"HAITZA PERTSONALA DA, ZURE BURUAREKIN LEHIATZEN DUZU"

  • Tentatu du geroztik grabitatea, tentatu ohiko bizikera, eta Record denak hautsiz inor baino Altuago egon bada ere, hankak beti lurrean ditu. Ihesbide eta inprobisazioaren giltzak mosketoitik Zintzilik daramatza. Moda baino gehiago, Eskalada gizarte honen ikur izan daiteke: lanpostuetako Rankinean gora egin nahiaren kirol. Eskalatzaileek, berriz, Euren burua dute gainditzeko arerio Bakar. Eta gainera Ezin profesional izan! Neska eskalatzaileak, gizonen artean ere bidea Urratu behar izan du. Gizonek idatzitako historian, agian Sokasaltoa deituko zaio bere jardunari. Baina, bitartean, Oinatzak uzten ditu haitzetan. Ikusteko, bere bidea Jarraitu besterik ez da egin behar.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Fisikako klasea mendekatzeko hasi al zinen grabitatearen legea hausten? Nola hasi zinen eskalatzen?
18 urterekin edo hasi nintzen, eta hasieran aitzakia bat zen lagunekin asteburutan mendira joateko... Eskalatzen ez bazenuen ere ez zion ajolarik, garrantzitsuena toki berriak ezagutzea zen, mendira joan, eta batez ere lagunekin egotea. Eskalatzaileen artean oso harreman bereziak egiten dituzu eta naturarekin ere bai. Mendiak oso sentibera egiten zaitu, eta gauza txikiak apreziatzen dituzu. Gero 19 urterekin Rikardo ezagutu nuen (eskalatzailea, nire mutil laguna), eta grina gehiagorekin, serioago hartu nuen. Eskalatzera astean zehar joaten hasi eta Sputnik bat bezala igo nintzen.

Hasierako urte haietatik hona nola aldatu da eskalada?
Oso polita izan da prozesua. Gu hasi ginenean oso gutxi garatuta zegoen eskalada, tira, orain ere ez dago oso garatua. Orain badaude rokodromoak, baina lehen ez. Espainiako Estatuko lehen tabloia, edo bulder sala Rikardorena izan da. Frantziarrak izan dira eskaladako aitzindariak, eta handik ekarri genuen ideia. Guk ikertu dugu nola zaindu, nola entrenatu. Beraz, ez da kirola bakarrik izan, konnotazio asko izan ditu: zu zara erantzule, eta zerbait lortu nahi baduzu, jarri itzazu zerorrek bitartekoak. Ez beste kiroletan bezala, entrenatzaileak esandakoa egiten dena, kirolariak zergatia ulertu ere egin gabe.

Zergatik egin zitzaizun eskalada erakargarri?
Nik beti egin ditut taldeko kirolak: futbola, saskibaloia, eskubaloia... Denetik probatu dut, baita goma ere! Eta arreta piztu zidan, bakarka egiteko kirola delako. Zu zara gauza guztien arduradun bakarra. Zu zara dena. Eskalatzea puzzle bat bezala da: pieza guztiak jarri behar dituzu bere lekuan. Lehenengo hanka edo eskua igo... Uneoro ongi pentsatu behar da zer bide den egokiena, gutxiago nekatuaraziko zaituena. Gainera eskaladan lehia zeharkakoa da: zure buruarekin lehiatzen duzu.

Ez dagoela lehia zuzenik diozu. Entrenatzerakoan ondoan 'pike sanoa' izatea ez al da motibagarri?
Noski baietz. Hori karakterraren arabera da. Niri asko gustatzen zait musikarekin eta bakarrik entrenatzea. Asko. Baina ulertzen dut batzuentzat garrantzitsua dela ondoan beste bat izatea. Nik bakarrik entrenatzen dut, baina niretzat Rikardo oso garrantzitsua da. Zeren beti ez dut motibazioa goian izaten. Golpeak ere jasotzen dira, eta berak animatzen nau jarraitzera. Gainera niretzat erreferentzia bat ere bada eskaladan.
Niretzat entrenamendua dibertsio bat da. Ihesbide bat behar dut nekatuta egoteko. Energia gehiegi pilatzen bazait, jasanezina naiz.

