AKORDIOA BETETZEKO GARAIA

  • Erakundearen egiturak finkatu eta ekimena gizarteari aurkeztea izan zen Kontseiluaren lehen lana. Eta 98aren amaieran bost estadio betetzea lortu zuen. Ondoren lanordu bat eskatu zion euskal gizarteari, bere asmoak aurrera egin zezan bitartekoak lortzearren. Iazkoa Bai Euskarari Akordioaren urtea izan zen. Hainbat gizarte eragilek euskararen aldeko pausoak emateko konpromisoa sinatu zuten. Baina asmoak bere horretan gera ez daitezen bete egin behar dira eta aurtengoan Kontseiluari betetze mailaren jarraipena egitea egokitu zaio. Adar berriak ere jaio zaizkio Akordioari eta lehen gizarte eragileak sektoreka lantzeaz gain, herrietara ere zabaldu da Kontseiluaren estrategia. Gainera, Euskalgintzaren Plan Estrategikoaren oinarriak finkatzen ari dira hilabeteotan. Baina euskara jasaten ari den erasoaldia ere hor dago eta Kontseiluak horri ere erantzun nahi dio. Gaia aztertzeko euskalgintzako 50 elkarte eta enpresa biltzen dituen erakunde honek Batzar Ezohikoa egingo du larunbat honetan, hilak 16.
Confrerie du Piment d'Espelette, Euskal Dantzarien Biltzarra, Centre E. Leclerc Pays Basque, Eihartzea Kultur Etxea, Clinique cardiologique Paulmy, Auto-Ecole Mendiboure... Iparraldeko sektore desberdinetako 210 elkarte eta enpresa bildu ziren iragan otsailaren 25ean Miarritzen Bai Euskarari Akordioa sinatzeko. Modu horretan, guztiek euren jardunean euskara normalizatzeko pausoak aurrera eramateko konpromisoa hartu zuten, horretarako Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak aurrez diseinatutako Plan Estrategikoa baliatuz.
Kontseiluak, horrela, iazko maiatzean Hegoaldean ekindako bideari jarraipena eman dio Iparraldean. Orduan Hegoaldeko 400dik gora gizarte eragilek sinatu zuen akordio hau. Aurtengoa, beraz, iaz hartutako konpromisoen jarraipena egiteko urtea da, neurriak benetan aplikatzen ari ote diren ikustekoa. Gainera, azarotik aurrera prozesuaren ebaluaketari ekingo zaio eta, behar den kasuetan, egokitzapenak jarri nahi dira abian.
Bai Euskarari Akordioa hainbat gizarte eragilek sinatzea eta, beraz, Kontseiluaren Plan Estrategikoa abian jartzen hastea izan da Kontseiluak bere sorreratik eman duen urrats garrantzitsuena. Ekintza deigarriagoak egin ditu, 98ko amaieran bost estadio jendez betetzea lortu zuenean kasu. Baina Bai Euskarari kanpaina hura Kontseiluaren proiektua gizarteratzeko tresna zen. Akordioarekin batera etorri da euskararen aldeko neurri eraginkorrak aplikatzen hasteko garaia. Neurriak betetzeko fasea da oraingoa eta, hortaz, Bai Euskarari Ziurtagiriarena; hartutako konpromisoak betetzen dituenari Kontseiluak agiri hau ematen dio. Aurrerago, orriotan bertan, zehaztasun gehiago emango dugu Ziurtagiriaren inguruan.


AKORDIOA HERRIETARA.

Eta horretarako ez dira gizarte eragileetara mugatu. Aurten, Bai Euskarari Akordioa herrietara zabaldu da. Hots, iaztik sektoreka aplikatzen ari den estrategia herriz herri ere aplikatu nahi da. Baina lehenago esperientzia piloto batzuk jarri dituzte martxan, horien bidez eredu desberdinak sortu eta gero, bertan ikasitako herri gehiagotara zabaltzeko. Hauexek dira akuri moduan lanean ari direnak: Sara, Soraluze, Hernani, Ordizia, Mutriku eta Arrasate udalerriak, Donostiako Altza auzoa eta Lea-Artibai, Sakana eta Tolosaldea eskualdeak.
Aukeraketa hau burutzeko Kontseiluak bi baldintza jarri zizkien herrioi. Batetik, bitartekoak behar ziren, hots, bertako udalek prest egon behar zuten beharrezko diru-laguntzak emateko. Goian aipatutako herriekin Kontseiluak hitzarmena sinatu du bitarteko horiek bermatzeko. Bestetik, herri horietako bakoitzean euskalgintzak sendo egon behar du. Euskalgintzan dihardutenek ekimena aurrera eramatearren elkarlanean aritzeko aukera ezinbestekotzat jo du Kontseiluak. Herri hauek urte osoa dute euren Plan Estrategikoa diseinatu eta konpromisoak hartzeko. Kontseiluaren laguntza izango dute horretan, bai materialak prestatzeko orduan, bai aholkularitzan, bai esperientzien segimendua eta balorazioa egiterakoan. Irailetik aurrera ereduak finkatzen hasteko asmoa dute eta 2002ko urtarrilatik aurrera esperientzia herri gehiagotara zabaltzeko garaia iritsiko da. Esperientzia pilotuek garai berean ekin beharko diote aurrez hartutako konpromisoak betetzeari.
Hil honetan herrietako planei buruzko mintegiak antolatu ditu Kontseiluak: ekainaren 9an Eibarren egin zen lehena eta 15ean Iruñean eta 23an Gasteizen ere egingo dira. Euskalgintzari proiektuaren nondik norakoak azaltzea dute helburu mintegiok, herri gehiagotan antzeko ekimenak martxan jartzeko informazioa eta prestakuntza eskaintzea.


ETXE BARRUAN ERE BAI.

Kontseilua osatzen duten euskalgintzako agenteen arteko kohesio lantzea hasieratik egon da erakunde honen lehentasunen artean. Ildo honen barruan aurten Euskalgintzaren Plan Estrategikoa abiatu nahi dute. Euskararen gizarte erakundeek elkarrekin egin beharreko gogoeta prozesua litzateke, euskalgintza non dagoen, 5-10 urtetara non egon beharko lukeen eta horretarako zer egin behar den aztertzeko prozesua. Plana burutzeko eredua egitea da lehenengo lana. Kontseiluak dagoeneko metodologia proposamena egina du. Orain bazkideek aztertu eta onartu beharko dute. Diagnosi fasea ere abian da, euskalgintzaren egoera zein den ezagutzeko fasea eta horretarako datu bilketan hasi ziren joan den martxoan. Euskalgintzaren Plan Estrategikoaren lehen urrats honetan erakunde desberdinekin egin beharreko bileren erdia egin dira gutxi gora-behera. Orain arteko emaitzak aberatsak izan dira Kontseiluko arduradunen ustez, ekarpen interesgarriak jaso baitira. Urte amaiera arte luzatuko da diagnostiko eta analisi fasea eta urte berriarekin batera helburu eta ekintzak finkatzeari ekitea aurreikusten du proposamen honek.


ILDO POLITIKOA.

Hizkuntza politika egokia eta euskararen garapenerako beharrezko marko juridikoa izatea ere Kontseiluaren lehentasunen artean dago. Arlo honetan ez da berrikuntza handirik eta estrategiak definitzeko fasean ari dira. Zentzu horretan Kontseiluak ofizialtasunaren aldeko dinamikarekin jarraituko du. Erakunde publikoek euskarari zuzendutako aurrekontuek gora egitea ere Kontseiluaren helburuen artean dago. Bestalde Kontseiluak hainbat alderdi politikorekin Konpromiso Politikoa izenekoa sinatua du eta bertan hitzartutakoa bete eta garatzea litzateke aurten egin beharreko lana. Akordio politikoa ere lortu nahi du Kontseiluak, hots, alderdi politiko eta instituzio publikoak euskararen normalizazioaren aldeko adostasun marko orokor eta iraunkorrean inplikatzea. Horretarako alderdi guztiekin harreman iraunkorra finkatu beharko luke Kontseiluak. Baina, ez dirudi garai nahasi hauek horretarako egokienak direnik. Nafarroako Gobernuaren jarrera ikusi besterik ez dago.


KONTSEILUA GAUR.

Aipatutako ekimen guztiak lantzeko antolakuntza eta finantzazioa behar dira. Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluaren egungo egitura joan den apirilaren 4an burututako Batzarrean finkatu zen.
1998an burututako lehen Batzarrean kontseilukideak 48 ziren. Duela egun gutxi 50era iritsi dira Plazagunearen sarrerarekin batera. Internet zerbitzuak eskaintzen dituen euskal enpresa honen eskaria ontzat eman berri du zuzendaritzak eta oraindik hurrengo Batzarrak erabakia berretsi beharko badu ere, ez dirudi horretarako arazorik izango denik. Plazagunearen sarrerarekin Kontseiluko bazkideen egitura ezkerreko koadroan azaltzen duguna da. 50 erakunde horiek 8.000 langiletik gora dituzte eta 150.000 bazkide baino gehiago. Guztira 50.000 milioi pezetako (2.000 milioi liberako) fakturazioa dute urtean. 50 erakunde hauek urtean behin biltzen dira Kontseiluko organo gorena den Batzarrean. Bertan erabaki nagusiak hartu, urteko kudeaketa plana onartu, zuzendaritza izendatu eta aurreko urteko balantzea onartzen da. Erakunde bakoitzaren botokopurua ere eta, beraz, erabakitzeko ahalmena ezkerreko taulan dago zehaztua. Gaur egun ondorengoek osatzen dute zuzendaritza: Abokatu Euskaldunen Sindikatua, AEK, Elkarlanean-Zabaltzen, Emun, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Konfederazioa, Euskaldunon Egunkaria, FERE-EIEF, IKA, Ikastolen Elkartea eta Oinarriak. Apirileko Batzarrean Elhuyar, Jakin eta Topaguneak utzi zuten Zuzendaritza eta AEK, Emun eta Oinarriak sartu ziren, bazkideek hala hautatuta. Zuzendaritzaren eginbeharra Batzarraren erabakiak betearaztea, kudeaketa plana zehaztea eta arduradunak izendatzea da.
Idazkari nagusia, 98ko martxotik Xabier Mendiguren Bereziartuk betetzen duen kargua, aukeratzea ere zuzendaritzaren lana da.
Batzarraren erabakiak bete eta bideratzeaz arduratu behar duena, aldiz, idazkaritza osatzen duen profesionalen lantaldea da. Xabier Mendigurenen gidaritzapean, plangintzaburu Joxe Jabier Iñigok, Finantzaburu Carlos Santamariak, harreman politikoetarako arduradun Aitor Idiakezek, gogoeta eta komunikazioburu Koldo Castañedak, kohesio ildoaren arduradun Jone Dorronsorok eta Ageda Jauregi bulegariak osatzen dute.
Horrez gain, ildo nagusiak lantzeko ondorengo lantaldeak daude Kontseiluan: Gogoeta lantaldea, Plangintza lantaldea, Bai Euskarari Akordioa Herrietan (BEAH) lantaldea eta Euskararen ofizialtasunaren aldeko lantaldea.


DIRU KONTUAK.

