Garabien hiria


2002ko ekainaren 30ean
Jende guztiaren ahotan dabilen beste metropoli handia da Berlin. Mitoa ere badauka, bertan hainbeste euskal jende pasa ostean, gaztetan batez ere, bakoitzak berea konta arren: harresia dela, 70-80ko hamarkadako okupa giroa eta mugimendu alternatiboa dela, kultur bizitza ikusgarria... eta hala eta guztiz, hori guztia egia izanagatik, Berlin hiri itsusia da. Grisa eta motza, neguan batez ere. Alferrik sartuko du bere ibilbidean hamar egunetan Budapest, Viena eta Praga ikusi gura dituenak, kontua biribiltzeko Alemaniako hiriburura ere joanez. Autoz, trenez edo hegazkinez helduta, nortasun handi barik gerra ostean egindako etxe ugari eta monumentu gutxi batzuk baino ez ditu ikusiko 24-48 ordurako Berlinera doanak.
Zer du beraz, horren berezi hiriak? Historiaren pisua oso garrantzitsua da, ezbairik gabe. Baina beste edonon gida turistikoek ez dakigun historia urruna, Mundu Gerratik aurrerako gutxienez kontatzen diguten artean, Berlin kontinentearen historia laburraren lekuko eta biktima izan da, eta lekukotzan gu ere partaide izan gara.
Bisitan etorri izan direnek, "orain Mendebaldean gaude" diotsazularik, derrigorrezkoa da? Oraindik ere igartzen dira alde biak? Ura eta ardoa beste, begiak apur bat zabaltzen dituenarentzat. Egia da gune berri eta garestiak sortu direla orain dozena bat urte arte "eremu mortua" zen hartan, Reichstag edo Parlamentua eta batez ere, Potsdamer plaza kasu.
Historikoki hiriaren bihotza izan zena ezereza izan da berrogei urtean, periferia arriskutsu, eta Mendebalde eta Ekialdean gune berriak garatu ziren, Zoologischer Garten-Kurfustendamm etorbidea eta Alexanderplatz, hurrenez hurren.
Harresia jausita berriz, hiru erdigune ditu hiriak, lehengo biak gehi gerra aurreko hura, eta ikusgarria da aipatu Potsdamerplatzeko perspektiba zorutik begira, harresi aurreko postala eskutan, gaurko etxeorratzei eta garabi saldoari begira. Bai, alemaniarrak berreraikuntza kontu horietan bikainak izan daitezke, baina hiri batek planoak baino zerbait gehiago behar du eta garabien paisaia horretan bizitza falta da. Otsailean pizten da zerbait zinemaldiarekin, gainontzean, dekoratua egin dute, edo amaitzear dabiltza, baina pertsonak falta dira.
Gune horretatik mendebaldera, ezer gutxi: Ku'damm-eko saltokiak -zati kapitalistaren iragarki handiena luzaroan, Gedächtniskirche bonbardeo batean suntsitutako eliza ezaguna erdian duela-, museo bakanen bat eta gida liburuetan ager daitekeen beste bitxikeriaren bat soilik aurkituko du bisitariak.
Baina hiriko bizitza ekialderantz dago, eta historia zerbait gura duenak, hiriarekin lehen kontaktu gisa, Potsdamerplatz inguru horretatik oinez jarraitu beharko du iparrerantz: Brandenburgoko atera heldu aurretik, lur zati zabala dago, Europan hildako juduen monumentu erraldoi bezain polemikoa egiteko asmoa dago hor, Göbbels propaganda ministro naziaren bunkerraren gainean, hain zuzen ere. Nazien urratsen atzetik dabilenak, Hitlerren bunkerrean ezer ez dagoela jakin behar du, aparkalekua baitauka gainean. Baina inguruan daude nazien garaiko ministerio ugari eta Terroaren topografia izeneko erakusketa, Gestaporen bulego nagusia egon zen lekuan. Hiriaren kanpoaldean berriz, Oranienburg herrian, Sachsenhausen kontzentrazio eremua dago.
Lanak direla-eta urrira arte itxita egongo den atea zeharkatu aurretik, inguruko turismo gune berriak ere ikusi gurako ditu agian: Reichstag hor dago, Fosterren kupula eta guzti (doan da sarrera, baina ilara luzeak egon ohi dira), urrunxeago kantzileria, atean Txillidaren eskultura duela, eta inguruan, zelan ez, garabiak, enbaxaden auzoa eraikitzen ari baitira.
Ekialdera beharrean mendebaldera joz gero, Ekainaren 17ko etorbide luzea hartzen da, Tiergarten parke itzelaren erdian dagoena, Siegessäule estatua eta guzti. Edozelan ere, ez da luzaro ibili behar Berlinen parkeren bat topatzeko: asko daude, eta hondartza urrun egon arren, aintzirak ere ugari dira hirian bertan eta inguruan, biluzik eguzkia hartzeko ohitura ere zaharra da Alemania Ekialdean. Hiritik irteteko ohiko beste txango bat Potsdam izan ohi da: Sansoucci parkean daude Prusiako garai inperialeko jauregiak, eta zinezaleentzat Babelsbergeko estudioak ere hor daude.
Hirira itzuliz, eta Brandenburgoko atearen bestalderantz joz berriz, zoruan harresia non egon zen ikusita, Unter den Linden etorbide garrantzitsuan sartuko gara. Alexanderplatzeraino igoz, hiriaren zati historiko eta inperiala daukagu begi bistan, Adlon hotelean hasi, Errusiako enbaxadan jarraitu, Guggenheim museoa eta beste zenbait Museuminselera heldu arte. Altes Museum eta Pergamon dira hor nabarmenenak. Inguruan katedrala eta Bebelplatz dago, gazteri naziek 1933an liburuen erreketa ezaguna egin zuten lekua. Lurpean oroigarri xume bezain ikusgarria dago: apal ugari, hutsik.
Lehenxeago bidetik apur bat desbideratuta, Gendarmenmarkteko katedral biak eta antzokia eta Friedrichstrasse kale luzea gurutzatuko ditugu. XX. mendeko Europako kale bizi eta pikaroenetakoa izan zen, kabaret ugarirekin. Egun merkatalgune ugari dago, eta hegoalderantz jota, turisten jomuga garrantzitsuenetakoa: Checkpoint Charlie, hiriaren zatiketaren sinbolo, tanke sobietar eta estatubatuarrak aurrez aurre egon ziren zuri beltzeko argazkiekin. Hor dago oraindik AEBetako kontrol postua gura duenak argazkia egiteko, «Mendebal Alemania(n) uzten duzu/sartzen zara» bide seinalea eta guzti. Ondoan dagoen museo garestiak Harresiaren berri ematen du, hori bai, Mendebaldeko ikuspuntu hutsetik. Gainontzean, harresi zatiak hiriko iparrean, Bernauerstraáeko oroitarrian -"diktadura komunistaren biktimei" egina- eta ekialdean, munduko galeria luzeena bihurtu den East Side Galleryn daude.
Berriz atzera itzuliz, Alexanderplatzen atarian gaude, eta askorentzat, hain izen ezagunaren atzean dagoen gune erraldoia ez da espero zuena. Funkturm edo telebistaren dorre itzela, Marx eta Engelsen estatuak hara begira eta arkitektura sobietar zurrunaren erakusle diren dozenaka eraikuntza inguruan. Eskumatara, bazter batean, hiriaren alde zaharra zen Nikolaiviertel berreraiki zuten gerra ostean. Rotes Rathaus edo udaletxe gorria ondoan dago. Adreiluaren koloretik ei datorkio izena, gaur udal gobernuari rot-rot edo gorri-gorri baderitze ere: Klaus Wowereit sozialdemokrata PDSren hitzarmenari esker da alkate-presidente (hiria ez eze, Berlin land autonomoa ere baita). Eta PDS, Ekialdeko Alderdi Komunistaren ondorengo, gaur egunera egokituta ere alderdi madarikatua da oraindik.
Zenbaitek, euskal jatorriko Helios Mendiburu barruti-alkate ohiak tartean, Alderdi Sozialdemokrata utzi berri dute, hitzarmenarekin haserre. Baina egiari zor, urriko udal hauteskundeetan hiri osoan %22 lortu arren, ekialdean erabateko garaipena lortu zuten sozialistek, gehiengo absolutuz sarri. Eta zer den kontraesana, CDU, eskuma gobernuan hogei urtez egon ostean, ezkerrari egokitu zaio gizarte laguntzak bata bestearen atzetik moztea: alkatetzan sartu eta imajinatzen ere zaila zen zuloa aurkitu dute, ezertarako dirurik ez dagoela.
Ohiko hiriburuetan ez bezala, Alemania oro har baino dexente merkeagoa da Berlin, eta estatutik jasotakoa hari emandakoa baino askoz gehiago. Horri esker beharbada, hiriburu izatearen xede espekulatzaileek galga handia daukate, urtez urte euren bidea egin eta dena garestitu arren. Baina kultur bizitzak Europan leku gutxitan bezalakoa izaten jarraitzen du. Kontua Gerra hotzetik eta Harresiaren sasoitik dator: herrialde sozialistetan batetik, betidanik egon da kulturarako ardura handia (gaur asko dira ikasketa gutxi, baina antzerki edo opera zaleak diren ekialdeko alemanak, diru apur bat izanik tarteka antzokietara joaten jarraitzen dutenak), mendebaldean berriz, interes politikoek bideratu zuten. Izan ere, produktiboki ezer sortzen ez zuen zauri kapitalista baino ez zen Berlin Mendebaldea, herrialde sozialisten bihotzean. Urrezko kartzela, baina espetxea beti espetxe, eta hiritik irteteko autobidean gutxienez 200 kilometro egin beharra gogorra da. Ondorioz, pizgarri ugari izan ditu hiriak, kultur bizitza ezin aberatsagoa bultzatuz.


Turkiako hirugarren hiria


Zerga eta soldadutzatik ere aske ziren berlindarrak, ondorioz ezkerreko jende askoren jomuga bihurtu zen, Kreuzberg auzoa batez ere. Horiekin batera, turkiarrak. Turkiako hirugarren hiri handiena da Berlin, Istanbul eta Ankararen atzetik, hirian sarri esan ohi denez: herrialde horretako pasaportea daukaten 700-800 mila biztanle dago (kurduak asko, 90eko hamarkadatik aurrera joanak batez ere), Kreuzberg eta inguruetan batez ere eta oso kale giro polita aurki daiteke uneoro, arraza eta kultura askoren bilgune baita.
Giro alternatibo eta okupa hark 80ko hamarkadan izan zuen une gorena. Gaur ia etxe guztiek ordaintzen dute alogera, oso merkea izan arren. Baina hainbat kolektibo eta mugimenduren lanak bere horretan dirau, eta inongo gida liburuk zehaztuko ez dituen mila txoko dago oraindik ezagutzeko, bakoitza bere proiektu eta asmoekin. Gaueko girorako, Oranien eta Gneissenau kaleen inguruan hainbat gune jator aurki daiteke.
Harresiarekin batera, ekialdera ere egin du jauzi Kreuzberg-eko mugimenduaren zati handi batek eta Friedrichshain, Mitteko mugetan eta iparreko Prenzlauerberg auzoetan garatu da 90eko hamarkadako giro alternatibo berrian. Ez era berean leku guztietan baina: F'hain, 80ko hamarkadako Kreuzbergeko antzeko txoko ezezagun eta ilunetan hainbat musika eta mugimendu sortu den artean, Prenzlauer-eko giroa apur bat bereziagoa da: badira itxuraz aurrekoen tankerako etxe eta egitasmoak, baina lehenen ukitu politizatua olatu artistikoak estaltzen du. Artista auzoa deritze irriz ingurukoek, eta egiaz leku gutxitan bilduko da horrenbeste eskultore, margolari eta sailkatzeko erraz ez diren sortzaile.
Alexanderplatzetik iparrerantz jota heldu gara auzora, sinagoga atzean utziz. Kastanienallee eta Mauerparken inguruan, eguraldi ona bada, zaila da metro koadroko horrenbeste artista egongo den beste lekurik irudikatzea, parkean barna hip-hop eta tekno doinuak entzungai direla, norbaiten musika aparailutik edo agian zuzenean ere bai. Ekialde osoan etxeak etengabe berrizten badabiltza ere, Prenzlauerko askotan ikusgai daude oraindik II. Mundu Gerrako metraila arrastoak.
Auzo bat edo beste aukeratu, garrantzitsua da gida liburuak itxi eta instintua, kaleko kartelak eta ahal izanez gero, bertako lagunen aholkuak jarraitzea. Graffiti artean dauden karteletan iragartzen diren kontzertu, antzerki edo arte galeriei erreparatuta, ziur bertan zauden egunetan zer aukeratua sobera dagoela.
Gauez dexenteko giroa eta kriminalitate urriko guneak dira, ekialderago, Hellersdorf, Marzahn aldean, kaskamotz nazien taldeak ibili arren. Ez dago izuak jota ibili beharrik, eta egunez txango interesgarria da ohiko bideetatik kanpo etxe sail sobietarren auzoak bisitatzea. Baina asteburuan, ordu txikietan eta janzkeraren arabera, baliteke ideia onena ez izatea.
Data bereziei begira, uda osoan kalean jai ugari izan ohi da. Ezagunena Love Parade munduko tekno jaialdi handiena da, milioi bat lagunetik gora bildu ohi da Ekainaren 17ko kalean, askok salatu arren jaiaren kutsu komertziala. Gay harrotasunaren egunean, kulturen inauterian... ospakizun bereziak ere egon ohi dira.
Denboraz ibilita, ziur gustuko emanaldiren bat izango dela. Telebistan hainbestetan ikusi dugun historia hori ere begien bistan topatuko dugu, garabi erraldoien artean aldatzen dabilen zerbaiten lekuko garen bizipenarekin