Motibazioa nola mantentzen duzu?
Ni berez naiz nahiko konformagaitza, beti nahi dut gehiago eta hobea. Bide bat egiten dudanean askotan dudan jartzen dut egindakoa: "Bai, egin dut baina oso erraz", edo "indartsuago sentitu nahi dut". Niri ez dit balio esateak "honek hau igo du". Nik neure buruarekin badut nahikoa, besterenarekin pentsatzeko nago, bada! Gainera nire kasua agian pekatua da: harroputza izan gabe, baina jakin egin behar da lortutakoaz gozatzen. Askotan, esaerak dioen bezala, arrakasta une labur bat zait eta porrota amaigabea.

Bideak egindakoan xarma galtzen al du?
Noski. Hori ume txikiek egiten dutena bezalakoa da. "Hori ez jan" esaten badizu amak, jan egin nahi duzu. Baina lasai jan badezakezu ez du graziarik.

Nola lantzen dituzu bideak?
Lehendabizi pauso bakoitza lantzen da banaka. Mugimendu bakoitza nola egiten den kontrolatu, zer modu den egiteko errazena ikusi, eta bideari trikimailu denak atera. Trikimailu eta mugimendu denak asimilatu dituzunean, fisikoa landu behar da. Errekuperaketa, deskantsuak dauden tokietan azido laktikoa jaistea lortzea... Eta ateratzen ez zaizun pausorik badago, tabloian pauso berdintsuren bat sortu eta landu. Adibidez, bideak 60 mugimendu baditu eta 58. mugimenduan erortzen bazara beti, tabloian bidea bat asmatzen dugu 68 mugimendukoa eta azken mugimendua izan dadila beti erortzen zarenaren antzekoa. Bidea geroz eta gehiago lantzean, mugimendua asimilatu egiten da, eta geroz eta errazagoa da igotzea.

Eskaladan nolakoa da hobekuntza, progresioa?
Eskalada oso kirol kuriosoa eta esker txarrekoa da. Pertsonen behatz markak bezalakoa da: haitzen erosioa dela eta, ez daude bi bide eta bi helduleku berdin. Beti ari gara mugimendu berri bat probatzen. Zuk enkadenatzen duzunean 8c bat edo 7a bat, zer esan nahi du, jada 7a guztiak enkadenatu behar dituzula? Ez, ezta gutxiagorik ere. Askotan gertatzen da 7a egin, eta hurrengo bi asteburutan 6c batean erortzea. Eta esaten duzu, "pauso bat aurrera eta bi atzera eman ditut?". Horregatik esan daiteke eskalatzaile bat neurtzen dela duen esperientziarengatik, eta ez duen curriculumarengatik. Konpletoa izatea da kontua: hainbat bidea gradu batekoak, toki eta modalitate ezberdinetakoak... Nik uste ni oso orekatua naizela, eta hain zuzen hori da bilatzen dudana. Ez zait gustatzen espezializatzea. Zuk dauzkazun bertuteak potentziatu egiten dituzu entrenamenduan, baina eskaladan aurreratzeko batez ere zure akatsak zein diren ikusi behar duzu, eta horiek landu. Hori gogorra da, baina garrantzitsuena ere bai. Landuta 8c+ egiten badut, gai izan nadila bistaz 8a+ egiteko. Bada jendea landuta 8b+, eta bistaz 7b egiten duena. Eta hor alde handiegia dago.

Irakurri dugu amerikarrek ia dena landuta igotzen dutela. Zuek zergatik ematen diozue garrantzia bistaz egiteari?
Askoz zailagoa delako. Arrakasta eta porrota bereizten dituen arrastoa oso mehea da bistaz ari zarenean. Oso ongi eskalatu arren erori egiten banaiz, ni beti geratzen naiz erori izanarekin, ez ongi eskalatu izanarekin. Landutako bideetan beti duzu zure burua engainatzeko aukera: ez dut egin bigarren saiakeran, ez dut egin hirugarrenean, baina beti dut beste aukera bat gehiago egiteko. Baina bide batean bigarren aldiz saiatzea, jada ez da bistaz egitea.
Gainera hori lotuta dago gure bizikerarekin: beti dago zerbait planifikatuta, baina Rikardo eta bioi inprobisatzea gustatzen zaigu bizitzan. Eta bistaz eskalatzea ere horixe da, inprobisatuz igotzea.