Apirileko azken Batzarrean 2000ko balantzearen eta 2001eko kudeaketa planaren barruan, aurreko urteko emaitza kontableak eta aurtengo aurrekontuak onartu ziren. Iazkoan Kontseiluak 110.338.716 pezeta behar izan zituen. Diru sarrera berriz 63.689.211 pezetakoa izan zen. Emaitza negatiboa, beraz, 46 milioi pezetatik gorakoa izan zen, 60 milioi pezetatik gorako fondo sozialari esker estali zena.
2001. urteko aurrekontuari dagokionez, 135.444.834 pezetako irteerak aurreikusi dituzte. Horietatik 23 milioi pezeta kohesio ildoarentzat izango lirateke, 9 milioitik gora komunikazioaren ildoarentzat, 17 milioi ildo politikoarentzat eta ia 32 milioi funtzionamendu eta oinegitura atalerako. Ildo sozialak eramango du kopururik handiena 53 milioi pezetarekin eta horren barruan Bai Euskarari Ziurtagiriak hartzen du garrantzia, 22 milioi eta erdirekin.
Sarrerei dagokienez, 124.241.375 pezeta lortuko direla aurreikusi dute Kontseiluko arduradunek. Horietatik 10 milioi Kontseilua osatzen duten bazkideek ordaindutako kuotatik etorriko dira. eta beste hainbeste Bai Euskarari Ziurtagiritik. 4 milioitik gora udaletatik jasoko dituzte, Bai Euskarari Akordioa herrietan proiekturako. Instituzioetatik 23 milioi pezetako dirulaguntza jasoko da. Eta kopururik handiena, ia 77 milioi, enpresekin egindako hitzarmenen bidez iritsiko dira. 11 milioi pezetako emaitza negatiboa suposatuko luke horrek. Baina gogora dezagun 2000. urtean 14 milioiko fondo soziala geratzen zela.
Asteburu honetako Batzar Ez Ohikoan eztabaidatuko den Ekintza Plana aurrera eramango balitz, aurrekontuak gora egingo luke. Dena den, proposamenean plan horren finantziazioa aurreikusi dute.

BAI EUSKARARI ZIURTAGIRIA
Bai Euskarari Akordioaren bidez hainbat gizarte eragilek dagozkien neurri normalizatzaileak hartzeko konpromisoa hartu zuten. Konpromisoak hartzea ez da nahikoa, ordea. Horiek bete egin behar dira eta Kontseiluaren lana da horren jarraipena egitea. Horretarako tresna da Bai Euskarari Ziurtagiria, eragileei konpromisoak betetzean ematen zaiena. Duela urtebete Hegoaldeko 400dik gora eragileri eman zitzaion berau lortzeko aukera eta aurtengoan Iparraldeko eragileei ere eskaini zaie Ziurtagiria lortzeko parada.
Oraingoz orotara 316 Ziurtagiri banatu ditu Kontseiluak beste hainbeste gizarte eragileren artean. Kopuru honek nabarmen egin du gora azken asteotan EIEF-FERE kontseilukide berriaren eraginez. Izan ere, Euskadiko Irakaskuntzarako Erlijiosoen Federakuntzaren barruan dauden 80 ikastetxek eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria berriki.
Kopurua gora egiten ari delako gustura ageri dira Kontseiluko arduradunak. Baina baita dagoeneko Ziurtagiri hau lortu dutenak irudi hau gero eta gehiago erabiltzen ari direlako ere. Gizarte eragile horien barne informazioetan, agirietan edo publizitateetan, bestelako ziurtagiriekin batera, Bai Euskarari Ziurtagiria gero eta gehiagotan ikus daiteke. Kontseiluko kideen esanetan, seinale ona da hori eta Bai Euskarari Akordioarekin egin den ahaleginarentzat nolabaiteko errekonozimendua.

