«GAUR EGUN TRANSGRESIORIK HANDIENA TRANSMITITZEA DA»


2002ko martxoaren 03an
Milurte berriko estreinako urteak elkarrizketa bat laga zigun, askoren artean nabarmen: ARGIA k Joseba Sarrionandiari egina. Bertan, lekukoa eman zien iurretarrak egile berriei. Tartean, Kirmen Uriberi. Urte oparoa izan zuen iaz: zutabe eiteko ipuin laburrak "Euskaldunon Egunkaria"n, "Bar Puerto" ikuskizun zirraragarriaren sortzaile, poema liburu fina izan zuen Durango atarian: "Bitartean heldu eskutik". Eta, gordean, askotariko idazlanak han eta hemen sakabanaturik. Idazle lanbidearen heldutasuna iritsi duen morroi gaztea.

"Bitartean heldu eskutik" poesia liburuan, egunerokotasuna azpimarratu dute batzuek, azken orduko ezerez merkea ei da "eguneroko" izatea, liburuari sarrera egin dion Rikardo Arregiren aburuz. Zertan gara?
Liburua zazpi ataletan banaturik dago eta gai batetik bestera jauzi egiten dut, baina sorburu bat bera dute: nork bere mugaren kontzientziatik sortzen da liburua, hau da, denok ere denbora eta espazio mugak ditugu. Konstatazio horretatik, muga horien kontziente izatetik, sortzen da liburua: gure bizitzak bukaera bat du, garen modukoak gara, ez gara aranak, ez gara zuhaitzak bezain bizi luzekoak… Gogoeta horren inguruan beste batzuk sortzen dira: gorputzaren mugei buruzko atala dago, hizkuntzaren mugei buruzkoa, gogoetei hitz emateko ditugun mugei buruzkoa, besteenganako hurbilpena… Subjektu poetikoa zatitu egiten da liburuan, milaka zati egiten da. Bestea norbera egiten da eta norbera bestea. George Steiner-ek esaten zuen bezala, ez dago "ni"rik "beste"rik gabe, ez dago "ni"rik "zu"rik gabe. Gogoeta horiek denak bildu ditut, kiribilean, eta bukaera aldera, beste bi atal: arteari buruzko gogoeta, eta mementoaren aldarrikapena.

Zure poesiari ezarri dioten adjektiboa: "irakurgarria". Ez omen da ilun, ez zail…
Ez nuke dikotomia horretan sartu nahi: poesia irakurgarria eta poesia trinkoa. Niri dagokidanez, ez da irakurgarria izan nahi bat. Arazoa beste bat da. Sarrionandiak esana du azken elkarrizketan, eta Anjel Lertxundik ere oraindik orain esan du: benetakotasun arazoa du gaurko literaturak, benetako gauzak falta dira, benetako gauzak ez dira esaten. Ez da kasualitatea Paul Auster-ek, postmoderno izena daraman idazle batek, azken liburuan egin duena. Irratsaioa izan zuen eta bertara hots egiten zuen jendearen istorioak bilduz egin du liburua. Horrek esan nahi du XX. mendearen bukaeran, azken 50 urteetan gehien garatu den literatura eta arte mota artearen gainean egindako artea edo fikzioaren gainean egindako fikzioa izan dela. Azken 50 urteetan egindako arte eta literaturak errealitatea bera gainditu nahi izan du, beste bide batzuk jorratu, beste mundu batzuk sortu formaren bitartez. Hori egin da, baina azken boladan, joera horretako hainbat bide ito egin dira, gehiegi urrundu dira gizakiaren kezketatik. Fikzioaren gainean egindako fikzioak ez die erantzuten irakurlearen kezkei. Orain, itzulera garaia da, aurreko bidea egin eta gero, benetako gauzetara itzultzeko sasoia.

Beste behin ere izan nuen zu elkarrizketatzeko aukera. Komunikazioa dela helburu esan zenidan.
Transmisioa da helburua. Gauza askok gaur egun ez du ezer transmititzen. Artean, zineman, literaturan, musikan… hartzailea harrapatu egin behar dute. Aurreko mendearen hasieran transgresioa zen helburu eta gaur egun transgresiorik handiena transmititzea da, komunikatzea. Elkarrizketa sortzea idazlearen eta irakurlearen artean.