Zer baldintza fisiko eta psikologiko dira onenak eskalatzeko?
Fisikoki indarra oso garrantzitsua da, baita errepertorio gestuala esaten dena ere. Errepertorio gestuala da buruaren ganbara ezkutuan eduki behar den teknika hori. Ongi mugitzen jakitea, hori da teknika. Geroz eta bide gehiago egin, orduan eta gehiago zabaltzen da zure mugimendu asimilatuen gama. Baina oso garrantzitsua da aspektu psikologikoa ere, batez ere bidea teknikoenetan. Mugimendu bat astoen eran egin beharrean, hanka bat era batean edo bestean jarrita, azken mugimenduan beharko duzun energia hori aurreztu dezakezu. Gainera beti dago erorketa arriskua; nahiz eta erorita ere ez den minik hartzen, batzuk psikologikoki asko baldintzatzen ditu erorketak. Motorrarekin zaudenean (hanka dardarka jartzean) hori kontrolatzeko burua hotz izatea oso polita da, eta indarra izatea baino garrantzitsuagoa agian.

Txapelketetan ere bestela bezain ongi ibiltzen al zara?
92tik 97a arte Euskal Herri eta Espainia mailan dena irabazi nuen. Ez neukan ezer gehiago lortzeko eta motibaziorik gabe geratu nintzen. Gainera giro txarra zegoen hemengo txapelketetan, gaizki antolatuta zeuden... Munduko Kopan berriz, hain ona ez nintzenez, askoz gehiago motibatzen ninduen eta horrako prestatzea pentsatu nuen. Lortu nuen Munduko Kopan finalera sartzea: 98an 8. geratu nintzen, 99an 7. eta aurten 8garren. Lehen 10en artean sartzea niretzat oso lorpen ona zen, horra joaten direnek konpetizioa bakarrik lantzen baitute, aitzetan ez dira aritzen. Ni gehien motibatzen nauena, berriz, haitza da. Pertsonalagoa da, zure buruarekin duzu lehia...

Zer alde dago haitzetan edo rokodromoan eskalatu?
Konpetiziotan erabiltzen den teknika eta haitzetakoa guztiz ezberdina da. Rokodromotan heldulekuak kanporantzakoak dira, eta haitzetan barrurantzakoak. Rokodromoko eskalada dinamikoagoa da, salto gehiago eta abar egiten dira, heldulekua bistan dagoelako eta badakizulako nora zoazen. Haitzetan geldiago joaten da, dena arakatzen, kantu hona den edo ez eta nola heldu pentsatzen...

Eskalada "mutilen kirol" izan da...
Bide bat hor dago denentzat, neska eta mutilentzat. Askotan atera dute aldizkarietan 8c+ egin duen lehen emakumea naizela. Eta ez, gizon-emakumeen artean "Honky Mix" bidea igo duen bigarrena naiz. Niretzat polita da lehenengo emakumea izatea, baina nire urguilu pertsonalerako garrantzitsuagoa da esatea bigarren igoera izan dela, orokorrean. Mutil asko saiatu dira hori egiten, eta belarriak jaitsita joan behar izan dute. Ez dago matxismorik agerian, baina ezkutuan pixka bat bai. Neska batek bide bat egiten duenean, errespetua galtzen zaio bide horri. Gizon batek gradu altuko bide bat egiten badu, beste gizon batek esango du, "jo, eskalatzaile hori oso ona da, eta ni nola saiatuko naiz!". Neska batek egitean ez da dudan jartzen bideak gradu hori duenik, baina bai pentsatzen dela "neska batek egin badu, nik zergatik ez?".
Pentsamendu hori bera dute frantziarrek beste herriekiko. Kirol eskaladan frantziarrak izan dira aitzindariak. Uste zuten beraiek zituztela biderik zailenak eta beste herrietako bideak oso erraz egin behar zituztela. Errespetu hori galduta zuten.

Eskaladan gizon eta emakumeak maila berean daude?
Emakume eta gizon onena hartuta, fisikoki beti aldea egongo da, diferentzia muskularra dagoelako. Indar frogetan beti desabantaila izango dugu guk. Baina teknikoki alde hori jan daiteke. Eta batik bat errekuperatzeko gaitasuna ongi landuz gero, bide luze eta erresistentzia eskatzen dutenetan parekatuago ibiliko gara.

Zu eskaladan zarena izanda, hemen ez zara hain ezaguna... Neska zarelako edo eskalada ezaguna ez delako?
Eskaladagatik. Eta hala ere nahiko harrituta nago, espero baino ezagunagoa bainaiz. Baina adibidez EEBBetan ni oso ezaguna naiz kaleko jendearen artean. 'Out side' magazinak munduko 25 kirolari onenen artean hautatu nau. 10. postuan jarri nau, eta 24-25. postuan Lance Armstrong jarri du. Hemen, berriz, Armstrong jainko bat da ia. Egia da baita ere amerikarrak nahiko mitomanoak direla.

Eskaladatik bizi daiteke?
EEBBetan agian bai. Han kirol denentzat beste mentalitate bat dute. Baina Europan... Marka pribatu eta esponsorretatik lortzen duzu gastuak berdintzea, baina ez bizitzea. Kirolgi fundazioari asko zor diot, jaso dudan beka bakarra berak eman didalako.

Nola dago hemengo harrobia?
Jende asko hasten da, baina jarraitzen dutenak oso gutxi dira. Eskalada baino gehiago bulderra da modan jarri dena. Erosoagoa delako, eta berarekin lotuta dagoelako jazteko moda bat, hitz egiteko moda bat... Snowa, skatea edo surfa bezalakoa da. Haitzetako eskalada "antzinako dinosaurioek" pratikatzen dute gehiago. Bere garaian bizitzeko modu batez hitz egiten zuten, beste esanahi bat ematen zioten.

Lehiaketen mundua nola dago?
Atzeraka doa. Marka pribatuak geroz eta gutxiago ari dira lehia bultzatzen. Geroz eta gehiago bilatzen dute haitzetako eskaladak duen laguntasun konnotazioa, karisma... Interesgarria da hori. Lehiaketa hotzagoa da, bestean harremanak sakontzen dira... Gainera lehiaketen mundua oso materiala da, diruagatik lehiatzen da, eta kito. Eta dopatu behar bada jendea dopatu egiten da. Horrek ez du zerikusirik natura eta eskalada berez denarekin. Beste muturreko adibidea da eskalada librea: eskalada librea Yosemiten sortu zen (EEBBetan). Zergatik? Eskaladaren purutasunagatik: "Ez naiz baliatuko inongo laguntza artifizialez. Bide hau nire bitartekoekin bakarrik igoko dut behetik goraino". Hori da atzean duen filosofia. Hor ez dago ez lehiarik, ez ezer. Beti egon dira tirabirak lehiaketetako eta bestelako eskalatzaileen artean, eta lehiaketetakoak prestigioa galtzen ari dira pixka bat.

Zuk ez diezu, beraz lehiaketei garrantzia gehiegirik ematen...
Kopa guztiak zakarrontzira bota nituen.

Zer?
Horrelaxe da. Gauzak momentuan egin eta bizi ditut. Pasatutakoa pasa da.

Zer arrisku maila du eskaladak?
Materiala erabiltzeko moduaren eta duzun kontzientziaren araberakoa da arriskua. Berez eskaladak ez du arriskurik. Sokak oso prestatuta daude, aszensoreak anklatzeko erabiltzen diren seguruekin ibiltzen gara... Ez dut sekula entzun soka bat eten denik.
Kirol eskaladan gertatu diren istripu gehienak despisteengatik izan dira, eskalatzaileari soka lotzea ahaztu zaiolako. Gero beste gauza bat da eskalada alpinoa.
Badut pasadizu bat: nire ondoan eskalatzen ari zen batek behetik aseguratzen ari zitzaionari esan zion: "Ezin dut gehiago, heldu!". Behekoak tinkatu zuen soka, bestea zintzilikatu egin zen eta lurreraino jausi zen, korapiloa erdi eginda zuelako, bukatu gabe.

BERE HITZETAN
"Ez naiz munduko eskalatzailerik onena, baina, agian, baliteke osoena izatea"
Euskaldunon Egunkaria, 00-01-07

"Ez dakit zergatik baloratzen diren hain gutxi 6.000 metro inguruko mendietan egiten diren eskalada konplikatuak. Pentsatzen dut errazagoa dela 8.000 metrotik gorako mendiek duten zailtasunari erreparatzea, aditua ez den jendearentzat behintzat". Euskaldunon Egunkaria, 00-04-07

"Himalayako irudiak ikusten ditudanean inbidia ematen dit, baina himalayismoa ez da nire kirola, beste hainbat kirol ez diren moduan". Euskaldunon Egunkaria, 00-04-07

"Kirola berez konpetizioa da, eta hori ez da txarra. Konpetitiboak garelako, konformagaitzak garelako motibatzen gara entrenatzeko". Euskaldunon Egunkaria, 00-04-07

