INFORMAZIO GIZARTEA


2001eko apirilaren 08an
Herri guztiarentzat telefono zentralita bat eta etxeetara luzapenak, edo telebistan kate bakarra ezagutu dituen belaunaldikoa naiz. Gaur nahi adina telebista kate jaso ditzakegu, eta telefonoa poltsikoan eramaten dugu. Aldaketa handia izan da, baina handiagoa dator.

KANPOKOA ETA EUSKARA. Laster batean ultrakonektatuta egongo gara. Airez, kablez, uhinez eta zuntzez, milaka jasoko ditugu seinaleak, huntaz eta hartaz, huntaz baino hartaz gehiago. Informazio ugari izango dugu, eta zuzenean edonondik emana, baina gutaz gutxi eta euskaraz gutxiago.
Euskararen kanpotik iritsiko zaizkigunak ez dira soilik ugariak izango, asko eta asko oso indartsuak ere bai, bazter guztietara iristeko eta luzaro irauteko modukoak. Uholde horrek ittoko ez bagaitu, euskararen barrutik sortu beharko dugu eskaintza interesgarria, ugaria eta erakargarria. Eta horretarako, ezinbestekoa izango dugu indar guztiak norabide berean jartzea. Euskarak dituen bi zutabe nagusiak, gizarte ekimena eta erakundeen ahalmena sendo uztartzeko modua aurkitzea presazkoa da, egitura sendo horren gainean estrategia egokiak adostu eta bultzatzeko.
Bide horretan, eta kanpokoen aitzaki barik, euskararen etxe barruan ere badugu lanik euskara borroka politikoaren morrontzetatik libratzeko.

MUNDUKOA ETA HURBILEKOA. Munduko edozein toki dugu eskura. Distantzia berdinera daude auzokidearen ordenagailua eta Singapurrekoa. Aldi berean txateatu ahal dugu batarekin nahiz bestearekin. Akordatu barik, hurbiltasuna ezabatu egin daiteke. Eta hurbiltasuna da gure gaurko antolaketaren ardatz. Auzoa eta herria, hurbilekoekin osatzen ditugu. Euskaraz hurbilekoekin egin ahal dugu. Gure interesen hamarretik zortzi, gutxienez, hurbilean daude.
Mundukoa bezainbat behar dugu hurbilekoa, kopuruz gehiago eta maiztasunez sarriago. Mundukoa bezain eskura behar dugu hurbilekoa sarean ere. Orain arte komunitate izan dena ez bada sarean ere komunitate bihurtzen, nekez iraungo dute mundu berrian haren hizkuntzak, kulturak eta gainontzeko komunitate ezaugarriek.

GOIENA ETA TOPAGUNEA. Herri komunikabideongan bizi-bizi dago etorkizunarekiko kezka. Kezka horrek eraginda abiatu zen duela urte eta erdi Goiena, Debagoieneko komunikabideak bateratu, tinkotu eta garatzeko asmoz. Gaur, telebista, prentsa eta irratian euskaraz diharduen talde multimedia sendoa da, sarera jauzi egiteko prestatzen ari dena. Martxoaren 31n izango den kooperatibaren Batzar Nagusiak egindakoa erakutsi eta egitekoa finkatuko du. Goienak badaki bidea irekitzen ari dela, eta gogotsu ari da lan horretan, aldi berean tentuz eta ausart.
Ondoan du Goienak Topagunea, euskara elkarteak eta herri komunikabideak biltzen dituen federazioa. Hemen ere argi dago bizi dugun unearen garrantzia eta egoera ondo kudeatzeko premia. Goiena irekitzen ari den bidea Topaguneak zabaldu egin nahi luke, beste eskualde batzurentzat ere ibilgarri izan dadin. Komunikabideak eskualdeka garatzen badira eta eskualdeak elkarrekin sarean lotzen, sekulako informazio oinarria izango luke euskal gizarteak. Eta oinarriko sare hori euskarazko hedabide orokorrekin lankidetzan lotuko balitz, orduan izango lituzke euskal gizarteak hurbilekoaren eta euskararen esparruak ondo aseta.

GIZARTEA ETA INFORMAZIOA. Hedabideen ugaritasunak ez dakar berez informazio hobea. Batzuetan, ez du aniztasuna ziurtatzen, eta ez dago une honetan Espainiako hedabideei erreparatzea besterik, Euskal Herriaz dihardutenean. Besteetan, gehiegizko informazioa mailakatzeko astirik ez eta jakin-mina itzaldu egiten da. Jende dexente ezagutzen dut gero eta albiste gutxiago kontsumitzen duena, buruko osasuna gordetze aldera.
Gizarte informatuak informazio mailakatua behar du, xeheago hurbilekoa eta orokorrago urrunekoa. Informazio anitza, iritzia sortzen laguntzen duena. Eta euskal gizarte informatuak euskarazko informazioa behar du, mailakatua eta anitza.
Gu horretan ari gara.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude