik gabeko mendi puntan egingo nuke baserria. Ez dut sekula gehiago autorik hartuko!»

Taxien datuak Hegoaldeko hiriburuetan
Taxista kopurua: hauetako gehienak, autonomoak izanagatik, elkarteren baten barruan daude.
- Bilbon: 774
- Donostian: 308
- Iruñean: 177
- Gasteizen: 157
Tarifak: Foru Aldundiek proposatu eta Udal Gobernuek zehazten dituzte urteko tarifak. Adibide gisara, Bilboko Udalak 2002rako onartu dituen tarifak hauexek dira (eurotan):
1 Tarifa: Hiri barruko ibilbidea denean, lan egunetan, goizeko 07:00etatik gaueko 23:00etara.
- Gutxieneko zerbitzua (2’3 Km edo 5-10 minutu): 2.84
- Bandera jeistea: 1.47
- Km bakoitzeko: 0.88
- Zain egondako orduko: 12.96
2 Tarifa: Hiri barruko ibilbidea, kasu hauetako batean denean: lan egunetan gaueko 23:00etatik goizeko 07:00etara, edo igande eta festetan, edo larunbatetan eguerdiko 13:00etatik aurrera.
- Gutxieneko zerbitzua: 3.50
- Bandera jeistea: 1.47
- Km bakoitzeko: 0.74
- Zain egondako orduko: 18.51
l3 Tarifa: Hiriz kanporako ibilbidea denean, lan egunetan, goizeko 07:00etatik gaueko 23:00etara.
- Gutxieneko zerbitzua: 3.88
- Km bakoitzeko: 0.41
- Zain egondako orduko: 11.64
4 Tarifa: Hiriz kanporako ibilbidea, kasu hauetako batean denean: lan egunetan gaueko 23:00etatik goizeko 07:00- etara, edo igande eta festetan, edo larunbatetan eguerdiko 13:00etatik aurrera.
- Gutxieneko zerbitzua: 4.26
- Km bakoitzeko: 0.45
- Zain egondako orduko: 12.24


Azkenak
2025-07-23 | Euskal Irratiak
Battitta Boloki: «Kanakian deskolonizazio prozesu bat abiatu dute, eta bidean da»

Joan den astelehenean, Paris inguruko Bougival herrian izenpetu zen "oinarrizko akordioa", Kanakiaren etorkizun politikoari buruzko dokumentu garrantzitsua. Testuinguru honetan, Kanakiako Nazio Askapenerako Fronte Sozialistak bere lehen adierazpen ofiziala plazaratu... [+]


Pestizidak baimenduko lituzkeen legearen kontra 1,5 milioi sinadura batu dituzte Frantziako Estatuan

Duplomb Legeak hiru neonikotinoide baimenduko lituzkeela salatu du ELB sindikatuak. "Aberrazio zientifikoa, etikoa, ingurumenezkoa eta osasunekoa" dela salatu du legearen kontrako sinaduren biltzaileak. 


Sergio Ayucar: “BSHri oso merke atera zaio Eskirozko lantokia ixtea”

ELAk eta LABek ez dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako eta langileen gehiengoak onartutako aurreakordioa sinatu: "Ez da 1.000 familiarentzako irtenbiderik planteatzen. Finean, lanpostu askoren galera eta fabrikaren itxiera dakar", adierazi du LAB sindikatuko... [+]


Sare sozialetatik ihes egin duten gazteak: “Saturatuta bukatu nuen”

Gazteak dira, jaiotzetik aro digitala baino ez dute ezagutu, eta hiperkonexioaz eta estimulu jarioaz nekatuta/nazkatuta amaitu dute. Gutxiengoa dira, baina garbi dute sare sozialen zurrunbilotik ihes egitea hoberako izan dela: "Ez da alarmismo kontua, baina jakin behar dugu... [+]


Israel Gazan “inoiz ikusi ez den sufrimendua” eragiten ari dela salatu dute Mendebaldeko 28 estatuk, baina neurririk iragarri gabe

"Oinarrizko premiak bilatzen dituzten bitartean zibilak, haurrak barne, anker hiltzea" salatu dute. Gazan hamabost pertsona hil dira gosez azken 24 orduetan, eta AFP albiste agentziako kazetariek ohartarazi dute euren lankideak gosez hiltzen ari direla zerrendan,... [+]


Subflubiala Ez plataformak protesta zaratatsua egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

Subflubialaren behin betiko proiektua onartu zuenez Aldundiak pasa den astean, eta dozenaka pertsona batu dira proiektua gelditzea eskatzeko.


71 urteko espetxe zigorra ezarri diote Hondarribiko surf irakasle bati, 11 adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita

2011tik 2021era bitarte egin zituen erasoak, klaseak eman bitartean. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak sexu abusuen delitu bakoitzeko lau urte eta hilabete bat eta hamabi urte bitarteko kartzela zigorra ezarri dio. Horrez gain, 40 urteko gizonak adin txikiko bakoitzari 3.000 eta... [+]


Frankismoko dokumentu klasifikatuak argitaratuko dituen legea onartu du Espainiako Gobernuak

Bide parlamentarioa egin beharko du orain. Lege testu honen arabera, 30 urteko epea ezarriko dute sekretuak desklasifikatzeko, eta 45 urtekoa "goi mailako" sekretuendako. Bakoitza hamabost urtez luza daiteke.


Espainiako Auzitegi Gorenak Loiolako kuartelari babes berezia ematen zion epaia bertan behera utzi du

2022an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen kuartela Hirigintza Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartzea, Voxek jarritako helegite bat onartuta. Gorenak baliogabetu egin du epai hori, eta bidea ireki dio Donostiako Udalari eremu horretan 1.500-1.700 etxebizitza... [+]


Galizieraz egiteagatik eraso egin diote espainiar batzuek turismo-gida bati Galizian

Inguratu, iraindu eta besotik heldu eta bultzatu ere egin zutela salatu du Galiziako gida gazteak. Valladolidekoak dira sei pertsona galegofoboak.


Legazpiko Udala eta Sidenor kalte ordainak ordaintzera zigortu dituzte langile bat amiantoaren eraginpean jartzeagatik

Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu. 


Zabaltzen ari den morofobiaren azken adibidea, Gasteizen

Gasteizko hainbat auzotan ezarri dituzten “Moros fuera de España” kartel eta pegatinak ikertzen ari da Ertzaintza. Irun, Hernani, Barakaldo… Ez dira kasu isolatuak, eta “etorkinen kontura jarraitzaileak irabazi nahi dituen ideologia” ikusten du... [+]


Donostiako auzitegi batek ebatzi du zaharren egoitzako langile denek ez dutela euskarazko B2 maila eduki beharrik

Euskarazko B2 maila dutela ez ziurtatzeagatik Eibarko Egogain zaharren egoitzako lan eskaintza publikotik kanpo utzi zituzten bi langileen alde ebatzi du Donostiako Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak, CCOOk jakinarazi duenez. 2024ko urrian, Gonzalo Pérez Sanz epaileak... [+]


Jesus Maria Gomez Ezkerro preso iruindarra aske geratu da zigor osoa beteta

Jesus Maria Gomez Ezkerro 'Txutxo', 2001eko urtarrilean atxilotu zuten, 2021ean hirugarren gradua ezarri zioten, eta 2023ko otsailean baldintzapeko askatasuna eman zioten. 24 urte geroago aske geratu da. 


Eguneraketa berriak daude