"Nire helburua ez da inorekin konparatzea, ez neska eta ez mutilekin, interesatzen zaidana da nire burua superatzea" . http://www.saclimc.co.za/news.html

"'Honky mix' bia oso luzea da, pentsatzeko denbora ematen du eta hori psikologikoki gogorra da. Mugimenduero, beste saiakeratan nola sentitzen zinen pentsatzeko joera duzu, eta zeure burua soltura gutxiagorekin ikusten baduzu urduri jarri eta gaizki eskalatzen da". http://www.saclimc.co.za/news.html

BERTSOA
Doinua: Haizea dator iparraldetik
Bistaz omen da tentagarria
mendiko perfil zorrotza
"Arnes" estuka bidea ireki
neurtuaz pauso bakoitza
Esku zailduek laztantzen dute
paretaren taktu hotza
Sentibera ta era berean
harrizkoa du bihotza

Jexux Mari Irazu
CURRICULUMA
Jaio:
Lazkaon, 1972an.

Bizi:
Ordizian.

Eskalatzailea. Bizibidez Mapfreko agente komertziala.
Lorpenak:
Eskaiatutako bideak (saiakerekin landuta gero igotakoak):
8b+ zailtasun mailako 9 bide igo ditu.
8c mailako 3 bide igo ditu.
8c+ mailan, berriz, munduan lehen emakumea eta bigarren eskalatzailea (gizon zein emakumeen artean) izan da "Honky Mix" bidea igotzen (Oñati, 1998).

Bistazko bideak
(lehenengo saiakeran igotakoak):
8a zailtasun mailako 15 bide igo ditu.
8a+ mailako 3 bide igo ditu. Berak du Espainiako Estatuko emakumeen errekorra, eta mundu mailan 3. emakumea da maila hori igotzen. Bide hauen artean "El gran engaño" (Kanpezu, 2000) dago, gaur arte bistaz Josunek bakarrik igo duena.

Bulderra
(tabloide, rokodromoa):

7c+ mailan 2 bide igo ditu: "Alta" (Fontainebleau, Frantzia, 2000) eta "Frankenjura" (Alemania, 1999).
8a mailan bide bat ireki zuen Larraonan (Nafarroa, 2000). "Berezi" izena jarri zioten. Orain arte beste eskalatzaile batek bakarrik egin du. Gainera Josune izan da bulderrean 8a egin duen 3. emakumea.
BIZITZAREN PASARTEA
Hemendik berandu irten ginen Riglos (Huesca) haitzetara. Bidean kotxea izorratu zitzaigun, eta tailerrera joan behar izan genuen. Han beste kotxe bat utzi ziguten, eta Riglosera iritsi eta eskalatzen hasterako 16:00ak izango ziren. Udaberria zen, oraindik eguna asko luzatu gabea, eta 20:00etarako iluntzen zuen. Gure mailarako bide erraza da baina oso luzea (200-250 metro izango ditu), eta guk uste baino denbora gehiago eskatzen du. Azken bi igoerak ilunpean egin genituen, ezer ikusten ez zela. Iritsi ginen goraino, budrierrean lotuta eramandako zapatilak jantzi, eta beherako bidea hartu genuen. Ilunpean erdi galduta ibili ondoren iritsi gara kotxera, eta giltzak falta! Ezin genuen lehioa hautsi, kotxea garajekoa baitzen. Lagunei eskatutako linternekin gora igo behar izan genuen goizeko 01:00ak aldera. Ez genituen bi linternak piztu, izan genuen egun txarrarekin pilarik gabe geratuko ginenaren beldurrez. Puntara iritsi eta hantxe aurkitu genituen.

ARGAZKI ZAHARRA
Katua bere atzaparrak irinetan sartu berri.


Azkenak
Iturengo arotza eta arte birziklatua

Ituren (Nafarroa), 1777. Erramun Joakin Sunbil (1755-1821) arotza Donamariako Joana Mari Ezpondarekin ezkondu zen. Ia 40 urte eman zituzten ezkonduta, Joana Mari 1806an hil zen arte. Eta tarte luze horretan, noizbait, Iturengo arotzak santu baten kobrezko estatua urtu omen zuen... [+]


2025-07-25 | Julen Orbea
Bilbon euskara jira ta Bira

Euskara badago Bilbon, baina non? Eta zertarako? Nork sortzen du euskarazko kultura, eta nork sostengatzen? Galdera horien aurrean, udalaren azken urteetako erabakiei begira, argiago ikusten da euskara eta kultura bizirik nahi ditugunontzat kezkagarriak diren erabakiak hartu... [+]


Honezkero, hemen dago beherakada

Antropologo eta ingeniaria den Yayo Herrerok dioen bezala, datu bat da. Horren jatorria ulertzeko erraza den baieztapen xume batean laburbil daiteke: Lurra agortzen ari da.