ERASOEN AURREAN ZER?
Normalizazioan aurrepausoak bilatzen dituen erakundea izaki, atzerapausoen arriskuak ere kezkatzen du Kontseilua. Are gehiago azkenaldiko euskararen kontrako ofentsiba gogorra kontuan hartzen bada. Une kritikootan Kontseiluak erantzun beharra ikusten du. Horrela azken hilabeteotan bere desadostasuna eta kezka adierazi du AEKren aurka Garzon epaileak burututako erasoaldiaren aurrean eta Nafarroako Gobernuak hartutako neurrien aurrean.
Salaketa ez da Euskal Herrira mugatu eta nazioartean ere saiatu dira euren kezka agertzen. Aurtengo martxoan Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari nagusiak Euskara eta Euskal Hiztunen Eskubideen Egoeraren txostena aurkeztu zuen Estrasburgon. Maiatzean Ginebran burutu zen agerraldia, Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko lantalde batean. Bi kasuetan Nafarroako eta Iparraldeko egoerak nabarmendu zituen Kontseiluak.
Hemendik aurrera, ordea, erantzun bateratu eta indartsuagoa eman asmo dute. Horregatik larunbat honetan, hilak 16, burutuko den Batzar Ez Ohikoan Zuzendaritzak eta Idazkari Nagusiak Ekintza Plan bat aurkeztuko dute.
Proposamen honek herritarren parte hartze zabala erabili nahi du erasoen aurka, baita euskalgintzaren inplikazioa ere. Gizarte eragileen eta alderdi politikoen inplikazioa bideratzeko ekintzak ere aurreikusten ditu, baita nazioarteari begira lan egiteko beharra ere. Proposamenean garrantzi berezia ematen zaio, halaber, komunikazioari eta Internet bezalako tresnen erabilera ere aipatzen da. Dena den, oraindik ikusteke dago Batzarrak hartuko duen erabakia eta berau hartzean Kontseiluak Ekintza Plan honen nondik norakoak jakinaraziko ditu.

HIZKUNZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA
Aurki, hemendik bizpahiru hilabetera, Hizkuntz Eskubideen Behatokia jarriko du abian Kontseiluak. Arlo publiko zein pribatuan hizkuntz eskubideak errespetarazteko asmoz, Behatokiak hainbat lan ildo jorratuko du.
Batetik "Euskararen Telefonoa" jarriko du martxan. Edozein herritar edo elkartek izango du bertara deitu eta euskararen aurkako erasoak salatzeko aukera. Salaketa jaso eta bideratuko ditu ondoren Behatokiak, salaketaren larritasunaren arabera maila desberdineko neurriak hartuz. Horrek ez du esan nahi salaketen zain egongo direnik neurri batzuk hartzeko. Erakunde publikoek hizkuntz eskubideak errespetatzen dituzten ikusteko azterketa sistematikoa egiteko asmoa agertu dute. Halaber, eskubideak urratzen direnean erakundearen aurka judizialki jotzeko aukera hartuko dute kontuan.
Bestalde, hizkuntz eskubideen egoeraz txostenak prestatu eta bideratzea ere Behatokiaren lana izango da. Urteroko maiztasunez burutuko ditu txostenok eta bertan erakunde publiko, alderdi politiko eta erakunde sozialei unean beharrezkoak diren neurriak hartzeko gomendioa luzatuko zaie. Hala ere, arazo garrantzitsuen aurrean txosten bereziak burutzea ere aurreikusi dute, baita, egoerak hala eskatzen duenean, nazioarteko istantzietara eta hizkuntz eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakundeetara jotzea ere.
Prebentzio lana ere egin nahi du Behatokiak. Horretarako, zabaltzeke dauden gune handiekin (merkataritza zentroak, museoak, kirol instalazioak, museoak...) harremanetan jartzeko asmoa du, hizkuntz eskubideak errespeta ditzaten eskatuz. Gaizki egindakoak zuzentzeaz gain, ongi egindakoak ere saritu nahi ditu, nolabait, Kontseiluak. Erakunde batek, pribatua zein publikoa izan, eta legez behartuta egon gabe ere, eskubide hauen aldeko aurrerapausoak burutu baditu, Behatokiak publikoki txalotuko du bere jarrera.
Hizkuntz eskubideen dibulgazioa egitea, hizkuntz eskubideen gaia aztertzeko jardunaldiak antolatzea, arazo konkretuei buruzko ikerketak bideratzea, nazioarteko adituen batzorde bat antolatzea eta bestelako lanak ere aurreikusten ditu Behatokiak goian aipatutako hiru arlo nagusiez gain.
Duela aste gutxi Paula Kasares iruindarra hautatu dute Behatokiaren arduradun eta administrari baten aukeraketan ere ari dira. Egoitza dagoeneko lortu dute Iruñean. Orain, antolaketa lanetan ari dira eta aurki "Euskararen "Telefonoa"ren zenbakia zabalduko diete herritarrei.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude