DENBORAREN ERABILERA


2002ko uztailaren 14an
Mikel Elorzak ekainaren 21ean «Egunkaria»ko «Kornerra»n zioenez, "ea behingoz eguna gainditzea lortzen dugun" aurpegia aurkitu omen zien bere herriko paseanteei greba egunean, aurpegian "halako tristura" bat somatzen omen zien. Lankide dudan baten emazteari, ginekologoa bera, jendearen planta ikusi egun horretan eta hauxe bururatu zitzaion: "bederatzi hilabete barru, a zer lana izan behar dugun!". Garai bateko aste santu eta «18dejulio»ren tankera ere hartu nion nik egunari kalean. Zesuma geunden denok, ez astegunetako eginkizunik, ez jai egunetakorik. Eta zesuma egote horretatik irudi bat geratu zait batez ere: Amarako aulki batean patxada ederrean eserita, hiru gizonezko tertulia animatuan; egun normala izan balitz, alboko tabernan egongo ziren, baina hura itxita izanik, aulkian egin zuten egonaldia, baxoerdirik gabe, lehorrean, eta hala ere kontu kontari.

Huelga Gipuzkoan bakarrik eta piketeengatik atera zela zioen «El Pais»eko titularraren muturrera joan gabe, Espainiako hedabideetako tertulianoen kontuak alde batera utzita, hemen bertan, piketeen kontrako epelak entzun zitezkeen, jende ustez progrearen ahotik, eta "behartuta isten duten" dendari txiki gaisoen defentsa paternalista demagogikoak. Piketeroek, nik dakidala, ez dute kobratzen goizeko bostetan jeiki eta autoa hartuta lantegiz lantegi ibiltzeagatik. Dendari txikiek izandako galeren konturik ez dut uste inork aurkeztuko duenik, ikusi bestela ze martxa zeukaten bezperan, "baezpada"koan frigo eta despentsak ondo hornitzeko sartzen zaigun inurri enpeinuarekin.
Harra beste nonbaitetik dator. Huelga egitea subertsiboa izan da eta da, nahiz eta gaur egungo lanuzte planifikatu, adostu eta zibilizatu hauetako bat izan, nahiz eta sindikatuen babesa eta bermea izan. Grebak deserostu egiten du, lehenengo eta behin postura hartu beharragatik, definitu beharragatik. Lanera ez joateak eskola garaiko txiker egitearen oihartzuna dakar, transgresioa, pekatu usaina, zigorraren menpe jartzeko arriskua. Lanak, gure bizitzako zutabe nagusietako batek, huts egin eta gainera aisialdia ere hankamotz geratzen bada -ez tabernarik, ez zinerik, ez egunkaririk- esku hutsik sentitzen da jende asko, kanpoko zarata sordinan, barrukoa entzuteko beldurrez, asperraren ezinegonean, denbora librea etsai bihurtuta.
L'emploi du temps, denboraren erabilera, edo, bigarren zentzuan, zereginen zerrenda, agenda. Zinema frantziarrak azkenaldian sortu ohi dituen film sozial zentzudun eta mingots horietako bat egin du Laurent Cantent zuzendariak. Klase ertaineko gizaseme gazte bat, ekonomilaria, ezkondua, bi ume, aise bizi diren guraso sasoikoen babesa... lantokitik botatzen dutenean etxean eta bere inguruan hori aitortzeko gai ez, eta balizko enplegu bat asmatzen du, enredoa erabat konplikatu eta bizimodu osoa pikutara joateko zorian jartzen zaion arte. Istorioak, sinesgarria eta errealista erabat, ez dakit hunkituko ote lituzkeen pateratan datozen afrikarrak, edo egunero kalera bizibide bila atera behar izaten duten argentinarrak. Baina «ondo doan» Europalde honetan, hunkitu ezezik gogaitu egiten du sakoneraino, zure, nere edo horko horren historia izan daitekeelako, gaur ez bada, bihar-etzitan. «Dekretazoak» eta enparauek markatzen duten joko zelaian gertatzen baita istorioa, armadan galoiekin bezala, nor izatea lantegiko organigramaren baitan neurtzen den gizarte honetan.

Pelikula Veneziako Zinemaldian saritu zuten, Donostiakoan beste zinemaldietako perla modura aurkeztu zen, baina promoziorik gabeko jatorrizko bertsioan dator orain. Sindikatuek hurrengo greba egunerako gutxieneko zerbitzuen paketean L'emploi du temps ematea lortuko balute, mila panfletorekin ez bezala, jende askori uxatuko litzaizkioke huelgaren zentzuari buruzko zalantzak.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude