HERRI DOINUEN ETXEA


2002ko martxoaren 03an
Urte dezente dira Juan Mari Beltranek herri musikaren dokumentazio zentro bat sortzeko asmoa zuela. Proiektua bideratzeko zenbait ate jo ostean, 1995eko udan Oiartzungo Udalak heldu zion "Herri musikaren txokoa" gauzatzeko gonbiteari. Hemengo eta atzerriko herri musikan interesa duten guztiei zuzendua, didaktikoa, ulergarria eta entretenigarria izan nahi du egitasmoak. Oiartzunen, Ergoiengo Eskola izan zen eraikinean kokatuta, zentroak martxoaren lehenean zabalduko ditu ateak. Lau atal nagusi izango ditu: soinu tresnen erakusketa, liburutegia, fonoteka eta artxiboa.



Mila soinu tresna inguru.

Laurehun bat instrumentuz osatzen da erakusketa eta beste seiehun biltegian daude gordeta. Izan ere, ez dago guztiak apaletan kokatzeko adina lekurik. Aldiro, soinu tresnak aldatuz joango dira eta ikertzaileek biltegian daudenak ere aztertzeko parada izango dute. Euskal Herriko gramofonoa, Egiptoko rababa, Kataluniako peixeta, Boliviako Andeetako moceña edota Indiako baya dira bertan ikusi eta entzun ditzakegunak. Bisitariak aurrez-aurre dituen instrumentuen soinua zein den ezagutzeko parada izanen du. Musika tresna bakoitzak zenbaki bat daukanez, bisitariak audio sistema baten bidez entzun nahi duena aukera dezake. Erakusketa taldeka edo banaka eta norberaren kasa edo gidariak lagunduta ikus daiteke. Horrela, bakarka doana kaskoez ere balia daiteke herri musikaren doinuetan barneratzeko. Metodo didaktiko honen bidez, besteak beste, atzerriko soinu-tresna askok Euskal Herrikoekin harreman handia dutela ikas daiteke. Hala nola, txirula eta danbolinaren kasua da hori. Hango eta hemengo instrumentuak elkarren ondoan kokatuko dira. Era honetara, geografikoki gerturatzen joan ahala melodiak ere gero eta berdintsuagoak direla ohartuko da bisitaria.
Instrumentu gehienak beheko solairuan kokatuko dira eta jotzen diren moduaren arabera sailkatuko dira: idiofonoak, menbranofonoak, kordofonoak eta aerofonoak. Goiko solairuan, berriz, musika taldeen araberako multzoetan banatuko dira. Txistu taldearen bitrinan, esaterako, txistua, silbotea, danbolina eta atabala egongo dira. Musika bandaren bitrinan, aldiz, haizezkoak, metalak, zuraren multzokoak eta perkusioa.
Liburutegia, fonoteka eta irudi artxiboa ere bigarren solairuan izango dira. Fonotekan, esaterako, biziki garrantzitsuak dira UNESCOk egindako herri musika argitalpenak. Musika abestua zein instrumentu ezberdinekin egindakoa aurki daiteke. Euskal Herriko eta munduko herri musikaren gaur egungo nahiz antzinako kasete eta CDak... Irudi artxiboan, berriz, marrazkiak, argazkiak eta zinema eta bideo grabaketak kontsultatzeko aukera izango da.
Zentroak ostiral eta larunbatetan zabalduko ditu ateak. Eta bisita arruntak eta taldekakoak (gehienez hogeita bost pertsona) jasoko ditu. Besteak beste, ikastetxeetako eta musika eskoletako ikasleei musika klase teoriko, praktiko eta aktiboak eskaintzea da xedeetako bat. Dagoeneko, hamar talde-bisita aurreikusita dituzte. Sarrera kobratu egingo dute. Diru horrekin soinu tresnak konpontzeaz gain, hainbat ekintza antolatu nahi baitute. Larunbatetan, adibidez, jende gehien biltzen den ordurako, musika emanaldiak antolatu nahi dituzte.