Azkenak
Inteligentzia Artifiziala
264 milioi euroren truke, Musken Grok adimen artifiziala Telegrameko erabiltzaileetan instalatuko da

Urtebetean Grok-ek Telegramen ibiltzeko aukera izango du, mezularitza enpresaren 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du. Pável Dúrov Telegrameko sortzaile eta jabeak baietsi du operazioa bere kanal ofizialean.


Tortura zantzuak izan arren, Raul Fuentesen kasua ez duela ikertu gogorarazi diote NBEtik Espainiari

1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]


2025-05-30 | Sustatu
Euskaraldiak Artazu herritik dakarkigun harribitxia

Sarean jarri dute "Belarribizi eta Ahoprest" laburmetraia, joan den igandean itxi zen 2025eko Euskaraldiaren aitzakiarekin Oskar Alegria zinegileak Artazu herrian udaberri honetan filmatu duen lana. Belarriprest eta ahobizi kontzeptuen gaineko... [+]


Jaurlaritzari “kezka” sortu dio EHUko Medikuntza Fakultateko euskarazko plaza berrien kopurua %60 murrizteak

EHUk, aldiz, azaldu du ezinezkoa dela hitz emandako 40 plaza berriak eskaintzea, ez baitute horretarako baliabiderik. Plaza berrien kopurua pixkanaka areagotzeko asmoa erakutsi du EHUk.


Donostiako Guardetxearen aldeko osoko bilkurako protestan gazte bat atxilotu du Udaltzaingoak

Tentsio uneak bizi ahal izan dira ostegun eguerdian Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan.


AEBek proposatutako su-eten akordioa “aztertzen” ari da Hamas

Proposamenak “hilketek eta goseteak” bere horretan jarraitzea bermatuko duela salatu du Hamasek, baina gehitu du zer erantzun aztertzen ari dela. Israelek proposamena onartu duela jakinarazi dute AEBek.


2025-05-30 | ARGIA
Gizon batek 13 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren, Bilbon

Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.


Herrietako farmaziak despopulatzearen kontrako tresna izan daitezkeela uste du COFNAk

Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (COFNA) eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak programa bat abiatu dute landa eremuko jendeak behar bezala hartzeko medikazioa.


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Kerik gabeko eremu gehiago ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak: markesinak, campusak, terrazak...

Espainiako Osasun Ministerioa kerik gabeko eremu berriak ezarriko lituzkeen lege aurreproiektua eratzen ari da eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izango luke eragina. Eremu berri horien artean, tabernetako terrazak, unibertsitateetako campusak edo autobus-markesinak ageri... [+]


Bizkaiko Aldundiak Jaurlaritzaren ardurapean utzi du Bilboko itsasadarraren azpiko metroaren lotura egiteko aukera

Bilboko itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Segregazioa hezkuntza
Ikastolen Elkartea: “Matrikulazioren kudeaketak ez du segregazioa bukatzeko balio”

Euskal hezkuntza sisteman haur zaurgarriak ondo integratzeko dekretua egin zuen Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzean eta gaur haren balorazio oso kritikoa egiten du Ikastolen elkarteak: hark ez du balio izan segregazioa amaitzeko. Hainbat proposamen ere egin... [+]


Eguneraketa berriak daude