Hortaz, zer ditugu zure gaiak: egunerokoak, ez egunerokoak…?
Hara, literatura erromantikoari buruz esaten da, mesprezuz esan ere, idazle erromantikoak erdi jainkoak zirela, eta hau eta beste. Bazterrera uzten da literatura erromantikoa, irakurtzen ez delako batez ere. Baina literatura erromantikoaren barruan bi tradizio zeuden, ingelesa eta alemana. Tradizio alemanak oso poesia kultoa egiten zuen, lan klasikoen gaineko literatura. Ingelesen artean, berriz, badago idazle bat, John Keats, klasikoen gaineko pentsamendutik baino bere eguneroko sentipenetatik abiatzen zena. Hurbilago dago mundutik besteetatik baino. Eta gaur egun aipatu beharko bagenu bizirik dagoen idazle erromantiko bat, Keats esan beharko genuke, bakarra.

Eta poema liburua izanda ere, elkarrizketa inposible bat: Duchamp eta Aresti bata bestearekin berriketan jarri dituzu xake jokoa tarteko.
Erritmoa apurtu nahi nuen. Poesiak bere erritmoa du eta poema liburu honek ere bere erritmoa du: hainbat atal, atal bakoitzak poema kopuru bera gutxi gora-behera… Poema baten atzetik beste poema, katea eten nahi nuen, horregatik sartu nuen atal hori: elkarrizketa poetikoa, jeneroa aldatu nahi nuen liburuan bertan, jeneroa puskatu. Bi artisten arteko dialogo poetikoak norabidea aldatzen du, erritmoa puskatzen eta irakurleak liburua hartzeko duen era ere aldatu egiten du.

Zer dela eta bi autoreok? Duchamp eta Aresti, alegia.
Duchampen obrarik handienak "Beira handia" du izena. Ez zuen bukatu, eta bukatu gabe saldu zuen, ez zuelako bukatzeko dirurik. Patu txarreko obra izan zen, zeren tokialdaketan apurtu egin baitzen. Hamabost bat urte egon zen lan hori egiten, kritikoek-eta esaten zuten Duchampek ez zuela ezer egiten… Artistak, berriz, esaten zuen orduko artelanik handiena bizitzea zela. Bestalde, zera ere esaten zuen Duchampek: artea ez dela espresio modu bat, gogoeta modu bat baino, artea ez dela nork bere gauzak kontatzeko espresiobidea, egiten duzunarekin gogoeta egiteko baliabidea baino. Artea egiten ari zaren bitartean bide berriak aurkitzeko modua, norbere burua aberasteko era. Egitea zen inportanteena, ez norbere sentimenduak agertzea, ezta obrak bata bestearen atzetik egitea ere. Alde batetik Duchamp, eta bestetik Aresti. Honen sinbolorik handiena harria da. Bere figura erdi mitiko hori, eta bestea, bizizale hura. Elkarrekin jarri ditut interesgarri iruditzen zitzaidalako. Gustatzen zaidalako kontrakoen jokoa egitea, azken finean, ezer ez delako ez bete ez huts, osotasuna ez dagoelako batean.

Ikuslearekin harremana landu zenuen "Bar Puerto" ikuskizuna bitarte. Poema liburua argitaratu eta batetik bestera zabiltza irakurraldiak eginez. Nahitaezko duzu irakurlearekin harremanetan izatea…
Nik uste aurreiritzi ikaragarriak daudela poesiaren kontra. Idazleen artean bertan ere, profesionalen artean. Oso pobrea iruditzen zait jenero baten kontrako halako joera izatea. Poesia, esateko modu bat da, eta nobela luzea, beste modu bat. Poesiari egotzi zaizkion aurreiritziak -sensiblekeria eta-, berdin-berdin egotziko genizkioke narratibari. Baina poesia, esate baterako, oso aproposa da idazle eta irakurlearen arteko komunikaziorako. Kontuan hartu literatura hasiera-hasieran, ahozkoa dela, Homero, entzuteko da. Poesia, jeneroa, entzuteko izan da orain dela bi mende arte. Gero, Mallarmék, sinbolistek, poesia irakurtzeko dela ezarri zuten, eta hurrena, berriz, ikusteko ere bazela. Poesia entzunez, garai zaharretatik ezkutaturik duen dohain hori ateratzen da, zuzenean sartzen da entzulearen belarritik. Irakurriz, beste era batera. Poesiak duen beste abantaila behin eta berriz irakur dezakezula da. Poema liburua disko bat bezalakoa da, behin eta berriz entzun eta ez zara aspertzen. Zuzenekoa, beharrezkoa da, eta entzulearen maila berean egonik, asko ikasten da. Nik, behintzat. Idazle-irakurle harremana berreskuratu behar dugu, gainera. Irakurleak gutxi direla iruditzen zait.