Jose Mari eta Leon Bilbao albokarien tailerra.

Bi tailerrez osatua dago herri musikaren dokumentazio zentroa. Bata, lanerako tailerra da, soinu tresna eta hots-jostailuak egiteko eta konpontzeko behar den material eta tresneriaz hornituta. Bestea, berriz, beheko solairuan kokatua, Jose Mari eta Leon Bilbaoren tailerra da. Bilbaotarrek albokak egiteko erabiltzen zituzten erremintez eta alboka zatiez osatuta dago lantokia. Gainera, bisitariek diapositiba proiektore bati esker musikari hauen lanaz hobeto jabetzeko parada izango dute. Leon Bilbao tailer horretan hil zen bihotzeko batez 1990ean alboka bat egiten ari zela. Bukatu gabeko soinu tresna ere ikusgai da herri musikaren txokoan. Arteako albokaria hil zenean Juan Mari Beltranek tailerra Bilboko Euskal Museora eramatea proposatu zuen, baina egitasmoak ez zuen aurrera egiterik izan. Urte batzuetara, Beltranek herri musikaren txokora eramateko eskakizuna egin zuen. Horretarako, inbentario bat egin eta Bilbaotarren Presalde baserrian originalaren pareko beste lantoki bat prestatu zuen. Etxarri Aranazkoaren ustez, gure herri musikaren bitxi bat da Jose Mari eta Leon Bilbaoren tailerra.

www.herrimusika.org.

Herri musikaren txokoak web gunea ere izango du. Hortaz, nabigatzaileak etxetik edozein kontsulta egiteko aukera izango du. Adibidez, norbaitek erakusketan dagoen Bangladesheko gopiyantra instrumentuari buruzko informazioa jaso nahi badu, web orrira jotzea besterik ez du. Bertan, argazkien bidez soinu tresna nolakoa den ikusiko du, nork egin duen, nola jotzen den...

«Soinu tresnak ezagutzea ez da zaila, horiek erosteko dirua izatea ba i ordea»
Donostian jaio bazen ere, nafarra da Juan Mari Beltran, Etxarri Aranazkoa. Zazpi urterekin hasi zen musika ikasten eta hamaika urte zituela, jadanik, musika bandan eta txistu taldean jotzen zuen. Hamabost urterekin Donostiara itzuli eta bertan jarraitu zuen Nafarroan hasitakoa. Gaur egun, txalaparta eta alboka irakaslea da Hernaniko Musika Eskolan. Herri musikaren txokoa Beltranen ekimenez jaio den proiektua da. Bertan biltzen den ia material guztia berak erositakoa da. "Munduko musika disko eta liburuen bidez joan naiz instrumentu hauek guztiak ezagutzen; zailena ez da informatzea, erosteko dirua izatea baizik", dio Beltranek. Gaztea zelarik, Donostia inguruko herrietan txistua jotzen lortzen zuen diruarekin hasi zen hemengo instrumentuak erosten, xirulak, dultzainak, albokak... Atzerriko soinu tresnak lortzeko, besteak beste, lan horretaz arduratzen den jendearekin jarri da harremanetan. Zenbait kanpora bidaian joan diren lagunen bitartez eskuratu ditu eta beste hainbat, aldiz, berak erosi ditu. "Hemendik kanpora irteten ginenean, Alemaniara, adibidez, han irabazitako diru guztia bertan gastatu nuen. Hango soinu tresnak, liburuak eta diskoak erosten gastatu nuen dena", diosku Beltranek. Euskal Herriko instrumentu asko eta asko ijitoen bidez lortu ditu nafarrak. Musikaria izateaz gain, Etxarri Aranazkoa soinu tresna egilea eta konpontzailea ere bada. Erakusketako zenbait instrumentu originalen erreprodukzioak dira, Beltranek berak eginak


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


Eguneraketa berriak daude