"MUNDUA BEHERA DATORKIZU BAINA EZIN ZARA ETXEAN GERATU"

  • Gurasoak dira, munduko aita-ama asko bezala; eta Gurasoak elkartekoak, beren seme-alaba preso edo atxilotuen eskubideak defendatzearren. Eguna gaua bilakatu zitzaien bat-batean, zuria beltz. Mikel Vazquez elkarteko heledunak kontatu digu zertan diharduten.

2001eko otsailaren 04an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Nekez pentsatuko zuen guraso talde honetako edozeinek noizbait halako egoera batean egon zitezkeela, seme-alabak espetxean, horietako askok tortura eta tratu txar larriak jasan ondoren eta urte luzeko espetxe zigorrarekin. Gauetik egunera bizimodua goitik behera aldatzen duen gertaera bizi izan dute eta egoera berriari elkarrekin egin diote aurre. Mikel Vazquez, Gurasoak elkarteko eledunarekin aritu gara solasean Iruñeko beren bulegoan.

Zein eratako gurasoak biltzen zarete elkartean?
Era guztietakoak, adinari zein ideologiari dagokienez, alderdietan militatu izan dutenetatik hasi eta bat-batean halako arazo bat esku artean suertatu zaienera. Hemengo jendea, eta baita Katalunia edo Galiziako jatorrikoa, esate batera. Sarritan talde terapia gisa ere funtzionatzen du elkarteak, guztion arazoak berdintsuak dira eta sarritan gurasoak erabat galduta daudelako egoera berriaren aurrean.

Nola hasi zen zure kasua?
96ko urtarrilean joan ziren etxera semearen bila, orduan 16 urte zituen Aritzek eta autobus bat erre izana leporatu zioten. Lagun bat atxilotu zutela jakin zuen eta alde egina zegoen. Hiruzpalau egun etxetik kanpo egin zuen. 10-12 kaputxadunek etxea hankaz gora jarri zuten, baina ez zuten ezer topatu. Egunetara 20 gaztek beren burua aurkeztu zuten Entzutegi Nazionalean, Ismael Moreno epailearen aurrean. Han, leporatutakoa ukatu zuen eta aske atera zen. Martxoan auziperatze autoaren berri eman zioten, milioi bat pezetako (40.000 libera) bermea jarri eta egunero komisaldegira agertu beharra. Apirilean, sinatzera joan zen egun horietako batean atxilotu egin zuten eta inkomunikatu; handik hiru egunetara egoera tamalgarrian ikusi genuen Madrilen. Valdemoroko espetxean sartu zuten eta ekainaren 10ean aske utzi zuten. Uztailaren 11tik 1998ko urtarrilaren 5a arte egunero sinatu behar izan zuen Iruñeko komisaldegian. Hor egon zen inkomunikatua eta San Gregorio kaletik behin baino gehiagotan egin zidan atzera beldurrak jota. Orain beste 26 gazterekin batera sumario batean dago eta guztientzat 579 urteko gartzela zigorra eskatzen diete -gureari 11-.

Aurretik inguruan bizi ahal izan zenuten halakorik edo dena berria zen zuentzat?
Denak bat-batean harrapatzen zaitu: bazkaltzera ez datorrela, bere lagun batzuen atxiloketa ezagutzen duzu, semea ihes egina duzula, polizia etxean, inkomunikazioa, espetxea... Mundua behera datorkizu. Nik militatu izan dut alderdi politikoetan, baina ez duzu inoiz pentsatzen zure semea halako dinamika batean ibili daitekeenik. Hala ere, hasieratik argi ikusi genuen ezin genuela burua makur-makur eginda etxean geratu, bizitzak hau ekarri zigula eta aurre egin behar geniola. Eta horrela hasi ginen astero Madrilera espetxera joanez eta egoerara ahal bezala moldatuz. Guraso asko ikusi dut depresioak jota, psikologoen terapiapean.

Eta norberaren ingurunearen erreakzioa?
Familiaren aldetik erabateko laguntza izan dugu, eta lagunen aldetik oro har ere bai. Baina beti nabaritzen duzu zerbait batzuengan, lehen agurtzea eta orain ez eta halakoak. Alderantzizkoak ere bai, lehen bistaz ezagun ziren batzuk hurbildu egiten dira eta semeaz galdetu. Baina beste familia batzuetan apurketa handiak ere ezagutu ditut.

Zer aholkatuko zenioke norbaiti halakorik gertatuz gero?
Gurekin kontaktuan jartzea. Inkomunikatua dagoenean, egunero joan behar da dagoen lekura arropekin eta abar, ez dizute kasurik egiten, baina behintzat ikus dezatela badirela seme-alabez arduratzen diren gurasoak. Ez daitezela beren etxean itxi. Eta batez ere ez dezatela seme-alaba beren kasa utzi, halako kasuak ere ezagutu izan ditugu eta.

"Seme-alabek egin dituzte egindakoak, baina gurasoen hezkuntzaren errua da". Zer sentitzen da halakorik entzutean?
Duela gutxi "El Mundo" egunkariko artikulu batean, kale istiluetan zerikusirik izan duten seme-alaben gurasoen %50 haiek egindakoarekin ados daudela esaten zen. Hori ez da horrela, gure artean era guztietako ideiak daude eta gure seme-alabei ahalik eta hezkuntza egokiena ematen saiatu izan gara. Gatazka bat dago hemen eta horren alde batek gu ukitu gaitu.

Ba al duzue bi su artean harrapatutakoaren sentipenik?
Batzuetan. Kale borroka kontuetan aritzeaz akusatutakoak eta gurasoak babes gutxien izan dugunak izan gara. Su-eten garaian, esate batera, kale borrokarena etengabe egon zen prentsaren lehen lerroan. Ezker abertzale mailan ere, kale borrokan aritutakoak apur bat alde batean utziak izan dira. ETAren biolen-tziaz ari dira beti, gazteenganako Estatuaren biolentziaz gutxi entzuten da.

Zuen seme-alabak manipulatuak izan diren sentimendurik ba al duzue?
Ez. Gure seme-alabek zerbait egin badute hala nahi zutelako izan da, ideia batzuengatik. Agian ideia erratuak izango dira edo egindakoa ez da egokiena, ez naiz balorazio horietan sartuko, baina beren borondatez egin dituzte eta sentimendu bati jarraituz.

Gogor kritikatu duzue Adin Txikikoen Legea, aurkako bide juridikorik edo pentsatu al duzue?
Oraingoz ez, baina bere 14. artikuluaren aurkakoa delako (legearen aurrean herritar guztiak berdinak direla dioena), Konstituzioaren aurkakotzat jo dugu. Zigor desberdintasunak ikaragarriak dira arazo sozial arrunt bat izan edo kale borrokari lotua izan: inkomunikazioa, helegiteko aukerarik eza, Entzutegi Nazionaleko eremu berezia... Neurri diskriminatzaile mordoa dago.

Legeak ezartzen dituen kartzela zigor gogorrak kontuan hartuta, gazteak uxatu baino ETAn sartzera bultzatzen dituztela aipatu izan da.
97an Mayor Orejarekin izan ginenean hori adierazi genion eta, dirudienez, kasuren batean hala gertatu da. Bi autobus erre dituen gazteari 35 urteko gartzela zigorra ezartzen badiozu, akaso gehiago interesa dakioke alde egitea eta zuzenean ETAn sartzea. Guraso askok dugu gai hori buruan.

Adin Txikikoen Legearekin leku askotara joango zaretela iragarri duzue. Aurretik ere gizarteko eragile askorekin egon zarete. "Hauek? Ezker abertzaleko talde bat gehiago". Sarri entzungo zenuten gisakorik.
Bai, baina etengabe saiatzen ari gara erakusten gurea ez dela ezker abertzeko "beste txiringito bat". Edozein jarduera sozial edo errebindikatiboan atxilotuak diren gazteen eskubideak errespetatuak izan daitezela, hori da gure zeregin nagusia. Hori bai, ezker abertzaleko erakundeekin harreman ona dugu, adibidez Amnistiaren Aldeko Batzordeekin edo Senideekin; baina beste erakunde eta elkarte batzuekin ere bai.

Zuek sentitzen al zarete biktima?
Bai, eta ez bakarrik gurasook, gure seme-alabak ere biktimak dira, bizi dugun gatazka pairatzen ari gara eta. Zoritxarrez, bai Estatu mailako, bai EAE eta Nafarroako Komunitatean maila instituzionalean ahantziak gaudela uste dugu.

SALBUESPENAK JOTAKO ADIN TXIKIKOEN LEGEA
Urtarrilaren 13an sartu zen indarrean Espainiako Gobernuak prestatutako Adin Txikikoen Legea. Kritika ugari izan du eta bere prestaketa lanetan sektore ugarik bere aurrerakoitasuna onartu izan badu ere, bukaeran egindako aldaketek atzerakoiago egin dutela azpimarratu izan da, batez ere terrorismo delituarekin zerikusirik duten adin txikikoen kasuentzat salbuespen gogorrak finkatzen dituelako.
Oro har, legearen espirituan hezkuntza zigor hutsa baino garrantzitsuagoa dela irakurri daiteke, eta zigorra heziketara bideratu behar dela. Horretarako neurri ugari hartzen da, esate batera, adin penala 16 urtetik 18ra igo izana; edota, adin txikikoak espetxeetatik atera eta zigor zentru berezietara eramatea eta hauetan erregimen erdi-irekiak eta irekiak izatea. Zigorra askatasunean betetzekotan ere modu askotara izan daiteke: eguna zentru batean pasatu gizarte trebakuntza sustatuz; zaintzapeko askatasuna; gizarte lanak egin; asteburua etxean egon beharra...
Estatu mailan egon den kritikarik handienetakoa zera da: legeak teorikoki aurrerapen handiak ekarri arren, praktikan ezer gutxirako balioko duela, neurriok praktikara eramateko finantz baliabiderik jarri ez delako.
Horrez gain, bada erabat larria eta diskriminatzailea den salbuespena: ETArekin edo kale borrokarekin zerikusirik izan dezaketen adin txikikoek talde berezia osatuko dute. Adin Txikikoen Legeak 14 urtetik 18ra arteko gazteak hartzen ditu, baina adituek hala aholkatzen badute, zenbait kasutan 21 urtera arte ere zabaldu daiteke; aipatutako taldeko gazteentzat ez da inoiz halako zabaltzerik izango. Jose Maria Vazquezek gidatuko duen Epaitegi berezia izango dute Entzutegi Nazionalean (gainerakoak lurraldeko auzitegian epaituko dituzte), eta zigorrei dagokienez ere talde honetakoek askoz zigor handiagoak izango dituzte (17 urteko batek 10 urtera artekoa gehi zaintzapeko askatasuneko 5 urte) eta zigorra Madrilgo zentruetan bete beharko dute (bestela beren herrietatik ahalik eta zentru gertuenean).
Neurri hauek kritika gogorrak jaso dituzte euskal gizarteko sektore askotatik, Eusko Jaurlaritzako Justizia Kontseilaritzatik hasita. Gurasoak elkarteak ere antikonstituzionaltzat jo du salbuespena eta Europan salatuko duela iragarri du. Azpimarratzekoa da Espainiako Gobernuak Kode Penalak izango dituen aldaketak igorri zizkiela Estatu Kontseiluari, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari eta Fiskaltzari; hiru erakunde hauek beren kezka azaldu zioten Adin Txikikoen Legean izandako aldaketa hauegangatik, baina Gobernuak ez zien jaramonik egin.

SEME-ALABEN BABESA HELBURU
Gurasoak elkartea 1996ko martxo eta apirilean zehar sortu zen, Iruñean Lipauto auzia zela eta 7-8 gazte atxilotu ondoren. Alarma soziala piztu zuten atxiloketok eta gainera, komunikabide askok gazteen gurasoei bizkarreratu zieten seme-alabek egindakoen erantzukizuna. Zenbait guraso orduan hasi zen antolatzen, bai bere seme-alaben auziak jarraitzeko eta bai gurasoen beren dignitatearen aurkako erasoei aurre egiteko. 96ko abendua eta 97ko urtarrilaren artean Nafarroan 35 gazte atxilotu zituzten eta honek elkartearen beharra azpimarratu zuen. Ordurako jada baziren 40 inguru espetxeratutako gazteak, guztiak Madrilgo espetxeetan. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. 16, 17 eta 18 urte inguruko atxiloketa ugari egon ziren eta elkartea Hegoalde osora zabaldu zen. 1998ko urtarrilean jada egin zuten lehenbiziko manifestazioa. Antolaketa aldetik, herrialde bakoitza elkarte desberdina da juridikoki baina guztiek koordinadora bat osatzen dute. Beren helburuak eta zereginak humanoak dira nagusiki, eta funtsezkoena atxilotutako gazteen eskubideak berma daitezela zaintzea da, bai atxiloketa garaian eta baita espetxe zigorra bete behar bada ere, hau Euskal Herrian izan dadin. Horrez gain, gurasoek horrelako egoera gaitzean zer egin jakiteko erreferentzia gunea ere izan nahi zuten, guztiek zuten arazo berari erantzunak guztien artean emateko. Gizarteko agente guztiekin egin dituzte bilerak, hasi Jaime Mayor Oreja eta Baltasar Garzon eta eliza, alderdi, eta era guztietako elkarteekin jarraituz. Nafarroan 40 bat guraso biltzen dira astero, beste horrenbeste Bizkaian, 30 Gipuzkoan eta 20 Araban. Beren ustez, halaber, elkarrizketa da Euskal Herrian bizi den gatazka politikotik ateratzeko bide bakarra.


Azkenak
Dopina

Sentitzen dut, baina kosta egiten zait sinestea. Yeray Alvarez Athleticeko jokalariak analisi batean positibo eman izanak berriro azaleratu du kirolean existitzen den dopinaren inguruko eztabaida. Eliteko kirolean, hobeto esanda; eta horra hor auziaren gakoa. Kirolari... [+]


Gorpu bat aurkitu dute Nagoreko urtegian, Nafarroan

Herritar talde batek bainua hartzen zegoela gorpua aurkitu eta Polizia deitu zuen. Iruñera eraman dute gorpua autopsia egiteko, eta heriotzaren zergatia argitzeko. Gizonak 51 urte zituen.


Ukrainako Indendentzia Egunean, Kievek eta Moskuk 146na preso trukatu dituzte

Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzarekin lortu dute preso trukea gauzatzea. Zelenskik adierazi du Ukrainak "askatasunaren alde" borrokatzen jarraituko duela, herrialdeak independentzia aldarrikatu zuenetik 34 urte bete direnean: "Bakea behar dugu, eta gure... [+]


Israelek Gazako Nasser ospitaleari eraso egin dio, eta gutxienez hemeretzi pertsona hil ditu, tartean lau kazetari

Gazako osasun zentro nagusia bonbardatu du Israelek. Hildakoen artean lau kazetari daude, Reuters, AP, Al Jazeera eta NBCkoak. 


Imanol (edo futbola gizartearen isla, beste behin)

Futbola herriaren opioa zela zioten batzuk; garrantzitsuak ez diren gauzetan garrantzitsuena dela pentsatzen dute hainbatek; kapitalismo basatienarekin lotzen duenik ere bada… Nire iritziz, gizartearen isla soila da; herritarron gabezia eta arazo askoren isla.

Ez zait... [+]


2025-08-25 | Thomas Barlow
Hizkuntzaren ertzetik erdialdera

Hizkuntzalari ospetsu José Ignacio Hualdek hiru joera nagusi bereizi ditu euskaldun berrien artean, batuarekiko harremanari dagokionez: euskalki biziko herrietan, gazteek etxean euskalkia darabilte eta eskolan batua; gaztelaniaz hitz egiten den hiriguneetan, gehienek batua... [+]


2025-08-25 | Haritz Arabaolaza
Irakasleon figura

Azkenaldian buruari bueltak ematen ari natzaio, hezkuntza publikoaren egoerari. Aurtengo ikasturteko greba garaiak pasa dira eta lan hitzarmen berria sinatu zela denboratxo bat igaro da. Irakasleoi, onerako eta txarrerako, garai hartako odol beroa hoztu zaigula esango nuke. Ez... [+]


2025-08-25 | ARGIA
Euskaltzale independentistak Behorlegiko kanpaldian bildu dira, Nafarroa Behereko EHEk gonbidatuta

Ez diote ezeri muzin egin nahi opor giroan: natura, aisialdia eta gogoeta izango dira ardatz Euskaltzale Independentisten Akanpadan, abuztuaren 25etik 31ra.


Israelek eta Hamasek su-etenerako negoziazioekin jarraitzen dute, Gazan gosetea “larritzen” ari den bitartean

AEBetako Estatu idazkari Marco Rubio astelehenean biltzekoa da Israelgo atzerri ministro Israel Katzekin, su-etenerako akordioez mintzatzeko. IPC Jakien Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratuak agentziak ostiralean kaleratutako txosten batek ohartarazi du Gazan gosete... [+]


Gaskoia irakatsiko dute lehenengo aldiz Samatzeko eta Bidaxuneko eskoletan

Martxan daude okzitanieran jatorria duen hizkuntza berpizteko hainbat ekimen. Ipar Euskal Herrian galzorian dagoen hizkuntza da gaskoia; aurreko mende hasieran galdu zen Hego Euskal Herrian.


Itsas salbamenduak 236 pertsona erreskatatu ditu Kanaria Handitik 429 kilometrora zegoen txalupa batetik

Sahara hegoaldeko gizonak, emakumeak eta adin txikikoak zeuden txalupan. Merkataritza ontzi batek jitoan zebilen txalupa ikusi, soka bat lotu, eta laguntza eskatu zuen.


2025-08-25 | ARGIA
Dani Larrea euskaltzalea hil da, Emun kooperatibaren sortzailea

Gaixoaldi baten ondorioz, 65 urterekin hil da Daniel Larrea Mendizabal. 


Gazte boluntarioak frankismoko memoria berreskuratzen

Azken zortzi urteotan 30 bunker inguru berreskuratu dituzte dozenaka gazte boluntariok; Baztanen, Otsondon, izan da azkena. Ana Ollo kontseilariak bisitatu du auzolandegia eta gazteen ezinbesteko lana txalotu eta eskertu du.


2025-08-25 | Euskal Irratiak
Zigor Akixo
“Euskal Herriari, Miarritzeko herriari eta itsasoari atxikia zitzaion Maite Maniort”

95 urte bete zituela zendu zen Maite Maniort Hennebutte, 2025eko uztailaren 10ean.


Jose Manuel Gorospe zendu da, Euskadiko Filmategiko sortzaileetako bat

Jose Manuel Gorospe Meagas aktore eta kultur ekoizle donostiarra zendu da, 81 urterekin, Madrilen. Bizitza osoa antzerkiarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin era batera edo bestera lotuta pasatu zuen Gorospek, eta, besteak beste, Euskadiko Filmategiaren sortzaileetako bat... [+]


Eguneraketa berriak daude