Hizkuntzaren biluzia, zure lanari darion ezaugarrietarik bat. Zer duzu gogoan?
Liburua egin nuenean, zera berreskuratu nahi nuen: gauzak hitz bihurtzeko modu bat. Adriene Rich-ek esaten du hizkuntzaren eraginkortasunaren mailarik gorena dela poesia. Ahalik eta hitz gutxienez, ahalik eta gauza gehien esan. Nik izaera horixe berreskuratu nahi nuen. Arantza Ozaeta irakaslearekin hizketan jardun nuen honetaz, esanez gure ahozko tradizioko gauza askok esentzialitatea zutela helburu, sinpletasuna. Berak zioenez, gainera, zeramikan ere horrela da: trazo bakar batez apaindura osoa egiten da hemen, eta Mediterraneoan, berriz, trazo asko behar dituzte, kolore gehiago… Kezka hori nuen nik, bide hori berriz hartu nahi, eta bestetik, kanpotik gurera ekarri. Txekhov-en keinua, alegia: ondo idaztea ez da inportantea, txarto dagoena ezabatzea baino, ahalik eta hitz gutxienekin esatea gauzak. Beste egile askoren keinua ere bada: sinpletasuna bilatu nahi. Hizkuntzak ahal den eta indarrik handiena izan dezan. Horretan ziren nire helburuak

Bisita
Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela
esaten zuen garai batean.
Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin,
eguna joan eguna etorri, eta lasai hartzeko.
Hilabetea da berriro esnatu ez dela
azken ebakuntzaz geroztik.
Hala ere egunero egiten diogu bisita
Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren kutxara.
Aurreko oheko gaixoa negar batean aurkitu dugu gaur,
inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari.
Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula.
Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten,
esaten zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez.
Amak eta biok soilik hitz egiten diogu.
Anaiak lehen ez zion gauza handirik esaten,
orain ez da agertu ere egiten.
Aita atean geratzen da, isilik.
Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak,
beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei.
Orratzek min egiten didate eta hotz naiz,
hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar.
Gorputz ustel honi ihes egingo banio.
Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez

Arima hiru esalditan
Aspaldi irakurri genion poema bandera harturik dabil Kirmen Uribe. Poema enblematikoa, honezkero. Euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez indarrari eusten dion "Bisita" testua erabat da berezia. Liburuaren izenburua aukeratu behar eta hantxe bilatu zuen titulu ireki eta dotorea: "Propio aukeratu nuen izenburua. ‘Bitartean heldu eskutik eskatzen zigun arrebak, ez dut damurik nahi, ez dut promesarik nahi, maitasun keinu bat besterik ez'. Hiru esaldi horietan biltzen da liburuaren arima. Ez atzera begiratu, ez aurrera, mementoan erantzun ondoan duzun pertsonari. Testu horrek bizi dela ematen du, jendeak bere egitea lortu du, eta hori baino gauza ederragorik ez dago idazlearentzat. ‘Bisita’k berezko indarra du. Norbaitek esango luke poesia konfesionala dela, niri gertatutako zerbait kontatzen dudala hor, baina ez. Oso era bitxian dago egina. Errealitateko egoera batetik harturik dago, baina bestalde ‘ni’en desplazamendua dago, Elisabeth Bishop-ek egiten zuen hori. ‘Ni’ak lerratu, pertsonak aldatu, egoerak aldatu… Horrela sortu da poema hori eta ematen du, benetan, niri barru-barrutik gertatu zaidan zerbait dela. Baina ez da"


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Manifestazio eta aldarri ugari Maiatzaren Lehenerako

ELA sindikatuak mobilizazioak egingo ditu Bilbon eta Iruñean, eta LABek, berriz, Iruñean.


Eguneraketa berriak daude