Literaturaren txokoa

Zer esan nezake nik liburu produkzioaz dagoeneko hainbat aldiz esana ez dagoenik? Lerro hauen aurreko solasaldian luze eta zabal agertuko ziren, seguru asko, liburugintzaren okerrak eta makurrak, euskalgintzaren nahi eta ezinak, kulturgintzaren ajeak eta gaitzak. «Zuek beti kexaka», esango didazu, eta ez duzu arrazoirik faltako, baina, halakoxea da gure mundu ziztrina, gure lanbide zekena, pozak urri eta disgustuak suelto banatzen dituena.

Hala ere, baikor jardun nahi dut gaur. Ez baikara sufritzeko jaioak. Mundu honetako nekeen ordaina beste munduko asean jartzen zuen erlijioaren ondaretzat-edo, askok nahi genukeen baino zabalduago egon da gure artean sakrifizioaren laudorioa; horixe izan da gure maiseatzaileen kritika erraz eta merkeenetakoa ere, baina ez beti funtsik gabea.
Alde batera, beraz, masokismoak oro. Aitor dezagun, harro eta ozen, satisfazio sakon eta benetakoak ematen dizkigun zeregina dela irakurketa; jakituria, plazerra eta komunitatearen zentzua elkartzen diren barruti bat osatzen duela literaturak. «Horrenbeste bai?», botako didazu beharbada. Ba bai.
Adibide xume bat jartzearren: uztail honetan, urrutira joan gabe, topaketa pedagogiko batzuk antolatu ditu, bigarren urtez, Hik Hasi aldizkariak. Hogei bat ikastaro izan dira guztira, horietako bat «Literatur txokoa» deitu dutena, eta bertako koordinatzaile izatea suertatu zaidan aldetik hor ibili naiz, hiru egunetan zehar, Lizardi, Mirande eta Sarrionandia besapean hartuta, bakoitzari goiz oso bat, bederatzietatik ordubietara, eskaintzen geniola.
«Zelako txapa!, bai aspergarria!, hori da rolloa, hori!» ariko zara. Ba ez: guztiz esperientzia atsegina eta positiboa izan da; ez bakarrik nik neuk ondo pasatu dudalako, baizik eta konturatu naizelako idazleon ghetto estutik kanpora ere badirela literaturazaleak, testuak maitatu eta haiekin gozatzen dakitenak. Esan dezadan egia osoa, badaezpada: lagunarte txikia ginen; interneten inguruko ikastaroetan hogeitaka lagun baldin bazebiltzan, gurean sei: Jasone, Karmelo, Josu, Pello, Mertxe eta Xabier, Euskal Herriko beste hainbat tokitatik zetozenak, gehi hiru irakasle: Lurdes Otaegi, Edorta Matauko eta Iñigo Aranbarri.
«Eta zer inporta zaizkit niri ikastaroan ibili direnen izenak?» Ba, inporta, batere ez, baina esateko modu bat da, literatura ez dela zenbaki kontua, pertsona kontua baizik. Hezur-haragizko gizon-emakumeek idazten dute, beren kezka, obsesio edo ametsetatik abiatuta, eta beste gizon-emakume batzuek irakurtzen dute gero, akaso beren galderentzako erantzun bila, edo besterik gabe denbora-pasa. Hik Hasi-ko horretan ere halaxe aritu ginen, Lizardiren, Miranderen, Sarriren poemak eta prosa-zatiak irakurtzen, komentatzen, interpretatzen. Hiru autore guztiz diferente, beren pentsaeran, beren testuinguruan, beren sorkuntza-moldean. Literaturarekiko pasioaz eta talentuaz gain euskararen eta euskaldungoarenganako maitasuna izan liteke hirurek batera zeukaten ezaugarri bakarrenetakoa. Desberdinak eta are kontrajarriak ere, baina bakoitzaren munduan sartzen, hura ulertzen eta bere osotasunean estimatzen saiatu ginen. Baita lortu ere, neurri batean bederen.
«Zuek oso ondo pasatuko zenuten, baina zer dauka ikustekorik horrek beste guztion bizitzarekin?» Ba, ezin dizut erantzun beterik eman, adiskide. Zure esku dago hori. Literatura, berriro diot, gizadiaren nahiz gizakiaren ezagutzan sakontzeko bide ezin hobea da, horrez gainera gure euskaltasunaren kontzientzia eman eta garatuko digun tresna indartsua, eta azkenik -edo lehenik-, atsegin-iturri oparoa. Gure txokorako gonbidapena hor duzu, denontzako tokia dago-eta.
Nahi duzun arte, besarkada bat.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude