Nolabait hasiera emateko, hiruzpalau ohartxo zor dizkiot Basarri jaunari, errespeto handienarekin, zenbait hitz biziegi badirudi ere. Lehenik, eta berak aurpegiz ez banau ezagutzen ere, nik neuk ezagutzen dudala bera. Hain zuzen, ukalondoz ukalondo, bere aldamenean afaldurik nago Eibarren. Eibarko euskarari buruz (Altube eta, aipatuz) iritzi ezin laudoriotsuagoa eman zigun. Aho zabalez entzun genion. Jakina, bera Basarri zen eta ni... nik hamazortzi urte. Geroztik ere, antolatzaile nintzela, Eibarren izan genduen Basarri bertsotan, eta ni erabili ninduen laguntzaile bastidore artean. Beraz, berak kategoriarik ez eta ni tramoyista, hauxe da parejia elkartu garena! (...) " ‘Donostiatik nator’. Olako zerbait entzun ezkero, ‘ori euskal gaiztoa dek’, esango du euskaldun garbi batek" -esan zigun Basarri jaunak. Eta guk erantzun: "Eibarko baserritarrek eta Bizkaiko orok gutienez orrela esaten dute". Eta Basarrik berriz, eibartarrak lau katu garela. Baina non akelarretan desegin zaizkio Basarri jaunari guk aipatutako bizkaitarrak? Eta bizkaiera euskal gaiztotzat hartzea guti balitz, "euskal senarekin uztartu ez ditezkean" erak omen dira. Ez da ez asko gipuzkoar batek esateko (...) (1971-XI-14)