Gaia konplexua da. Ikuspegi asko daude, interesak gurutzatzen dira, informazioa desinformazioarekin... [+]


2025-07-25 | Ana Morales
Esan barik ez doalako

Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan... [+]


Gizon heterosexualak eta literatura feminista: hausnarketa bat

Hasieratik argi utzi nahiko nuke ez naizela inolaz ere feminismoan, sexu- eta genero-teorietan ezta LGTBIQ+ komunitatearekin lotutako gaietan aditua. Gizon txuri heterosexual bat naiz, ezkertiarra esan dezagun, bere burua feministatzat hartzen duena (edo feministen aliatua,... [+]


Auzolanean ikastola eraiki!

Goizaldeko lehenengo eguzki-izpiekin batera zabaldu ditu ateak Kirikiño Ikastolak. Zapatua da, auzolan eguna. Parte-hartze batzordeko arduradunak irrintzia egin eta lanera bideratu ditu bertaratu diren ehundik gora partaide: “Hemen erronkak denonak dira! Aurrera,... [+]


Amasa-Villabonako EH Bilduri erantzuna

Amasa-Villabonako EH Bilduk argitaratutako idatziaren harira, hainbat adierazpen egin nahiko genituzke. Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu larrialdi klimatikoari aurre egitearen urgentzia ukaezina dela, eta horregatik, krisi honekiko dugun kezkagatik beragatik jartzen dugula... [+]


Irunen eskuin muturreko “auzo patruilak” sortu dituztela salatu dute

Hainbat talde "neonazik" azkenaldian Irunen zabaltzen ari dituzten mezuak salatu dituzte asteazkenean Harrera Sareak eta hainbat kolektibok herrian. Eskuin muturreko "auzo patruilak" antolatzen ari direla salatu dute, eta hauek jendearen jatorriaren arabera... [+]


Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Alonsotegiko Udalari dirua itzultzeko eskatu dio Bizkaiko Aldundiak, iruzurra egin zenetik hamairu urtera

Egun EH Bilduren esku dagoen udalak ia milioi bat euro itzuli beharko lioke foru erakundeari, duela hamairu urte, EAJ agintean zenean, diru-laguntza bat ez zelako behar bezala erabili, baizik eta iruzurra egiteko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi duenez. Eskaerak erabat... [+]


Ertzaintzaren 300 BMW ibilgailuen erosketan irregulartasun posibleak salatu zituen barne txosten batek

Eusko Jaurlaritzako Ogasuneko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak barne txosten bat egin zuen Ertzaintzak jaso dituen 300 BMWen esleipen kontratuaren hainbat baldintza kritikatzeko. Ezarritako baldintzak zehatzegiak eta murriztaileegiak zirela salatu du ogasunak, eta horrek enpresa... [+]


Txosnetako “beto politikoaren” aurkako GKSren kanpaldiaren kontra oldartu eta lau pertsona atxilotu ditu Poliziak Gasteizen

Bi aste barru hasiko diren hiriko jaietan txosna jartzen utzi ez dietela salatzeko kanpaldia egin nahi zuten Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:30ak aldera, ertzainak oldartu egin dira kanpaldian zeudenen aurka, eta bi... [+]


Lotsa sentitzen dut giza generoko kide izateagatik

Milaka pertsonak modu aktiboan parte hartu dute, eta hala jarraitzen dute, XXI. mendeko holokausto telebisatu handienaren aurka protestatzeko, eta pertsona horiei errespetu eta miresmen handiena zor diet. Baina, gizateriaren zoritxarrerako, askoz gehiago dira, egoerarekin... [+]


2025-07-24 | Nicolas Goñi
Europan, oraingo sinplifikazioaren izenean, biharko bizitzak kaltetuko dira

Jarduera ekonomikoak sinplifikatzeko eta lehiakortasuna indartzeko aitzakiarekin, Europa mailan baita Europar Batasuneko hainbat estatutan ere, klima, ingurunea eta giza osasuna kaltetuko dituzten legeak biderkatzen ari dira 2024tik, askotan interes pribatuen lobbyen eraginpean... [+]


Eguneraketa berriak daude